Zergatik funtzionatzen dute gauzek?

#Soul tech

2023.02.20

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Juan Roller (Estudio Perkins)

Ilustrazioa: Juan Roller (Estudio Perkins)

Proiektu baten arrakasta eta porrotaren arteko ezberdintasuna gaur irekiko dugun kutxa beltz batean ezkutatzen da.

Galdera erraz bezain ikaragarria. Zergatik dabil benetan dabilena? Egia esan, hasieratik geure buruari galdetu diogun zerbait da hori. Norbaitek bi harri igurtzi zituenetik eta txinparta atera zenetik. Jakitea gustatzen zaigu, hori horrela da. Txikiak ginenetik jakin-min hori daukagu, erloju bat desmuntatzeraino eramaten ginduena mekanismo hori nola zebilen jakiteko. Hazten garen heinean jakin-min hori, dena jakiteko gura hori, ahazten dugula esaten da. Guk ez dugu horrelakorik sinetsi nahi.

TALDEAK LIDERGOTU, PERTSONAK ULERTUZ

Bai. Zalantzarik gabe, gizakiok kutxa beltzak zabaltzeko nahia dugu bertan zer dagoen jakiteko helburuarekin. Batzuek, Schrödinger izeneko norbaiten katuak dauzkate, besteek jainkoaren partikula, eta beste askok, garrantzirik gabeko gauzak. Zergatik dabil dabilena galdera errepikakorra da. Batzuetan ia obsesiboa. Jimmy Fontana jatorrak esaten zuen moduan,

“Gira, il mondo gira, nello spazio senza fine”.

Baina zerk eragiten dio bira egitea?

Zientziak urteak eman ditu hori ikertzen, bereziki gizarte-zientziek, eta gauzak pertsonei esker dabiltzala ondorioztatu dute. Nola? Ez dakigu zehazki, baina zerbait susmatzen dugu. Erakunde arrakastatsuenen, proiektu adierazgarrienen kasuak aztertu dira, eta emaitzek, gakoa pertsona egokiak testuinguru aproposean izatean dagoela iradoki dute. Euren beharrak indibidualki bete nahi dituzten pertsonak. Baina ez bakarrik Maslow bere piramide famatuan kontatu zizkigunak. Gizakiak garenez gero, lortu nahi ditugun hiru behar handiak ere zehaztu dira.

Lehenengoa, ondo pasatzea da. Ahal bezain beste disfrutatzea eta egiten dugunarekin dibertitzea. Bigarrena, aurrera egiten dugula sentitzea da, pertsona bezala hazten garela sentitzea, kulturalki eta emozionalki. Howard Garner psikologo amerikarrak honako hau idatzi zuen: pertsona batek zerbait dakiela uste duenean zahartzen da, baina ikasten duela uste duenean gaztetzen da. Ezagutzeko beharra, zereginei aurre egiteko prestatzearena, oinarrizkoa da. Eta hirugarren beharra, mundura zerbait gehitzen dugula sentitzea da. Eskuzabaltasuna dauka izena, eta hemen ez gaudenerako zerbait usteko nahia baino ez da. Ignatius Farray komikoak esaten duen bezala, bizitza argi denboraldi laburra da, bi iluntasun denboraldi luzeen artean kokatua. Berez, bizitza apartekoa da. Hori dela eta, gizakiak transzenditzeko, hemen ondarea usteko nahia dauka. Munduak distira pitin bat gehiago egiten du niri esker? Edo ilunago bihurtu dut? Ondarea ustea behar bat da.

BAT DENONTZAKO ETA DENOK BIG SCIENCERAKO

Ados, arrakasta pertsonetan dago, baina hori esaten dugunean, pluralean egiten dugu. Animalia taldekoiak gara, gizartea sortzea gure bizi-senaren parte da. Tribuaren parte garelako ez gara desagertu. Horregatik, eta oraindik ez gaituztelako probatu meteorito-puska batekin, “Don’t look up” filma ikustea baino ez dago eta.

Pertsonoi gizartean bizitzea gustatzen zaigu, beno, batzuei besteei baino gehiago. Badakigu arrakasta, horrela zehaztu daitekeen zerbait egotekotan, taldean baino ez dela lortzen. Zientzian ere, hori da urteak daramaguna deitzen Big Science. Historian zehar askotarikoak dira azaltzen ari garenaren adibideak. Bestak beste, honako proiektu handi hauek: lehergailu atomikoaren garapena, gizakia ilargira eramatea edo, berriena, CERNaren partikula azeleragailua. Horiek guztiek irakatsi digute bat gehi bat jendetza dela. Sisteman dauden agente guztiek, bai publikoek bai pribatuek, batera parte hartzen dutenean, modu ordenatuan eta esfortzuak banandu barik, emaitzak askoz efizienteagoak dira. Eskolek, unibertsitateek, garapen teknologikorako guneek, startupek eta enpresek, denek norabide berean arraun egitean dago dago gakoa.

EMOZIOA ETA INTELIGENTZIA

Hain zuzen ere, errezetaren osagai nagusia daukagu: pertsonak. Garatzeko beharra daukaten pertsonak eta helburu komun bat lortzeko elkarlanean aritzen direnak. Baina orduan, zergatik ez du horrek batzuetan funtzionatzen? Arazoa ez da funtzionatzen ez duela, baizik eta hori nahikoa ez dela.

Zehazki, errezetaren osagai nagusia ikaragarri aldakorra da. Sentimenduak dauzkan eta hauen arabera erlazionatzen den jendeari buruz ari gara. Ortega y Gassetek zioen

“Ni eta nire zirkunstantziak naiz ni”.

Hori dela eta, erlazionatzen garenean zirkunstantzia hauek esponentzialki biderkatzen dira.

TED hitzaldi batean, zeinean publikoa munduko erakunde nagusietako zuzendariak ziren, haietako zenbatek atera zuten euren promozioko notarik onena galdetu zen. Gainezka zegoen auditorium batean hamar bat pertsonek jaso zuten eskua. Horrek argi usten du trebetasun intelektuala ez dela nahikoa arrakasta lortzeko. Izan ere, Daniel Goleman psikologo amerikarrak dio pertsona baten arrakasta honela zenbatu daitekeela: % 30 gaitasun intelektuala eta % 70 gaitasun emozionala.

Pertsonek antolatzeko daukaten era da, euren gaitasunekin, bai intelektual bai emozionalekin, batera, proiektuen funtzionamendua ahalbidetzen duena. Behin Ferrán Adriári eskatu zioten ideia bakar batean laburtzeko arrakastaren gakoa zein den, eta honakoa bota zuen:

Harreman itxura daukaten hari ikusezinak eta hautemanezinak dira magia sortzen dutenak

O KAPITAINA, NIRE KAPITAINA

Hala ere, magia hori ez da bakarrik sortzen, laguntza behar du. Ekosistema aproposa sortu behar dugu. Tradizionalki partaidetza ereduek honako hau ezartzen zuten: erakundeek euren parte-hartzetik etekina atera behar zutela, gauzen funtzionamendua ahalbidetzeko. Orain hori ez da nahikoa, orain pertsonek ere atera behar dute etekina, ezagutzaren, harremanen, bestelako ikuspegiak ezagutzearen edo beste zerbaiten bitartez.

Baina mekanismo hori koipetu behar da, zerbait behar du funtzionatzeko. Horregatik proiektuek liderrak behar dituzte, ontzia bideratuko duten kapitainak. Eta, kontuz, ez gara nagusiei buruz ari, baizik eta lidergoaz. Gainerakoak bideratzeko prest dauden pertsonei buruz ari gara, ez bakarrik hierarkikoki, era naturalean ere. Azken horiek dira garrantzitsuenak. Sorbaldan galoiak jantzi behar ez dituzten pertsonak, baizik eta berezko liderrak direnak. Bustitzen den jendea, parte hartzen duena, norbaitek laguntza behar duenean konturatzen dena, eta, bereziki, erakundeko gainontzeko pertsonak eroso sentiarazten dituena.

MILIOIKA PIEZETAKO PUZLEA

Eta orduan, mahai gainean daukagu milioika pieza dauzkan paisaia baten puzzle horietako bat. Zeinean ia ezinezkoa den pieza bat bestetik bereiztea, baina pixkanaka-pixkanaka forma hartzen duena. Gizatalde bat daukagu, lidergo partekatu batekin, non jendea eroso sentitzen den. Non pertsonak kontuan hartzen diren, erabakiak hartu ditzaketen eta autonomia daukaten. Non jarraipena duen ideia bat dagoen, ziurtasunez bultzatzen dutena, ideia horrek euren beharrak nola betetzen dituen ikusten dutelako. Ez dakit oroitzen zaren hasieran aipatu ditugun beharrak. Bai, egiten dutenarekin dibertitzen ari dira, gizabanako gisa garatzen ari dira, gainera, sinesten duten zerbaiten laguntzen ari dira; beraz, euren igarotzeak bizitzatik eragina du, aztarna uzten baitu.

Une zehatz honetan hasten dira pertsonak daukaten onena ematen. Taldeari ematen hasten dira, askoz gehiago jasotzen dutelako, eta, literalki, eraikitzen ari direnaren alde ahalegin guztia egiten hasten dira. Egiten dutenaren enbaxadore sutsu bihurtzen dira.

Eta, lagunok, horrela funtzionatzen dute arrakasta daukaten proiektuek. Azalarekin, lidergo partekatuarekin, gehiago entzuten eta gutxiago hitz egiten. Baita beti ondo datorren zorte apur batekin.

Horrela ekin zaio Quantum Ecosystem bezalako proiektu liluragarriari. Talentu mugagabea, irudipenez beteriko jarrerarekin, ideia batengatik dena emanez. Ryunosuke Satoro olerkari japoniarrak esan zuen moduan

“banaka tanta bat gara, batera ozeano bat gara”.

Izan gaitezen ozeano.

Etiketak

  • #tech
  • #emprendimiento
  • #innovación
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #tecnología
  • #futuro

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko