Bizi-kalitatea izateko eskubidea

#Reflections

2023.10.11 Irakurketa denbora: 5 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Elena Ciordia

Ez dezagun gure burua engainatu… asko gustatzen zaizkigu distopiak. Hala erakutsi digute Cillian Murphy protagonista duen Manhattan proiektuari buruzko Oppenheimer (2023) filma ikusteko sortu diren ilara izugarriek, adimen artifizialaren eta roboten ondoriozko apokalipsiei buruz diharduten prentsako titularrek edota familia-bazkarietan sortu ohi diren “makinatxoei” buruzko elkarrizketek. “Gure garaian kalean jolasten genuen” esaten du osaba Kepak, esku artean duzun kontsola seinalatzen duen bitartean.

BURU-MAKUR IBILTZEAREN PLAZERA

Askotan beldurrez, bertigoz eta errefusez begiratzen diogu teknologiari: “Zientziaren eta teknologiaren pertzepzio soziala” (2022) izeneko Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, EAEko biztanleen % 58aren ustez, teknologiaren onurak handiagoak dira eragiten dituen eragozpenak baino. Horrek esan nahi du biztanleen % 42ak ez duela horrela pentsatzen: alde horretatik, % 23aren ustez teknologiaren eragozpenak eta onurak berdindurik daude, eta, beste guztien ustez (% 8a kentzen badugu, horiek “ez daki, ez du erantzun” aukera hautatu baitzuten), hots, % 11aren ustez, teknologiaren eragozpenak handiagoak dira ekartzen dituen onurak baino.

Argi dago alderdi negatiboek positiboek baino pisu handiagoa dutela. Hala ere, beti komeni da gauzen alderdi positiboei erreparatzea, gizarteari teknologiak ematen dizkion onurak ikustea. Zer gertatzen da adineko jendeari bakarrik ez sentitzen lagundu dioten bideo-deiekin, edo Indiara joandako lagunarekin hitz egiteko aukera ematen dutenekin? Zer esaten didazue energia-iturri berriei buruz? Eta zure sofako erosotasunetik edozein izapide, dei edo bilera egiteko aukerari buruz, adibidez, zer deritzozu?

Zientziaren eta teknologiaren aurrerapena ezinbestekoa da (batez ere, bizi garen garai honetan) gure gizarte osoarentzat, baina, badago hauek bereziki behar dituen kolektibo bat: desgaitasuna duten pertsonena.

TEKNOLOGIA ETA DESGAITASUNA

Teknologiari eta desgaitasunari buruzko Adecco Fundazioaren (2023) txosten batek dioenez, teknologia berriek desgaitasuna duten pertsonen % 75,9ari lagundu diote horien bizi-kalitatea hobetzen. Txostenaren hamabigarren edizioak dioenez: “… teknologia egokituak eta laguntza-produktu teknologikoak txertatzeak erraztu egiten ditu desgaitasuna duten pertsonen zereginak eta errutinak, mugikortasuna, entzumena, ikusmena edo komunikazio-gaitasunak areagotzeko multzoen eta programen bidez”. Laburbilduz: teknologiak ezinbesteko rola du desgaitasunen bat duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko orduan, izan ere, gizartean modu aktiboagoan eta eraginkorragoan parte hartzeko soluzioak eskaintzen dizkie, eta, aldi berean, aukera-berdintasuna eta inklusioa sustatzen ditu.

BizkaiaTech Magazinean, teknologiak gizartean duen garrantzia azpimarratzea eta horri buruz hitz egitea gustatzeaz gain, askotan ahotsa falta duten gauzei eta pertsonei tokia egitea gustatzen zaigu. Horregatik, eta horri buruz hitz egitea garrantzitsua dela uste dugulako, edizio honetan, azaldu nahi dugu nola, denborari eta lan gogorrari esker, posible izan den txakur gidariak gailu batekin ordezkatzea, edo hasiera batean behin betikoa zirudien lesio batetik suspertzea. Gaur egun, posible da begiekin musika egitea edo egokitutako ohol batekin surfean aritzea, baita inoiz berriz sentituko ez genukeen zerbait sentitzea ere. Une zoragarriak bizitzen ari gara.

Eta bai, osaba Kepa, oraindik ere “jolasten dugu kalean”. Gainera, azken urteotan egindako aurrerapenei esker, lehen baino pertsona gehiagok jolas genezake kalean. Eta ez… ez gara soilik jolasteari buruz ari: autonomiari, erabakiak hartzeko eskubideari edo bakarrik komunikatzeko gaitasunari buruz ere ari gara, eta hori ospatzekoa da, jendearen egunerokotasuneko ezinbesteko alderdiak baitira.

Horregatik, osaba, gogoan izan esan duguna eta Gabonetako afarirako beste argudio baten bila aritu nahi baduzu, zure esku, baina ez dago gure “makinatxoak” zirikatuko dituenik.

Etiketak

  • #cultura
  • #cocreación
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #tecnología
  • #democratización
  • #futuro
  • #educación
  • #discapacidad

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko