Ordenagailu kuantikoak gure etxeetan?

#Pure tech

2024.09.11 Irakurketa denbora: 6 minuto

Juan de la Herrán y Crespo

Ilustrazioa: Alex Orbe

Nahiz eta oraindik hauen erabilpenetik oso urrun gauden, gailu horiek konputazio kuantikoa demokratizatzeko aurrerapauso handia dira.

Informatika pertsonala etxeetan sartzea gutxinaka lortu zen prozesua izan zen, hainbat hamarkadatan zehar zabaldu zena, mugarri garrantzitsuz eta aurrerapen teknologikoz markatua. Agian, 1982ko Spectrum deitutako 8 biteko ordenagailu famatu britainiarra gogoratuko duzu edo izan zenuen (garai hartan ordenagailu pertsonala ez zen erosten, eduki edo lortu egiten zen), eta etxeko informatikarekiko zaletasuna bultzatzen hasi zen. 1983an MSX merkaturatu zen, Microsoft-ek eta zenbait enpresa japoniarrek garatutako ordenagailu-estandarra, potentzia eta aldakortasun handiagoa zituelako ezaguna egin zena, nahiz eta, gehienbat, bideo-jokoak garatzeko erabili ziren. Lehen IBM PCa 1981eko abuztuaren 12an aurkeztu zen. Ordenagailu pertsonal horrek goitik behera aldatu zuen merkatua, arkitektura irekiaren eta zabaltzeko gaitasunaren eraginez. Hasieran garestia bazen ere, etorkizunean PCak jendarteratzeko oinarriak ezarri zituen, eta hori, gaur egungo informatikatzat har dezakegu. Salmenta-arrakasta beste fabrikatzaile batzuek BIOSen alderantzizko ingeniaritza egin zutenean eta beren bertsioak IBMri (PC bateragarriak) erabilera-eskubideak ordaindu gabe egin zituztenean iritsi zen. Halt and Catch Fire (2017) telesailak bilakaera hori erakusten du, eta gertaera horiek nola garatu ziren ez dakiten belaunaldiei ideia bat eman diezaie.

INFINITUA BAINO ASKOZ HARAGO…

Momentu horretan, kalkulu-potentzia demokratizatu egin zen, eta, horrek, aurretik soilik enpresa handiek eta unibertsitateek zituzten aukerak pertsona guztiei zabaltzea ekarri zuen. Inork ez zuen pentsatzen etxean ordenagailu bat izatera helduko zenik, eta, gaur egun, mundu guztiak darama horrelako bat poltsikoan eta deiak egiteko ere balio du. Arlo honen inguruko azken iraultza smartphoneak izango zirela pentsatzen genuenean, aurrerapen teknologikoek erakutsi digute beti espero beharko genukeela beste berrikuntza bat. Badirudi gure bizitzetan agertu den azken jauzi teknologiko hori adimen artifiziala (AA) izan dela. 1985ean, unibertsitatean, LISP deitutako programazio-lengoaiarekin lehenengo AA motoreak garatzen aritu ginen jada, baina egia da, badirudiela orain egin dela ezagun jendearen artean. Hau, ordea, oraina da, eta niri etorkizunari buruz hitz egitea gustatuko litzaidake. Nire ustez, iraultza teknologiko berria ordenagailu kuantikoek ekarriko dute.

Ordenagailu kuantiko horiek konputazioaren paradigma berria irudikatzen dute, ordenagailu klasikoentzat ezinezkoak diren problemak ebazteko ahalmen izugarriarekin. Nahiz eta oraindik garapenaren hasieretako faseetan dauden, orain arte lortutako aurrerapenak oso esperantzagarriak dira eta teknologia horren aldeko etorkizun ezin hobea iragartzen dute. Lehenik eta behin, oso garrantzitsua da konputazio kuantikoa eta ordenagailu kuantikoak bereiztea, oso lotuta dauden baina oso desberdinak diren terminoak baitira. Lehen kontzeptuak ordenagailu kuantikoen funtzionamenduaren oinarri diren teoria eta printzipioei buruz hitz egiten du. Bigarrenak konputazio kuantikoa inplementatzen duten gailu fisikoak dira. Bi termino horiek askotan era berean erabiltzen diren arren, garrantzitsua da desberdintasunak jakitea. Ordenagailu kuantikoa kalkuluak burutzeko mekanika kuantikoaren printzipioak erabiltzen dituen gailu bat da. Ordenagailu klasikoek bezala bit-ak (0 edo 1) erabili beharrean, ordenagailu kuantikoek qubitak erabiltzen dituzte. Hauek 0, 1 edo biak batera izan daitezke gainezarpen kuantikoari esker. Honek, korapilatze kuantikoarekin batuta, ordenagailu klasikoentzat ezinezkoak diren problemak ebaztea ahalbidetzen die. Nahiz eta gaur egun ordenagailu horiek unibertsitate eta enpresa handien eskuetan dauden, etorkizunean aldatu egingo da.

QUBITAK DAUZKAT ETXEAN?

Informatika pertsonalak gure bizitzeko, lan egiteko eta komunikatzeko moduak goitik behera aldatu zituen. Lehen etxeko ordenagailuetatik hasi eta gaur egungo smartphone eta gailu adimendunetaraino, informatika pertsonalaren bilakaera bidaia zirraragarria izan da, eta egungo gizartea moldatu du. Ordenagailu kuantiko pertsonalen teknologiak aurrerapen handiak egin ditu lehen ordenagailu komertzialak heldu direnean. Gemini Mini eta Triangulum, SpinQ Technology enpresa txinatarrak sortutako konputazio kuantiko pertsonalaren bi adibide dira. Bi eta hiru qubit (hurrenez hurren) dituzte, eta 8.000 €-tik 56.000 €-ra bitarteko prezioak dituzte. Momentu honetan hezkuntzara, ikerkuntzara eta garapenera bideratuta daude gehienbat eta beraien kalkulatzeko ahalmena oso mugatua da beste ordenagailu kuantikoekin konparatuz gero.

Konputazio kuantiko pertsonalen etorkizuna iragartzea oso zaila da. Hala ere, paralelotasun handia dago PCen iraultzarekin, eta horrek aldaketa baten etorrera iragartzen du. Lehenengo PCak oso garestiak ziren, baina denborarekin askoz ere eskuragarriagoak eta erabilerrazagoak bihurtu ziren. Gauza bera gerta daiteke ordenagailu kuantikoekin, hasieran nitxoa izanik eta gero merkatu orokorrera zabalduz. PCak produktibitatea, entretenimendua eta hezkuntzari dagokienean aukera berri pila bat ekarri zituen, eta ordenagailu kuantikoek gauza bera egiteko potentziala dute medikuntzan, kimikan, adimen artifizialean eta segurtasun informatikoari dagokienean. Laburbilduz, PCa lan egiteko, ikasteko eta komunikatzeko modua aldatzeko gai izan bazen, konputazio kuantikoak are eragin handiagoa izan lezake, industria osoak irauliz eta enplegu-aukera berriak sortuz.

Gaur egungo oztopoak gainditzea oso garrantzitsua da teknologia hori gure etxe eta bulegoetara heltzeko eta, modu horretan, informatikaren aro berriari hasiera emateko. Momentu honetan, ordenagailu kuantikoak oso garestiak dira eta gastuen murrizketa handi bat beharko genuke publiko orokorrarengana heldu ahal izateko. Tresnek eta programatzeko lengoaiek ere eskuragarriagoak eta erabilterrazagoak izan beharko lukete beraien erabilera errazteko. Qubitak, ordenagailu kuantikoen informazio unitateak, oso sentikorrak dira ingurumen-interferentzietara, eta, horren ondorioz, hozte eta isolatze teknologiak ere aurrerapenak izan behar dituzte egonkortasuna lortzera heldu nahi badugu. Arlo horretako prestakuntza ere oraindik hastapenetan dago, eta ez dago garatzailerik, programatzailerik edo enpresarik sistema mota hauentzako aplikazioak sortzeko helburua duenik. Lotus 1-2-3 izan zen lehen “killer application” edo aplikazio-izarra PCarentzat. Kalkulu-orri bat zen, baina korporazio eta bulegoetan ordenagailuak sartzeko lehen pausoa izan zen. Gauza bera behar dugu ordenagailu kuantiko pertsonalentzat, bulegoetan eta etxeetan erabilera duen aplikazioren bat. Horretarako, ideiak eta horiek gauzatuko dituzten enpresak beharrezkoak dira. Baina enpresa horiek programatzen duten pertsonak behar dituzte, eta pertsona horiek konputazio kuantikoan trebatu eta ikasi beharra dute. Momentu honetan, ordea, ez da erraza horrelako ordenagailuak eskura izatea, enpresa bakar batek ere ez baitu horrelako inbertsiorik egiten. Bizitzea egokitu zaigun mundu hau interesgarria da, konputazio kuantikoaren munduan murgiltzen bazara.

Etiketak

  • #ciencia
  • #computación
  • #democratización

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko