Iragana eta oraina etorkizuna dira

#Reflections

2024.02.21 Irakurketa denbora: 4 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Jaime Hayde

Zinematografoa sekulako asmakuntza izan zen. Auguste eta Louis Lumière-k 1895ean patentatu zuten, eta lehen pelikulek 15 eta 20 metro bitarteko luzera zuten. Sekulako trasteak ziren, egia esan. Asmakizun iraultzaileak bere lekua hartu zuen nazioarteko entretenimenduan eta mundu guztia hankaz gora jarri zen. Aldaketa asko jasan ondoren, zinematografoak munduko pertsona guztien etxeetan sartzeko bide bat aurkitu zuen VHS zintak zituen bideo aparatuaren bidez, eta hau, poliki-poliki, DVD izeneko aparatu txikiagoa bihurtu zen. Gaur egun, gure bizitzetan behar dugun ikus-entzunezko eduki guztia ez dago ez zinema zahar batean, ezta bideoklub batean ere: gure Smart TV maitean botoi bati emanda nahikoa dugu.

“Tren baten etorrera geltokira” filma kaleratu zenean, audientzia ikaratu egiten zen pantaila handiari begira, trenak laugarren horma zeharkatuko zuela uste baitzuten. Imajina dezakezu oraindik egoera horretan egongo bagina? Gaur egun, musika eteten den momentuan salto egiten duen infernuko panpina bat behar dugu, gutxienez, pantaila handiari keinu txiki bat egin diezaiogun. Etxean bertan, horrek ere ez gaitu mugitzen.

IRAGANA EZAGUTZEA ETORKIZUNA ESTALGABETZEKO

Zientzia eta teknologiaren munduak hainbesteko aurrerapenak egin ditu azken urteotan, duela 20, 30 edo 40 urteko aurrerapenak (ez ditzagun aipatu are zaharragoak) historiaurrekoak iruditzen zaizkigula. Hala ere, bilakaera, iraganera begiratu eta bertatik ikasten badugu bakarrik izan daiteke posible. Momentu horretan, ezagutza-katearekin gurutzatzen gara, urteetan zehar gizadi gisa ikasten ari garen guztiaz elikatzen den kate horrekin.

Egunero, milaka milioi pertsona ari dira beraien eremuetan aurrerapenak egiten, haiek existitu baino askoz lehenago lan egin zutenei esker. Asmatu, pentsatu edo aurkitu zirenean pentsaezinak ziren zientzia eta teknologiako aurrerapenak. Ez genuke inoiz amets egingo gaur egungo txertoekin, baldin eta, bere garaian, Edward Jenner medikua behien baztangaren pustulak ikertzen hasi ez balitz. Grace Murray Hopper-ek sinbolo matematikoak kode bitar batera itzultzen zituen lehen konpiladorea asmatu gabe ere ezingo genuke programatu, eta gurpila asmatu edo lehen aldiz sua sortzea lortu zuten pertsonekin zorretan gaude.

Nahi izanez gero, adibideak ematen jarrai genezake datorren urteko kanpai-hotsak jo arte, baina hau errealitate bat da: azken urte hauetan aurrera egin dugun guztia eta eskueran dugun guztia iraganeko jendeak gure ezagutza-motxilaren barruan sartu duenari esker izan da.

DANBOR-ARRADAK…

BizkaiaTech Magazine-ren edizio honetan, mundua mugiarazten edo mugiaraziko duen teknologiaz hitz egingo dugu; orain posible izan dadin, sortzen lagundu duten milaka milioi eskutatik igaro den teknologia, alegia. Hemen garatzen ari diren proiektu ederrei buruz hitz egingo dugu, nola edo hala gure egunerokotasunean dagoen teknologia globalaz, eta gure inguruko pertsona garrantzitsu askoren iritziak eta hitzak ezagutuko ditugu.

Garrantzitsua da orain arte egin dena balioan jartzea jarraitu ahal izateko, eta baita etorkizuneko belaunaldiek orain egiten ari garen lanari begira diezaioten eta gauza bera pentsa dezaten ere, etorkizuna gure esku baitago.

Beraz, badakizu: ostiral gauean, pijama epel gogokoena jantzi, mikrouhin labetik krispetak atera eta Netflix-en sartzen zarenean, gogoratu Lumière anaiez eta eskerrak eman zeruari beraien ahalegin eta gogo guztia nekazaritzan jarri ez izana.

Etiketak

  • #cocreación
  • #bigscience
  • #ciencia
  • #colaboración

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko