Dena 31ra: Musean jokatzeko argibideak

#Reflections

2024.12.05 Irakurketa denbora: 6 minuto

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Leire Llano

Jokatuko al dugu musean? E? Ez dakizula jokatzen? Hori konpondu beharra dago, bada…

Aurrerago, mus partida bat irabazteko dituzun posibilitate eta probabilitateari buruzko artikulu bat izango duzu, baina, irabazteko… jokatzen jakin beharko duzu, ezta? Ez kezkatu, dirudiena baino errazagoa da.*

*Zortzi erregerekin nola jokatzen den azalduko dugu. Laurekin jokatu nahi baduzu, karten balioa soilik aldatuko da.

FAMILIA ARTEAN

Mus partida bat jokatzeko, beharrezkoa da lau pertsona elkartzea, beti bikoteka jokatzen da. Zutaz gain beste hiru pertsona lortzean, kartak banatzeko ordua da. Kontuz, ordea, izan ere, kartak banatzen dituenak kontuan izan behar du bere ezkerrean duen pertsonak karta sorta ebaki behar dituela. Egin ezean, baliteke errege guztiak (karta onenak dira, gogoan izan) berentzat hartzeko gordeta izatea! Sorta ebakitakoan, jokalari bakoitzari lau karta banatzen zaizkio.

Banaturik daudenean, bakoitzak bere kartak ikus ditzake. Esku ona izanez gero (lasai, geroago azalduko dugu zer den), jokatzen has zaitezke. Keinuen bitartez, zure bikotekideari adieraz diezaiokezu irabazteko moduko eskua duzula (baina ez zaitzatela harrapa, kontuz ibili). Ez badituzu tokatu zaizkizun kartak gustuko, mus esan dezakezu, eta horrek kartak aldatu nahi dituzula adieraziko die beste jokalariei. Hala ere, mahaiaren inguruan dauden guztiek esan beharko dute mus kartak aldatzeko. Pertsona bakarrak jokoa hasi nahi badu, hasi egiten baita. Kartak aldatu nahi dituztenek konformatu egin beharko dute, eta daukatenarekin jokatu.

ESKU ARTEAN DUDANA

Erregeak, erregeak eta errege gehiago, hori da esku on bat izatea. Karten balioa hau da: gehien balio dutenak, esan bezala, erregeak dira, baina, aipatu bezala, zortzi erregerekin jokatu nahi dugu, eta lau baino ez daudenez, hirukoak ere errege bihurtzen dira. Erregeen ondoren, balio handiena dutenak zaldiak dira, ondoren txotak eta, horrela, 2 zenbakira iritsi arte. Erregeak eta batekoak parekatuta egon daitezen, ordea, 2 eta 1 zenbakia duten kartek ere balio bera izango dute.

ZEIN JOKOTAN GAUDE ORAIN?

Has gaitezen jokatzen. Musa lau jokotan banatzen da: handia, txikia, pareak eta jokoa, beti ordena horretan. Has gaitezen handiarekin:

Kartak banatu dituen pertsonaren eskuineko pertsona hasten da hitz egiten. Norbaitek jokoa mozten duenean, handira jokatzen hasten gara. Zenbat eta errege gehiago izan, hobeto. Errege bakar batek lau zaldiri edo errege gabeko beste edozein eskuri irabazten die, izan ere, karten balioa banakakoa da, ez da guztien balioa gehitzen. Joko honetako eskurik onena, esan bezala, lau errege izatea da; hurrengoa, hiru errege eta zaldi bat; hiru errege eta txota bat, etab. Ulertu duzue, ezta?

Behin handia amaituta, txikian jokatzen hasiko gara. Guztiz kontrakoa gertatzen da joko honetan: esku onena lau bateko izatea da. Horren ondoren, hiru bateko eta 4ko bat (gogora dezagun 2 zenbakiko kartak ere batekoak direla), hiru bateko eta 5eko bat eta horrela, jarraian.

Lehen bi joko horietan, mahaiaren inguruan dauden lau pertsonek hartzen dute parte. Nahiz eta oso karta txarrak izan, jokatu egin behar duzu, sentitzen dugu. Baina beste bi jokoetan bestelakoa da kontua. Hurrengo jokoa pareak dira, eta bi karta berdin edo gehiago dituztenek baino ez dute parte hartzen. Balio bereko kartarik ez badaukazu, ez duzu jokatzen. Hiru pare mota daude: bi karta berdin badituzu, izan ditzakezun pare txarrenak dituzu. Hiru karta berdin badituzu, mediak dituzu, ederto. Eskuetan dituzun kartetan pare bi badituzu, dupleak dituzu, eta horiek dira pare onenak. Pare onenak dituen pertsonak irabaziko du. Adibidez, nahiz eta norbaitek bi errege izan, beste batek 4ko mediak baditu (hiru 4ko karta), irabazi egingo du, nahiz eta kartek balio txikiagoa izan.

Azkenik, txanda bat amaitzeko, jokoa daukagu. Aurrekoa bezala, eskuan jokoa duenak bakarrik jokatzen du txanda honetan. Baina zer da jokoa edukitzea? Karten balioa kontatzen da, honaino iritsita. Beltz guztiek (eta 3 zenbakia dutenek, ez ahaztu horiek ere erregeak direla) hamar puntuko balioa dute, 4tik 7ra doazenek beren balioa mantentzen dute, eta batekoek eta bikoek puntu bana balio dute. Gure helburu nagusia eskuetan 31 izatea da. 31ren ondoren, joko onena 32 da, eta hirugarrena, 40. Hortik aurrera, beherantz joango gara, 33ra iritsi arte, horixe baita joko txarrena. Inork jokorik ez badu, puntura jokatuko dugu: helburua 30 puntura heltzea da. Puntu onena, esan bezala, 30 da, ondoren 29, 28, 27… eta beheraino.

JASO EZAZU TANTO BAT

Dagoeneko badakigu nola has dezakegun gure lehen mus partida, baina, zein da joko honen helburua? Nola dakit irabazi edo galdu egin dudan? Nola funtzionatzen du puntuazioak? Joan une batez sukaldera eta hartu txitxirio eskukada bat, oraintxe ikasiko baituzu kontatzen.

Mus joko bat, normalean, 40 puntura jokatzen da. Baina lasai, ez dituzu 80 txitxirio beharko puntu horiek guztiak kontatzeko. Tanto bat egitean, taldekideetako batek jasotzen du. Jasotzen duen pertsonak bost tanto dituenean, tapizaren erdialdera bueltatzen ditu berriz eta beste pertsonak “hamarreko” bat jasotzen du (nahiz eta hamarrekoa deitu, bost puntu balio ditu). 35era heltzean (zazpi hamarreko), tanto guztiak erdira bueltatzen dira, beste taldeari adierazteko bost soilik falta zaizkizula partida irabazteko.

Baina noiz jaso behar dira tantoak? Musa apustu-jokoa da, non, irabazteko, zure karten eta zure kidearen karten aldeko apustua egiten duzun. Apustu egin dezakezu esku ona egokitu zaizulako edo, besterik gabe, zure kontrakoak despistatzeko. Nahi duzuna joka dezakezu: enbidoa, hau da, bi tanto (ez da inoiz tanto bakarreko apusturik egiten, ondoren komentatuko dizuegunagatik), hiru, lau edo joko osoa, 40 puntu, edo, bestela esanda, hordagoa.

Partida hasi eta norbaitek handira enbido jotzen badu, hiru aukera ditugu. Lehen aukera ezetz esatea da. Erregerik gabeko eskua dugu? Bada, ez dugu parte hartu nahi, paso egiten dugu. Kasu horretan, apustua egin duen pertsonak tanto bat jasoko du, bera izan baita jokoa hasi duena eta inork ez baitio haren jokaldiari jarraitu. Bigarren aukera apustua onartzea da; pare bat errege dugu, irabazita daukagu. Jokatu ditugun bi tanto horiek amaieran kontatuko dira, mundu guztiaren kartak ikusten ditugunean. Azkenik, apustuari tantoak gehitzeko aukera dago; hiru errege eta zaldi bat ditugu, irabazita dago. Oso esku ona dugunez, apustua goratuko dugu: bost gehiago jokatuko ditugu. Enbidoa bota duen pertsona konbentzituta badago irabaz dezakeela, onartu egingo du, eta tanto horiek (zazpi) partidaren amaieran kontatzeko geratuko dira. Baina ziur ez badago eta onartzen ez duela esaten badu, gure taldeak hasierako apustuaren kopurua eramango du. Kasu honetan, bi tanto.

Partida hastea tokatzen bazaigu, baina ez badugu apusturik egiteko esku onik, paso egin dezakegu, eta besteei jokoa hasteko aukera eman. Mundu guztiak pasatzen badu, azkenean kartak agerian geratzen direnean ikusiko da nork irabazi duen txanda hori, eta puntu bat eskuratuko du.

PRAKTIKATZEA DA GAKOA

Bai, egia da hau guztia ulertzeko eta jokatzen hasteko nahiko zaila dela, baina, trebatzen zarenean, badakigu lagunekin edo familiarekin denbora pasatzeko zure modu gogokoena izango dela. Bestela, mugikorrean musean jokatzeko aplikazioak izango dituzu, betiere… Nonbaitetik hasi behar da!

Etiketak

  • #cultura
  • #estrategia
  • #educación

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko