Carlos Santiso eta aldaketaren haizea

#Soul tech

2023.06.08 Irakurketa denbora: 8 minutu

Argitalpen taldea Carlos Santisoren laguntzarekin

Ilustrazioa: Malen Pazos

Carlos Santiso doktorea sekulako profesionala da. Jarrera ezin hobearekin, bere jakintzaren ateak ireki dizkigu, etxean bezala sentiaraziz. ELGAren (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) dibisio-buru den aldetik, modu nekaezinean egiten du lan garapen bidean dauden ekonomietan bizi den jendeak (batez ere Amerikan eta Afrikan) bizitza hobea izan dezan. Horrez gain, bere denboraren zati handiena demokrazia sustatzen, gobernuak indartzen eta ustelkeria-delituen aurka egiten ematen du. Jorge Luis Borgesek esandako esaldi bat ere gogoratu digu:

“etorkizuna ez da gertatuko dena, baizik eta egingo duguna”.

Administrazioei loturiko zenbait alderdiri, gaur egungo egoerari eta etorkizunari eta GovTechari buruz galdetu diogu, baita, nola ez, hemengo egoerari buruz ere, izan ere, haitzean jaioak haitzera nahi. Ziur gaude ez duzula galdu nahi esateko duen guztia.

Lehenik eta behin, unera arte egin duzun ibilbidea eta gaur egun ditugun egoera soziala eta geopolitikoa aintzat hartuta, zure ustez, kudeaketa administratiboaren etorkizuna nolakoa izango den galdetu nahi dizugu.

Inflexio-puntu batean gaude. Alde batetik, kontraesana dago jendearen eskaeraren eta espektatiben artean, Administrazio Publikoarekin duten harremanaren harira. Bestetik, arrakala handia dago Administrazioaren gaitasunen eta herritarren espektatiba eta eskaeren artean, azken horiei erantzun ahal izateari dagokionez, azken batean, herritarrak natibo digitalak baitira.

Horri konponbidea emateko, lehenik eta behin, teknologia daukagu, Administrazioaren prozesuak errazteko helburuarekin sortutako tresnek abiatu duten iraultza teknologikoarekin eskutik. Bestetik, alderdi kultural bat dago: biztanleek Administrazioarekin duten erlazioa aldatu beharra dago. Horretarako, orain arteko eredua aldatu behar da. Herritarrei beren zerbitzura egoteko eskatu dien kultura batetik zerbitzu publikoaren printzipioa berrezarri behar duen kultura batera igaro behar dugu, hots, biztanleriari eta biztanleriarentzat egindako zerbitzuak ematea. Ondorioz, biztanleriarentzat lan egiten duen Administrazioak izatea da helburua, eta ez alderantziz.

Erronka handi horren adibide bat da zerbitzu publikoak birpentsatzea biztanleriaren bizitzako une gakoetan, esate baterako, ume baten jaiotzan, eskolaratzean, ezkontza batean edo banantze batean. Kasu horietan guztietan, biztanleak momentu horrekin lotutako zerbitzu guztiak bere mugikorrean aurkitzea espero du. Zer eskatzen du horrek? Bada, Administrazioak beraien artean antolatzea biztanle horri behar duena emateko, eta ez pertsona horrek esfortzu bat egin behar izatea Administrazioari zerbitzu emateko.

Etorkizuneko Administrazioak nolakoak izango diren galdetu didazue. Nire ustez, askoz ere hurbilagokoak eta teknologikoagoak izango dira, eta azken honek aipatu berri ditugun prozesuei beste buelta bat ematea ahalbideratuko digu. Honek guztiak bizkortasunarekin eta berrikuntzarekin du zerikusia, baina baita eraldaketarekin ere.

Jendearen bizitzako une gakoetan pentsatuz zerbitzuak diseinatzea aipatu berri duzu eta, ikusi dezakegunez, mundua pertsona desberdinez osaturik dago, hau da, dibertsitate handiko mundu batean bizi gara. Diseinu honi ekiteko momentuan, zein motatakoa izan behar du eraldaketa honek munduko pertsona guztien beharrak aintzat hartuko baditu?

Gai honek, gaur egun mundu guztiaren ahotan dagoen bazterkeria digitalaren gaiarekin zerikusi handia du. Lan handia egiten dugu teknologia berrien erabilera arduratsuaren eta etikoaren inguruan, gehienbat, joerak ekiditeko eta bazterkeria-modu berriei aurre egiteko. Adimen artifiziala (AA), adibidez, asko lantzen ari den gaia da, jendea digitalki baztertzeko modu berriak sortzen baititu horrek.

AAren erabilera etikoan, Kolonbia bezalako herrialdeak aurrerapen handiak egiten ari dira. Herrialde horietan, informaltasuna dela eta, joerak edo bazterkeria agertzeko arrisku handiagoa dago. Izan ere, azken batean, teknologia berriak datu-sistema adimendunak dira eta guztia da horien kalitatearen araberakoa. Desberdinkeria handia dagoen gizarteetan eta, batez ere, ekonomia informaletan, jende asko ez da existitzen (ez dutelako nahi edo ezin dutelako) birtualki. Nik horiei “data poor” deitzen diet, eta daturik sortzen ez duten pertsonak dira.

Pandemian zehar, adibidez, Perun, Kolonbian eta beste zenbait herrialdetan, konturatu ziren larrialdi laguntzak gehien behar zituen jendea ez zela existitzen erregistroetan, eta horien datuak eskuratzea desafio izugarria izan zen. Horregatik diot, teknologiak erronka batzuei aurre egiten laguntzen digun arren, bazterkeria arriskua ere sortzen duela; bi alderdi horiek daude.

Nola har dezake parte GovTech mugimenduak eraldaketa honetan?

ELGArentzat eta beste askorentzat, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiarentzat (haien GovTech Lab-ean elkarlanean aritzen gara), adibidez, oso garrantzitsua da hau guztia.

GovTech burokraziaren eta startupen arteko zita baten modukoa da, inork espero ez duena. Bi termino horiek, lehen begiratuan, oso kontrakoak dirudite, baina errealitatean ez da hala: alde batetik, Administrazioak daude, eta horiek, nahiz eta teknologia berrien aldeko apustuak ez egiteko arrazoiak izan, etengabeko berrikuntza eskatzen dute. Beste aldean startupak daude, gazte digitalez beteak, enpresa-sare izugarria dute eta gizarteari eta bertan bizi den orori laguntzeko prest daude. Bi alderdi horiek ezkontzen direnean, GovTech ekosistema sortzen da, alderdi publikoaren eta pribatuaren bateraketa. Datuak erabiliz eta teknologia berriak probatuz, Administrazioek eta startupek arazo publikoak konpontzeko duten bidea da.

Beste gai bati eutsiz, zure ustez nola eman diezaiokete buelta Administrazio Publikoek duten irudi txarrari? Nola berreskuratu dezakete biztanleriaren konfiantza?

ELGAn kezka handia dago gai honen inguruan. Alde batetik, teknologia erabiliz lor daiteke hurbilketa hori. Hala ere, esan bezala, positiboa den arren, negatiboa ere izan daiteke.

Beste alde batetik, sare sozialak erregulatzeko faktorea daukagu, algoritmoen ondoriozko desinformazioa eta polarizazioa sor baitezakete. Tresna horiek eztabaida politikoa polarizatzen dute eta, horren ondorioz, adostasun batera heltzeko aukera eta moderazio-gaitasuna akabatzen dituzte. Eta, hain zuzen ere, horiek eztabaida demokratikoaren adar garrantzitsuak dira. Pertsonek iritzi desberdinak izan ditzaketen arren, beharrezkoa da aurrera jarraitzeko eta adostasunetara heltzeko espazioak izatea.

ELGAn, gainera, “Trust Survey” deritzon inkesta bat prestatu dugu konfiantzaren inguruanerakundea osatzen duten herrialde guztiekin. Askotan, konfiantza ez da neurtzen zerbitzu publikoak emateari dagokionez gobernuek jendearen beharrei erantzuteko duten gaitasunean, baizik eta erantzunkorragoa izateko gaitasunean. Beste gai bat demokraziaren kalitatea da. Kezka handia dago mundu osoan, demokrazia oro har higatuta dagoelako, kalitateari eta hedadurari dagokionez.

Aurreko urtearen amaieran, hain zuzen ere, ekimen hau atera genuen, demokrazia indartzeko asmoz. Horren alderdi garrantzitsu bat desinformazioa hobeto maneiatzea eta zer erregulazio behar diren zehaztea da, baita demokrazia digitalaren edo arlo digitaleko eskubideen inguruko zenbait gai ere.

Baliteke erantzunak zailak izatea edo, beharbada, erantzunik ez egotea. Hala ere, duela pare bat urtetik, aldaketaren haizea gogor jotzen ari dela ikus dezakegu.

Azkenik, nola ikusten duzu GovTech ingurunea Bizkaian?

ELGA osatzen dugun guztiok oso pozik gaude Bizkaiarekin eta bere proiektuarekin elkarlanean aritzeaz, izan ere, oso programa berritzailea da nazioartean. Ez dago esperientzia handirik hemen bezainbeste alderdi ukitzen dituenik: erronka publikoen programa bat duzue, GovTech ekintzailetzen esku-hartzearekin, hedapen-politika publikoak dituzue, hala nola berrikuntzarako erosketa publikoa, enpresa horietan inbertitzeko inbertsio-funts bat, eta, gainera, glokala da (globala eta lokala). Bizkaia lehen postuetan dago eta beste herrialdeek egin dezaketenaren adibidea da.

Guk, eraldaketa digitalaren inguruan egingo dugu lan Bizkaiarekin baina, horrez gain, orain arte aipatutako gai askori buruz arituko gara beste herrialdeekin, hemen egiten dena helarazteko. Estatuko Gobernuak ere adi egon beharko luke hemen egiten ari direnari.

Bizkaia, abangoardian dago.

Etiketak

  • #cultura
  • #emprendimiento
  • #cocreación
  • #colaboración
  • #democratización
  • #futuro
  • #govtech

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko