Gaztelutik algoritmora

#Pure tech

2025.06.10 Irakurketa denbora: 4 minuto

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Jon Ander

Yanis Varoufakis-ek, Greziako Finantza ministro izan zenak eta pentsalari ezagunak, Teknofeudalismo (Varoufakis, Y. 2024, Tecnofeudalismo: El sigiloso sucesor del capitalismo) terminoa sortu zuen 2015ean. Varoufakis-en arabera, korronte horrek kapitalismoa lurperatu du, eta errealitate berri bat nagusitu egin da, non enpresa erraldoi gutxi batzuk (Amazon, Google, Facebook, Apple) jada ez diren merkatu irekietan elkarren artean lehiatzen (kapitalismo klasikoan suposatzen zen bezala), «feudo» digitalen jabe baitira.

«Aireko jaunak» ere deiturikoek (Echevarría, J. 1999, Los Señores del Aire), merkatu libre batean gauzak saldu beharrean, lan egiteko, erosteko, hitz egiteko edo jolasteko erabiltzen ditugun espazioak kontrolatzen dituzte (Instagram, YouTube, edo aplikazio-dendak, adibidez). Espazio horiek ez dira benetako merkatuak, beren interesen inguruan zehazten diren arauak dituzten plataforma itxiak baizik.

Erdi Aroko feudalismoan bezala, badira jaun feudalak (plataformen jabeak), basailuak (Amazon bezalako plataformen menpe dauden enpresa txikiak) eta jopuak (plataforma horiek erabiltzen eta elikatzen ditugunok).

Ordena digital berri honek ekonomia eraldatzeaz gain, harremanak, lana eta informazioa lortzeko modua ere eraldatzen du. Plataformek, datuak, algoritmoak eta azpiegitura digitalak kontrolatzean, gure erabakiak, gustuak eta portaerak modelatzen dituzte. Hala, boterea ez datza hainbeste fabriken edo baliabide naturalen jabetzan, informazioaren kontrolean eta ingurune digitaletarako sarbidean baizik. Horrek “aireko jaunei” oraintsuko historian aurrekaririk ez duen eragiteko gaitasuna ematen die.

Konparazio eskematikoagoa utziko dizugu, kontzeptu hori hobeto uler dezazun.

Feudalismoa (Erdi Aroa)

  • Oinarri ekonomikoa: nekazaritza eta lurraren jabetza.
  • Harreman sozialak: jaun feudalek nekazari jopuak menderatzen dituzte.
  • Produkzioa: nekazaritza-lana biziraupenerako egiten da, eta ekoizpenaren zati bat jaunari ematen zaio.
  • Botere-iturria: lurraldea kontrolatzea eta lur-hedapenen gaineko kontrol militarra.
  • Merkatuak: ez dute garrantzi handirik eta ia ekoizpen guztia autokontsumorako da.
  • Teknologia: oso mugatua da eta aurrerapenak geldoak dira (goldea, ur-errota…).
  • Aberastasunaren eskualdaketa: geldirik dago; aberastasunak ia ez da eskualdatzen, gaztelu eta monasterioetan mantentzen da.
  • Norbanakoaren autonomia: oso baxua da; lurrari lotuta dauden eta mugikortasun sozialik ez duten jopuak.
  • Erauzteko modua: betebehar pertsonalak daude (lana, produktuak) jaun feudalarenganako.

Teknofeudalismoa (Varoufakis-en arabera)

  • Oinarri ekonomikoa: plataforma digitalen jabetza (hodeiko kapitala delakoa).
  • Harreman sozialak: plataformen jabeek erabiltzaileak eta langile konektatuak menderatzen dituzte.
  • Produkzioa: plataformentzako balioa sortzen duen lan digitala (datuak, edukiak, interakzioak…).
  • Botere-iturria: sare digitalen, datuen eta online sarbideen gaineko kontrola.
  • Merkatuak: simulatuak dira; berez, plataformek feudo itxiak balira bezala jokatzen dute (Amazon edo Apple bezalako erraldoiak, adibidez).
  • Teknologia: oso aurreratua da; AA, big data, hodeiko zerbitzariak…
  • Aberastasunaren eskualdaketa: oso altua da «hodeiaren jabeentzat»; eta pertsona gehienentzat, ordea, oso prekarioa.
  • Norbanakoaren autonomia: txikia da kasu honetan ere; izan ere, plataformen menpe gaude lan egiteko, erosteko eta sozializatzeko.
  • Erauzteko modua: errenta digital bat dago (hodeirako sarbidea, komisioak, arreta harrapatzen duten algoritmoak eta ordaindu gabeko lana).

Etiketak

  • #cultura
  • #educación
  • #govtech

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko