Dekonstrukzioa eta demokratizazioa, AlfaQuantum eta bere apustua

#Doing

2023.03.07

Sonia Cámara, Patricia García, Itziar Kerexeta

Ilustrazioa: Maite Gurrutxaga Otamendi

“Unibertsoa sortu zenean, partikula guztiak batera jaio ziren, eta horren ondorioz, baita elkarri loturik ere. Unibertsoan existitzen den oro, partikula horietatik sortua da, eta horregatik, inguratzen gaituen guztiari loturik gaude: zuhaitzei, pertsonei… eta baita izarrei ere.”

- Sonia Fernández Vidal

OSOTASUN BATEN ZATI GARA

Ikuspuntu global eta filosofikotik begiratuz gero, ikusi dezakegu egiten dugun guztiak, era batera edo bestera gure inguruari eragiten diola. Imajina dezakegu gure sistema politiko, sozio-ekonomikoa eta osasun-sistema konektaturik daudela. Konexio horri esker, esparru horretan gertatzen denak eragina du gizateriarengan (eta baita alderantziz ere), denok osotasun baten zati baikara, zuhaitzak beraien sustraien bidez elikatzen, komunikatzen eta elkarrekin bizitzen diren bezala.

Hala ere, sare honek zentzua galtzen du ikaskuntzak bide bakar batetik eramaten bagaitu eta guztiok leku berean bukatzen badugu, izan ere, pentsamenduaren heterogeneotasunean eta mundua analizatzeko prisma desberdinetan aurkitzen da aberastasuna.

BEGIRADA ALDATZEA

Hau horrela izanik, askotan, elementu berriekin aurkitzen ditugunean, aurretiazko ideiak deseraiki beharra dugu errealitate edo ingurugiro berriekin topo egin ahal izateko. Hauek, era horretan, gure eskema mentaletan eragina izango dute eta geure buruari orain arte egin ez dizkiogun galderak egiten lagunduko digute.

Ikasitakoa ahazteko beharra ez da gaur egungo kontua. Historiak Aristoteles, Koperniko eta antzeko pertsonaiak aurkeztu dizkigu, eta horiek, bere garaian, lurra laua zelako pentsamendua edo gure planeta unibertsoaren erdian kokatzen zelako ustearen kontra borrokatu zuten. Premia hori, ordea, errepikakorra da, izan ere, zientziak joan-etorriak, birformulazioak eta ikuspuntu berriak ditu, eta horrek izugarri aberasten du jakintza kolektiboa.

Orain arte ikasitakoa birformulatzeko eta pentsatzeko apustuak, gaur egungo irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren inguruko analisi oso kritiko bat egitera eramaten gaitu. Zein landu behar ditu gaur egungo gazteriak? Zer nolako trebetasun pertsonalak garatu behar dituzte? Zer gaitasun digital eskuratu behar dituzte?

TALENTUA BULTZATZEA

Argi dago datozen hamarkadetako erronkei erantzuna eman nahi badiegu eta talentua hemen geratzea nahi badugu, beharrezkoa dela bi faktorek bat egitea: batetik, hezkuntza, enpresa eta hiritarren arteko lotura argia egin beharra daukagu. Bestetik, talentuaren falta eta ihesa gelditu beharra dago. Izan ere, haiek dira gero eta likidoagoa den gizarte honek eskatzen dituen funtzioak bete ditzaketenak, eta, horrez gain, baita herritarren beharrak akademiaren eskaintzarekin modu ezabaezinean lotu ditzaketenak ere.

Orduan, betiko galdera bera egitera helduko gara: eta orain zer?

Bada, orain, sare horiek trinkotzeko ordua da, etorkizuneko lanpostuetara hurbiltzen diren diskurtso ezberdin eta berritzailea duten ahots berri horiei entzuteko ordua. Zientziaren ikuspuntu berriei, gaur egun imajinatu ere ezin ditugun ikerketa-espazioei eta azken hamarkadetan arau izan diren egiak kontrastatzen dituzten hipotesi berriei bidea egiten hasteko ordua heldu da. Kopernikok esan bezala:

“dakiguna dakigula eta ez dakiguna ez dakigula jakitean, hor dago benetako ezagutza”.

EZAGUTZA ESKURAGARRIA

Testuinguru honetan sortzen dira teknologia kuantikoak, mundua aldatzeko gaitasuna duten baina oraindik hilkorren artean biderik ireki ez duten teknologia bezala aurkeztuak. Konputazioa garatzeko modu berri hau, 0 eta 1ean oinarritutako binarismotik urruntzen dena, oraindik ere espazio zehatzegi eta murritzegi batean gertatzen da, eta ez da inola ere esparru zientifikotik ateratzen.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa dugu ezagutza hau guztia demokratizatzea, hezkuntza formalean bidea egin dezan. Modu horretan, teknologia honen potentzialak gizartean inpaktua duen momentuan, honetan eta honekin lan egin dezakeen jendea prestaturik izango dugu. Eta, era berean, begirada zientifiko berri honen zeharkakotasuna ere premiazkoa da; horrela, zientziei loturiko adarrez gain, beste diziplina guztietan ere eragina izan ahalko du.

ALFAQUANTUMEN SORRERA

AlfaQuantum testuinguru horretan jaio zen, eta bere helburua orain dauden etenak gutxiagotzea eta eskuragarritasun unibertsala lortzea da. Hori lortzeko, AlfaQuantumek jakintza kuantikoaren hedapena aldarrikatzen du, pentsatzeko eta pentsatzen ikasteko modu berriak bultzatzen ditu, ikasitakoa deseraikitzeko beharra azpimarratzen du eta begirada zientifiko berri hau pertsonengana hurbiltzeko helburua du.

Guk, AlfaQuantumen bultzatzaile garenok, gure indarra eta jakintza batu ditugu abentura berri honi ekiteko, ikuspegi eta diziplina ezberdinak bateratuz eta hezkuntza sistemaren eta pedagogiaren ezagutza sakona, teknologiarekin konbinatuz.

Gure taldea unibertsitate aurreko hezkuntzan zentratzen da, gazteen artean STEAM bokazioak bultzatzeko helburuarekin. Garai horretan, izan ere, haien interes eta motibazioak oinarri hartuz, arrakastaz lortu daiteke jakintza deseraikitzea eta eskema mental berriak sortzea. Zalantzarik gabe, teknologia kuantikoa hezkuntza-sistemara hurbiltzeak eta honek berarekin dakarren ikuspegi berriak konfort zonatik irtetea ekarriko du hezkuntzari dagokionean. Horrez gain, ezagutza berria eskuratzeko, ikasleekin batera aukera disruptibo berriak aztertzen lagun dezakeen inbertsioa izango da.

ERAGIN POSITIBOA

Honek guztiak lehen aipatu dugun erronkari erantzuten lagunduko digu, hau da, hezkuntza, enpresa eta hiritarrak bateratzen lagunduko digu, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko irteera-profilak enpresen egunerokotasunera egokituz, talentua erakarriz eta lurraldean atxikituz.

AlfaQuantumen, ordea, naturan bezala, ez gara bide hau gu bakarrik egiten ari. Konektaturik gaude, ekosistema baten barruan sarturik gaude. Industry-Focused Quantum Ecosystem, Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako ekosistema da eta estrategia argi baten inguruan lan egiten du: teknologia kuantikoari dagokionean lurraldea egoki posizionatzea eta erreferente izatea ezagutzan zein etorkizuneko garapenean.

Ibilbide zirraragarriaren hasiera da, oraindik ezezaguna dena eskuragarri jartzeko, hezkuntzak dituen oztopo arkaikoak deuseztatzeko, ezagutza zeharkakotzeko eta, batez ere, pertsonak konektatzeko, etorkizunaren begirada poliedrikoa eraiki dezaten. Badakigu oraindik eremu esploratu gabea baina aitzindaria dela hezkuntzaren arloan, baina horixe da, hain zuzen ere, AlfaQuantumen motorra: iraultzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren lehen lerroan egotea.

Etiketak

  • #tech
  • #startup
  • #emprendimiento
  • #quantum
  • #innovación
  • #cocreación
  • #bigscience
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #tecnología
  • #democratización
  • #futuro
  • #arte
  • #educación

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko