Kuantum Krekin idazten da

#Doing

2021.11.05

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa : Kaikoo Studio

Ez omen gara konturatzen aldaketek zenbaterainoko garrantzia izan duten gertatzen diren arte. Aurrerapen txikien garrantziaz eta esanahiaz oraindik konturatzen ez garelako izango al da?

Helburu handiak jartzen erakutsi ziguten, baina handiak ez ezik, oso handiak jartzen ditugu. Eskolan galdetzen zigutenean helduak ginenean zer izan nahi genuen, segurtasun osoz erantzuten genuen astronauta, zientzialaria edo futbolaria. Azken hori txiki geratzen zitzaigun; beraz, zientzia eta espazioa aukeratu genituen.

“Mugimendu kuantikoa” hasi zenean, ez genekien non sartzen ari ginen, baina bai zer ondorio izango zituen. Aurrerapenaren protagonistetako bat izateko ideia hori atsegin genuen, zinez.

ERRONKARI SERIO HELDU DIOGU ETA DAGOENEKO KLASEKO LEHENENGOAK GARA

Espainiak hiru nodo ditu dagoeneko Quantum Flagship sarean (Madrilen, Bartzelonan eta Bilbon), Europako Batzordeak Europa aurrerapenaren abangoardian jartzeko finantzatutako ikerketa- eta berrikuntza-ekimen handienetako bat.

Gertuen dugunari erreparatuz gero, Madrilen eta Bizkaian bakarrik erabil daiteke helburu unibertsaleko ordenagailu kuantiko bat. Baina klaseko onenak izatea gustuko dugunez, Bizkaiak bakarrik ematen die sarbide kuantiko osorako aukera bere lurraldeko unibertsitate guztiei. Esan dezatela gero ez garela irekiak iparraldean.

Eta hori egiten dugunez, behar bezala egiten dugu, jakina. Bizkaia da Open Super Q Europako ekimenaren bazkide espainiar bakarra. UPV/EHU da informazio kuantikoko sistema bat (memoria, biltegiratzea, komunikazioak) osatzen duten hardware elementuak diseinatzen eta eraikitzen parte hartzen duten nazioarteko hamar bazkideetako bat.

Gainera, ordenagailu kuantikoetan Europan buru dena, IQM, kontinente zaharrean etengabe zabaltzen ari da. Finlandiatik Alemaniara, eta handik Bilbora. Sarrera honen bidez, tokiko ikertzaile-komunitatearekin, mundu akademikoko eta industriako kuantikako adituekin lankidetzan aritu nahi du, Espainiako eta Europako puntako ekosistema kuantikoa garatzeko. Bere bazkideen nazioarteko sarearekin bat egiten dugu. Zalantzarik gabe, alor horren muinean gaudela esan dezakegu, beraz.

ETA HAINBESTE EKIMEN, PROIEKTU ETA PROGRAMAREKIN… NOLA BIHURTUKO GARA JAUZI HANDI HONEN BURU?

Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategia digitaleko BizkaiaTech-i esker. Gizarteak gogo biziz eskatzen dituen premiei erantzuteko sortutako ekimena da, eta bost zutabetan oinarritzen da; haien artean dago eguneko gure protagonista, Quantum Ecosystem. Apusturik irudimentsuena eta eraldatzaileena.

Dena den, hobeto pentsatuta, apustua baino, jadanik errealitate bihurtu den zerbait dela esan dezakegu.

RTVE bideoa nahieran ikusi

Quantum Ecosystem engranaje baten modura mugitzeko funtsezko bost zutabetan oinarritzen da:

  • Access: Bizkaiak helburu unibertsaleko ordenagailu kuantiko baterako sarbidea izatea.
  • Centre: teknologia kuantikoetako gaitasunen Europako zentroa.
  • Foundation: ekosistema osoa kudeatzeko, antolatzeko eta ahalik eta balio handiena ateratzeko fundazioa.
  • Academy: ezagutza eta espezializazioa sustatzeko akademia.
  • Lab: PoC (kontzeptu-probak) eta MVP (gutxieneko produktu bideragarria) delakoak garatzeko lankidetza irekiko laborategia.

ACCESS

Denbora luzez, konputazio kuantikoa maila teorikoan garatzen aritu da, mundu akademikoari oso lotuta. Demokratizatu nahi genuen, eta teoriatik praktikara pasa. Horregatik, izenak berak dioen moduan, bai unibertsitateen, bai enpresa- eta teknologia-sarearen eskura jartzen dugu entseguetarako, esperimentaziorako eta ikaskuntzarako helburu unibertsala duen ordenagailu kuantikorako sarbidea.

CENTRE

Espazio bat behar dugu, erreferentziazko gune bat aitzindariak diren pertsonak bildu eta elkarrekin buruari behin eta berriro eragin diezaioten. Teknologia kuantikoetako Europako zentroa horretarako sortu zen, hain zuzen, ezagutza eta ikerketa sustatzeko, enpresa- eta teknologia-sarearen laguntzarekin eta dragoi digitalen laguntzarekin (Accenture, IBM eta Telefónica). Gainera, zentroan jar liteke Europako helburu unibertsaleko bigarren ordenagailu kuantikoa.

FOUNDATION

Antolatzen ari garen ekosistema hori guztia kudeatzeko, eta gure filosofia irekiarekin eta lankidetzakoarekin aurrera jarraitzeko, fundazio bat sortuko dugu. Bizkaiko Foru Aldundia izango du buru, eta dragoi digitalekin batera sortuko da. Dena antolatu ahal izateko tresna erabilgarria; hala, gutxiagorekin gehiago egin ahalko da.

ACADEMY

Fenomeno handienekin gertatzen den moduan, zinemarekin, hizkuntzarekin… akademia bat behar dugu. Benetan uste dugu gure lanaren alderdirik ederrena aurkikuntzak eta akatsak partekatzea dela, ikaskuntzak, iterazioak eta inflexio-puntuak besterik ez direnak.

Etorkizunaz asko hitz egiten dugu, etorkizunean asko pentsatzen dugu, baina etorkizuna ez da geurea, orain prestatzen ari diren pertsonena baizik. Akademia teknologia kuantikoei buruzko ezagutza sortzeko eta zabaltzeko sortuko da, batxilergotik unibertsitateraino. Gustu eta zapore guztietarako, prestakuntza arautua eta arautu gabeko prestakuntza izateko aukera emateko, lan espezializaturako aukerak handitze aldera.

LAB

Eta berrikuntza, zientzia eta ikerketa maite ditugunez, ezin genuen ekosistema hau sortu esperimentuetarako eremurik izan gabe. Laborategi bat, indarra hartzen ari diren teknologien gutxieneko kontzeptu eta produktu bideragarrien probak egiteaz arduratuko dena.

Hardware mailan nahiz software edo mistoen mailan, proba horiek teorikotik praktikara igarotzen lagunduko dute, hau da, oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura eta etengabeko berrikuntzara.

Eta aurreko zutabeetan bezala, hori egingo dugu berrikuntza irekiaren eta lankidetzaren ereduari jarraikiz. Ekosistema hau guztia errealitate bihurtuko duten ohiko susmagarrien laguntzarekin.

Puntu honetara iritsita, argi dugu etorkizuna baino quantuma oraina dela. Bigarren iraultza kuantikora garamatza. Eta hortxe gaude, lurralde espezializatuen zerrendaren buru. Dagoeneko baditugu hardwarea, softwarea eta plan oso bat, gure estatuko eta nazioarteko kolaboratzaile guztiekin batera sortzen jarraitzeko.

Aurrerabidearen alde gaudenez eta gure lurrarekin maiteminduta, taldeko lana egiten jarraitzen dugu Bizkaia indarra hartzen ari diren teknologien buru jartzeko. Hasieran esan dugun moduan, helburu handiak jartzen erakutsi ziguten, eta gu pixkanaka izaten ari garena izatearekin amets egiten genuen, quantumaren mundu-mailako erreferentziak.

Etiketak

  • #quantum
  • #innovación
  • #estrategia
  • #democratización
  • #futuro

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko