Elkarren premia dugu bizirauteko

#Reflections

2026.01.29 Irakurketa denbora: 5 minuto

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Raisa Álava

Aristotelesek zioen bezala: «Gizakia, berez, izaki soziala da»; eta ez zuen hori esaten bere lagunekin Lemnoseko ardoa edatea gustatzen zitzaiolako edo beharrez etxean ematen zituen egunak amaigabeak zirelako berarentzat. Hori guztia baino serioagoa da. Elkarren premia dugu bizirauteko.

Komunitatea ezinbestekoa da edozein pertsonak aurrera egiteko, munduan duen lekua bilatzeko, eta osasun psikologiko ona izateko. Eta nahiz eta plan sozial guztiak komunitateari bereziki lotuta ez egon, gizakiak asko inporta zaion zerbaiti lotuta egoteko beharra du aurrera egiteko, bai fisikoki, bai psikologikoki. Psychology Today albisteak (2023) ideia hori indartzen du, eta bere hitzetan, «komunitate osasuntsu baten parte izateak besteekin konektatuta sentiarazten lagun diezaguke, baita zerbait handiago baten parte garela sentitzen ere». Izan ere, hori bereziki garrantzitsua da estresa eta isolamendua murrizteko, eta norbaiten babesa dugula hautemateko; azken batean, munduaren aurka bakarrik ez gaudela sentitzeko.

Ez da ezer berria. Izan ere, lehen komunitateen xedea bizirautea baino ez zen, garai hartan bizitzeko arriskuari zuk bakarrik aurre egiteak heriotza esan nahi baitzuen normalean. Horregatik, pertsona horiek orain 'tribu' esaten diegun taldeetan batzen ziren. Bizirauteko behar zituzten baliabideak biltzeko batzen zen jendea zen: janaria, aterpea eta segurtasuna… Eta bat egiteko arrazoi nagusia egun bat gehiago bizirautea bazen ere, erritual, musika edo hileta-zeremoniei esker (besteak beste), kidetasun- eta errotze-sentimendua ere sortzen hasi zen lehen komunitate horietan.

Geroago, herrixkak, herriak eta hiriak eratzen hasi zirenean, komunitateek –bizirauteaz gain– beste xede bat zuten: xede soziala. Estatusa, klasea, lanbidea eta erlijioa pertsonen nortasunen ezaugarri bihurtu ziren, eta pertsonek esperientziak partekatu eta elkarri laguntzen zioten (kasu batzuetan besteetan baino gehiago). Izan ere, hemen bertan dugu adibide ezin hobea: Bizkaian, nekazarien edo baserritarren komunitatea giltzarria izan zen, ez bakarrik biziraupenerako, baita gaur egun gure lurraldearekiko dugun tradizioa eta errotze-sentimendua garatzeko ere.

Ordutik, komunitateak eraldatuz joan dira urteek aurrera egin eta gizateriaren beharrak aldatu ahala. Hala, azken jauzi handia –eraginik handiena izan zuena– Interneten etorrera izan zen. Ordura arte, komunitateen sostengu nagusia kokapena zen, baina, egun batetik bestera, komunitate horiek nazioarteko komunitate bihurtu ziren. Beste kultura, hizkuntza eta munduko leku batzuetako jendea ezagutu eta haien gustuak, zaletasunak eta elkarrizketak trukatzeko ahalmenari esker, komunitateek aurrekaririk gabeko globalizazio-maila lortu zuten.

Gaur egungo komunitateak handiagoak eta askoz abstraktuagoak badira ere (hurrengo artikuluan ikusiko duzue zenbat komunitate desberdin dauden), bizirauteko beharra da geure buruekin ondo egoteko –hots, bizirik irauteko– behar ditugun gizatalde horiei lotzen jarraitzen gaituena.

GEURE-GEURE KOMUNITATEA

Komunitatea bereziki garrantzitsua da mundua aldatzeaz hitz egiten denean. Pertsona bakar batek ez du hori egiteko gaitasunik, baina expertise eta bizi-esperientzia desberdinak dituzten hainbat pertsonak, elkarrekin lan egitekotan, dena aldatzeko gaitasuna dute (gutxieneko gogoak alde batera utzi gabe).

Hala, bizirik irauteko elkarren beharra dugun bezala, sortzeko eta berritzeko ere lagunak behar ditugu. Izan ere, horixe da komunitate zientifiko eta teknologikoaren jatorria. Komunitate txiki eta espezifikoetan banatutako komunitate handi horiek elkarrekin lan egiten dute emaitza hobeak lortzeko, eta, gainera, beste pertsona batzuen ondorioez baliatzen dira beraienak lortzeko eta hazteko. Beraz, komunitatearen barruan zein kanpoan oso baliagarria den ezagutza-kate bat sortzen da.

MURGIL GAITEZEN MAGIAN

Hitz horiek irakurri ondoren ondorioztatuko duzuen bezala, BizkaiaTech Magazineko 14. edizioan komunitatea izango dugu ardatz. Komunitate mota guztiek –komunitate zientifiko eta teknologikoarekin zerikusia dutenek bereziki– asko laguntzen baitute gure lurraldearen garapenean eta milaka pertsonaren bizitzetan.

Lehenik, komunitate mota ezberdinei buruz hitz egingo dugu jarraian irakurriko duzun edukia testuinguruan jartzeko, eta, ondoren, bete-betean murgilduko gara gaian.

LGBTIQ+ kolektiboak zientzia eta teknologiaren arloetan izan duen borroka eta komunitatean bertan duen errotze-sentimendua aztertuko ditugu, baita horrek historian zehar eragin duen guztia ere.

Lankidetzaren premisatik abiatu eta elkarrekin hobeak izatea helburu duten proiektu oso garrantzitsu eta puntakoak ere aztertuko ditugu, hala nola BIQAIN eta GAIA.

Tradizioa, euskara, nekazaritza eta gure identitatea hemengo komunitatearen funtsezko zutabeak direnez, Zientzia Kaiera, Garile, Kantari App eta antzeko proiektuez ere hitz egingo dugu, beraiek esango baitigute zer nolako garrantzia duten –beren ikuspuntutik– zaintzeak, berreskuratzeak, kantatzeak eta gure gaiei buruz gure publikoari hitz egiteak.

Hainbat komunitateren egunerokotasuna errazten duten proiektuak ere jorratuko ditugu: Adeitasun Digitala (egokitzeko zailtasun gehien izan ditzaketen pertsonentzat arrakala digitala desagerraraztea sustatzen duen Bizkaiko Foru Aldundiaren programa), NaviLens (desgaitasuna duten pertsonei hirietan eta garraio publikoan orientatzen laguntzen dien proiektua) eta GovTech4All-i (Europako herritarrak subiranotasun teknologikoz hornitzeko berriz ere bere onena emango duen proiektua).

Amaitzeko, eta honako hau komunitateari eskainitako alea denez, gure komunitateaz («Komunitatea») hitz egingo dugu, hots, gaur egun gauden tokira iristen –boligrafoz edo tabletaz– lagundu digun komunitateaz. Prest zaudete? Sorpresa ikaragarriak ezkutatzen dira hurrengo orrialdeetan!

Ikus dezakezuenez, komunitateak magia sortzen du. Familia, adiskidetasuna, lankidetza; hitz batean: maitasuna sortzen du. Hurrengo orrialdeetan, magia hori argitzen saiatuko gara nolabait; eta honako testu hau bertan barneratzeko zure gonbidapen formala da.

Etiketak

  • #tech
  • #cultura
  • #startup
  • #quantum
  • #innovación
  • #cocreación
  • #colaboración
  • #tecnología
  • #estrategia
  • #futuro
  • #educación
  • #lgtbiq
  • #discapacidad
  • #talento

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko