Ba al dago munduaren amaiera ekidin dezakeen zerbait?

#Pure tech

2024.02.26 Irakurketa denbora: 9 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Aitor Espié

Nonahi dago. Egunkaria edo sare sozialak ireki, telebista piztu edo irratia entzuten hasten garenean, hor agertzen da: klima-aldaketa. Okerrera egin dugula, oso gaizki gaudela eta orain gauden egoera ez dela ezer etorkizunean egongo garenaren aldean. National Geographic-ek (2024) ere badio:

“Tenperaturen igoerak, Artikoko urtzeak, Kanadako baso-sute katastrofikoak: 2023an, klima-aldaketaren ondorioek eta faunarentzako ingurumen-mehatxuek marka guztiak hautsi dituzte”.

Etorkizun zalantzagarri eta kezkagarria duen 2024an sartu gara. Britainia Handiko Meteorologia Bulegoak adierazi duenez, 2024an Lurraren batez besteko tenperatura globala 1,34°C eta 1,58°C artekoa izan liteke, eta horrek Parisko Akordioaren (2015) alarmak saltaraziko lituzke Europar Batasunean. Gainera, tenperatura hori izatearen ondorioak kudeatzea geroz eta zailagoa izango da denbora pasa ahala.

Inoiz ez diozu zure buruari galdetu zergatik ez garen gai hau geldiarazteko? Ba al dago horren aurka borroka dezakeen zerbait? Horrela jarraituko al dugu munduak gehiago ezin duenera arte? Baliteke galdera horiei erantzuteko modurik ez egotea. Nahiz eta etorkizunean gure bizitza nolakoa izango den jakiteko aurreikuspenak izan, hurbilketa horiek egunetik egunera alda daitezke. Hala ere, erantzun horietako bat begien bistakoa da: teknologia. Teknologia eta bere atzean dauden pertsonak aspalditik ari dira klima-aldaketari aurre egiten laguntzen.

BETIKOA

Dagoeneko 10 urte inguru daramatzagu energia berriztagarriei buruzko gauzak entzuten eta jada ez zaizkigu berritzaileak iruditzen, baina, esan beharra dago, oso ondo egiten dutela lan. Izan ere, World Metereological Organizatiom (WMO) eta International Renewable Energy Agency (IRENA) (2022) erakundeek egindako txosten baten arabera (COP28-an aurkeztua), munduan sortutako elektrizitatearen % 30 inguru iturri berriztagarrietatik dator.

Badakigu energia berriztagarriek nola funtzionatzen duten, naturak eskaintzen dizkigun eta agorrezinak diren energiak erabiltzea eta gauza horiek… baina erabiltzen duten teknologia asko aldatu da lehen aldiz ezagutarazi zirenetik, eta energia sortzearen eta banatzearen kostuak nabarmen jaitsi dira (nahiz eta azpiegituran inbertitzen jarraitu behar den, eskaintza ere asko igo baita). Horrek, era berean, lagundu egiten die pertsona arruntei erregai fosilak atzean utzi eta energia berriztagarrien bideari ekiteko. Eguzki-panelak, adibidez, goitik behera aldatzen ari dira, jendeak errazago izan dezan erregai fosiletik energia berriztagarrira aldatzea. Aldaketa horiek, besteak beste, material organikoak erabiltzea, edozein lekutan sartu ahal izateko malguagoak egitea edo leiho gisa instalatu ahal izateko gardenak izatea izan dira. Eguneko lehen eguzki-izpia ez da sekula hain ondo etorri.

Adimen artifizialak (AA) eta blockchain delakoak ere badute zer esanik eremu honetan: lehena funtsezkoa da eguzki-panelek edo turbina eolikoek egunero biltzen dituzten milioika datu aztertzeko eta errendimendua hobetzeko produkzioa aurresateko. Datu berriez gain, AAk datu historikoak edo iragarpen klimatikoak azter ditzake, dagoen teknologiarekin ahalik eta onena egiteko. blockchain delakoaren helburu nagusia, berriz, energia horren jatorria eta kontsumoa egiaztatzea da. Hala, energia hori erabiltzen ari diren pertsonek ziur dakite jatorria % 100 berriztagarria dela eta ez dagoela erregai fosilekin nahastuta. Nahiz eta blockchain tresna oso erabilgarria izan berotegi-efektuko gasen (BEG) gardentasunerako, erantzukizunerako eta trazabilitaterako, badu alde txarra ere: haren karbono-aztarna oso handia da, katean blokeak sortzeak (hortik dator blockchain terminoa) energia asko eskatzen baitu.

Greenpeacek dio Espainiak 2050erako penintsulako elektrizitate-eskaera 56 aldiz baino gehiago hornitzeko adinako ahalmen berriztagarria duela. Euskadin, ordea, hirukoiztu egin beharko da energia horien erabilera, 2030erako % 42ko helburua lortzeko.

ITXURA ONA DUENA

Beti funtzionatzen duten erremedio klasikoez gain, azken urteotan arazo klimatiko horiek orain dela gutxira arte ezinezkoa zen moduan aztertzeko eta tratatzeko aukera ematen diguten teknologiak garatu dira. NASAk, adibidez, klima-aldaketari eskainitako programa oso bat du:

“Baliteke (pertsonek) NASA klimaren ikerketarekin eta behaketekin ez lotzea. Baina Lurra ere planeta bat da, eta NASA Lurraren zientzietako protagonista garrantzitsuenetakoa da, eta esperientzia handia du gure klima behatzen, bereziki espazioaren ikuspuntutik. Gaur egun, mila milioi dolar baino gehiago gastatzen ditu urtean Lurraren zientzietan, eta dozena bat satelite baino gehiago ditu planetaren inguruan ozeanoa, lurra, izotza, atmosfera eta biosfera behatzen”.

Urrutiago joan gabe, hemen bertan, Bizkaian ere, bada metanoa (berotze globalari kalte larria egiten dion berotegi-efektuko gas bat) detektatzeko eta monitorizatzeko espazioaren behaketa erabiltzen duen enpresa bat: Satlantis. Eider Ocerinek, Customer Delivery zuzendariak, azalduko digu nolakoa izan zen misio hori:

“Metanoa karbono dioxidoa baino 80 aldiz kaltegarriagoa den berotegi-efektuko gasa da. Gas- eta petrolio-industriarekin lotura estua du, besteak beste. Duela gutxitik, nazioarteko erakundeak berariazko erregulazioak egiten ari dira arazo horri aurre egiteko. Satlantisek gas horren emisioak detektatzeko misio bat jarri zuen martxan ekainean, eta kuantifikatu egingo ditu, azken operadoreei eta erabiltzaileei emisio horiei buruzko informazioa eman ahal izateko. Hain zuzen, Europako Batzordearen Copernicus programaren kotizaziopeko misiotzat hartu da misioa”.

Txapela eranzteko modukoa.

INPORTA ZAIGUNA

BEGek, aipatu berri dugun metanoak bezala, egungo erritmoan jarraitzen badute, Lurrak eta bertan bizi garen pertsona eta izaki bizidun guztiok arazo handi bat izan genezake. Zergatik? Gas horiek Lurraren atmosferan metatzen direlako eta eguzkiaren energia infragorria xurgatzen dutelako. Hori dela eta, gure planetaren tenperatura gero eta handiagoa da, eta horrek sor ditzakeen arazoak, besteak beste, glaziarrak urtzea, fenomeno meteorologiko larriagoak sortzea eta espezieak desagertzea izan daitezke.

Gas horiek, oro har, giza jarduerak sortzen ditu, eta, horregatik, proposatzen den konponbideetako bat hiri adimendunak dira (smart cities), hiriak baitira gaur egun berotegi-efektua eragiten duten gas gehien sortzen duten kausetako bat. Baina… zer da hiri adimendun bat? RAEk azaltzen digu:

“teknologia aurreratuaren eta baliabideen kudeaketa eraginkorraren bidez, bere zerbitzuak optimizatzea eta garapen jasangarria sustatzea helburu duen hiria da”.

Horrek esan nahi du, trafikoa kudeatzea, farolak optimizatzea, kutsadura monitorizatzea eta zaborren bilduma optimizatzea bezalako gauzak egiteko gai dela hiri adimendun bat.

Garraioa, adibidez, BEGen emisioen arazo nagusietako bat da. Intergovernmental Panel on Climate Change-en (IPCC) esanetan, garraioaren sektorea energiarekin lotutako CO2 emisio globalen ia laurdena da (% 23), eta lurreko garraioa garraioarekin zerikusia duten CO2 emisio guztien % 71 baino gehiago da. Horretarako, erregai fosilak atzean utzi eta bioerregaiak erabiltzen dituen garraio elektrikoaren edo garraioaren erabilera ezarri nahi da. Zenbait hirik badituzte dagoeneko autobus elektrikoak eta taxiak, hidrogeno berriztagarriarekin dabiltzanak; auto elektrikoak ere, beraien aldetik, ospetsu izaten hasi dira.

Aipatutako aldaketa eta kudeaketa horiek lortzeko, Internet of Things (IOT) ezinbestekoa da. Teknologia horri esker, konektibitateaz balia daiteke komeni diren datuak bildu eta aztertzeko. Datu horiek direla eta, garraio publikoaren antolatzaileek, adibidez, ibilbideak optimizatzeko edo tiketak saltzeko ereduak hauteman ditzakete. Era berean, hondakinak biltzeko bideak optimizatzen dira, jendea pasatzen denean pizten diren kale-argiak daude, edo edonork jakin dezake non dagoen hainbeste denbora bila ibili den aparkaleku libre hori.

The World Bank-ek dioenez, gaur egun, munduko biztanle guztien % 56 hirietan bizi da, baina joera horrek hazten jarraituko du, eta 10 pertsonatik 7 hirietan biziko dira 2050erako. Pertsona horiek guztiak hiriguneetara joaten direnean, inoiz baino garrantzitsuagoa izango da hirien kudeaketa on bat egitea.

DENA DELAKOA

Ez dakigu gertatzen ari den guztiari buelta eman ahal izango zaion, baina ahalegin guztiak egiten ari dira. Etorkizuna zalantzazkoa eta kezkagarria den arren, NEF elkartearen arabera, ingurumen-helburuak lortu nahi baditugu, 2008ko krisiaren ondoren ikusi ziren austeritate-neurriak saihestu behar ditugu (gastu publikoa murriztea dakar horrek), eta ahalegin sozioekonomiko handiak egin behar ditugu gure ingurumen-arazoak konpontzeko.

Oharra: Halaber, primeran legoke gas korrosiboak irentsi, disolbatu eta zuhaitzak jaurtitzen dituen makina bat asmatu arte begira geratu beharrean, gure harri-koskorra jarriko bagenu, prozesu guztia azkarrago joan dadin. Horregatik, gai horiek buruan dituzten pertsona guztiei dei egin nahi diegu: jarraitu informatzen, ikasten eta gogor lan egiten gure planetari laguntzeko. Izan ere… inoiz ez dakigu nolakoa izango den etorkizuna, agian energia sortzeko beste modu bat aurkitzeko, makina berritzaile bat sortzeko edo proiektu disruptibo batean parte hartzeko gai izango zarete, Lurra bertako izaki guztiak zoriontsu bizi ahal izateko leku bihur dadin.

Etiketak

  • #emprendimiento
  • #cocreación
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #tecnología
  • #futuro

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko