Makinak gobernatuko gaitu?

#Soul tech

2025.06.12 Irakurketa denbora: 8 minuto

Ekai Txapartegi

Ilustrazioa: Pablo Gallo

Unibertsitateko zelaietan bandera-gorridun makilak agertu dira. Erresistentzia dira, bizitza makinaren aurka erresistitzen. Galdutako beste borroka bat, hotzean pentsatuta. Bi jubilatu molestatzen, bulegotik ikusten bada. Garaiaren argazkia, filosofiatik hausnartuta.

Klaseko leihotik unibertsitateko zelaiak ikusten dira. Belarra-mozteko makina pasatzen denean, urtean lauzpabost aldiz, parrapapapapa zaratatsuan, hor goitik ikusten ez dugun eraso bat gauzatzen da zelaian. Makinak erle-lorearen hosto-erroseta xamurrak ebakitzen ditu.

Urtetako eraso oharkabeen ostean, erle-loreek ezkutu bitxia garatu dute: bi jubilatu. Biak dira ekologistak eta makila luzeekin markatzen dituzte erle-loreak (ophrys apifera), moztu ez ditzaten.

Erle-loreak basa-orkideak dira, inguruko floraren aztarna arraro bat, oraintxe loratzen dena, apiriletik uztailera bitartean. Hazten uzten bazaio, erlez mozorrotzen da, erleak erakarri eta polinizatzeko. Lorearen eta polinizatzailearen arteko harremana sofistikatua da, biologiaren ikuspuntutik interes handikoa. Lorea eta erlea, natura natura engainatzen, natura natura lanean jartzen. Milioika urtetako jakituria hori unibertsitateko zelaietan sustraituta dago, baina azpikontratatutako lorezaintza-enpresak erle-loreak moztu eta gaztigatzen ditu. Lorezainek ez dute ezer berezirik erle-loreen aurka, jakina. Zelaiak txukun mantendu behar dituztenez, eta aurrekontuak baxuak direnez, merkeena eta azkarrena dena egiten dute, gizarteak agindu bezala.

Bi jubilatuek makila luzeak iltzatzen dituzte zelaian. Ikusteko moduan ipinita daude, zinta gorriz markatuta, baina inguruan galdetu dut eta inork gutxik ikusi ditu oraindik, ez dugulako ikusten, ulertzen ez duguna. Unibertsitariek oraindik ez dakite lore-makilak belar-makinari oztopo egiteko daudela jarrita. Batzuk ‘borroka’ deitzen diote. Niri poesia iruditzen zait gehiago, makinetatik babesteko loreak makilekin seinalatzeak duen indar metaforiko eta ebokatzaileagatik.

GORPUTZAK ENGRANAJEETAN

Honekin lotuta, Kaliforniako Berkeley unibertsitatean izandako esperientzietatik bereziki bat gogoratzen dut, mingarria egin zitzaidan bat: “makinaren aurkako” kafetegi ikonikoak norabidea galdu izana. Mario Savio ikasle-aktibistak zera oihukatu zuen 1964ko abenduren 2ko hitzaldi gogoangarrian, unibertsitateko ikaslez inguratuta, kafetegi pareko zelaian:

“Makinaren funtzionamendua hain gorrotagarria bihurtzen da une batean, horrenbesteko bihotzerrea ematen dizu, non ezin baituzu gehiago parte hartu! Ezin duzu pasiboki ere parte hartu! Eta gorputza jarri behar duzu makinaren engranajeetan, gurpiletan, palanketan, aparatu guztian, makina geratzea lortzen duzun arte!”

60 urte ondoren, hantxe bertan, kafe-makinako kafea zerbitzatu zidan plastikozko edalontzietan gaizki ordaindutako ikasle-langile ez-kontziente batek. Amorrarazi ninduen. Ezin dira hitz sakratu horiek errespetu gutxiagorekin tratatu. Nola utzi zaio kafe-makinari leku sakratu hori irabazten? Makinaren aurkako mugimendua zapaltzeko modu eraginkorragorik ez zait bururatzen, kafe-makinaren zerbitzura jartzea baino.

Unibertsitateko zelai hartan, Saviok bere burua makinapeko erle-lore gisa irudikatu zuen. Forma ludita eman zion bere hitzaldiari: gizakiak gara, makinaren aurka gaude! Baina, ondo ulertuta, bere kritika ez zihoan ‘teknologiaren’ aurka, kapitalismo autoritarioaren aurka baizik. ‘Makina’ deitzen zion, metaforikoki, kapitalismo autoritarioari. 60. hamarkadako ikasle haiek autokraziaren aurka mobilizatu ziren, unibertsitatea enpresa bihurtzearen aurka, burokratizazioaren, merkantilizazioaren eta eskubide-urraketen aurka. Makina zera zen, dena determinatzen duen logika autoritarioa.

60 urte pasa dira eta belarra mozten jarraitzen du makinak, merke eta azkar, gure zelaiak txukun uzteko. 60 urte pasa dira eta, bitarte horretan, lan guztiak gero eta merkeago eta gero eta azkarrago egin beharrak determinatuta, kapitalismo autoritarioa neoliberalismo teknologikoa bihurtu da.

ERREPUBLIKA TEKNOLOGIKOA

Alex Karp, Palantir enpresa teknologikoaren nagusiak, neoliberalismo teknologikoaren ikurrak, tekno-determinismoan sinesten du: Teknologiak bere bidea jarraitzen du eta atzetik daramatza herriak arrastaka. Moto moduko bat erabiltzen dute: ez du teknologiak hiltzen, teknologiara ez egokitzeak hiltzen du. Teknokrata berriak dira, teknobroak, ia denak gizonak, billoidunak, XX. mendeko teknokratak baino erradikalagoak: “(teknologiara) adaptatu edo hil”.

Gaitasun teknologikoak handitzeak teknokrazia ulertzeko modua transformatu du. Weber edo Habermasek kritikatu zuten XIX eta XX mendetako teknokrazia hura, ia inozoa iruditzen zaigu orain. Erabaki politikoak erabaki ‘tekniko’ bihurtzea, estatu-administrazioak hartzea erabaki inportante guztiak, aukera politiko benetakorik utzi gabe hiritarren esku. Erabakiak ‘emanak’ datozenez, politika ikuskizun izatea eta demokrazia mekanismo zilegitzaile soila. Lasaigarri egingo litzaiguke, gaur egun, teknokrazia mota burokratiko hori.

Demokrazia liberalen teknokratizatze ‘klasiko’ horren ondotik iritsi dira teknokrata erradikal hauek. Beldurgarriagoak dira, errebantxa gosea sumatzen zaie. Ideologikoki libertarioak dira, “soluzionismoa” eta hard power-a besarkatzen dituzte, arazo korapilatsuenak ere teknologiak (indarrak) konponduko dituelakoan daude. Etxe Zuriko ate guztien giltzak eskuratu dituztenean, berehala hasi dira gobernu agentzietatik jendea kentzen eta softwarea gehitzen. Elon Musk, esaterako, Gobernu Efizientzia Sailetik (DOGE delakoa). Gobernu-enpresa paradigma teknokratiko klasikotik, gobernu-makinara pasa dira, non gobernuen erabaki guztiak adimen artifizialak indartuta eta software aurreratuenek erraztuta automatizatzen diren. Makinek erabakiko dute alorrez alor zer egin, gu baino gehiago dakitelako, guk baino hobeto pentsatzen dutelako. Eraginkorrena hori delako.

Muturreko teknokrazia mota hori ulertzeko, argigarria da Alex Karpen “Errepublika Teknologikoa” liburua. Karpek Silicon Valley salatzen du, bere bizitokia, gailu eta aplikazio banalak garatzeko erabili dutelako, Zinga jolasak edo Groupon kupoi digitalak, esaterako, ahulduaz mendebaldeko Estatuak eta jendarteak. Enpatiak mendebaldea ahuldu duela ere esaten dute, eskertzen diegun zintzotasunez. Joera ahultzaile horri aurre egiteko deia egiten du, bere teknologia hard power-arekin lotuz. “Gure teknologia herrialdeak babesteko eta jendea hiltzeko da” bota zuen duela gutxi elkarrizketa batean. Eurek diseinatutako makinaria erraldoiak gizartea gobernatzearekin amesten dute, efizientzia maximoren izenean, Txinako makinariarekin konpetitu ahal izateko eta mendebaldearen gailentasunari eusteko bide bakar gisa.

GORPUTZAK ENGRANAJEETAN EDO ENGRANAJEAK GORPUTZEAN

Mario Savio edo Alex Karp? Gorputzak makinaren engranajera botatzea ez da aukera errealista. Ez zen Savioren garaian, baina gutxiago da orain, makinaren engranajeak gure gorputzetan integratuta daramatzagunean. Aldiz, agentzia politikoa makinari ematea, Karpek proposatzen duen bezala, suizidio demokratikoa da. Karpek gobernua teknologizatu nahi du, AI-powered automation for every decision, bide batez, Estatuek Palantir enpresaren softwarea erosi behar izateko, diru-publikotik bizi diren enpresak direlako. AEBetako Defentsa Ministerioaren kontratu gozoenak eskuratu nahi dituzte, munduaren gailurrean jarraitzeko. Tekno-oligarkak dira, demokrazia ez zaie interesatzen. Errepublika teknologikoa bultzatzen ari dira, ez errepublika demokratikoa.

Teknologiaren kontra edo alde? Auzia moralki aurre-juzgatzea inozoa da, auziaren dimentsio politikoak eta ekonomikoak kontuan ez hartzea bezainbeste. Galderak aldatzea da gakoa: zer nahi dugu guk? Zein dira gure interesak?

GIZAKIAK EZ DU ORAINDIK ASMATU ERLE-LOREA BAINO TEKNOLOGIA AURRERATUAGORIK

Karpen errepublika teknologikoan ez dago euskaldunik, efizientzia maximoren ideologiatik ezin delako justifikatu Euskal Herria proiektua edo euskara biziberritu nahia. Helburu horiek guk bakarrik jarri genitzake. Eta bitarteko teknologikoen mailan ere, ez da gauza bera teknologia bat edo bestea erabili. Teknologia-aukerek ondorio politiko eta ekonomiko itzelak dituztenez, kontzientzia hartu behar dugu teknologia-aukera horietan jokatzen dugula gure herriaren etorkizuna, askatasuna, demokrazia eta ongizatea.

Belarra mozteko makinak laster ez du lorezainik beharko belarra mozteko. Hori ona izango da erle-lore garenontzat? Big datak erabakiko du gure partez ea erle-loreak babesteak ahalegina merezi duen? Baina, zer erabakiko du? Egiten ditugun teknologia-aukeren araberakoa izango da. Eta, bestela, guk ere gure bi jubilatuen bila hasi beharko dugu.

Etiketak

  • #cultura
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #educación

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko