Ospa dezagun kaosa!

#Doing

2023.02.20

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Higi Vandis

Kaosaren teoriaren arabera, lerro hauek irakurtzen zaude hemen eta orain zure bizitzan jaso diren gertaera guztien ondorioz. Gaur, adibidez, ohean 5 minutu gehiago nagikerian egon bazina, lan hori aukeratu izan ez bazenu, egun horretan kamiseta hori jantzi izan ez bazenu, momentu zehatz horretan “ez” esan bazenu…

Denak, den-denak eraman zaitu aldiune eta toki honetara. Aldaketa txiki batek gertaera horien segidan beste momentu batera eraman izango zintuzkeen. Baina ez, hemen zaude; beraz, ospa dezagun. Jesar zaitez.

OGI APURREN ARRASTOA

Kaosaren teoriaren zientziaren adarrak sistema konplexuak eta linealak ez diren sistema dinamikoak ikertzen ditu, zeinetan aldaketa txikiek hasierako egoeran ezberdintasun handiak sortu ditzaketen etorkizuneko portaeran.

Lehen begiratuan definizioa dirudiena, berez bizitza bera da. Izan ere, “Dos vidas en un instante-ren” (bai, Hollywoodek beti dauka aukeratzen duzun edozein gairako film bat) argumentua da. Film horretan, Gwyneth Paltrow arineketan heltzen da metroa hartzera eta, bat-batean, bere bizitza bitan banatzen da: bagoira sartzea lortzen duen emakumea eta kanpoan geratzen dena. Aldiune bat eta dena aldatzen da, era ezberdinean eboluzionatzen duten bi unibertso desberdin.

Erabaki guzti-guztiek, ez bakarrik gureek, historian zehar hartutakoek ere aldiune honetara ekarri gaituzte. Egia esan, aldaketa txiki batek, desbideratze txiki batek dena birplanteatuko zukeen. Agian, D eguna arrakastatsua izan ez balitz eta armada gorriak hain gogor borrokatu izan ez balu, Man in the high castle telesaila benetako mundua izango litzateke, eta ez distopia bat.

Fenomeno hau zientzian ere ikus dezakegu. Karl Popperren, postulatuen arabera, eta hemen oso Popperistak (bai, hitza asmatu egin dugu) gara, ezagutza zientifikoa etengabekoa eta metagarria da. Zutitu ginenetik eta gure eskuak gauzak egiteko libratu genituenetik dena aldatu zen. Hortxe hasi zen Erpurutxorena bezalako ogi apurren arrastoa. Historian zehar batu dugun haril erraldoi baten haria. Une bakoitzean, segundo bakoitzean, haritik behar adina tiratu dugu. Ez gehiago, ez gutxiago. Horrek ondorengo unera ekarri gaitu, aldiune zehatzean eta norabide aproposean.

EGITEKO JAKITEA EDO NOLA EGITEKO JAKITEA

Inor ez da goizean esnatzen honakoa esaten: “egin dezagun partikula-azeleragailu bat Frantzia eta Suitzaren arteko mugan”. Ez, ez du horrela funtzionatzen. Ikerketa proiektu handi horiek ehunka urteko (milaka agian) garapen zientifikoaren emaitza dira. Icebergaren tontorra bakarrik ikusiko bagenu bezala da, baina azpian eusten duen izotz masa erraldoia dago.

Esan genezake milaka urteetan zehar teknikaren aroan bizi izan garela, zientzia berrien arora heldu arte. Ezagutza belaunaldiz belaunaldi transmititzen zen, errepikapenaren eta egiteko jakitearen bitartez, sua menderatzea lortu zuen haitzulotarretik, harri bat hobeto garraiatzeko azpian enbor bat jartzea erabaki zuen pertsonaraino.

Norbaitek pentsa dezake bazegoela zientzia Egiptoko piramideetan edo Maien ilargi egutegietan, eta zientzia oso aurreratua, gainera. Eta arrazoia dauka, baina ez zegoen norabide zehatz bat lortzeko egituraturik ez sistematizaturik. Ezagutza metatua zen, kasurik onenean idatzizkoa, baina ez zegoen antolaturik.

Ezagutza sortzen eta existitzen zen, egiteko jakitea zegoen. Baina ez zegoen era bateratuan nola edo norantz bideratu gaitezkeen biltzen zuen metodologia zientifikorik, nola egiteko jakitea ez zegoen guztiz zehazturik.

Show me the money

La casa de papel telesaila ikusi dutenek gogoan izango dute lapurrek Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalean egindako lapurreta. Talde antolatu batek, askotariko pertsonekin, trebetasun osagarri eta ezberdinekin, diru-papera inprimatzeko bere helburua lortzen du.

Eta zergatik dauka La casa de papelek honekin zerikusirik? Big Sciencearen jatorriak, proiektuei aurre egiteko era komun horrek, gidoiaren antz handia daukalako. Askotariko jendea, antolatua, non diru-papera funtsezkoa den.

Big Sciencearen historia Alemanian hasten delako, diru-papera fabrikatzeko behar zituzten tindagaiekin. Laburbilduz, 1870an Erresuma Batua lasterketa industrialaren Usain Bolta zen, sektore kimikoan ere bai. Denetarik zeukan, fabrikak, burdinbideak, ezagutza… Dena bere alde nagusi izateko, edo horrela zirudien.

Alemanian hasi berria zen industrializazioa, baina urte batzuen buruan gain-azpi egin zuen partiduan “futbolean 11 11ren aurka jokatu eta beti Alemaniak irabazten du” deritzon hori. Erresuma Batuarekin alderatuz teknologikoki atzeratuak zeudela zekiten; beraz, gaur egun oraindik alemaniarrak bereizten dituen zerbait egin zuten: eraginkorrak izatea. Industriaren produktibitatea hobetu zuten eta ikerketa aplikatua biziki sustatu zuten euren prestakuntza sarean. Ahalmena ikusi zuten korporazio handi, enpresaburu, sektore kimiko eta inbertitzaile alemaniarrek, eta helburu bat lortzeko koordinatu ziren.

Azken finean, funtsezkoak izan ziren Alemaniarentzat ezagutza partekatua eta agente sozialen parte-hartzea prozesu zientifikoan. Lehenengo aldiz eman zen zientzia handian ohikoa den arrakasta kasua.

AZELERAGAILUA ZAPALDUZ

Bigarren Mundu Gerrak betirako aldatu zuen zientzia. Ez bakarrik milioika hildakoak direla eta, baita horrexegatik ere. Baizik eta orduraino bizi ez izandako jauzi teknologikoa eman zelako. Begi-bistakoa da elkar suntsitzeko bizkor ibiltzen garela, bai silexezko aizkorarekin zein Kalashnikovarekin.

Lehergailu atomikoa garatzeko Manhattan proiektua lehenengo mega-proiektu zientifikoa izan zen, eta Big Sciencearen adibide argia. Jende asko gauza asko egiten, jende asko norabide berean arraun egiten eta ideia komun batean elkarlanean. Erronka handiei aurre egitea ahalbidetu zigun zerbait, maila izugarrian, eta dena bizkortu zuena.

1962an jada John F. Kennedyk esan zuen: “Hamarkada honetan ilargira joatea erabaki dugu, ez erraza delako, baizik eta zaila delako”. Baina John jatorra, ez zen tentela, bazekien zientziaren heldutasunari esker lehen ezinezkoa zirudien helburu hori ziurrenik lortu zitekeen zerbait zela. Noski, arrakastaren zati handi baten oinarria izan zen, 14 urteetan zehar, 400.000 zientzialari baino gehiagok Apolo programan parte hartu zutela. Talentuen gehikuntza izan zen horrelako une gogoangarria ahalbidetu zuena. Kennedyk paradigma aldaketa ezagutzen zuen, eta bazekin bera gabe ez zatekeela posible ilargia zapaltzea.

Azkeneko hamarkadetan azeleragailua zapaldu dugu. Beheraino. Big Sciencearentzeko une garrantzitsua bizi dugula diote. CERNaren partikula azeleragailua bezalako proiektuek ezagutzarekin adiskidetzen gaituzte. Herrialde asko eta talentu handiak ezezagunaren bila.

Eta jendeak Higgs Bosoia “Eraztunen Jauna-ren” pertsonaia dela uste badu, eta bere garrantzia zein den zehazki deskribatzeko gai ez bagara ere, aurkikuntza hau guztion arteko elkarlanaren emaitza dela jakiteak pozten gaitu. Zeharka, gu ere hor gaudelako, ordezkatzen gaituzten erakundeen bitartez eta zatien batura zerbait askoz handiagoa dela dakitelako elkarlanean aritzen diren herrialdeen bitartez.

BIZKAIA, BIG SCIENCEAREN B-AREKIN

Hemen gaude. Hemen eta orain. Kaosaren ondorio den momentu bat. Ospatzeko momentu bat. Ezagutza metatuzko maleta handi batekin heltzen gara eta gero eta pisutsuagoa da, nahiz eta hemen ez diguten gehiegizko ekipajerik kobratzen. Kontrara, maleta pisutsu bati esker oso urrun heldu gaitezke. Baina, edozein aireportuan gertatzen den bezala, ezagutza guzti hau erakunde akademikoen eskanerretik pasatu beharra dago, iragazita eta araztuta heldu dadin helmugara: gizartea.

Ikerketa zientifikoa herritarrengatik eta herritarrentzat sortzen delako. Helburua erabaki hobeak hartzeko kritikoagoak eta arduratsuagoak egingo gaituen kultura zientifiko-teknologikoa sortzeko gai izatea da. Eta erakundeen eginkizuna da kultura hau helaraztea gizarte otzana izan ez gaitezen.

Eta horretarako, proiektu handiak ulertzeko era bakarra dago, elkarlanean aritzea. Zentsu honetan, Bizkaiko Foru Aldundian argi daukagu. Ez dago zientzia, arrakasta, ez emaitza handirik ezagutza partekaturik gabe. Horregatik egungo Big Science proiektu bizigarrienetariko baten parte gara, Quantum Flagshipa. Teknologia kuantikoan lider izateko EBaren proiektua da, eta Bizkaia bere nodoetariko bat da. Ekarpenerako eta talentua biltzeko tokia, helburu handi eta komun batekin.

Dominarik eta egorik gabe, baina ausardi ikaragarriarekin. Argi daukagu ondo osatutako taldea garela, antolaketa egitura batekin eta norabide berean arraun egiten duten lagun askorekin partekaturiko lidergoarekin. Horrela baino ez ditugulako erronka eta xede handiak erdietsiko, zientzia eta ikerketa talentu antolatuaren metaketa bezala ulertzen. Ospa dezagun honaino heldu izana. Ospa dezagun kaosa.

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko