Catastro proiektu esperimentala

#Doing

2023.03.17 Irakurketa denbora: 6 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Figma Community

Gizakiak zerbaitez ulertzen badu, eboluzioaz da. Gure espezialitatea da ideia zoro horiei atzetik jarraitzea emaitzak ematen dizkigutenera arte. Berrikuntza deritzo horri, eta horrela definitzen du hiztegiak termino hau:

“produktu baten sorkuntza edo aldaketa, eta bere sarrera merkatuan”.

Definizio horren barnean sar ditzakegu penizilinaren aurkikuntza edota Interneten sorrera, hau da, gizarteak aurrerapauso erraldoiak ematea eta orain gauden lekuan egotea eragin duten arrazoietako batzuk.

Nahiz eta adibide horietan historia aldatu duten aurkikuntza garrantzitsuei buruz hitz egin dugun, berrikuntza hainbat modutakoa izan daiteke. Zuk esango al diozu oihalak orratz deitutako metal zati batekin lotzea bururatu zitzaion horri, bere proiektua txikia dela? Eta sare sozialetan jarraitzaile ugari zituen pertsona bati jogurt baten publizitatea egiteko eskatzea bururatu zitzaion horri gauza bera esango zenioke?

Proiektu txiki baina indartsu horietako batean ari da lanean, hain zuzen ere, Lantikeko berrikuntza taldea, Accenture-kin batera: “Catastro” proiektuan ari da lanean. Interesa pizteko moduko izena du, baietz?

ERAIKIN BATEN PREZIOA EBALUATZEKO BALIOKO DUEN (EDO EZ) PROIEKTUA

Catastro proiektuaren helburua higiezin baten balio katastrala aurreikustea da, edo, beste modu batean esanda, etxebizitza, lokal edo pentsa dezakezun beste edozein eraikin baten balio monetarioa aurrez zehaztea. Proiektu horretan lanean ari den taldeak konputazio kuantikoa erabiliko du zerbait berezia lortzeko eta aurretiaz zeuden teknika guztiak hobetzeko; lantaldeak berrikuntza sustatzeko asmoa du.

Heldu zerbaiti, hau guztia teknikoa bihurtzeko zorian baitago.

Konputazio kuantikoa hain famatua den bit unitatea erabili beharrean kubit-a erabiltzen duen konputazio mota dugu; horri esker, konputazio klasikoak eskaintzen duena baino problema konplexuagoekin lan egin daiteke. Berau da proiektu honi duen saltsa guztia ematen diona.

Hala ere, lantaldea ez da soilik konputazio kuantikoa erabiltzen ari %100 kuantikoa den modelo bat sortzeko. Horren ordez, modelo hori konputazioaren unibertso honetan hain trending den beste batekin nahasten ari dira: datuen zientziarekin (data science, ikasteko, patroiak identifikatzeko eta informazioa lortzeko datu kopuru handietan oinarritzen den diziplina). Bien arteko nahaste honek, neurona-sare hibridoak sortzea ahalbidetzen du. Kapa klasiko eta kuantikoak konbinatzen ditu modelo honek, bi mundu hauen onena berarekin eramanez. Peter Parker-i Spider-Man 3 filmean gertatu zitzaionaren antzerakoa gertatzen da esperimentu honetan. Filmeko protagonistak (ezustean) bere traje klasikoa (Spider-man pertsonaiaren jantzia) jantzi berritzaile batekin (estralurtarrarena) batu zuen, horrela Venom-i jaiotzeko aukera emanez. Superheroi-bilau horrek jantzi horri Peterrek zuen potentzial guztia atera zion (nahiz eta gero onerako ez izan).

Hau hala bada ere, Catastro proiektuaren hurrengo urratsa soilik esperimentuaren alderdi kuantikoa erabiltzea da, konputazio klasikoa behin betiko atzean utziz. Horri neurona-sare kuantikoa deituko genioke, eta taldea hasi da jada teknologia horrekin lan egiten alderdi kuantikoaren emaitzak noraino heltzen diren ikusteko.

Eta orain esango duzu, bai, baina… nolakoa da proiektuan lan egiten duen norbaiten eguneroko bizitza? Zer egiten dute hauek goizean goiz ordenagailuaren aurrean esertzen direnean?

Proiektuari hasiera eman zitzaionean, lantaldea Quantum Machine Learningaren inguruan irakurtzen hasi zen, esperimentu horri egokitzen zitzaion modeloa zein zen eta performance onena zeinek egin zezakeen ondorioztatu beharra baitzuten. Modelo egokia aukeratu ondoren, lantaldea datuak maneiatzen eta prozesatzen hasi zen, oraindik gordin zeuden eta.

Datuak ondo aztertu eta jarri ostean, hauen aurre-prozesamendua egiten hasi ziren, hau da, datasetaren (datu estrukturatuen edozein biltegiratzesistemari buruz hitz egiteko erabiltzen den hitz dotorea dugu hau) dimentsioak murrizten eta datuak eraldatzen hasi ziren, gero, aukeratutako quantum machine learning modeloan ondo egokitzeko.

Datu guztiei OKa eman zietenean, hainbeste aipatu dugun neurona-sare kuantikoa sortzen eta pixkanaka sartzen hasi ziren. Honen zati egokiak zeintzuk izango ziren aukeratu behar izan zuten, betiere modeloaren entrenamenduaren mesederako.

Azkenik, orain egiten ari direnari buruz hitz egingo dizuegu (izan ere, aurreko hau guztia bere momentuan egin zuten eta aurrerapenak egon dira). Gaur egun, proiektuaren mamia exekuzioan eta emaitzen analisian dago; datuek eta modeloak onespena emanda dutenez, hauek exekutatzen dira beranduago analisia egiteko. Behin emaitzak eskura izanda, taldeak aldagaiak aldatzen ditu makinaren errendimendua ahalik eta handiena izan dadin.

Lanera joateko gogoa ematen du, ezta?

PERTSONAK KANPOAN UZTEN DITUEN PERTSONEK SORTUTAKO PROIEKTUA

Aurretik aipatu dugun bezala, esperimentu honen helburua higiezin baten balio katastrala modu guztiz objektibo batean ematea da, iritzi edo espekulaziorik kontutan izan gabe. Hori lortzeko, algoritmoak hainbat ezaugarri hartzen ditu kontuan: eraikina kokatzen den ingurua, solairua, azalera, erabilera-kodea, klase-kodea eta modalitatea (azken hiru hauek higiezina nola erabiltzen den zehazten dute, farmazia bat bada, garaje bat, taberna bat…).

Honek beste gai bat dakar, denon ahotan dabilena teknologia berriei buruz lagun artean hitz egiten dugun bakoitzean: gizartean, makinek sentimendurik eta bihotzik ez izateak eragiten duen beldurra. Gizakienganako enpatia edo sinpatiarik ez izateak, Terminator bezalako pertsonaiek beraien helburua argi izatea eragiten du, besteen iritziek eta norbere sentimenduak kontuan izan gabe. Baina, beti al da txarra makinak gizakiok sentitzen dugun guzti horretatik hain urrun egotea?

Pentsa dezagun, guztiok gaude baldintzatuta. Pisua aurkitzeko orduan, adibidez, beti dugu nahiago leku bat bestea baino, eta normalean, bizi izan dugunarekin zerikusia izan ohi du. Niri Leioa gustatzen zait bertan bizi nintzelako unibertsitatera joan nintzenean, zuk Zeanuri duzu nahiago zure bikotekidea bertan bizi delako, eta hirugarren pisuko bizilagunak, Balmasedan lan egiten duenez, leku hori du gustukoen. Oso seguru nago Terminatorri berdin izango zitzaiola leku batean edo bestean bizitzea, halako sentimendurik ez baitu (edo ez duela ematen baitu).

Horregatik, ondorioztatu dezakegu positiboa dela balio katastrala bezalako gaietan, prezioak eta balioa kalkulatzen dituen hori, guztiz objektiboa eta aurreiritzi eta bereizketarik gabekoa izatea. Egon daiteke, sentimendurik ez duen makina edo algoritmo bat baino zerbait hobeagorik lan hau burutzeko?

BERRIKUNTZAN, ERORIZ IKASTEN DA OINEZ

Nahiz eta taldea oso gogor ari den lanean aurretik aipatutako helburuak lortzeko, oraindik ezin daiteke jakin Catastro proiektuak nahi besteko emaitzak emango dituen ala ez. Hala ere, normala da zalantza hori, berrikuntzako proiektu guztiek ez dituztelako zertan emaitza funtzionalak bete behar, emaitza teknikoekin nahikoa eta soberan da askotan.

Berrikuntzan, nahiz eta lehen saiakera oso funtzionala ez izan, oso baliozkoa da; saiatuz eta oker ibiliz beste hainbat emaitza lor daitezke, lehenengotan lortuko ez liratekeen emaitzak. Aurrerapen teknikoek, orain arte gutxi ikusitako neurona-sare kuantikoen bidea argiagoa izatea ahalbidetzen dute. Errazago ulertzeko, aurrerapen teknikoak kalkulagailu bat bezalakoa dira: eskuz eta paperean ekuazio bat egin eta erreminta (kalkulagailua) erabili ostean, emaitza biak berberak badira, kalkulagailua badabilela egiaztatzen da eta hainbat eremutara zabaldu daiteke bere erabilera.

Proiektu honekin nahi dena lortuz gero, erraza izango da higiezin baten balio katastrala modu objektibo eta askoz bizkorrago batean lortzea, eta horrek, aurretik zegoenarekiko aurrerapen handia suposatzen du. Gainera, teknologia kuantikoaren mugak probatzeko aukera ematen du, honek izan duen eboluzioa agerian utziz. Eta, ez bada lortzen? Ez da ezer gertatzen, azken batean, Max Verstappen-ek ere ez zuen gidabaimenik Formula 1eko autoa gidatzen hasi zenean. Denborari bere lekua utzi behar zaio honelako kasuetan; orain, gure lana urrea dagoela dakigun lekutik ateratzen saiatzea da.

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko