Zer da GovTech delako hori?

#Pure tech

2023.05.09 Irakurketa denbora: 8 minutu

Saioa Leguinagoicoa

Ilustrazioa: Jokin de Cerio

Baliteke, soilik izenarekin, GovTech zer den edo zertarako balio duen igarri ere ezin izatea. Zerbait teknikoa dirudi, zurekin zerikusirik ez duen edo izango duen zerbait. Hala ere, ez da hala, hori guztia baino askoz errazagoa baita… GovTech hitza, goverment (gobernua) eta technology (teknologia) hitzen baturatik dator, eta teknologia gobernuetara eramatean datza, funtsean.

Baina gobernuek ez al dute jada teknologia erabiltzen? Bai. GovTechak egiten duena, ordea, gobernuek kontratatzerako orduan erabiltzen duten logika aldatzea da. Momentu honetan, gobernuak ohituta daude beraientzako ad hoc teknologia sortzen duten enpresak kontratatzera. Modu horretan, kontratatzen duten softwarea beraiena da, eta erosi eta mantendu egiten dute.

GovTech administrazioaren erronkak gainditzeko eta soluzio digital berriak eta desberdinak aurkitzeko berrikuntza-espazio bat da. Musikarekin edo telesailekin gaur egun egiten dugun bezala, teknologia gobernuei harpidetza-sistema baten bidez helaraztea da helburua, aurretik aipatutako ad hoc egindako garapen horiek atzean utziz.

Modako anglizismoak erabiliz, esan dezakegu BigTech eta Do in House kontzeptuetatik ihes egiten saiatzen ari den eredua dela GovTech. Aldatu nahi dena, azken batean, dena etxean egin behar delako ideia da, hots, guztia administrazioaren barneko taldeek aurrera eraman behar dutelako ideia (Do in House). Horrez gain, atzean utzi nahi da enpresa teknologiko erraldoi bat soluzio izugarri batekin etorriko zaigulako (BigTech) ideia ere. Horren guztiaren ordez, gure eginkizuna leihoa ireki eta kanpora begiratzea da. Administrazioa izanik, pentsatu behar dugu nola alda dezakegun zerbitzuak eskaintzeko eredua, eraginkorragoak izateko (hori da, funtsean, GovTech).

Aldatu nahi dena, azken batean, dena etxean egin behar delako ideia da, hots, guztia administrazioaren barneko taldeek aurrera eraman behar dutelako ideia

Eraginkortasun horretara heltzeko, gobernua plataforma bezala erakusteko ideia planteatu beharra dago, eta ideia horretan, jabetzaren logikak ez du tokirik. Eta zer esan nahi dugu “gobernua plataforma bezala” diogunean? Bada, imajina dezagun gobernua altzari bila dabilela (teknologiarekiko paralelotasuna eginez, noski). Gure helburua gobernuak altzariak Ikean erosi eta alokatzea izango da, eta ez artisau batek altzari horiek neurrira egitea. Gure zerbitzuak berriz diseinatzeaz eta albait gehien estandarizatzeaz ari gara, startupek merkatuari eskaintzen dizkioten gaitasunak eta produktuak integratu ahal izateko.

OZTOPOAK

Nahiz eta gure mundua gero eta digitalizatuago dagoen, merkatuan dauden soluzio berritzaileetako asko ez dira administrazio publikoetara heltzen: digitalizazio-prozesuan inpaktu handia izaten ari diren Startup, Scaleup eta ETEak, adibidez, ez dira arlo publikora hurbiltzen.

Testuinguru horretan, GovTecheko ekosistemak sektore publikora hurbiltzera ohituta ez dauden entitate berri edo tamaina txikikoei soluzio berriak gerturatzeko sortzen dira. Nahiz eta enpresa horiek gizarteari laguntzeko oso potentzial handia izan, aurrean dituzten oztopoak ere oso handiak dira:

  • Erosketa publikoak egiteko prozesuen ondorioz, enpresa berritzaile, arin eta gazteen eskaintza zail eta ez-lehiakor bihurtzen da, eta halakoak sistematik kanpo geratzen dira. Horrek operadore ekonomiko finkatuen alde egiten du, eta horiek, orokorrean, ikustera ohituta gauden bezalako soluzioak eskaini ohi dituzte.
  • Berritzailetzaren eta gobernuaren artean barrera izugarria dago. Horrek eragin zuzena du gobernuen etorkizunean, izan ere, jada ezagutzen dituzten enpresetan oinarritzen dira, merkatua ez-lehiakor bihurtuz. Ezagutzen dutena erosten dute azken batean, gailetak existitzen direla ez dakien eta beti ogi eskean dabilen ume baten moduan.
  • Merkatuan dauden enpresa berritzaileak oso gutxi ezagutzen dira kontratazio publikoari dagokionean. Eta, hori da, azken batean, bezero publikoengana hurbiltzen saiatzeko oztopo nagusietako bat.

BERRIKUNTZA PIXKA BAT, ARREN

Administrazioak zuzenean soluzioak bilatu ohi ditu, dituen arazoak behar bezala planteatu ordez. Buruko mina dugunean, normalean, parazetamol bat eskatzen dugu, eta ohiko enpresek pastilla formatuan edo urarekin nahasteko prestakin gisa ematen digute, besteak beste. Formatua desberdina izan arren, ordea, gauza bera izaten jarraitzen du. GovTech kontzeptuarekin, egin nahi dena honako hau da: medikuarengana joan eta buruko mina dugula esatea, hau da, gure arazoa ondo definitzea. Modu horretan, merkatuan dauden agente ezberdinek soluzio ezberdinak emateko aukera izango dute gure arazoari aurre egiteko. Horietako adibide batzuk, besteak beste, txapel termiko bat, toalla busti bat, ibuprofenoa, parazetamola, homeopatia edota masaje bat izan daitezke. Nik soluzio horietako bat probatuko dut funtzionatzen duen ala ez ikusteko. Soluzioak ondo funtzionatu badit, erosi egingo dut, izan ere, ziur egongo naiz nire arazoa, azkenik, konpondu egingo dela.

BIZKAIA ETA GOVTECH

Bizkaiko Foru Aldundia 2019an hasi zen GovTecharen aldeko apustua egiten. Berrikuntza irekiko metodologia hau, lehenengoz, suhiltzaileen proiektu batean probatu zuten. Horrez gain, mundu guztia kontzeptuarekin eroso egon zedin, zuzendaritza-taldeari zuzendutako prestakuntzak antolatu ziren. Azkenik, GovTech Bizkaia proiektuak 2022an ikusi zuen argia, FEDER funtsekin finantzaturik. Horren helburua Bizkaiko Foru Aldundiak dituen erronkak gainditzeko soluzio digitalak aurkituko dituen ekosistema bat sortzea da. Proiektua bost adarretan banatzen da:

  1. Laborategia

    Laborategian berrikuntza irekiko proiektuak garatzen dira, erronkak ondo identifikatuz. Metodologia bost pausutan banatzen da:

    • Erronkak identifikatzea
    • Komunitate berritzaileari deialdia egitea
    • Ezagutza trukatzea
    • Pilotua eta esperimentazioa garatzea
    • Funtzionatzen duten soluzioak zabaltzea

    Lehen fasea arazoak ongi definitzean datza. Hori lortzeko gakoa erronka argi eta laburrak idaztea da, jakinarazteko behar adina informaziorekin, soluzio egokiak inspira ditzan eta beste hornitzaile mota batzuk erakartzeko helburuarekin.

    Konponbideetan aniztasuna bilatzen dugu; batzuetan, gainera, administrazio publikoarentzat ausartegitzat jo daitezkeen soluzioetara heltzea lortzen dugu. Gure nahia, soluzio teknologiko guztien artetik, zerbitzu onena ematen duenarekin topo egitea da, gizarteari balore gehien ematen diona aukeratuz.

    Soluzio bat erakunde publikoentzat interesgarria denean, pilotua sortzeko prozesua hasten da. Pilotuetan, ez da soilik soluzioaren funtzionamendu teknologikoa neurtzen, baizik eta baita testuinguruak eskatzen dituen beste alderdi asko ere: pertsonek lan egiteko duten moduan inpaktua duen ala ez, gizarteari eta erabiltzaileei konfiantza ematen dien ala ez, prozesua jasangarria den ala ez… Pilotuak ebidentziak ikusteko aukera ematen du, etorkizuneko kontratazio publikoko prozesuetan edo barne-garapen teknologikoetan baldintza argiak ezarri ahal izateko.

    Dagoeneko probatu eta ebaluatu den berrikuntza eskalatzeko, bi espazio lantzen dira. Alde batetik, zerbitzuaren diseinu berria planteatzen da, pilotatutako soluzioaren funtzionaltasuna eta balorea diseinuaren barnean sartzeko. Bestetik, kontratazio-prozesuak bultzatzen dira, diseinuaren bidez enpresa berritzaile, teknologiko eta espezializatu horiek lehiara irekitzeko.

  2. Hub GovTech

    Hemengo eta kanpoko ekosistema berritzailea egituratzeko zenbait ekintza antolatzen dira:

    • Bootcamp edo express ikastaro batzuk martxan jartzen dira, startup eta scaleupei “publikoaren merkaturantz” bultzada bat ematen laguntzeko helburuarekin. Honako gai hauek lantzen dira, besteak beste: estrategia komertzialak, salmenta-zikloak, erosketa publikoak eta kolaborazioak enpresa handi eta lizitazio handiekin, besteak beste.
    • Ekitaldiak antolatzea eta pitchak (litezkeen inbertsoreak erakartzeko eta elkarrekin negozioak egitea proposatzeko antolatzen diren aurkezpenak), arreta arlo publikoan jarrita. Horrez gain, topaketak egiten dira unibertsitateekin, inbertsoreekin eta korporazioekin.
    • GovTech Bizkaiak egindako lana erakusteko antolatzen diren ekitaldiak.
    • Edukia sortzen da, eta webgunea eta sare sozialak garatzen dira.
  3. GovTech prestakuntza

    Prestakuntzak laborategiaren alderdi praktikoari laguntzen dio, berrikuntza ireki horretan landutako ezagutza eta metodologia finkatuz. Administrazioan lan egiten duten pertsonei prestakuntza eskaintzen zaie startupek nola funtzionatzen duten azaltzeko; eta baita alderantziz ere, hots, startupei arlo publikora gehiago eta errazago hurbiltzeko prestakuntza eskaintzen zaie.

  4. Kontratu-berrikuntza

    Kontratazio ekintzailearen kontzeptu berria garatuko da, balio publiko handiko soluzioak haztea sustatzeko. Zenbait gauza aztertuko dira:

    • Nola pilotatu enpresa berritzaile eta sortu berrien soluzio digitalak, Kontratuei buruzko Legeak kontratu txikietarako ezartzen duen muga baino zenbateko handiagoarekin.
    • Nola lortu Foru Aldundiaren lizitazioak enpresa berritzaile eta berrien eskaintzetara zabalik egotea.
    • Nola sustatu enpresa txiki eta handien lankidetza kontratu handietan.
    • Nola sor ditzakegu esparru-akordioak edo SDA akordioak hornitzaile berrien erosketak arintzeko.

    Bizkaiko Foru Aldundiak harpidetza-metodoaren bidez erosten badu, musikarekin egiten dugun bezala (CDetan hautsa pilatzen egon ordez), askoz ere modu efizienteagoan lan egitea lortuko du.

  5. GovTech inbertsioa

    Seed Capitalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren inbertsio-politikaren eskutik, lehen GovTech funtsa sortuko da. Hori hazi-kapitala, inpaktua edo funtsen funtsa bateratzen dituen inbertsio-agentea izango da.

    GovTech enpresetan egiten den inbertsioari kapital paziente deritzo, izan ere, itzulkina ez da berehalakoa. Hala ere, Foru Aldundiak startupetan inbertitzen badu, beste inbertitzaile batzuek (publikoak zein pribatuak) berdin joka dezaten bultzada izan daiteke, horrela, startupari aurrera egiten lagunduz.

    Laburbilduz, honako alderdi hauek nabarmendu nahi ditugu: GovTech Bizkaiak sektore publikoa pribatuarekin koordinatu nahi du, bere kabuz egiteko gai izango ez litzatekeena egitera heltzeko. Hori guztia, gobernua plataforma estandar gisa hartuta, gobernuak bere zerbitzuak berriz diseinatzen baititu, erakundean soluzio berritzaileak sustatzeko helburuarekin.

Etiketak

  • #cultura
  • #emprendimiento
  • #innovación
  • #cocreación
  • #estrategia
  • #democratización
  • #futuro
  • #govtech

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko