Digitalizazioa eta irisgarritasuna, oreka lortzeko (ez)gai gara

#Soul tech

2023.10.13 Irakurketa denbora: 8 minutu

Itziar Kerexeta

Ilustrazioa: Iker Orueta

Geroz eta argiago daukagu pertsona guztiak desberdinak garela. Zorionez, gainera, gizartea aurrera egiten ari da eta, desberdina dena, ona izateaz gainera, desiragarria ere izan daitekeela pentsatzen hasiak gara dagoeneko.

Hezkuntza-sistema formalean egindako hainbat ikerketak frogatu dutenez, ikastetxeetan aniztasun funtzionala duten ikasleentzat egiten diren aldaketak onuragarriak dira beste gelakideentzako, eskolarentzako eta komunitatearentzako ere. Kontua ez baita soilik espazioa partekatzea, parte-hartzea baizik.

Digitalizazioaren gaian sartuz, gaur egun inork ez du zalantzan jartzen sare sozialen bidez hiperkonektatutako gizarte batean bizi garela eta edozein erakunderekin (Administrazio Publikoa, bankua…), lagunekin, lankideekin edo are bizilagunekin erlazionatzeko gaitasunak izatea eskatzen digula horrek. Parte-hartze eta komunikazio-mailak beti izango dira desberdinak, baina aurrera egin behar dugu parte-hartzeko eta elkarrekin erlazionatzeko eskubidea gara dezakegun hiritartasun digital baterantz. Honako hau da gaitasun digitala, Europar Batasunak (EB) zehazten duen moduan:

Gaitasun digitalak berarekin dakar teknologia digitalak segurtasunez, kritikoki eta arduraz erabiltzea lanean, ikasketetan eta gizarte-partaidetzan, baita horiekin elkarreraginean jardutea ere.

BIZITZA DIGITAL BAT IZATEKO ESKUBIDEA

Horren harira, aurrerapenak egitearen aldeko apustua nabarmena da. Hamarkada digitala aipatzen dugu EBk herritarren eskubide sozialen zutabearen barruan ezartzen duen teknologia-eskuragarritasuna eta gaitasun digitalak eskuratzea barne hartzen dituen trantsizioari buruz hitz egiten dugunean. Nazio Batuen Erakundeak Internet bera ere giza eskubidetzat aintzatetsi zuen 2016an.

Hala ere, nahiek eta errealitateak ez dute zerikusirik, eta, Clara Centenok eskubide digitalen foruan dioen bezala, sistemen konplexutasunak bi alderditako bazterkeria eragin diezaieke zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei, hala nola adinekoei eta desgaitasunen bat dutenei. Arrakala digitalaren inpaktua agerikoa da, Internet-sarbiderik ez izatea bazterkeria-mota berri bat da eta, gaitasun digitalik ez izateak pertsonak bazterkeriara hurbil ditzake.

Digitalizazioak ekarri duen tsunami izugarri horren aurrean, badirudi inor (edo ia inor) ez dagoela salbu. Unibertsitateko edozein ikaslek izan ditu sinadura digitala instalatzeko eta erabiltzeko arazoak. Eta sinadura digitala ezinbestekoa da matrikula egiteko, jakinarazpenak jasotzeko edo bekak eskatzeko… Arazoa gazte horien gaitasun-falta al da? Edo beharbada prozesuak oso konplexuak dira? Ziurrenik bi alderdiak egokitu beharko dira, baina bistakoa da digitalizazioak moldatzeko arazo asko ekar ditzakeela biztanleria orokorrarentzat eta, are gehiago, bazterkeria arriskuan dagoen edo desgaitasunen bat duen norbaitentzat.

MUNDU GUZTIARENTZAKO IKASKUNTZA

ONCE beti izan da aitzindaria ikusmen-arazoak dituzten pertsonentzako egokitzapenak egiten, eta irisgarritasunaren aldeko apustu argia egin du. Haiek sortutako ikus-entzunezko produktuei esker, Braille alfabetoa ikasi ahal izan dute ikusten duten eta ikusten ez duten biztanleek. Modu desberdinetan komunikatzeko gaitasuna izateak, alfabeto desberdinak erabiltzeak eta formatu desberdinak erabiltzeko gai izateak denoi egiten digu onura. Teknologiak espazioaren eta denboraren oztopoak apurtzen laguntzen digu, munduaren beste puntan dagoen norbaitekin komunikatzea eta urrutitik lan egitea ahalbidetuko digu, eta hori guztia guztiz pentsaezina zen orain dela pare bat hamarkada. Lehen aipatutako arazora itzuliz, prozedura digitalak zergatik izan ohi dira horren zailak?

Ildo horretan, Gizateak (Euskadiko gizarteratze-enpresen sareak) oso lan interesgarria egin du profil profesional digitalak definitzen, eta xede diren lanbideen edo enplegagarritasun handieneko lanbideen beharrezko trebakuntzan. Salgaiak banatzeaz, ostalaritzaz eta garbiketaz arduratzen diren pertsonek, besteak beste, funtsezko gailu digitalak erabiltzen dituzte beren lana kontrolatzeko eta lanaren jarraipena egiteko, eta, beraz, horretarako prestakuntza jaso behar dute, laneratzen lagunduko bazaie. Sareak bere enpresa elkartuen eskura jarri du lanpostu horietarako beharrezko gaitasunak ikasteko aukera ematen duen gida hau.

Asko hitz egiten da digitalizazio-prozesuetan laguntzeko profil profesional berriak sortzearen beharraz. Bizkaiko udaletxe askok “Laguntza Digitalerako Gune” deritzon laguntza-zerbitzua jarri du martxan. Gakoa, beti bezala, irisgarritasuna da: prozesua zaila bada, laguntza eskainiko dizugu, baina ez zara geratuko errolda-agiria edo lan-ibilbidearen ziurtagiria eskatu gabe, edo kiroldegiko ikastaroetan izena eman gabe. Emaitzak onak dira: agerikoa da arrakala digitala murrizten laguntzen duela eta herritarrek asko eskertzen dituztela halako zerbitzuak. Baina, jakina, zergatik ez ditugu hasiera-hasieratik denok erabiltzeko moduko prozedurak sortzen?

Stanfordeko Unibertsitateko irakasle eta adimen artifizialeko ikerlari Pratyusha Kalluri-k argi dauka: digitalizazio-eredu inklusibo baten alde egin behar dugu. Baina hori boterearen jabe den eta erabakiak hartzen diren tokietan bazterkeria-egoeran dauden pertsonek parte hartzen badute bakarrik izango da posible. Izan ere, kasu horretan, pertsona guztiek izango dute digitalki erlazionatzeko gaitasuna, nahiz eta modu desberdinetan egin. Eta protagonistak dira hori hobekien dakitenak.

Etiketak

  • #cultura
  • #cocreación
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #democratización
  • #educación
  • #discapacidad

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko