Internet ez dira txinpartatxoak airean

#Pure tech

2024.02.21 Irakurketa denbora: 7 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Kike Infame

Astelehen goiz arrunt bat da. Ez dakizu zergatik, baina alarmak ez du jo. “Mugikorra itzali al zait? Zer ordu da?”. Non zauden ere jakin gabe jaikitzen zara, eta, begiak zabaltzean konturatzen zara ez dakizula, benetan, non zauden. Denboran zehar bidaiatu duzu, batek jakin zergatik. Erdi Aroan zaude, giroan arnas daiteke.

Ez dakizu non dagoen zure familia, goizean-goizeko marmeladazko ogi txigortuak faltan botatzen dituzu, ezin duzu zure kuadrillarekin kaña bat hartzera irten eta ez daukazu Internetera sarbiderik. Internet… bai, hori izan daiteke zure irtenbidea. Hortik ateratzeko zure ezagunen batekin kontaktatu ahalko bazenu… Baina, noski, nola sor dezakezu “Internet bat”? Hobeto esanda, ez dakizu zer den, ezta nola funtzionatzen duen ere… Orain arte, Internet beti zure alboan egon den zerbait izan da, egunero etengabe erabili duzun zerbait. Baina noski, egin behar zenuen gauza bakarra zure konfiantzazko enpresara jo eta routerra etxera eramatea zen, eta batzuetan, hori ere beraiek ekartzen zizuten etxera…

Ez zara Internetek nola funtzionatzen duen ez dakien bakarra, ia mundu guztia dago lehengoan. Badirudi magia dela, zure ordenagailuari “Artxila Mortxila” esatea besterik ez dela behar etxetik lan egin ahal izateko. Airean dauden txinpartatxoak izango balira bezala imajinatzen dugu, gure mugikorrean musika entzuteko, Instagramera argazkiak igotzeko edo eguneroko albisteak irakurtzeko balio duten txinpartatxoak, alegia. Eta mago batek bere trukoak inoiz ezagutarazten ez baditu ere, gaur hala egingo dugu, Internet, magia izan ezik, denetarikoa baita.

BIDAIA DEZAGUN BERRIRO DENBORAN ZEHAR…

ARPANETek (1969), AEBtako Defentsa Departamentuak finantzatutako komunikazio-sareak, ez zuen magia askorik, baina hala ere, gizakiaren historiako komunikazio-sare handienaren, hau da, gure Internet maitearen aitzindaria izatea lortu zuen. Ordenagailu desberdinak kontaktatzen zituen sare honek, telefono bidezko komunikazioarengandik (garai horretako komunikazio-mota erabiliena) desberdintzea lortu zuen pakete-kommutazioa izeneko datuak transmititzeko sistemaren bidez.

Sistema honek informazioa pakete txikietan banatzea lortzen zuen. Pakete horietako bakoitzak, bidali beharreko informazioaren zati txiki bat edukitzeaz gain, informazio horren jatorria eta helmuga ere bazeramatzan berarekin. Azken bi informazio hauek erabiliz, routerrek bazekiten datuak nora bidali behar zituzten. Bidaltzerako orduan, linea telefonikoen eta datuen transmisioan espezializatutako lineen kableak erabiltzen zituzten. Informazioa helmugara heltzean, dagoeneko helmugako ordenagailuan, datuak berriz bildu eta berreskuratu egiten ziren.

Nahiz eta garai hartatik denbora asko pasatu den eta teknologiak imajina daitezkeen alderdi guztietan izugarrizko hazkundea izan duen, gaur egun ezagutzen dugun eta hainbeste maite dugun Internetek orain dela 54 urteko oinarri berak izaten jarraitzen ditu. Izan ere, funtsean, Internet kable bitartez lotuta eta etengabe informazioa trukatzen dabiltzan hainbat ordenagailuz osatutako euskarri ukiezin bat da. Ez da webgune bat, ezta aplikazio bat edo hodei bat ere, eta are gutxiago magia egiten dakien izugarrizko superordenagailu bat.

SARE MODERNOTXOAGO BAT

Informazioa puntu batetik bestera bidaltzeko oinarriak bere horretan dirau, baina aldaketa asko daude. Aldaketa horietako bat TCP/IP protokolo guztien inplementazioa da (sigla asko, ulertzen dugu). Has gaitezen testuinguru honetan protokolo bat zer den azaltzen: komunikazio-estandar bat da, gailuak elkarrekin nola komunikatu behar diren definitzen duen arau-multzoa. Besteak beste, mezuen formatua, informazioa trukatzeko sekuentzia eta komunikazioa hasi eta amaitzeko prozedurak ezartzen ditu.

Behin hori argi izanda, Transmisio Kontroleko Protokoloarekin has gaitezke, TCP protokoloa bezala ezagutua. Gaur egungo Interneten oinarrietako bat da, eta Vinton Cerf eta Robert Kahnek (Interneten gurasotzat jotzen dira) sortu zuten 1973 eta 1974 bitartean. Horren helburua sinplea da: lehen esan bezala, kableetan zehar transmititzen den informazioak pakete txikien bidez bidaiatzen du, eta TCP protokoloak informazio-poltsatxo horiek sortu eta helmugara iristen direnean ordenatzen ditu.

Aipatutako bi protagonistek IP protokoloa (Internet Protokoloa) ere sortu zuten, eta horrek informazioa helmuga egokira iristea bermatzen du. IP helbidearen bidez lortzen du bere lana aurrera eramatea, eta, zer da IP helbidea, bada? Internetera sarbidea duen gailu bakoitza identifikatzen duen zenbaki-multzoa (batzuetan, letra-multzoa) da. Gailu bakoitzak bere matrikula izango balu bezala da (eta kontuz, “isunak” jasotzeko arriskua ere hor baitago). IP helbideen bi bertsio nagusi daude: IPv4 (4. bertsioko Internet Protokoloa) eta IPv6 (6. bertsioko Internet Protokoloa).

Lehena, bertsiorik zaharrena da, eta lau puntuz zatitutako zenbakiz osatuta dago (adibidez: 192.168.0.1). Zenbaki-multzo bakoitza 0tik 225era bitartekoa da, eta horrek esan nahi du, azken urteetan Internetera konektatutako gailuak esponentzialki handitu ondoren, mugatuta geratzen zela. Horregatik iritsi zen IPv6, zenbakiz osatutakoa ez ezik, letrak ere badituena (adibidez: 2001:0db8:85a3:0000:0000:8a2e:0370:7334).

Orain, Internetek oinarrizko arau batzuen bidez funtzionatzen duela dakigunez, informazioa gailu jakin batera eta pakete txikitan bidalita, komunikazio-eskema klasiko batean bezala (igorlea-mezua-hartzailea), datu horiek egiten duten bidaian murgilduko gara.

ERRATZEZ BIDAIATZEN AL DUTE?

Gaur egun, Internet ez da orri bakar batean sartzen den egitura bat, 1973an izan ohi zen bezala. Horregatik, helmugara iristeko datuek egin behar duten bidaia ez da laburra. Datuak, dakigun bezala, kableetan zehar doaz; hala ere, ez dira telefoniako kableak, upgrade nabarmena jaso dute: plastiko lodiz estalitako beirazko zuntzezko kableak dira, gure eguneroko zuntz optikoa, alegia.

Kable horiek konexioak dituzte planeta osoan zehar, denen artean ia 1,4 milioi kilometroko luzerakoak (Telegeography, 2023). Bai, bai, ikusmenak ez dizu huts egin, 1,4 milioi kilometro dira guztira, 552 kabletan banatuta. Kable batzuk laburrak dira, beste batzuk oso luzeak; luzeena, “Asia-America Gateway” kable-sistema da, 20.000 kilometro inguruko luzera duena. Agian, Internet magia dela iruditzen zaigu Interneteko nazioarteko trafikoaren % 98ak lurpeko kableetan zehar bidaiatzen duelako, eta, azpiegitura masiboa izan arren, nahiko ondo ezkutatuta dagoelako.

Bidaiaz ari bagara, helmugaz ere hitz egin beharko genuke: zerbitzariez. Hitz egin dugun kable bakoitzaren amaieran dauden gailuak dira horiek. Mundu osoan zehar banatutako zerbitzari hauek 24 orduz funtzionatzen dute, urtean 365 egun, eta, funtsean, zure agindu guztiak betetzen dituztenak dira. Sistema horiei esker, argazki bat argitaratu, web-orri batean sartu, Netflix-en film bat ikusi edo beste edozer gauza egin daiteke. Askotan, Internet bidez funtzionatzen duten enpresak (sare sozialak, streaming plataformak, arropa-dendak, etab.) bezeroen beharrei erantzuten dieten zerbitzariak izaten dituzte, baina hodeian ere zerbitzuak eskaintzen dira (azken batean, hodeia zerbitzari bat bezalakoa da, baina urrunekoa), non ez den beharrezkoa megaordenagailu bat izatea eta datuak sarearen bidez eskuratu ahal izatea. Pixka bat metainterneta da hau guztia.

BATU DITZAGUN EDABE MAGIKOA SORTZEKO OSAGAIAK

Amaitu da gure bidaia! Ez zaitez kezkatu, laburpen bat egingo dizugu Erdi Aroko jetlag-ak KO utzi bazaitu:

“TikToka argitaratu” botoiari ematen diozunean (adibide bat jartzearren), zure gailuak beharrezkoak diren datuak (musika, grabazioa, iragazkia…) bidaltzen ditu TCP/IP protokoloak erabiliz konektatuta zauden routerrera edo konexio-dorrera, helbide batekin eta paketetxo txikitan konprimatuta. Han, sarea osatzen duten kableetan zehar bidaiatzen dute datuek, helmugara iritsi arte: kasu honetan, TikTok plataformaren zerbitzarietara. Zerbitzariak, orduan, datu-pakete txiki horiek mihiztatuko ditu, zer behar duzun jakiteko; bideoa prozesatu, datuak gorde eta erantzun bat bidaliko du, eta, ondoren, kableetan zehar bidaiatuko du zure konexio-puntura iritsi arte eta, gero, zure gailura. Eta hori da dena, bideoa argitaratu da. Segundo pare batean kontatzeko nahiko zaila den bidaia, baina magiarik gabe, argi gera dadin.

Bueno, orain badakizu nola funtzionatzen duen Internetek, gutxienez, oinarrizko mailan. Badakigu ez dizugula azaldu nola sor dezakezun zure Internet propioa, baina… gaur ez zen hori azaltzeko eguna. Hala ere, zure Erdi Aroko abenturan zorte handia opa dizugu. Baliteke, oraingo honetan “Artxila Mortxila” pare batekin zerbait lortzea…

Etiketak

  • #tech
  • #innovación
  • #tecnología

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko