Eten digitalak

#Soul tech

2023.03.08

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Pablo Gallo

Azken bi urteotan digitalizazioak izan duen aurrerapenak zientzia fikzioa dirudi. Gaur egun, ez da inor harritzen mundu digital eta fisikoaren artean zegoen hesia guztiz lausotzeaz; konturatu gabe, mundu “erreala” eta Interneteko mundu horren artean kulunkatzea ari gara.

GURE EROSOTASUNAREN BESTE AURPEGIA

Zer gertatuko litzateke, bat-batean, gure gailu elektroniko guztiek funtzionatzeari utziko baliete? Gai izango al ginateke leku ezezagun batetik etxera heltzeko “Guia Repsol” erabiliz? Entziklopediak erabiliko al genituzke Googlen bilatzen dugun guztia aurkitzeko? Gauden egoeran, denbora asko beharko genuke lehen erraz egiten genituen ekintzetara ohitzeko. Hortaz aparte, frustratuta sentituko ginateke, eta ez genuke oso ondo ulertuko zergatik ari zaigun hau gertatzen

Atsekabe hau da, izan ere, milaka pertsonak egunero sentitzen dutena aspalditik, eta pandemia hasi zenetik atsekabea areagotu egin da. Bidegabekeria eta bazterketa da pertsona horiek sentitzen dutena, egun batetik bestera, teknologiarekin zuten erlazionatzeko modua hankaz gora jarri baitzen. Bat-batean, dena “% 100 online” bilakatu zen –abantaila izango balitz bezala!–, besteak beste “Online Bankua”, “Osasun-laguntza, online”, “Bide-laguntza, online”.

Gailu eta aplikazio horiek erabilerrazak, praktikoak eta erabilgarriak dira eskuan ditugula hazi garenontzat. Senideak nahi dugunean ikusteko aukera ematen digute eta jada ez da beharrezkoa eskutitz bati lau egunez itxaroten egotea berriren bat dagoen jakiteko (nahiz eta horrela zirraragarriagoa izan); Lanestosan bizi eta New Yorkentzat lan egiteko aukera ematen digute; nahi dugun lekuan bizitzeko aukera ematen digute. Eta hori guztia edonoren eskura egon beharko litzateke.

PAUSO BAT AURRERA ETA HIRU ATZERA?

Errealitatea eta sarearen arteko mugak jada oso lausoturik zeudenean, errealitate areagotua guztion ahotan jarri zen. Nork esan dezake ez zela Bilboko itsasadarrera joan Pokémonak harrapatzera? Teknologia honen bolada pasa zitzaigunean eta errealitate areagotuarekin bizitzera ohitu ginenean, metabertsoa agertu zen. Hau, Interneten hurrengo belaunaldia izatea agintzen duen kontzeptu berria da, garapen teknologiei eta gailuen erabilerari esker esperientzia murgiltzaile eta multi-sentsorialak eskaintzen dituena.

Nahiz eta berria izan, ez dugu denbora asko beharko teknologia mota hau gure bizitzen parte dela sentitzeko (jada gure bizitzen parte ez bada). Perfektua dirudi, baina badu alde txarra. Izan ere, honek eten digitala areagotzeko arriskuan jartzen du gizartea. Gaizki eginez gero, Metabertsoak eskaintzen duen bateratze-botere hori (nahi duzunarekin nahi duzunean elkartzeko boterea, adibidez), teknologia eskuragarri ez duenaren edo jakintza falta duenaren amets gaizto bihur daiteke.

INGURUAN DITUGUNEN LEKUAN JARRI

Teknologia hauek eskura ditugunontzat eta aldiro-aldiro haztatzen ditugunontzat, erraza da nola funtzionatzen duten jakitea eta hauei probetxua ateratzea. Hala ere, gure zilborretik haratago begiratu behar dugu. Diseinu erabilgarria izan ezean, milaka pertsonentzat erronka eta esfortzu handia suposatzen dute teknologia berriek. Carlos San Juan de Laorden-ek zuzentzen duen “Soy mayor, no idiota” mugimenduak 350.000 sinaduratik gora lortu zituen Change.org plataforman; mugimendu horri esker, bankuetako lokal fisikoen itxierari buruzko eztabaida sortu zuen, baina baita digitalizatzen diren eremu guztiek baliokide fisikoa ez izateari buruzko eztabaida ere. Gai horiei lotuta lan egiten dugunontzat kolpe gogorra dira horrelakoak. Digitalizazioaren fenomeno honek ez ditu beste beharrizan batzuk asetzen, pertsona nagusien beharrizanak edo beste batzuk, are gehiago, beste beharrizan horiek agerian uzten ditu.

Eten hau, askotan belaunaldi aldaketarekin lotzen duguna, eten-soziala ere bada: “berriak” “zaharra” ordezkatzen du. Izan ere, ezin badezaket ordenagailu bat eskuratu, Internetek sortzen duen gastua ordaindu edota online klaseetara konektatu, baliteke ikasteko ematen didaten beka galtzea. Jende asko aurretik eramaten ari den elur-bola handi bat da, eta hau, adibide bat baino ez da.

Teknologia eskuragarria ez izatea, egunerokotasunean ordenagailua oinarrizko tresna bezala erabiltzen dugunoi urrun geratzen zaigula dirudi. Horrela, erraza da pentsatzea eten hau txikia dela, inori minik egiten ez dion gaitza dela, eta familia bakoitzak, etxean, gutxienez ordenagailu bat edo bi, tableta bat eta abiadura handiko Internet eskuragarri izan behar dituela (geure egoera propioa normalizatzeko dugun joera). Baina pandemiak erakutsi digu oraindik asko geratzen dela egiteko mundu guztiak gailu elektronikoak eta Interneterako konexioa izan ditzan.

ETENAK ITXI ETA BIDEAK ZABALDU

Hori gertatzeko aurrerapenak egiten ari gara, astiro-astiro goaz baina sendo, bide luzeak egitean ohikoa den moduan. Lurraldeko toki guztiak, landa-eremuak bereziki, 10 milioi euroko inbertsioaz baliatuko dira azken belaunaldiko Internet izan dezaten. Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez garrantzitsua da azpiegitura horiek bermatzea, mundu guztiak sarbidea izan dezan.

Eten horiek guztiz ezabatzeko, garrantzitsuak dira esfortzua, planak eta inbertsioa. Izan ere, hainbat pertsona daude beraien herri eta negozio txikietan geratu nahi dutenak, eta aukera hori eman behar zaie. Osasun eta hezkuntza eskuragarriak bezala, Internet eta teknologia ere beharrezko bihurtzen ari dira atzean gelditu nahi ez badugu. Horregatik, garrantzitsua (eta premiazkoa) da nahi duen orok Internet bidez konektatzeko aukera izatea.

Esperientzia digital eskuragarriak sortzeko gauza izan behar dugu, gailu egokitu eta seguruak erabiliz. Pertsona nagusi bat maite dituenekin bideo-dei bat egiteko tabletaren funtzionamendua ikasteko gai izan bada, nola ez gara gu gai izango, eskuragarritasuna eta inklusioa kontutan hartzen dituzten esperientzia digitalak sortzeko? Aldi berean, gailu horiekin erlazionatzeko modu seguruak irakatsi behar dizkiegu nagusiei, pribatutasun arazoak, eraso edo lapurreta informazioak ekiditeko.

PERTSONENGAN ETA LURRARENGAN PENTSATUZ ESPLORATZEN

Etorkizuna egiteke dago, eta orain imajinatzeko gauza garen hori egiteko gauza izango gara urte batzuk beranduago. Betiko kanalak berriekin osatzeko gauza izan behar gara, edozeini ahalik eta esperientzia onena eman diezaiogun edozein unetan. Eta amonak westernak ikusteko erabiltzen duen telebista, bankuko langileekin aurrez aurre hitz egiteko erabili balezake? Edo bere mugikor egokituak medikuekin kontaktatzeko botoi bat izango balu? Guztientzako positibo izango litzateke hau: alde batetik, pertsona horientzat errazagoa izango litzateke dagoeneko erabiltzen badakiten gailu baten funtzionalitate berri batera ohitzea; bestetik, gauzei bizi berria emango litzaieke, hondakin elektroniko gehiago sortu beharrik izan gabe, hori kaltegarria baita Lurrarentzat eta modu jasangarrian jardunez minimizatu dezakegu.

Begirada kritiko eta inklusibo baten beharrean gaude. Aurrerapenei heltzen ez dionak batzuetan ez du jarrera hori “iragana beti hobea izan dela” uste duelako. Ez da horrela. William Gibson-ek zioenez: “etorkizuna hemen dago, ez dago zuzen banaturik, ordea”. Batzuetan, aulkian uzten gaituzte eta ezin gara irten zelaira jolastera. Denbora ez da gelditzen, baina baliagarria izango litzateke batzuetan gelditzea, abiadura arazoengatik atzean gelditu den jende askok eskertuko luke eta.

Etiketak

  • #colaboración
  • #computación
  • #democratización

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko