BIQAIN, zergatik ekosistema bat?

#Doing

2026.02.02 Irakurketa denbora: 6 minuto

Lantik

Ilustrazioa: Josu Jorquera

Dauden eredu antolatzaile guztietatik, sektore kuantiko baten sorreraren neurriko gertakari abangoardista eta konplikatu batentzat, ekosistema bat da egokiena.

BIQAIN estrategiaren bidez, Bizkaia teknologia kuantikoen ezagutzaren eta aplikazioaren aldeko apustua egiten ari da enpresen eta lurraldearen garapen soziala eta lehiakortasuna bultzatzeko. Ez da berria.

2021ean, Bizkaiko estrategia kuantikoaren lehen zutabeak eraiki ziren ekintza-plan bati esker, teknologia horien inguruan sektore kuantiko sendo bat sortu ahal izateko. Enpresa teknologiko eta industrialekiko lehen lankidetza-esparruak ezarri ziren haien inguruko proiektu berritzaileak garatzeko.

Momentu horretan, helburu horiek lortzeko komunitate egokiena hautatzeko beharra heldu zen. Literaturan, antolaketa-modu tradizional ugariak aurki ditzakegu, adibidez: enpresa eta startupen arteko aliantzak, joint ventures, I+G partzuergoak… Modu tradizional horiek kontrol-eskema eta arautegi argiak, ondo zehaztuak eta laburrak behar dituzte. Orain arte, eskema horiek izan dira teknologia klasikoen hedapena egiteko laguntza eman dutenak, baina, egokiak al dira teknologia kuantikoaren neurriko aurrerapen abangoardista eta berezi batentzat?

KUANTIKARA EGOKITUTAKO KOMUNITATE EREDUAREN BILA

Kuantika gure bizitzetara etorri aurretik, zientziak milaka osagarriz sortutako makina handi bat bezala ulertzen zuen mundua. Osagai horiek arautzen zituzten arauak deszifratzen bagenituen, zehazki zer gertatuko zen aurresateko gai izango ginen. Ikuspegi «klasiko» hori antolamenduaren eremura ere estrapolatu zen, eta jarraitu beharreko bidea zehazten zuten arauak, egitura hierarkikoak eta plan zehatzak sortu ziren.

Kuantika irudi hori aldatzen laguntzen ari da. Komunitate zientifikoa konturatzen ari da ez dela posible dena aurretiaz kalkulatzea, fenomeno naturalak posibilitate batzuen mende baitaude. Horrek ez du esan nahi naturan kaosa dagoenik, baizik eta ideia klasiko deterministekin aurrez aurre talka egiten duen ziurgabetasun-faktore garrantzitsu bat dagoela. Beste aurrerapen zientifiko batzuetan bezala, non soluziorik naturalenak kopiatu genituen (hala nola hegazkin baten hegoak hegazti baten hegoen imitazio izatea, edo landare baten hostoetan inspiratutako eguzki-panel bat sortzea), antolaketa-modu naturalago bat behar genuen… Norbaitek ezagutzen al du 'ekosistema' hitza?

AZALTZEKO ANALOGIA

Pentsa dezagun urmael txiki batean. Nahiz eta bere tamaina txikia izan, urmael bat beti mugimenduan dagoen mundu txiki bat da berez. Bertako uretan, hainbat izaki bizidun bizi dira elkarrekin, adibidez: algak, intsektuak, anfibioak eta bertan hazten, eraldatzen eta egokitzen diren landareak, eta naturaren legeak ez dira euren mugimenduen arrakasta edo porrota zehazten duten eragile bakarrak. Ez dago aurretiazko diseinurik, ezta planik ere; oreka izakien arteko eguneroko elkarreraginetatik sortzen da, batzuk agerikoagoak eta beste batzuk ia hautemanezinak izanik.

Analogia bat eginez, berrikuntza irekiko ekosistema batek ez du funtzionatzen erakunde klasiko baten modura; aitzitik, administrazio publikoek, startupek, zentro teknologikoek, ikerketa-zentroek, unibertsitateek, industriek eta beste eragile batzuek irtenbideak probatzen, ideiak esploratzen eta batzuk besteengandik ikasten dute espazio natural batean.

Berrikuntza irekia ez da eragile bakar batetik sortzen, ekosistemako parte-hartzaileen arteko harreman naturaletik baizik. Urmaelean bezala, ekosistemaren aberastasunaren oinarriak ez dira ez kontrola, ez arauak, baizik eta prozesu naturalen ziurgabetasunera egokitzeko aniztasuna eta gaitasuna.

JAUZI EGOKIA

2021ean, Lantik S.A.M.P.-ko Berrikuntza sailean (Bizkaiko Foru Aldundia) ikusi genuen teknologia kuantikoak bizitzaz bete genezakeen urmael bateko ura zirela, eta ez genuen zalantzarik izan igerileku horretara jauzi egiterakoan. Gaur egun, ur horren inguruan sortutako aurrerapen naturalari esker, BIQAIN ekosistemak honako hauek ditu:

  • 15 eskaintza-startup.
  • 10 plataforma kuantiko baino gehiagotarako sarbidea.
  • 3 unibertsitate.
  • 3 zentro teknologiko.
  • 7 integratzaile teknologiko.

BIQAIN ekosistemari esker, teknologia eta konpetentzia kuantikoen garapena modu koordinatuan garatzen ari da, industriaren eta gizartearen zerbitzura, azpiegiturak, ezagutza eta zerbitzuak ekosistema osoaren eskura jarriz, Bizkaiko industriaren benetako arazoak konpontzeko erabilera-kasuak sortzea errazteko xedearekin.

Testuinguru honetan, BIQAIN ekosistemak beste sistema batzuetan ere parte hartzen du, hala nola Basque Quantum aliantzan eta estatuko eta Europako beste aliantza batzuetan (Quantum Spain edo European Quantum Flagship, besteak beste). Horrek guztiak aukera ematen du zientziaren azken aurrerapenak gizarte osoaren esanetara jartzeko, eta eragin positibo garrantzitsua sortzen du gure herrikideen bizitzan.

Fenomeno kuantikoen azterketetan egindako aurrerapenek orain arte ezkutuan egon den naturaren zati bat ulertzen laguntzen digute.

Hain determinista ez den eta probabilistikoagoa den alderdi horrek errealitate bat erakusten digu, non malgutasuna nagusitzen den arauen aurrean eta ziurgabetasuna zehaztasunaren aurrean. Eta zer da, bada, norbere natura imitatzea baino jakintsuagoa etorkizun hobe baterantz aurrera egiteko?

Etiketak

  • #emprendimiento
  • #cocreación
  • #bigscience
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #estrategia
  • #futuro

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko