Bizitza, kluster batean, ederragoa da

#Doing

2026.02.03 Irakurketa denbora: 5 minuto

Elena Zárraga

Ilustrazioa: Higinia Garay

GAIAn badakigu berrikuntza oso gutxitan datorrela bakardadetik. Aitzitik, galderak partekatzean, esperientziak egiaztatzean, eta erakunde batek bere kabuz konpon ezin ditzakeen erronkei aurre egiteko ikuspegi desberdinak batzen ditugunean sortzen da; eta, batez ere, aurrera egiten bultzatzen gaituen komunitate baten parte sentitzen garenean, komunitate horrek motibatzen gaituenean, gure oinarria denean, eta gure barneko onena ateratzera inspiratzen gaituenean.

Urteetan zehar entzun dugu mundu hiperlehiakor batean bizi garela, non entitate bakoitzak bere ahaleginak besteengandik bereiztera eta bere aurrerapenak babestera bideratu behar dituen. Hala ere, egunez egun gure klusterrean bizi dugun errealitateak justu kontrakoa erakusten du: asmo handieneko helburuak sarean lan egiten denean lortzen dira, eta GAIAn osatzen dugun komunitatea horren froga nabarmena da.

GAIA ez da ezagutza- eta teknologia-industrien kluster hutsa; pertsonen, enpresen, zentro teknologikoen, prestakuntza-erakundeen eta erakunde publiko eta pribatuen sarea da, eta ikuspegi bera dute: ezagutza eta teknologia gure inguruko garapen jasangarriaren, gizarte-ongizatearen eta aurrerapen ekonomikoaren zerbitzura jartzea.

Ikuspuntu hori ez da asmoen deklarazio bat soilik. Erlazionatzeko moduan gauzatzen da konfiantza, eskuzabaltasuna eta erantzukidetasunari esker. Erakunde bakoitzak bere ezagutzak, ekintzak eta ametsak jartzen ditu eskura; eta, aldi berean, besteek ematen dutenari esker lortzen du etekina. Bi norabide horiek bihurtzen dute GAIA bizirik dagoen espazio, askotarikoa eta funtsezkoa sektorea lehiakorra izan dadin.

Komunitate bat ez da dekretuz sortzen, denboraz, koherentziaz eta kontu handiz sortzen da. Horregatik, GAIAn, elkartzeko, entzuteko eta parte hartzeko espazioak sortzeko inbertitzen dugu, non ahots guztiak kontuan hartzen diren eta elkarrizketek balioa sortzen duten. Badakigu konfiantza dela benetako elkarlanaren oinarria: konfiantzarik gabe, proiektuak baino ez daude, baina, harekin, eraldaketa sortzen da.

Gaur egun industria teknologikoak dituen erronkek (digitalizazio etikoa, trantsizio berdea, subiranotasun teknologikoa, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, profesionalen trebakuntza edo merkatu globalera egokitzea, besteak beste) ahalegin koordinatuak eta ikuspegi estrategikorako gaitasun handia eskatzen dituzte. Beste hitzetan esanda, ideia onak izatea ez da nahikoa: ideia horiek ekintza egingarri bihurtzeko egitura bat behar da, eta hor, GAIA klusterreko komunitatea palanka bereizgarri bihurtzen da.

Helburuak partekatzen ditugunean, erronkak beldurgarri izateari uzten diote eta aukera bihurtzen dira; eta batzen garenean, nahiak ez dira arriskutsutzat jotzen, guztiok batera etorkizunera begira eraiki dezakegun bide kolektibotzat baizik.

Klusterraren esperientziak erakusten digu elkarlanari esker sortutako proiektu batek azkarrago egiten duela aurrera, ziurgabetasunak murrizten dituela, eta eragin handiagoa sortzen duela. Gaitasunak, baliabideak eta ikuspegiak batuz gero, bakarka lortu ezin diren edo espero diren helburuak lor ditzakegu.

DIZIPLINA ANITZAK: SENDOTASUN ESTRATEGIKOA

Komunitatea osatzen duten profilen aniztasuna da gure komunitatearen ezaugarri nagusia. Ingeniaritzan, diseinuan, kudeaketan, komunikazioan, datu-zientzian, ikerketan, ekonomian, prestakuntzan eta beste hainbat diziplinatan adituak diren pertsonak daude GAIAn, eta guztiek batera ekosistema oso aberatsa sortzen dute.

Diziplina-aniztasun horri esker, hain zuzen ere, gure klusterraren proiektuek egungo munduaren konplexutasunari erantzun diezaiokete. Teknologiak berak bakarrik ez ditu arazoak konpontzen; hori egin ahal izateko, merkatu-ikuspegiarekin, gizarte-sentsibilitatearekin, estrategiarekin, sormenarekin eta konpromiso etikoarekin batu egin behar da.

Egunero ikusten dugu ideia teknikoak soluzio berritzaile bihurtzen direla profil ezberdinen parte-hartzeari esker, eta osagarritasun hori da –zalantzarik gabe– gure komunitateak duen indargune handienetako bat.

Gure ibilbidean zehar, egiaztatu al izan dugu elkarrekin lan egiten dugunean irtenbide sendoagoak, etikoagoak eta eraldatzaileagoak sortzeko gai garela; eta etorkizunera begiratzen badugu, uste hori inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zaigu.

Bizitzeko eta lan egiteko modua erabat baldintzatzen du teknologiak, eta, horregatik, teknologia garatzeko –balore inklusibo, jasangarri eta humanistek gidatua– beharra dugu. GAIAren komunitatea urrats sendoak egiten ari da norabide horretan: pertsonak erdigunean jartzen dituzten proiektuak bultzatuz, askotariko talentua sustatuz, lanean ari diren profesionalen birkualifikazioa ahalbidetuz, eta sektore, lurralde eta diziplinak gainditzen dituzten lankidetza-sareak eraikiz.

Izan ere, irudikatzen dugun etorkizuna etorkizun partekatua da. Etorkizun horretan, zientzia eta berrikuntza guztion onerako izango dira, digitalizazioa guztiontzako aukera izango da, eta jasangarritasuna ez da urrun dagoen zerbait izango, jarduteko modu bat baizik.

Atzera begiratuz gero, lorpen kolektiboz betetako bidea ikusiko dugu; eta aurrera begira, berriz, aukeraz beteriko mundua ikusten dugu. GAIAn argi dugu: beti egin dugun bezala aurrera egiten jarraituko dugu, anbizioarekin, erantzukizunarekin eta, batez ere, komunitatearekin lan eginez eta herrialde-ikuspegiarekin.

Badakigu erronka konplexuak ditugula zain, baina badakigu, baita ere, erronka horiei aurre egiteko tresnarik onena dugula: lankidetza-sare sendoa, anitza eta konprometitua.

Izan ere, gure gaitasunak, ikuspegiak eta energia batzen ditugunean, banaka lor dezakegun horretan pentsatzeari uzten diogu, eta elkarrekin lor dezakeguna irudikatzen hasten gara; eta hori da, zalantzarik gabe, gure GAIA klusterraren funtsa.

Etiketak

  • #emprendimiento
  • #innovación
  • #cocreación
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #computación

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko