Zertarako balio du arteak? Sormen-prozesuei buruz solasean, Ingebørg eta Kike Solanorekin

#Soul tech

2023.06.06 Irakurketa denbora: 8 minutu

Argitalpen taldea Inge Conde eta Enrique Solanoren laguntzarekin

Ilustrazioa: Ingebørg

Elkarrizketa hau aitorpen batekin hasi genuen:

“Egun on Inge eta Kike, engainatu egin zaituztegu, hau ez da alde bakarreko elkarrizketa izango, zuen arteko solasaldia baizik. Zuen sormen-prozesuei buruz, artearen eta teknologiaren baturari buruz eta, orokorrean, arteari eta sorkuntzari buruz hitz egin nahi dugu zuekin”.

Barre artean, gure proposamena onartu zuten.

Baina, egin dezagun atzera une batez… Nor dira Inge eta Kike? Zergatik batu ditugu zehazki bi pertsona hauek sormen-prozesuei buruz haien ikuspuntua eman dezaten?

ZEIN DA ZEIN?

Inge, artista, musikagilea, freelance ilustratzailea (BizkaiaTech Magazineren kolaboratzaile sutsua) eta abesbatzako zuzendaria da. Zientziara hurbiltzen gaitu bere ilustrazioen bitartez, eta konposizio musikal bat poster grafiko batean irudikatu dezake, software bat baliatuz (Kandinsky balitz bezala).

Gainera, Ingek argi zuen bere bidea.

“Txikitatik nekien kontserbatorioa eta arte ederrak ikasi nahi nituela. Kontserbatorioko azken urteetan teoria ikasten jarraitu nahi nuela erabaki nuen, eta konposizioaren adarretik egin nuen aurrera”.

Kikek Ovidioren metamorfosia gogorarazten digu. Bere hizkera poetikoa erabiliz, sormen-prozesuei buruzko ideia aldatu zigun. Bere hitzetan, sormen-prozesua ez da bat bakarra, eta prozesu horiek batzean aukerak asko hedatzen dira. Ez du dikotomiarik ikusten artearen eta zientziaren artean

“Nik egiten dudana nahiko ortogonala da —dio, guztiz zentzudun—. Horrek ez du esan nahi hobea edo txarragoa denik, sormena ikusteko beste era bat da. Nik bizitzeko ikusten dudan arrazoi bakarra sormenaren bidez nire burua adieraztea da”.

Zerikusi gehiago du etengabeko behaketaren bitartez mundua ikusteko moduarekin, zalantzarik gabe.

Horrek ez du esan nahi hobea edo txarragoa denik, sormena ikusteko beste era bat da. Nik bizitzeko ikusten dudan arrazoi bakarra sormenaren bidez nire burua adieraztea da

Ingek dio berak proiektu pertsonalen bitartez praktikatzen duela, eta horrek asko laguntzen diola enkargu eta “salbamendu-proiektuetarako” (berak deitzen dien bezala) sormen-prozesuan.

“Zorte handia dut, izan ere, azken aldian egiten dizkidaten enkarguetan, Instagrameko estilo bera eskatu ohi didate (ilustratzaile bezala egiten duen lana aipatzen), ni identifikatzen nauen estiloa, alegia”.

Ingek irudiztatzen duenak narrazio batera eramaten gaitu: istorio bat kontatzen digu hitzik erabili gabe. Notak erabiltzeaz gain, kodexa, bestiarioa eta sinbologia aprobetxatzen ditu elementu grafikoekin konposatzeko. Ikaragarria da berak egiten duena.

“Lehenengo paperean eta oso txiki marrazten dut egin nahi dudana. Binetak edota hitzak egituratzen ditut eta, era berean, koloreen paletan pentsatzen hasten naiz”.

Edozein elementu txiki inspirazio-iturri izan daiteke berarentzat. Batzuetan, nahikoa du hitz bat elkarri lotutako istorioz betetako mundu bat sortzeko.

“Zer irudi erabil ditzaket konposizioa estatikoa izan ez dadin eta elementu batek beste batera eraman nadin? Nola lor dezaket elementu guztiek elkarren artean (ez bakarrik elementu nagusiarekin) konexioa izatea eta hori enkarguaren gaiarekin loturik egotea? Guztiak, gainera, zentzuduna izan beharko du, ezta?”

— Horiek dira bere buruari egiten dizkion galderetako batzuk ikerketari ekiten dionean, jasotako dokumentazio guztia irakurri ostean—.

“Batzuetan, nik asmatutako izaki txikiak erabiltzen ditut, baita sinbologia ere”.

SORMEN-PROZESUA, IKERKETAREN ETA ARTEAREN ARTEKO ZERBAIT

Biek artetik datozen gauzez hornitzen direla esan digutenean, txundituta geratu gara. Kikek poesia idazten du eta hiperboleez baliatzen da bere hizketaldiari enfasia emateko:

“Ingek dioenari zerbait gehitu nahi diot: sormen-prozesua, niretzat, bizitzen jarraitzeko beharrezko dudan zerbait da, urtean 367 egun pasatzen ditut (hiperbolea eginez) horretan”.

Ingek metafora bisualak erabiltzen ditu bere burua aditzera emateko:

“beldurrak izaki beldurgarri gisa irudikatzen ditut. Izaki hau (BizkaiaTech Magazinerekin egindako ilustrazio bati buruz ari da) kodex batetik dator. Bueltak ematen ari da, ahuleziak, gutxiespenak eta beldurrak erakusten, hori da buru bakoitzaren esanahia. Begiak ere asko erabiltzen ditut, hor daudela sentitzen duzu nahiz eta bakarrik zure buruan dauden”.

Beren buruek ezberdin funtzionatzen dute eta prozesu ezberdinak dituzte; hala ere, biek diote sormen-prozesua continuum bat dela: behatu, gogoeta egin, irakurri, hitzaldietara eta erakusketetara joan… horrelakoa da haien bizitza.

“Oso berandu konturatu nintzen niretzat garrantzitsua zena ez zela jarduera, baizik eta sormena, beti berria den zerbaitekin erantzuna ematea. Nire ustez, jarduera zientifikoak, artistikoak, teknologikoak eta berritzaileak ez dute mugarik”.

Inguratzen gaituen guztiak magia pixka bat du barnean, eta horrek lanean jartzen du gure irudimena, ideia berriak sortzeko. Graham Wallasek zioen eureka momentua lau urratseko sormen-prozesuaren inflexio-puntua baino ez dela. Lehenengo, ikertu eta behatu egin behar da, eta argiztapen-momentu horretan, dena elkarri konektatzen zaio eta zentzua hartzen hasten da.

Kikek asko maite du bizitza; sormenez betetako nerd bat da, bere adierazpen artistikoaren eta estetikoaren etengabeko bilaketan dabilena. Azken momentuan, ingeniaritza utzi eta fisika-ikasketak hasi zituen, eta orain dela 15 urtera arte, abendu guztietan, krisi existentziala izan ohi zuen.

“Artista handien mireslea naiz eta, nire kasuan, urte amaieran krisi existentzial bat izaten nuen. Ez zidan ardura nire bizitza nola zihoan zientzialari bezala, nire ingurukoei esaten nien Kike bazihoala: “Berlinera joango naiz bizitzera, lana utziko dut eta poesia idazten eta artea sortzen pasako ditut egunak”

–barre egiten du hain pertsonala den istorio hau kontatzean–.

“Oso berandu konturatu nintzen niretzat garrantzitsua zena ez zela jarduera, baizik eta sormena, beti berria den zerbaitekin erantzuna ematea. Nire ustez, jarduera zientifikoak, artistikoak, teknologikoak eta berritzaileak ez dute mugarik”.

IDEIAK IZATEKO PROZESUA ETA HORREN APLIKAGARRITASUNA (EDO EZ)

Hausnarketa honekin konturatu ginen ideiak ideiak direla, eta garrantzitsuena hauek izateko gaitasuna dela. Zerbait berria sortzea da helburua, eta horren adibide izan daitezke, Ingek egiten duen bezala, artea eta zientzia ilustrazio baten bidez bateratzea edo Kikeren antzerki kuantikoa, atomoak Hamlet antzezten duten aktoreak baino hobeak izan daitezkeela azaltzen duena, beraien oinarrizko legeak ukatzen dituztenean.

Gizakiak bere burua orotara aditzera ematea bilatzen du denbora guztian, hitz egiteko modutik hasi eta Rodin artistak sortutako eskultura finenera heldu arte. Kikek ikusi zuen atomoak, fotoiak, argia eta konputazioa zirela hobekien moldatzen zekien elementuak bere burua artistikoki eta estetikoki irudikatzeko, eta ondoren, horren aplikazio praktikoa bilatu zuen.

“Errebelatu beharrean, balio erabilgarri bat eman genion. Ondoren, artikulu zientifiko batzuk frogatu zuten guk adierazpen artistikoa bilatzeko asmoz asmatu genuen horrek aplikazio teknologikoa ere bazuela”.

Ingek kontatu zigun berak artearen eta zientziaren arteko lotura hori bulego baten barruan egin zuela. Bulego hori, konkretuki, ingeniariz beterik zegoen, hots, berak oso jende adimentsutzat jotzen zuen jendez beterik. Hala ere, ez zuen ulertzen zein zen beraien eguneroko lana.

“Bulego gris hartan eman nuen pausua, nire ingurune naturaletik kanpo. Asko ulertzen ez nituen gauzak eskatzen hasi ziren, haize-errotei eta eguzki-panelei buruz… Nik gidaliburuen azalak, ilustrazioa… egin behar nituen beraientzat. Oso ingurune hotz batekin kontaktuan jarri behar izan nuen, ez ziren Kike bezalakoak – eskerrak hauek biak batu ditugun –. Gutxika, zientzia nigana hurbiltzeari xarma aurkitu nion, eta espero dut artea zientziara hurbiltzeko helburua lortuko nuela. Niretzat, mundu hauek oso ondo gurutzatzen dira”.

MUXUTRUK

Batzuetan badirudi sufritzea profesionaltasunaren sinonimo dela, baina nahiko pentsamendu zaharkitua dirudi, ezta? Sektore batzuetan eta pertsona batzuek ez dute horrela pentsatzen. Arteari dagokionean, gauza asko dohainik egiten dira, Ingek dioen bezala:

“kurrikuluma betetzeko”.

Hala ere, pertsonok diruaren truke funtzionatzen dugu. Kikek dio berak ez dakiela zergatik ordaintzen dioten, berak nahi duena egiten baitu. Gure ustez, zuk nahi duzuna egiten baduzu artistek bere obrari jartzen dieten besteko maitasunaz, diru hori merezi duzu.

Ingeren ustez, artea ekonomikoki aintzatetsi beharko genuke eta ez ginateke gaizki sentitu behar dirua eskatzean.

“Nik txipa aldatu nuen obrari eskainitako orduak, proiektuaren bolumena eta honek ekartzen duena zenbatu nituenean. Hala ere, urak gainezka egiteko falta zen tanta zenbait iruzkin izan ziren, “horrek ez dizu denbora asko kenduko”, “ez zaizu ezer kostatzen” eta antzekoak. Nik oso serio hartzen dut sormen-prozesua: urte asko eman ditut ikertzen, irakurtzen eta ekitaldietara joaten, neure burua elikatzen. Nire bizitza osoa da. Ulermen-falta hori onartezina egin zitzaidan, eta neure burua baloratzeko balio izan zidan”.

ORDUAN, ZERTARAKO BALIO DU ARTEAK?

Eureka momentua, a priori, ausaz heltzen zaigu, gure eguneroko arazoak irudimen handiz konpontzeko, albo-pentsamendutik datozen ideia berritzaileen laguntzaz. Artea, a priori, ez da ikusten, baina beti dago hor. Melodia ederretan, mugimendu liluragarrietan edo hondoko koadro batean dago artea. Egunerokotasunean galdu dezakegun zerbait izan daitekeen arren, artea, beharrezko dugu.

Etiketak

  • #cultura
  • #cocreación
  • #colaboración
  • #arte
  • #govtech

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko