Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!

#Tech bay

2026.02.04 Irakurketa denbora: 8 minuto

Galder Segurola Fernández

Ilustrazioa: Mikel Aginagalde (Aginowsky)

Hala zion Jon Maiak idatzitako Gora Herria abestiaren letrak eta hori da finean Kantari App-aren atzean dagoen filosofia.

Euskal gizarteak, ahoz-aho transmititu du bere ondarea: bertsolaritza edo euskal kantagintza oparoa dira horren lekuko. Euskal Herrian asko zor diogu komunitateari, izan ere, kultur ekimen ugariren iturburu izan da eta haiek luzaroan mantentzeko ezinbestekoa izan da.

Horietako batzuk dira kantagune, kantuz edo kantari delakoak. Euskal kantak kaleetan barrena, era herrikoi batean abesteko antolaturiko ekimenak dira, eta ohikoak dira hainbat herritan.

BAINA, NOLA SORTU ZEN KANTARI APP?

Bilboko Konpartsek jarri zuten martxan Bilbo Kantari ekimena. Hilabetean behin, eta bereziki Bilboko Aste Nagusian, era herrikoian, Bilboko Alde Zaharretik euskal kantu tradizionalak abesteko antolaturiko kalejira da. Horrela hurbildu nintzen lagunekin abestera, eta abestien letrak ezagutzeko eskaintzen zuten paperezko liburuxka erosi nuen. Ikusi genuen liburuxka horiek askotan galdu egiten zirela edo blai eginda amaitzen zutela eta bazegoela jendea behin kantaldia amaituta liburua gainean eraman nahi ez zuena. Gauzak hala, edozein momentuan eta pisurik gabe aldean eramateko alternatiba digitala behar genuela ikusi genuen; eta behar horri app formarekin erantzun genion 2012an. Android-erako Kantari App-aren lehen edizio atera genuen, zeinak bakarrik Bilbo Kantariko liburuxka zuen.

Eta proposamena guztiz digitala zenez, liburuxka bakoitzak, abesti guztien letra eta zegokien bideo-karaokea zeraman aldean. Horretarako, Gabi de la Maza euskal bideo-karaoke ugariren sortzailea izan genuen lagun eta hainbat bideo pasatu zizkigun.

BESTE HERRI BATZUK KOMUNITATERA GEHITU ZIREN

Beste herri batzuk segituan gehitu nahi izan ziren eta beraientzat beste app bat sortzea proposatu zuten, berria, haien herrietara egokituta. Hemen lehen erabaki irmoa hartu behar izan zen: Ez, Kantari App-ak bakarra izan behar zuen eta bertan herri guztietako liburuxkak batu. Kantuzaleen komunitatea zen garrantzitsuena, aplikazioaren inguruan batuta.

ZE BESTELAKO ALDAKETAK JOAN DIRA GERTATZEN

iOS-erako bertsioa atera genuen, eta baita web bertsioa ere. Bide honetan app-ak garatzeko teknologia desberdinak erabiltzen ibili gara, lau gutxienez. Batzuetan, Android-ek eta iOSek ez digute erraz jarri. Halako batean, adibidez, Androidetik kanporatu gintuzten eta bestelako bertsio bat sortu behar izan genuen ia bat-batean. Beste behin, bideoak desagertu egin ziren eta azkar mugitu behar izan genituen Android-era eta iOS-era haiek zuzentzeko. Beste batean ere, App Store-ra bertsio berri bat igotzerakoan, iOS-ek atzera bota zigun, abesti horien hedapen eskubideak genituela bermatu behar genuela argudiatuz… ondorioz, mezu bat prestatu behar izan genuen ingelesez, esanez, orohar euskal kanta tradizionalak zirela, gehienek 100 urte baino gehiago zituztela, anonimoak zirela, eta, gure legediaren arabera, horiek partekatzeko eskubidea genuela. Baita aurretik app-aren hainbat bertsiori baiezkoa eman zietela ere. Baiezkoa jaso genuen azkenean.

Pausoak eman hala, eta bertsio berri bat igotzen genuen bakoitzean, bagenekien erantzukizun handia genuela gure gain, une horretan bertan milaka pertsonek jasoko zutelako haien mugikorretan. Langa igo hala, lana zailtzen zihoan.

Urte hauetan zehar, noizean behin leporatu izan digute aplikazioa oso bizkaitarra izatea; izan ere, Bilbok, Plentziak, Urdaibaik, Sopelak, Sestaok, Bermeok, Etxebarrik, Igorrek eta Getxok badituzte beren liburuak aplikazioan sarturik; eta Athletic Club-ek ere badu bere abesti oparoentzako lekua. Baina nabarmendu behar da Arrasate, Zarautz eta aurki ere, Gasteiz, ageri direla Kantari App-ean.

Tokian tokiko zerrendez gain, Gabon Kantekin osaturiko liburuxka bat ere aurki daiteke.

AGENDA, KOMUNITATEAREN OINARRIA

Kantariren hedapena zabaltzen zihoan eta aspalditik betetzeke genuen erronka bati ekin genion: agenda bat sortzea. Harekin, kantuzaleek argi ikus zezaketen, besteak beste, noiz izango ziren hurrengo kantariak, zein zerrenda abestuko zen, abestien ordena, kalejirak non egingo zituen bere geldiuneak eta egun horretarako deialdiaren kartela.

Komunitatea sortzeko era zen, jendeak informazioa jaso zezan eta kantari egunetan dena eskura izan zezaten kantaria jarraitzeko. App-a mugikorrean ireki eta hasi abesten, geldilekuz geldileku. Baita abestuko ziren kantak aurretik praktikatzeko modua ere, letra eta bideoarekin.

INTRANET-A, DO IT YOURSELF

Une bat iritsi zen non erronka teknologikoak buruhauste handiak ematen zizkigun: app-aren bertsio desberdinen gora-beherak… baina edukiak kudeatzeak ere denbora asko eskatzen zigun. Herriren batean abesti berri bat bazegoen nik kudeatu behar nuen, baita bideoak ere, agenda, etab… Beraz, herri bakoitzak bere kantak, agenda eta liburuxka kudeatzeko tresna teknologikoa asmatu behar izan nuen: intranet-a.

Web orrialderako intranet bat sortu nuen, non herri bakoitzak bere erabiltzailearekin saioa hasita, bere edukiak kudeatu zitzakeen. Aukera asko zeuden: kanta berriak gehitu, hurrengo asteko kantariaren kartela igo, abestuko zen zerrenda elikatu, bideo berriak igo, etab… Urdaibai eta Zarauzko lagunak hartu nituen aitzindari. Ordurako nik frogatuta eta erabilia nuen, eta behin, formakuntza emanda, beren herriko edukiak zuzenean mugikorretara eramaten zituzten.

Hortik aurrera, jada herri bat Kantari App-era gehitzeko asmoz badator, intranet-aren eskuliburu-gida bat (bideo bat zehazki) bidaltzen diet, eta behin ikustean, galdetegi bat bidaltzen diet. Bere datu pertsonalak eskatu, herriko ekimenaren xehetasunak deskribatu eta funtzionamenduaren inguruko galdera batzuk ere egiten ditugu, horrela, ondo erabiliko dute Intraneta. Kontuan izan, egiten diren aldaketak, momentuan milaka sakelakotara doazela.

Tarteka, interesa erakutsi duten herriei kurtsoa presentzialki eman diegu.

KANTARI APP: KOMUNITATEA, KOMUNITATEAREN BARNEAN

Benetako komunitatea, kantuzaleen komunitatea da, baina aplikazioaren inguruan ere bestelako komunitatea sortu da. Gaur egun, Android-eko bertsioa 90.000 mugikor desberdinetan instalatu da eta ia 14.000 pertsonak, artikulu hau idazten dugun bitartean, beren poltsikoan daramate. Horrez gain, iOS eta web erabiltzaileak ere hor daude.

Euskaldunak garen bezalako komunitatea izanda, harro egoteko zenbakiak dira eta garena harrotasunez eramateko ere, gutxi izango gara, baina gurea balorean jartzeaz gain, babestu ere egiten dugu.

NIRE SEME-ALABA KUTTUNA

Batzuetan, erdi txantxetan, Kantari App nire seme-alaba kuttuna dela esaten dut. Informatika alorrean hainbat lan egin ditut, baina Kantari, niretzat, oso berezia da.

Gure kultura hedatzeko bide zoragarria da, izan ere, egunerokotasunean, pertsona askok abesten eta ikasten dituzte kantak aplikazio honi esker, baina, bereziki, gazte asko euskal kantu herrikoietara hurbiltzeko aukera ezin hobea da.

Batzuetan, Bilbo Kantari zein beste kantarietara hurbiltzen naiz eta barruan murgiltzen saiatzen naiz. Jendeari begiratzen diot eta aztertu egiten ditut. Erabilgarria da app-a? Ulertzen al da? Nola hobetu dezaket? Zenbat gaztek eta zenbat helduk darabilte? Zein da adinaren batez bestekoa? Opari ederra dut, aukera ederra hainbat alorretan nik ere ikasteko. Batzuetan, aplikazioa nola erabiltzen den azaldu dit jendeak, beste batzuetan, gehienetan, nik irakatsi diet nola erabiltzen den. Halaber, ikusten duzu nola pertsona batzuk beste batzuk animatzen dituzten app-a jaistera eta egun horretako kantaldiaren zerrendan “ea non gauden” azaltzen die elkarri. Zerbait propio moduan sentitzen dute, eta horrek zeharo hunkitzen nau.

Erabilgarritasuna ere izan dut arerio bezala, izan ere, batzuetan gauzak errazago egin behar dira eta erronka bat iruditzen zait, baina bagabiltza horretan ere.

Elkarlanak ere, finean, badu bere esparrua: pertsona helduek euskal kantak menperatzen dituzte, baina ez horrenbeste informatika, eta gazteen kasuan, alderantziz da. Arrakala digitala apurtzeko ere izan gaitezke lagungarriak. Elkar hezteko bidea dugu Kantari App, komunitate anitz hau indartzeko bidea.

BOLONDRESEK EGINDAKO LANA

Euskal Herrian, orokorrean, hainbat gauzek aurrera egin dute auzolanari esker. Horrelakoa da Kantari App. Datuak elikatu, aplikazioak garatu, hezitu, lagundu, logoak sortu, dena, bolondresek egindako lana da. Noizean behin, pare bat langile kontratatu behar izan ditugu, oso lan tekniko zehatzak, eta diru hori ere gure patrikatik atera da, inoiz ez baita diru-laguntzarik eskatu. Herriei ere ez zaie ezer eskatzen, baina badago herri bat, zeinak noizean behin diruz-laguntzen gaituen, ditugun azpiegiturak ordaintzeko.

Horrez gain, app-aren atzean, lizentzia batzuk, zerbitzari bat, informatika enpresa erraldoien hodei-zerbitzuak etab. daude.

Aurrera begira, hobetu nahi badugu, agian eskatzen ikasi beharko dugu, behar diren lanak zerrendatu, lehenetsi, bolondresak bilatu eta baita jendeari borondatezko diru pixka bat eskatu ere, nahiz eta aplikazioa doan mantendu.

EUSKAL KULTURA HEDATZEKO TEKNOLOGIA BAINO GEHIAGO DA KANTARI APP

Kantari App, komunitatearen lanaren emaitza da, zeina komunitateari itzultzen zaion. Teknologiaz haratago doan lan baten moduan ikusi beharko genuke, guztion ondarea batzen duen tresna, euskara plazara (ere) ateratzen duena eta izan ginena eta izango garenaren lekuko dena. Ustezko hizkuntza gutxitua handia egiten saiatzen den bestelako ekimen bat da, bere barnean Xalbadorren Heriotzean, Sarri-sarri eta bestelako altxorrak gordetzen dituen kutxa. Zure esku dago orain app-a sakelakoan instalatu eta kutxa hori zabaltzea.

Etiketak

  • #cultura
  • #innovación
  • #colaboración
  • #computación
  • #tecnología
  • #educación

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko