Zer antz du jatetxe bat bilatzeak langile bat bilatzearekin?

#Reflections

2025.10.01 Irakurketa denbora: 8 minuto

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Álvaro Buendía

Ba al zenekien gizakiak sortutako soluzio teknologiko askok inguratzen gaituen natura dutela inspirazio? Adibide bat da –oso ezaguna ez izan arren– izaki bizidunen zelulek eta Internetek partekatzen duten seinalizazio-logika. Zelulek ausaz jokatzen ez duten bezala (seinale espezifikoei erantzuten baitiete), Interneteko bilaketa-motorrek portaera hori emulatzen dute, bakarrik garrantzitsua den horri erantzuteko xedez. Bi sistemetan –biologikoan eta digitalean– komunikazioaren eraginkortasuna koherentziaren, zehaztasunaren eta aurkitua izatearen arteko emaitza da. Analogia horretan, bilaketa-motorren optimizazioa (SEO, ingelesezko siglei dagokienez [Search Engine Optimization]) naturaren aplikazio zuzena bezala aurkezten da: kontua ez da ahotsa altxatzea, baizik eta hizkera egokian hitz egitea –tonu egokiarekin eta une egokian– erantzun optimoa aktibatzeko.

ZER DA SEOA?

Bilaketa motorren optimizazioa (SEO) webgune baten posizionamendua bilaketa-motor batean (hala nola Google, Bing, Yahoo!, etab.) hobetzeko estrategia bat da. Estrategia hori garatzeko, webgune baten azpiegitura eta metadatuak (eduki-motaren deskripzioak edo gako-hitzak, adibidez) optimizatzen dira, erabiltzaileek web orrialde esanguratsuenak aurki ditzaten.

ANALOGIA: SEOA ETA GIZA GORPUTZEKO ZELULEN ERREZEPTOREAK

Hasiera batean, edukiak etiketatzearena zentzuzkoa eta erraza dirudi, erabiltzaileei araketa errazte aldera. Etiketatzeko ideia hori prozesu biologikoetan ere aurki dezakegu; hain zuzen ere, gure gorputzeko zelulek erabiltzen dituzten errezeptoreetan. Errezeptore horiek zelulen gainazalean daude (baita barruan ere), eta molekula espezifiko batek («lotugai» izenekoa) zelularekin bat egiten duenean aktibatu egiten dira.

Imajina dezagun gure gorputzeko zelula bakoitza etxe baten antzeko zerbait dela. Bere ateetan (zelula-mintzaren gainazalean) sarrailak ditu elementuen sartu-irtena ekiditeko edo horiek sartzen laguntzeko. Zenbait «giltzekin» aktibatzeko diseinaturik daude, eta giltza horiek aurretik aipatu ditugun lotugaiak dira. Lotugai horiek inguruneko substantzia ugari izan daitezke, hala nola neurotransmisoreak, hormonak edo birus-zatiak.

Sarraila edo zelula-errezeptore bakoitza, bere formarekin bat perfektuki egiten duen giltza edo lotugai batekin soilik zabaldu ahal izango da. Hori gertatzean, sarrailak buelta emango du, eta errezeptore horren prozesua aktibatu egingo da.

Hala, SEO estrategiek optimizatzen dituzten gako-hitzen (beste parametro batzuen artean) eta sarraila horien arteko analogia sortu daiteke.

Bilaketa-motorren kasuan, webgunea zelula izango litzateke, eta lotugaia erabiltzaileak egiten duen bilaketa. Egunerokotasuneko bilaketetan honek guztiak nola funtziona dezakeen ulertarazteko, pentsa dezagun afaltzeko jatetxe italiar baten bila gabiltzala. Gure lotugaia honelako zerbait izan daiteke: «jatetxe italiar merkea Bilbon». Kasu horretan, bilaketa-motorra jatetxea bilatzen ari denari emaitzarik garrantzitsuenak erakusten saiatuko da, eta emaitza garrantzitsua izango dela pentsatzeko irizpide garrantzitsuenetako bat izango da jatetxearen webgunean «etxeko pizza», «italiar janari merkea», «glutenik gabea» edo «metrotik gertu» gisa bilatuko lituzkeen hitz gakoak agertzea, besteak beste.

Aipatu bezala, negozioentzat ezinbestekoa da «lotugai» egokiak sortzea, bilaketa-motorrek adierazgarritzat har ditzaten. Hasiera batean, baliteke pentsatzea soilik negozioen atzean dauden pertsonentzat dela garrantzitsua, baina, izan al daiteke baliagarria edozein pertsonarentzat? Lana bilatzerako orduan, adibidez, oso interesgarria izan daiteke informazio hori.

ANALOGIA: NEGOZIOAREN SEOA ETA CVAREN SEOA

Bi kasuetan, amaierako helburua lehiakideen artean nabarmentzea da: irakurleen (pertsona bat edo automatizazio bat izan daiteke) arreta erakartzeko eta Google edo beste motor batean langileak bilatzen dituztenei lehen emaitzetan agertzeko.

SEOaren kasuan –demagun jatetxe baterako–, «jatetxe italiar merkea Bilbon» bezalako gako-hitzak erabiliko ditugu, norbaitek bilaketa hori egiten duenean negozioa lehen posizioetan ager dadin. Deskribapenak, izenburuak, menuak, mapako kokapena eta plataforma garrantzitsuetan izandako presentzia optimizatu egingo dira garrantzia irabazteko.

Era berean, curriculum bat idazterakoan, funtsezkoa da enplegatzaileak bilatuko dituen gako-hitzak erabiltzen saiatzea, hala nola «proiektuen zuzendaritza», «CAD diseinua», «bezeroarentzako arreta» eta abar (zer lanpostutan lan egin nahi dugun kontutan hartuta, jakina). Horrek are garrantzitsuagoa da sistema automatizatuez edo ATS (Applicant Tracking Systems) sistemez ari bagara, enpresek gero eta gehiago erabiltzen baitituzte. Sistema autonomo horiek, jasotako dokumentuen iragazki bat egiten dute, gako-hitzen arabera (beste parametro batzuen artean).

Bestalde, web-orrialde batek –bilaketa-motorren lehen posizioetan agertzeko– behar dituen egitura ona, azkartasuna eta argitasuna bezalaxe, CVak garbiak eta zehatzak izan behar dira, eta diseinu profesionala eta egitura ona izan behar dituzte, analisia eta irakurketa –pertsona edo software batek egina– errazteko.

Adibide bat: marketin digitalean aritzeko lan-eskaintza batean, CRMetan eta sare sozialetan esperientzia eskatzen bada, eta CVan «onlineko komunikazioaren arduraduna» soilik jartzen badu, curriculum hori ez da nabarmenduko, pertsona horrek beste baldintza guztiak bete arren. Aldiz, baldintzetara egokitzeko aldaketa txikiak aplikatuz eta «marketin digitalean espezialista, esperientziarekin CRM, Instagram, TikTok eta antzeko sare sozialetan» bezalako zerbait idatziz, arreta erakartzeko eta baloratua izateko probabilitateak asko haziko dira.

Laburbilduz: izaki bizidunen zelulen seinalatzeko filosofia jarraituz, garrantzitsua da lana eskaintzen duten pertsonek zer eta nola bilatzen duten ulertzea. Lortu nahi dugun lanpostu hutsari gutxieneko doikuntza espezifiko batzuk eginda, gure CVaren edukia garrantzitsua, argia eta aurkitzeko erraza izatea erraztuko dugu. Alde horretatik, ondo bideratutako curriculum bat idaztea eta enpresei zuzendutako SEOa egitea gauza bera dira. Horregatik, hizkera egokia erabiltzeari eta zure bertuteak eta esperientzia enpresek bilatzen dutenarekin lerrokatzeari esker, arrakasta izateko aukerak nabarmen handituko dira… ikusiko duzu.

Etiketak

  • #tech
  • #ciencia
  • #computación
  • #tecnología
  • #talento

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko