Distopia edo utopia, robotika gure bizitzetan

#Pure tech

2023.04.17 Irakurketa denbora: 6 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Maria Fernanda Soto y Ana Barrios

2029. urtean gaude. Gizaki-erresistentzia, adimen artifizialak gidatutako makinei irabazteko zorian dago, hauek lurra suntsitu eta gizakiak esklabo bihurtu ostean. Baina robotek ez dute amore ematen.

Izan ere, euretako bat bidaltzen dute iraganera beraien arazoak sustraitik akabatzeko helburuarekin. Misio hau, etorkizunean erresistentziaren buru izango denaren ama hiltzean datza.

Horrela hasten zen Terminator (1984) filma, gupidarik gabe hiltzeko helburua duen “txarren” goren mailako irudia. Horrekin batera, roboten irudia guztiz aldatu eta hedatu zen kultura popularrean, hauek mehatxu eta etsai bezala proiektatuz.

James Cameron zuzendariak istorio hura imajinatu baino zazpi urte lehenago, 2022. urtean, baieztatu dezakegu robotak gaur egun gure bizikide direla. Hala ere, ez daude hemen munduaren kontrola lortzeko, ezta gu esklabo bihurtzeko eta hiltzeko ere

1942an, Isaac Asimov zientzia fikzioaren maisuak bere istorioetan imajinatzen zituen robotek bete beharreko ezaugarriak definitu zituen. Nahiz eta zientzia fikzioaren munduan jarraitu, egia da bere Robotikaren Hiru Legeek, benetako roboten garapenean eragin handia izan zutela. Hurrengo hau zioen egileak: (1) Robotak ezingo dio gizaki bati minik egin eta ez da ezer egin gabe geratuko baldin eta horren ondorioz gizakiak kalteren bat jasango badu; (2) Robotak gizakien aginduak bete beharko ditu, betiere agindu horiek lehen araua betetzen badute; (3) Robot batek bere existentzia propioa babestu behar du, betiere lehen eta bigarren legeak betetzen baditu. Geroago, autoreak Zero legea gehitu zuen, lehen legea orokortzeko balio izan zuena: Robotak ezingo die gizakiei minik egin eta ez da ezer egin gabe geratuko baldin eta horren ondorioz gizakiek kalteren bat jasango badute.

Ez dakigu Asimoven influentziagatik izan den edo ez, baina orain arte ez dugu hilketa edo iraultzarik izan komunitate robotikoaren aldetik. Hala ere, badirudi ez daukagula guztiz argi egunen batean gure lekua hartuko duten ala ez. Izan ere, hiztegi eta akademia askotan, robotika beraren definizioan esaten da gizakiaren jarduera ordezkatzeko sortutako makinak direla. Ikusi dugunez, ordea, orain arte robotak lagun edo laguntzaile bezala izan ditugu. Zeintzuk dira, beraz, hain hurbil ditugun ezezagun horiek?

GARBIGAILUAK, ANATOMIA DE GREY-KO PERTSONAIA BAT EDO ETXEAN GELDITU GABE BUELTAK EMATEN ARI DEN ROOMBA DIRA ROBOTAK

Supersonicos-en – 2062ko etorkizuna islatzen duen animaziozko telesaila – etxean, robot-zerbitzariak garbitu, umea zaindu eta hitz egiten du. Hala ere, guztiek ez dute Robotinak bezalako gizaki-itxura, amantal zuri eta guzti. Bai, hain famatu egin den Roomba xurgatzailea ere, robot bat da (nahiz eta inguruan duen guztiarekin topo egin eta nahiko baldarra izan). Etxearen zaintzari dagokionez, Roomba ez dago bakarrik: harrikoa egin, telefonoa hartu, etxea jaso eta janaria prestatzen duten robotez inguraturik gaude… Ezagunak egiten al zaizkizu garbigailua edo Thermomix-a?

Nahiz eta Robotina bezalako robotak oraindik ez diren gure etxeetara heldu, existitzen dira. Toyotak, “robot laguntzaile” izeneko robota sortu zuen. Robot horrek, xurgagailu bat izango balitz bezala, gauzak altxatu eta mugitzeko funtzioa betetzen du bere besoaz baliatuz. Gainera, ahotsez emandako aginduei erantzuteko gauza da. Koreako Zientzia eta Teknologia Institutua ez zen atzean geratu Mahru-Z-ren sorkuntzarekin. Robot horrek, gizaki itxurarekin, etxea garbitzeko, garbigailuan arropa sartzeko edota janaria mikro-uhin labean berotzeko funtzioak betetzen ditu. Nork ez luke horrelakorik nahi?

Halaber, biztanleria zahartzen doan heinean, zaintza eta konpainia eskaintzen duten roboten garrantziak goranzko joera darama. Hor daude gizakia sentikor eta babesik gabe dagoenean, “osasunean eta gaixotasunean”, denetan; horixe da, hain zuzen, gure lagun direnaren seinale argiena. Hala ere, egia da lagun hauek oraindik nahiko hotzak direla, besarkada bat ematerakoan geldi geratzen diren horietarikoak. Oraindik programatzeko emozio asko falta den arren, baliteke robotak lagun bat baino gehiago izatera iristea, Futuramako Bender bezalako norbait.

Medikuntza da robotek garrantzia hartu duten beste eremu bat. Telebistan ospitaleei lotuta ekoizten diren drametan oso fikziozkoak dirudite, baina benetakoak dira. Mediku, zirujau edota bestelako profesionalen lana automatizatzea lortu du robotikak. Kirurgian, bereziki, robotikak prozedura oso zehatzak (ebakiak, adibidez) eta ez hain inbaditzaileak egitea lortu du. Sartu al zara inoiz farmazia automatizatu batean? Horrez gain, robotek errehabilitazio prozesuan, medikamentuen biltegiratze eta banaketa prozesuetan eta txertoen ikerkuntzan parte hartu dezakete gaur egun.

SUKALDARIAK, BASERRITARRAK ETA CHARLES CHAPLIN BERRIAK DIRA

Izaki hauek lan errepikakorrak egitea gustuko dute, horretarako jaio dira. Horregatik dauzkagu hor, dendetan, zelaietan eta fabriketan. Robotek lan errepikakor horiek kentzen dizkiete gizakiei, hauei lan garrantzitsuagoak egiteko bide emanez.

Asian, adibidez, badauzkagu jatetxeetan jendeaz arduratzen diren robotak. Gainera, sektore honetako langile falta aprobetxatuz, janari lasterreko kateak roboten aldeko apustua egiten ari dira. Ameriketako Estatu Batuetan, bestalde, McDonalds-eko drive-thrus batzuetan, pertsona batekin hitzik egin gabe eskatzeko aukera duzu. Gainera, KFC eta Hyundai Robotics enpresen arteko hitzarmen baten ondorioz, etorkizunean beso robotiko bat ikusteko aukera izango dugu ondoren jango ditugun oilasko hegoak prestatzen. Beste saltoki batzuetan ere aprobetxatzen da robotika: online egindako eskaerez arduratzeko, paketeria burutzeko edota inbentarioa kudeatzeko (Inditex dugu horren adibide).

Nekazaritzan eta elikagaien industrian ere garrantzi handia du robotikak. Nahiz eta azken urteotan nekazaritza asko hedatu den eskala txikiko ekoizpenari esker, langileak falta dituen sektorea izaten jarraitzen du. Robotek pertsonak ordezkatzen dituzte eta etekina, produktibitatea, malgutasuna eta eguneko 24 orduetan lan egiteko prest egotea ziurtatzen dute. Ez dute soilik salgaia lekualdatzea bezalako lan errepikakorra aurrera ateratzen, landatu denaren inguruko informazioa atzematen dute, gizakiarentzat kaltegarriak izan daitezkeen produktu kimikoak zabaltzen dituzte eta uzta biltzen dute.

Manufaktura prozesuetan ere, hauen erabilera oso ezaguna da. Industria da, izan ere, robotika protagonista duen sektorea. Makina hauek abiadura, zehaztasuna eta segurtasuna ziurtatzen dituzte galdaketetan, materialaren garraioan, muntaian eta beste hainbat arlotan. “Garai modernoak” filmeko Charles Chaplinen ordezkapen perfektua dira.

EZ DIRA MARY POPPINS, BUZZ ALDRIN EDO G.I. JOE/JANE

Ordenagailuak eta tabletak gure ikasgelen jabe egin dira, baina teknologia askoz haratago heldu daiteke. Hezkuntza-robotika pentsaera eta adimena garatzeko erabiltzen da gehienbat, eta hortaz aparte, teknologia hobeto ulertzen laguntzen du. Programazioa eta matematika robotei esker ikastea, adibidez, posible da gaur egun. NAO gizaki itxurako robotak, esaterako, edozein gairi buruz eman dezake eskola, txiki-txikitatik hasi eta unibertsitatera heldu arte. Hala ere, badago teknologia hori testuinguru horretan erabiltzearen aurka dagoen jendea, eta ez da harritzekoa.

Robotei, izan ere, giza-alderdia falta zaie, ñabardura batzuekin. Nahiz eta NAO begiko izan eta bere garaian WALL-E-z maitemindu ginen, Masahiro Mori maisuak “Uncanny Valley” edo “haran kezkagarriaren” hipotesia erakusten digu, non, berak dioenaren arabera, txatarrazko aurpegi samur eta goxoa duten robotak gustuko ditugun arren, gizakiaren antza oso handia duten horiek eta gure jokabideetara hurbiltzen diren horiek errefusa eragiten digute.

Hezkuntzara bueltatzen bagara, esan dezakegu jakintza pasatzea baino askoz gehiago dela, gehienbat ikasleak beraien garapen fasean daudela kontutan hartuz.

Eskoletan egotea baino askoz hobeto dagokie robotei espaziora joatea. Bertan, gure etxetik kanpo (Lurra), baina etxean bezala sentitzen dira. Robotek Marte eta ilargia ikuskatu zituzten Rover forma hartuz, eta grabitate gabeko guneetan hainbat lan autonomo burutzen dituzte, adibidez, NASAren Nazioarteko Estazio Espazialean (Bumble Astrobbe robota da izarra) edo sateliteetan. Planeten eta ilargien azalean, gizakiek egin ezin dituzten lanak modu fidagarrian egiten dituzte, gizakia ez baita gauza espazioko arriskuak gainditzeko.

Arrisku hori gerran ere aurki daiteke. Robot militarrek oso zeregin garrantzitsua burutzen dute gerretan, besteak beste: azalerak esploratzea, lehergaiak desaktibatzea edo gizakiak bilatu eta erreskatatzea. Ikerketen helburua da, alabaina, aipatu aukerez gain, robotak oraindik trebatuago egotea, eta jada lortu dute gudu-zelaira joango direnen diseinua sortzea. Azken robot horien eginkizuna da gizakiak ahalik eta gutxien arriskatu behar izatea; eginkizun jatorra da hori, egia esan. Hala ere, robot horiek erabilerak etika, legea eta segurtasuna urratzen ditu. Horren ondorioz, momentuz behintzat, defentsak ez du bere G.I. JOE/JANE robotikoa eskura izango.

GIZAKIOK… AL GARA?

Gizakiok ere erdi-ziborgak gara gaur egun. Telefono mugikorrak daramatzagu goazen lekura, guri buruzko nahi beste informazio dute eta milaka zereginetan laguntzen digute. Gure bizitzetan hain barneratuta ditugunez, gure anatomiaren ezaugarritzat har ditzakegu ia.

Gainera, aplikazio futuristekin baino gehiago, eguneroko robotikarekin erlazionatzen gara RPA (prozesuen automatizazio robotikoa) bezalako prozesuetan. Teknologia hori erabiltzen dugu, esaterako, mezu elektronikoak bidaltzen ditugunean.

Hain diziplina garrantzitsua izateak eta oraindik garatzeko dagoen guztiak argi uzten du: etorkizun handiko lanbidea dugu hau. Nahiz eta oraindik hain ziborgak ez garen, gero eta gehiago hurbiltzen ari gara beraien lan-girora lanbide-xedeei dagokienez. Ingeniaritza robotikako gradua, aukera interesgarria da sormen handiko eta matematikak gustuko dituen jendearentzat; are gehiago, bide ugari zabaltzen dizkie arlo hauetan: manufaktura, adimen artifizialaren garapena, teknologia berrien ikerketa eta garapena edota sistema digitalen administrazioa

Oso bizkor hazten ari den sektorea da, enpresa eta industria asko inbertsio handiak egiten ari baitira gailu-robotikoak ikertu eta garatzeko. Gaur egun, arlo horretan lan egiten duen jendearen eskaria ugaria da, beraz, lana aurkitzea ez da zaila.

Deustuko Unibertsitatea da ingeniaritza robotikoaren gradua eskaintzen dutenetako bat. Mundu futurista eta zoragarri horretan sartzen denak, matematika, fisika, informatika eta elektronika ikasketak burutuko ditu. Bestalde, robotikaren hastapenak interesatzen zaizkionarentzat, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, BIC Bizkaia deitutako programa sortu du. Programak bio-mikro-nano teknologiak, manufaktura aurreratua eta teknologia garbiak hartzen ditu ardatz moduan baina, horrez gain, robotika kolaboratiboari lotutako jardunaldi praktikoa antolatzen du, arlo horren erabilerak zein diren eta industrian nola aplika daitezkeen zabaltzeko asmoz.

ROBOTIKA, BIZITZA EROSOAGO BATEN ALDE

Historiako lehen robota, Elektro, 1939an sortu zen. Gaur egun, Boston Dynamics-en Spot da orain arte sortu den robotik aurreratuena. Bide horretan zehar, makina hauek jakin-mina zein mesfidantza eragin dute gizartean. Hala ere, gauza bat argi dago: Elektro robotak erabilera handirik ez zuen arren, gaur egun sortzen diren makina guztiek helburu bakartzat dute gizakioi bizitza errazago egitea.

Esan daiteke, robotek eragiten duten beldurra lana kenduko digutelako ustearekin lotuta dagoela. Hala ere, arropak errekan garbitzera bueltatu nahi ez dugun bezala, ez ditugu berriz egin nahi dagoeneko automatizatuta dauden prozesu neketsuak, libreta baten kontabilitatea egin, adibidez.

Zaila da aurreikustea lan-arloan robotikak izango duen inpaktua. Tesla da gizaki itxurako robotak garatzen ari den enpresetako bat. Elon Musk-en hitzetan, robot horiek egingo dituzte gizakiarentzat

“arriskutsuak, aspergarriak eta errepikakorrak diren lanak edo gizakiek egin nahi ez dituzten lanak”.

Apirilean, TED hitzaldietako Chris Anderson-ek Teslako buruzagiari galdetu zion gero eta robot gehiago egoteak ez gaituen kezkatu behar, eta Musk zuhur agertu zen:

“Ni ez nintzateke arduratuko. Uste dut langile falta handia dugula, eta etorkizunean ere izango dugula. Baina oparotasunez betetako mundua izango da. Ondasun eta zerbitzu guztiak nahi dituenarentzat eskuragarri egongo dira. Hain merke egongo dira ondasun eta zerbitzuak, barregarria izango dela.”

Seguruenik, Interneten hazkundea bezalakoa izango da egoera etorkizunean: hainbat lan deuseztatuko ditu, eta beste hainbat sortuko ditu. Urte batzuk itxaron beharko dugu segurtasun osoz jakiteko. Bestelakoan, badakigu: robotak hor daude lanak automatizatzeko, laguntzeko eta mundua aldatzen jarraitzeko, nahiz eta oraindik bihotzik ez duten. Orain, gizakion lana da gure bihotz hauek gizaki mantentzea.

Etiketak

  • #innovación
  • #ciencia
  • #computación
  • #tecnología

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko