Aurrera jarraitzeko, gelditu beharra daukagu

#Reflections

2023.03.07

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Natalia Lisinicchia

Begi bat mikroskopioan eta beste bat teleskopioan. Edizio bakoitzarekin, gure neuronak martxan jartzen ditugu BizkaiaTech Magazinerako gai interesgarriak aurkitu eta proposatzeko. Erronka gisa planteatzen dugu hau, eta gure helburua da mahai gainean elkarrizketak sortzen dituzten eta zer pentsatu ematen duten gaiak jartzea. Edizio honetan, hain zuzen ere, hain beharrezkoak diren eztabaida-gai horiek sortzea bilatzen dugu, gaur egun bizi dugun mundu konplexu horrekin bat datozenak, elkarrizketaren bidez,guztiok batera etorkizun hobea eraiki dezagun.

Gure aurreko belaunaldiei guztiz ezezaguna egingo zitzaien mundu batean bizi gara, eta XVIII. mendeko pertsona argiena ere ez litzateke gure izan duen eboluzioa ulertzeko gauza izango. Horren arrazoia ez da ustekabea, ordea, ez baitugu inoiz bezalako teknologia-leherketarik ikusi.

Eraldaketa horren aitzindari nagusia “ezagutzaren gizartearen” gorakada izan zen. 1969an aurkitu genituen ezagutzaren langile bezala ezagutzen ziren elkarren artean konektaturiko kolektibo zientifiko horren lehen aipamenak (Drucker, 1969). Beraien aurkikuntzak komunitate zientifikoaren artean landu eta partekatzearekin itsututa zeuden pertsonak ziren, eta beraien helburua mundu guztiaren bizi-baldintzak hobetzea zen. Orain, imajina dezagun aipatutako komunitate hori hiperkonexio-testuinguru batean, Googleren makinak jo eta ke denbora guztian (zabor kosmikoa iragazteko gaitasunarekin), Fernando Alonsoren box-ean baino tresna zehatzagoak dituzten laborategiekin, CERNa eraisteko gai izango liratekeen garun oso kualifikatuekin (inoiz baino pertsona adimendun gehiago ditugu gaur egun), ezinezkoa lortzera bideraturiko laguntza ekonomikoekin, eta 24/7 lan egiten duten adimen artifizial eta datu-base amaiezinekin.

Argi dago planetako txoko guzti-guztietako jendeak elkarrekin lan egiteak aurrerantz egiteko abiadura bizkortzen duela. Inoiz ez da azken 10 urteetan adina saiakera akademiko argitaratu. Oso gutxitan ematen dizkiote Nobel sariak pertsona bakar bati; taldeak izan ohi dira saria eskuratzen dutenak azken urteotan, eta diziplina anitzekoak, gehienetan. Ezagutza partekatu horri esker, txertoen garatze-prozesua hogei urtetik bi urtera aurreratzeko gai izan gara (eta laster are gutxiago beharko dugu). Horrez gain, ordenagailu kuantikoen ahalmen konputazionala berrehun aldiz handitzen genuen bitartean, suziri berrerabilgarriak eta ibilgailu autonomoak garatzen genituen. Ezerk ezin du mende honetako eta etorkizuneko arazo konplexuenak konpondu nahi dituzten zientzialarien armada geldiarazi.

ZER ZERIKUSI DUTE ZURE OINATZ DIGITALAK, HIROSHIMAK ETA LABAN BATEK?

Zientziaren gorakadak, mundua eta hura arautzen duten legeak deskribatzeko gai denak, teknologiaren gorakada dakar berarekin, aipatutako mundu hori eraldatzeko gai dena. Hain zuzen ere, hori da (teknologia) aldaketaren motorra, eta gelditzeko asmorik gabe, gero eta bizkorrago doa. Zientzia eta teknologia etengabe borrokatzen ari dira guk gure buruaren gaitasunak zalantzan jartzeko; zerbaitek nola funtzionatzen duen ulertzen dugula uste dugunean, orain arte ikusi eta ezagutu ez dugun zerbait berria agertzen da. 5Gak nola funtzionatzen duen ulertzen duzula uste al duzu? Ahaztu ezazu, jada 6G-a kuku egiten ari da eta (eta jarraian 7G-a, 8G-a, 9G-a eta horrela amaierarik gabe... bertigo sentsazioa ematen du). Ezin dezakegu gailu teknologiko berri bat imajinatu ere egin eta dagoeneko forma hartzen ari da.

Izugarrizko abiadura horrek ez die soilik teknologia-ekoizleei eragiten, kontsumitzaileak ere kaltetuen barruan sar ditzakegu. Teknologia berri horiez inguratuta egoteak erabili eta kontsumitzera behartzen gaitu, teknologiak baztertuta uzten gaituela ez sentitzeko behintzat (saia zaitez bi astez mugikorrik gabe bizitzen eta lehen pertsonan biziko duzu gure ispilu beltz txikiek sortzen diguten mendekotasuna). Erabat babestuta egotera ohitzen ari gara, bizitza pixka bat errazago eta erosoago egiten baitigute. Dena emango genuke Kanarietara joateko azken minutuko eskaintza baten truke, Conquis-eko azken kapituluaren truke edo Amazon-ek gomendatutako zure txakurrarentzako ohetxo baten truke.

Laban bat sagar bat zuritzeko erreminta edo bizi asko suntsitzeko arma hilgarria izan daiteke. Dilema hau da aurkikuntza zientifiko ororen eta ondorengo garapen teknologikoaren ondorio zuzena. Norbaitek fisika kuantikoak nola funtzionatzen duen ulertu eta teorizatzen duen momentuan, beti egongo da norbait teknologia hori txarrerako erabiliko duena, atomoa apurtuz energia sortzeko edo milioika bizitza kaltetzeko, adibidez. Gauza bera gertatzen da zalantza eta begirunerik gabe oparitzen ditugun datuekin ere; zer gustatzen zaigun, zer erosten dugun, zer irakurtzen dugun, zer ordutan oheratzen garen eta, batzuetan, baita norekin ere.

Modu inkontzientean gure bizitzak hodeian erregistratzen eta datu-base aberatsak sortzen ari gara, eta ezer gutxi egin dezakegu hobera joateko. Izan ere, teknologia gure bizitzetan oso errotuta dago gaur egun, eta honen arabera aukeratzen dugu nola bizi garen, mundua nola ulertzen dugun eta bertan egin dezakeguna eta ez.

Ezagutzaren gizarteak ekoiztu, sortu eta diseinatutako teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aurrerapen, zerbitzu, produktu eta abantaila guztiek gero eta gehiago hurbiltzen gaituzte ‘arriskuaren gizartera’, Manhattan proiektuan pentsatu besterik ez dugu. Bi kontzeptu hauek banatzen dituen lerroa gero eta estuagoa da. Zientziak eta teknologiak aurrera egin ahala, mundua konektatuago, interdependenteago eta ziurgabeago bihurtzen da. Aurrerapen teknozientifiko gehienek helburu positiboak dituzten arren, aukera guztiak ez aztertzeak, hauek gaizkia egiteko erabiltzea ekartzen du orokorrean, ongia atzean utziz.

Edozein teknologia aurreratu, magiarengandik bereizezina da - Arthur C. Clarke

HOBE BERANDU INOIZ EZ BAINO

Arriskuari aurre egiteko, hitz egin beharra dugu. Idealki, elkarrizketa hau diseinu-prozesuaren aurretik gertatuko da, etika eta diseinu irisgarri eta unibertsala (atzean inor utzi gabe) kontutan harturik eta ondoren, agindutakoa bete dugula ziurtatuz.

Hala ere, inoiz ez da beranduegi ongia egiteko (batez ere konbentzitzeko moduko teknologia batzuen gabeziak konpontzeko); hala erakutsi du Disney-k mezu labur baina indartsu batekin Dumbo, Peter Pan edo El Libro de la Selva bezalako filmak hasi aurretik honako hau dioen mezu bat jarrita:

“Film honek pertsonen edo kulturen irudikapen negatiboak edo bidegabeak erakusten ditu. Estereotipo horiek gaizki zeuden orduan, eta orain ere gaizki daude”.

Honelako mezuek, guztion artean etorkizun inklusiboagoa nola sortu ikasteko elkarrizketak sortzen laguntzen dute. Jorge Agustín Nicolás Ruiz de Santayana filosofo eta poetak zioen bezala,

“Bere historia ahazten duena, hura errepikatzera kondenatuta dago”.

Honen beste adibide argi bat, GDPR legearen eskutik dator. Honek, cookieless mugimendua bultzatzen du, eta bere helburua erabiltzaileen datuekin eta horien bizitzeko ohiturekin ez komertzializatzea da. Soilik beraien webguneetan erabili ahalko dituzte datuak enpresek, eta bakarrik helburu funtzionalak betetzeko.

Mundu digital honen kontsumitzaile garen aldetik, agian orain da momentua nolako etorkizuna eraikitzen ari garen eta ea hau den nahi duguna pentsatzeko. Erakundeak, administrazioak eta beste gizabanako batzuk gogoeta egitera bultzatu beharra daukagu, ideien topaketa eta konfrontazioa erraztuz. Hau guztia, teknologiak eta diseinuak sortutako mundu batek planteatzen dituen erronken aurrean jarrera etikoa –Bai indibiduala zein kolektiboa– eraikitzen laguntzeko helburuarekin.

Ez ditugu gure bizitzetatik kendu behar. Nahita ere ezingo genuke. Nahi ala ez, gure sistema sozial eta ekonomikoa osatzen duten pertsona guztiak horien mende daude. Hala ere, eztabaidatzeko eta iritziak partekatzeko guneak ireki beharra dugu ekoizle eta kontsumitzaileen artean. Gai etikoei buruz hitz egin beharra dugu, galera eta irabaziak (eta enpresek amaierarik gabe hazteko duten obsesioa), arretaren ekonomiaren presioa (gure arreta-gaitasunagatik lehiatzen dena, gaur egun txakurkume baten pareko arreta-gaitasuna dugunez gero) eta kultura sortzailearen presioa elkarrizketa horietan ahalik gehien ekidinez.

Joan den mendeko 29. urtean, Edward Wilson sozio-biologo estatubatuarrak, Paleolitoko emozioak, Erdi Aroko erakundeak eta jainkoen pareko teknologiak genituela profetizatu zuen. Hala ere, honek ez gaitu erantzukizunetik edo aitzakiatik libratzen. Gure arrazoitzeko gaitasuna erabili beharra dugu aurrera jarraitzeko. Ondorioz, sustatu nahi ditugun elkarrizketa hauek sostengua izan dezaten, edizio honetan atze-atzetik hasi nahi izan dugu; azken urteotan sortzen ari diren teknologia eztabaidagarrienetako batzuk, hala nola robotika eta adimen artifiziala, zer diren eta nola funtzionatzen duten ulertu nahi dugu. Klase teoriko txiki honi esker (hori bai, oso entretenigarria…), gure gizartean eta pertsonengan duten eragina aztertzeko beharrezko oinarriak izango ditugu, bai lanaren ikuspegitik, bai hezkuntzaren ikuspegitik.

Edizio honetan, gure ikuspuntutik epaitu ahal izango ditugu digitalizazioak sortzen dituen belaunaldien arteko etenak edota inor atzean uzten ez duen diseinuak duen izugarrizko garrantzia. Ikusiko dugu, gizartea eraldaketa bat jasaten egoteak nola eragiten duen idatzi gabeko legeetan, adibidez, bulegoetan astean 5 egunetan lan egin behar izatean. Azkenik, lehenengo pertsonan ikusiko dugu diseinu teknologikoaren prozesua, etengabeko esperimentazioz eta proba eta errorez beteta dagoena eta arriskuaren gizartea murrizten lagun dezakeena. Horrez gain, krisi klimatikoari aurre egiten saiatzen ari diren enpresen adibideak ere ikusiko ditugu (gaur egun Lurrak eta bertan bizi garen animalia guztiok dugun mehatxurik handiena), gure adimena eta bat eta zeroak konbinatuz eta horri esker, irtenbideak bilatuz.

Ausartzen al zara etorkizuna desafiatzera?

Etiketak

  • #tech
  • #cultura
  • #emprendimiento
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #tecnología
  • #futuro
  • #arte
  • #educación

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko