Biscaytik, zure udaletxea klik batean

#Doing

2023.05.30 Irakurketa denbora: 5 minutu

Argitalpen taldea BiscayTiken laguntzarekin

Ilustrazioa: Norarte Visual Science

Kaixo! Neure burua aurkeztuko dut: zure udaletxea naiz! Bai, bai, ondo entzun duzu, zure udaletxea, zure herriko plazan dagoen eraikin hori. Agian, galdetuko duzu zertan nabilen hemen. Ez dakit zergatik den, baliteke hotza atzean uzten ari garelako eta aspaldian behe-lainoz inguratuta egon gabe esnatzen ari naizelako, baina gaurkoan esker onez esnatu naiz. Hori dela eta, gaur BiscayTIKen inguruan hitz egin nahi dut. Hori zer den galdetzen ari bazara, eta suposatu baduzu Foru Aldundiari edo informazioaren teknologiari lotutako zerbait dela, ez zabiltza guztiz desbideraturik… Baina BiscayTIK hori guztia baino askoz gehiago da.

15 urte daramatza niri eta nire kuadrilla osoari (Bizkaiko beste udaletxeei) laguntzen. BiscayTIKek, teknologia denon eskubidea izan dadin lan egiten du, adina, ikasketa-maila edo bizilekua kontuan izan gabe. Horrela, egon daitezkeen eten digital guztiak desagerraraztea lortzen dute, Bizkaiko pertsona guztiei, nirekin eta nire udaletxe lagunekin erraz eta arin erlazionatzea guztiz ahalbideratuz.

ERAKUSLEIHO BIRTUALAK

BiscayTIKek, webguneak erakusleiho birtual bihurtzen ditu. Horietan edozeinek aurki dezake bilatzen duena: albisteak, agenda interesgarriak, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak, gobernu-planak edota hainbeste maite ditugun ibilbideak, hortik zehar buelta bat ematera joateko.

Klik bakar batean egin ahal izango dituzu erroldatze sinple bat edota obrak egiteko baimena eskuratu, ni bisitatzera etorri beharrik izan gabe. Ei, hau ez da oraintxe bertan asmatu dudan zerbait, eta baditut hori frogatzen duten datuak: 2022an, adibidez, 346.059 tramite egin ziren online, 2021ean baino % 31 gehiago (erraz esaten da).

Eta, nahiz eta udaletxe guztioi webgunea sortzeko zerbitzu bera ematen zaigun, BiscayTIKek gure identitatea eta ahotsa gordetzeko aukera ematen digu. Guztiok mantentzen ditugu gure arima eta ezaugarriak. Hori egiaztatu nahi izanez gero, sar zaitez nire webgunean eta ikusi zuk zeuk. Ondo geratzen zaidala kolore hau?

BIZTANLERIAREN ETA ADMINISTRAZIOAREN ARTEKO LOTUNEA

BiscayTIKek lortu duen gauzetako bat biztanleriaren eta administrazioaren arteko erlazioa gizartearen oinarrian jartzea da. Maslowren piramidearekin konparatuko bagenu, adibidez, administrazio elektronikoa piramidearen behealdean egongo litzateke, hau da, oinarrizko premien mailan. Jatea, edatea eta nirekin zein nire lagunekin erlazio estua izatea, alajaina!

Horrez gain, udalaren ekintza guztien erdigunean ere jartzen du BiscayTIKek biztanleria, eta hori aurrerapen teknologikoen laguntzaz lortzen dute. Izan ere, kontutan hartuta gaur egun zenbat pertsona pasatzen diren nire aurretik begiak pantaila txiki horretara iltzatuta, esango nuke askoz errazagoa dela jendeak edozertan parte hartzea, elektronikoki egiteko aukera emanez gero.

Maslowren piramidearekin konparatuko bagenu, adibidez, administrazio elektronikoa piramidearen behealdean egongo litzateke, hau da, oinarrizko premien mailan.

Testuinguru horretan sortzen dira biztanleriak parte hartzeko tresnak. Horiei esker, biztanleek administrazio hobea izateko orduan protagonismo handia izatea lortu nahi da. “Kalezaindu” deritzon tresna, adibidez, edozein herritan jazoerak komunikatzeko tresna da. Horien adibide izan daitezke kale-argi bat hondatu dela jakinaraztea, zure etxearen alboan egiten ari diren konponketa-lanak zein egoeratan dauden komunikatzea (nahiz eta batzuetan erraza izaten den azken informazio hori izatea, goizeko 8etako zulagailuaren zaratarekin) edo edonon aurki daitezkeen irisgarritasun-arazoak mahaigaineratzea, besteak beste.

HEMEN EZ DAGO SEKRETURIK

Esan bezala, guk, udaletxeok, ez daukagu sekreturik. Badirudi udaletxeetan gertatzen dena udaletxeetan geratzen dela, baina ez da hala. BiscayTIKen laguntzarekin, hain zuzen ere, beste zerbait ere egiten dugu: geure burua garen bezala erakusten dugu, gardentasunez, oztopoak ekidinez eta bitartekorik gabe. “Udala Zabaltzen” izeneko tresna lehen aipatutako hori lortzeko sortutako tresna da. Horren bidez, edozein pertsonak poltsikoan izan ditzake kudeaketa-datu esanguratsuenak: gobernua osatzen duen taldea, urteroko kontuak, osoko bilkuretako aktak… eta dena, berriz ere, klik baino ez eginda.

Era berean, Kontuak Emateko proiektuak ere BiscayTIKen gobernu gardenaren aldeko apustua bermatzen du, legegintzaldiko planetan ezarritako konpromisoen betetze-mailari buruzko informazio objektiboa eta egiazkoa ematen baitu, modu erraz eta ulergarrian.

BISCAYTIK ETA BERE KUADRILLA

Nahiz eta gu, udaletxeok, oso eskerturik gauden BiscayTIKek gugatik egiten duen lan guztiarengatik, badakigu haiek ere antzeko sentipena dutela. Zerbitzu hauek guztiek tokiko administrazioek egunero egiten duten sentsibilizazioko, laguntza teknologikoko eta etengabeko sorospeneko laguntza jasotzen dute. Ez bakarrik administrazioetan bertan egunero ematen duten laguntzarekin, besteak beste, giza baliabideen, tributazioaren edo erregistroaren moduluen bidez, baizik eta baita erabiltzaileari arreta emateko zerbitzu batekin ere, herritarren eskaerak eta kontsultak kudeatzen laguntzeko.

denok irabazten dugu: Bizkaian bizi zareten biztanle guztiok, guk, udaletxeok eta gurekin lan egiten duen orok.

Horrez gain, urtean 1.500 ordu inguruko prestakuntzak eskaintzen zaizkie administrazioko langileei, inguruan dituzten tresnak hobeto ezagut ditzaten. Emaitzak agerikoak dira: administrazioen % 70ean, zerbitzuen kalitateak gora egin du. Lan hau gauzatzeko, ordea, BiscayTIK ez dago bakarrik. Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, IZENPEk, LANTIKek, BFAk, ZUGAZTELek, GAIAk eta ingurune teknologiko publiko eta pribatu guztiek laguntzen dute.

Lan honekin guztiarekin, denok irabazten dugu: Bizkaian bizi zareten biztanle guztiok, guk, udaletxeok eta gurekin lan egiten duen orok. Badakit gauzak asko aldatu direla azken aldian eta, gaur egun, izena duen oro digitalizatzeko beharra dagoela (Administrazioari dagokionean, batez ere). Baina, mesede bat eskatu nahi dizuet: lantzean behin gure eraikinetatik pasatzea ez legoke gaizki, ados? Izan ere, nahiz eta elektronikoki jardun ahal izatea itzela den, oso gustuko dugu noizean behin elkar agurtzea ere.

Etiketak

  • #innovación
  • #tecnología
  • #democratización
  • #futuro
  • #govtech

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko