Ekiten dugu edo ikasten dugu?

#Doing

2023.02.16 Irakurketa denbora: 5 minutu

Jose Antonio del Moral

Ilustrazioa : Gorka Gil

Mundua goitik behera aldatu da ia konturatu gabe. Internet (mokofinek digitalizazio deitzen duten arren) eta, ingelesa maiztasunez erabiltzea baino gehiago dakarren, ekonomiaren globalizazioa dira erantzuleak.

Gertakari hauek aukera-andana sortu badute ere, badira konturatu nahi izan ez dutenentzako arriskuak ere. Gelditzen ez den ekonomia-trenean mantentzeko ezinbestekoa da ekitea edo etengabe ikastea.

Eta hori, modu berean, guri eta inguratzen gaituen lurraldeari aplika dakiokeen zerbait da. Bizkaiak bilakaera izan du urte gutxitan: burdingintza eta elektrizitatean oinarritutako ekonomia bat izatetik mundu mailako automobilgintza eta energia berriztagarrien arloko buruetako bat izatera igaro da. Hidrogenoa eta teknologia dira lurralde honek galdu nahi ez dituen hurrengo mugarriak. Kasu batzuetan ehun urte beteak dituzten Orbea edo Garavilla bezalako proiektuak berrasmatzen eta H2Site edo Biolan bezalako proiektu berriak sortzen besteetan.

Banakoen kasuan, bizi osorako lanak bukatu egin dira eta, gaur egun, ezinbestekoa da etengabe egokitzea.

Batzuek etengabeko ikaskuntzarekin egiten dute hori, beraien enplegatzaileek urteetan edo, azkenaldian hileetan, aldatzen doazen eginkizunetarako aintzat har diezaieten. Beste batzuek ekitea nahiago dute eta hasiera batean arrisku handiagoak dituen bidea dela eman ahal badu ere, sormena edo mugak gainditzeko gaitasuna bezalako pizgarri pertsonal ugari ditu.

Azken hauek gaur egun ezagutzen dugun Bizkaia eraikitzen joan diren esploratzaileen, berritzaileen eta aitzindari guztien oinordekoak dira. Bertakoak zein kanpokoak izan ziren aberastasuna sortzeko aukerengatik bertan finkatutakoak. Haiek dira etorkizunarenn giltzarri eta horregatik beharrezkoa da merezi duten ikusgarritasuna ematea.

Bizkaian teknologiaren arloko 400 enpresa sortu berri daude. Ingelesez startup bezala izendatzen diren horietakoak dira, eta sortu berriak izan arren beraien helburua modu azkarrean haztea da.

Lookiero bezalako batzuek 300 langile dauzkate jada, sortu eta bost urtera. Hazkunde hau, eskaintzaile handienari salduta enpresaren balioa biderkatzeko asmoz, babesle, business angel edo, kasu honetan bezala, inbertsio funtsek jarritako diru kopuru handiei esker eman da. Gainontzeko gehienak askoz xumeagoak izanda ere, modu egokian "kalitatezko enplegua" bezala ezagutzen den hori sortzen dute. Hau da, bestela Bizkaitik emigratu beharko luketen gazte lizentziatuak edo jatorriz beste gune batzuetatik Bilbora lan egitera eta bizitzera etorri direnak.

Batzuek startup bezala sailkatzeko besteko zaharra ez den enpresa berri bati buruz hitz egin nahiko nizueke. Arrazoi askogatik da plater nagusia: ondo konektatutako ekintzaile batek elkar lotzen jakin zituen hainbat aldiberekotasunetik jaio zen; sakrifizio handiz, pertsona baikorrez osatutako talde batek bakarrik gainditu ahalko zituen askotariko ezbeharrez inguratuta hazi zen; eta gaur egun, kontinente ugaritan made in Bizkaia teknologia saltzen duen mundu mailako enpresa lider bat da.

Biolan-i buruz ari gara: 2006an Asier Arbizu agronomia-ingeniari eibartarrak sortu eta Bizkaiko Parke Teknologikoan kokatu zuen enpresa. Albizuk Eusko Jaurlaritzan egin zuen lan aurretiaz eta bertan ezagutu zituen Arabar Errioxako enologoek mahats-bilketan zehar eta bodegetan mahatsa entregatzeko unean mahatsaren kalitatea neurtzeko zituzten arazo larriak. Neurketak begi hutsez egiten zituzten, eta oro har hori ez da munduko sistemarik onena. Ingeniariak enologoak entzun zituen eta mezua ulertu zuen. Urte batzuk geroago, mota honetako neurketak berehalakotasunez egiteko, azido glukonikoa eta biosentsoreetan elektrokimika erabiltzen zituen sistema bat "asmatu" zuen kimikako katedradun bat ezagutu zuen.

Albizuk berehala lotu zituen beharrizana teknologiarekin eta lanari ekitea erabaki zuen. Horrela jaio zen Biolan. Ekimenak laster batean lortu zuen pare bat unibertsitateren eta teknologia-guneren babesa eta, ondoren, Bizkaiko hiru bussines angels batu zitzaizkion: Mikel Urizarbarrena, Panda antibirusaren sortzailea; gehienbat Isabel kontserbengatik ospetsua den Garavilla familia; eta Lorenzo Mendieta, libretoien eta epe finkorako gordailuen garaian bankuetako opari-promozioak asmatu zituen gizona. Denborak aurrera egindakoan, funtzionario euskaldunek eta Gipuzkoako langile askok beraien pentsioetarako gordetzen duten dirua startup-etan inbertitzen duen Orza funtsak ere jarri zuen dirua.

Euro horiei esker teknologia garatzea posible izan zen eta Biolan enpresa arrakastatsu bat izango zela zirudien. Baina ez zen horrela izan. Teknologiak nahi baino arazo gehiago ematen zituen eta ardoaren munduak ez zuen gogo handiz aplikatu Arbizuren asmakizuna. Bezeroen gabeziak diru-sarreren gutxitzea eta defizita eragin zituen, eta ia Biolan ixtea lortu zuten. Baina, beste behin ere, argitasunak, mago honen xisteratik zerbait berria irten zedin eragin zuen. Kasu honetan, bezero profil berri bat: atuna erosten duten enpresak. Prezioak nabarmen egiten du gora produktu honek duen histamina mailaren arabera eta Biolaneko mikrobiosentsoreek zehaztasun matematikoz neurtzen zuten parametro hau.

Bizkaiko enpresak bere teknologia guztia berbideratu zuen negozio-eredu berri horretarantz, bere katalogoan sardina eta antxoa sartzeraino. Mundu osora hedatu zen, bereziki arrain asko ekoizten edo kontsumitzen den herrialdeetara. Gaur egun kolore urdineko emaitzen kontu positiboa du eta mundu mailako lider da arlo honetan. Soldatapeko 60 langile ditu Zamudioko egoitzan eta nazioarteko beste zazpi ordezkaritzatan sakabanatuta.

Ez da enpresa honek erdietsi duen mugarri bakarra. 2020an, pandemiaz geroztik, Biolanek bere teknologia birusaren neurketara bideratzea erabaki zuen. Zehaztasun handiz pertsona bat COVID-19arengandik babestuta dagoen jakitea ahalbidetzen duten tira serologiko batzuen bidez egiten du hau. Jada merkaturatuta daude eta 5 minututan ematen dituzte emaitzak. Biolan Health etorkizun handia duen dibisio berri bat da.

Hori da gaur egun, startup-en argotean, pibotatu bezala ezagutzen duguna. Hau da, teknologia aurreikusi gabeko beharrizan batera egokitzeko helburuarekin, merkatuak eskatzen duenari adi egotea uneoro.

Etiketak

  • #tech
  • #covid19
  • #cultura
  • #startup
  • #emprendimiento
  • #innovación
  • #ciencia
  • #tecnología
  • #estrategia
  • #futuro

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko