Txakur gidaritik adimen artifizialera

#Pure tech

2023.10.19 Irakurketa denbora: 5 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Dani Maiz

Eztandak ia gor utzi gaitu. Begiak zabaltzean, ez dut ezer ikusten, ezta begiak kliskatzean ere. Ene, itsu geratu naiz! Gerra honek gurekin akabatuko du eta ez dakigu zertarako borrokatzen ari garen ere. 1918ko ekainean gaude, sargori egiten du frontean. Kamantzen artean gerra amaitzear dagoela entzuten da: laster senideak besarkatu, usaindu eta ukitu ahal izango ditugu! Baina… ezin izango ditugu ikusi. Ez dakit nola ibiliko naizen, suposatzen dut txakur gidari horietako bat behar izango dudala, soldadu itsuak gidatzen dituzten horietako bat.

2023an gaude, eta oraindik mundua toki iluna den arren, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitateari eta autonomiari dagokionez, aurrerapen handiak egin ditugu. Lehen Mundu Gerraren garaian hasi ziren txakur gidariak lehen aldiz erabiltzen, eta soldadu zaurituek beren bizitzetara itzultzeko erabili zituzten.

Txakur Gidariaren Nazioarteko Federazioan irakur dezakegu horri buruzko informazioa eta, zenbait dokumentu dauden arren K.o. I. mendean ere desgaitasuna zuten pertsonek halako txakurrak erabiltzen zituztela diotenak, historia modernoan, Gerhard Stalling doktorea izan zen txakurrak kaltetuei laguntzeko heztea pentsatu zuen lehena (hori bai, Lehen Mundu Gerrako kaltetuak zirenez, soilik gizonezkoei eskaintzen zitzaien zerbitzua).

Bada, bai, konpainia eta maitasuna emateaz gainera, jendea gidatzeko eta independentzia eta autonomia eskaintzeko gai ere badira txakurrak. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduan 253 milioi pertsonak dute ikus-desgaitasunen bat; horregatik, teknologia eta zientzia aniztasunaren zerbitzura jartzeko beharra eta nahia ukaezinak dira. Gaur egun txakur gidariak ez dira hain beharrezkoak, teknologia ere gogor ari baita lanean, desgaitasunak dituzten pertsonei laguntzeko.

Hori hala dela egiaztatzeko, desgaitasunak dituzten pertsonen bizitza errazten duten teknologien zenbait adibide jarriko ditugu jarraian:

  • WeWalk

    Aipatutakoaren adibide da WeWalk deritzon bastoi adimentsua, eta teknologia zeharo demokratizatu bati esker funtzionatzen du, hots, telefono mugikorrei esker. Heldulekuan bozgorailua, mikrofonoa eta jakinarazpenak jasotzeko gailua ditu, baita erabiltzaileari bibrazioak helarazten dizkion sentsore haptiko bat ere. Bluetooth teknologia erabiltzen duenez, mugikorrarekin konektatu daiteke app baten bidez. Horri esker, posible da Google Maps edo laguntzaile birtualak erabiltzea, eta erabiltzaileak erraz jakin dezake auzoko jatetxe berria edo beste edozein leku non dagoen.

  • Lysa

    Adimen artifiziala teknologiaren mundua konkistatzen ari da. Txakurrekin hitz egitea jende askoren ametsa da, eta Lysa adimen artifiziala eta GPS-teknologia baliatzen dituen robota da. Lysaren helburua ikusmen-arazoak dituzten pertsonei laguntzea da, eta gizakiekin komunikatzeko gai ere bada. Gainera, ingurunea mapeatzen du, bidean egon daitezkeen oztopoak identifikatzen ditu haiekin talka egitea ekiditeko eta edozein lekutara joateko aukera ematen duen GPSa darama. Inoiz ezin izango du benetako txakur gidari batek ematen duen goxotasuna eskaini, baina, 10 aldiz merkeagoa ere bada (Lysak 3.000 euro balio ditu eta txakur gidari batek, ONCEren arabera, 30.000 euro).

  • Seeing AI

    Microsoften aplikazio honek adimen artifizialaren potentziala aprobetxatzen du. Inguruan duzun guztia zehaztasun handiz kontatzeko gaitasuna du, ikusteko arazoak dituzten pertsonek autonomia eta bizi-kalitate hobeak izan ditzaten. Pertsona baten aurpegia hautematen, billeteak detektatzen edo eskuz idatzitako zein pantailetako testuak irakurtzen lagun dezake tresna horrek, beste kontu askoren artean. Ingurunea esploratzeko errealitate areagotuko esperientzia da.

  • Tefi

    CSICen parte den Teknologia Fisikoen eta Informazioaren Institutuan (ITEFI) sortutako txakur robota da Tefi. Asmakizunak desgaitasuna duten pertsonei laguntzen die deep learningean oinarritutako adimen artifizialeko algoritmoen bidez. Institutuak desgaitasunak dituzten pertsona askok duten arazo bat konpondu nahi izan zuen, hau da, txakur gidari bat eskuratzeko kostua eta itxaronaldia. Adimen artifizialari, ikaskuntza-sistema automatikoari eta kamerari esker, Tefi gai da objektuak edo semaforoaren koloreak bereizteko eta dementzia, alzheimerra eta ikusmen-desgaitasuna duten pertsonak gidatzeko. Gainera, Google bilatzailera konektatuta dagoenez, trafikoaren berri ematen du eta ahots bidez komunikatu daiteke.

    Ezin dugu animalia batek eskain dezakeen maitasuna makina batenarekin alderatu, eta teknologiak baditu oztopoak ildo horretan. Dena den, oztopo horiek gehiago izaten dira asmatuak errealak baino. Izan ere, artikulu honetan ikusi dugun bezala, adimen artifizialaren, domotikaren, robotikaren, kameraren edo GPSaren erabilera hutsak askeago eta autonomoago egiten ditu desgaitasunen bat duten pertsonak. Horri esker, pertsonok bizi-kalitatea hobea izan dezakete.

Etiketak

  • #tech
  • #cultura
  • #emprendimiento
  • #innovación
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #tecnología
  • #futuro
  • #discapacidad

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko