Agur, GAFAM

#Reflections

2025.06.13 Irakurketa denbora: 3 minuto

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Laura Barquín

Esnatu bezain laster, biharamun itzela nabaritu dut. Ze ordu da? Kaka zaharra, uste dut atzo lagunekin 11tan elkartzekotan geratu ginela brunch-a hartzeko, lo geratu ote naiz?

Ohean buelta ematen dut nire iPhone-a bilatzeko, gau-mahaian dago. Ez dakit zergatik, baina ez da pizten, falta zitzaidana. Suposatzen dut ez duela bateriarik… Bada, ez, kargatu egin dut eta ez du funtzionatzen. A ze ondo, ez dut gogoratzen atzo kolperik ematerik ere; baina, egia esan, ez dut atzo gertatutakoa ondo gogoratzen.

Bueno, badaukat beste aukera bat, ordenagailu eramangarria baitaukat tiraderan. Ohean beste ahalegin bat eginez, heltzen diot. Aizu, ordenagailua ere ez dabil! Zer gertatzen ari da hemen?

Ohetik altxatu naiz, erdi zorabiatuta. Ea telebista dabilen begiratzera noa, ez baitakit zer ordu den oraindik. Erloju ziztrin bat ere ez daukat etxean, Amazonetik bat erosi beharko dut. Ongi, telebista badabil, eskerrak. Ai ama, eguerdiko ordu biak dira! Eguneko ordua eta nire mugikorrak ez duela funtzionatu nahi kontuan izanda, brunch-era joatearena iraganeko gauza da dagoeneko. Egitekorik ez daukadanez, telebista piztuta uzten dut, aspaldian egin ez dudan zerbait. Albistegien ordutegian gaude, eta kate guztietan ari dira ematen. Modu harrigarrian, guztiak gauza beraz hitz egiten ari dira:

«Zer gertatu da GAFAM-ekin?» «GAFAM gabeko mundu batean» «Dena GAFAM-en erorketari buruz»

Ez dakit GAFAM-ek zer esan nahi duenik ere, eta eskua luzatu eta mugikorra bilatzen hasi naizenean gogoratu naiz ezin dudala Googlen bilatu. Zorionez, Xabier Usabiagak momentu batetik bestera azaldu dit:

- Gaur goizean esnatzean ezin izan badituzue zuen Apple gailuak erabili, ez bazaizue Amazoneko paketea heldu, edo ezin izan baduzue Googlen bilaketarik egin, ez zaitezte kezkatu, ez da zuen errua. Aurrekaririk gabeko birus batek mehatxatu du GAFAM (Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft enpresa teknologikoek osatutako siglak), eta munduko sistema guztiak eten ditu.

Fium, ez a nire errua. Eskerrik asko, Xabier, asko eskertzen dizut.

Bueno, lasaiago geratu naiz munduko sistema guztiak kolapsaturik dauden arren, horrek negozioetan eta gizartean dituen ondorioak kontuan izanda… eta krepe batzuk egiten baditut biharamun hau desagerrarazteko? Ai, baina ez dakit errezeta… Begiratuko dut ea hemen dudan amak oparitu zidan sukaldaritza-liburua… Nork uste du ideia ona dela XXI. mendean sukaldaritza-liburu bat oparitzea? Dena den, oraintxe bertan, horixe da erabil dezakedan gauza bakarra.

Nire bizitzako kreperik onenak jan eta gero, txirrina jo didate. Lagunak ziren, eta zerbait gertatu zaidan jakiteko etorri dira etxera (badaezpada ere, gosari ederra jan eta gero etorri dira, eta ez lehenago).

Etxean sartu direnean, noski, gori dagoen gaiaz aritu gara: gure denbora-pasa gogokoenak kontrolatzen dituzten enpresen beherakada. Maitek esan digunez, albisteetan entzun du hori guztia gertatu aurretik 177 mila milioi mezu elektroniko inguru bidali eta jasotzen zirela, 1.3 mila milioi post igotzen zirela Instagramera, eta 1.6 milioi pakete bidaltzen zirela Amazon erabiliz egunero. Ez nau harritzen horrek mundu mailako krisi baterantz garamatzala ikusteak…

Hala ere, ondorioztatu dugu jende askok eskertuko duela gertatutakoa: negozio txikiek, ingurumenak, asteburuetan lan egiten duten pertsonek, multinazional erraldoi horien lehiakide –baina konpetentziarik suposatzen ez duten– horiek… eta guk geuk ere. Aspalditik ez ginen esertzen bizitzaz hitz egitera eta hainbat gairi buruz hausnartzera (behintzat mugikorra atera gabe arrazoia nork duen egiaztatzeko).

Lagunak joan direnean, telebista piztu dut berriz, eta La Noche De… programako pelikula bat ikusten hasi naiz, dagoeneko hasita zegoen horietako bat, nire aitona-amonek egiten zuten bezala. Ez dut sekula ulertu, baina gaur, gauza bera egitean, beraiengandik hurbilago sentitu naiz.

Egia esan, biharamunaren kontu hori kenduta, egun ederra izan da. Bihar, igandea denez eta ez dudanez goizean esnatuko nauen alarmarik izango, agian bizkotxo txiki bat egin eta ama gonbidatuko dut etxera, bizkotxoa proba dezan. Horrela, ez dit berriz galdetuko ea bere sukaldaritza-liburua erabili dudan ala ez…

Etiketak

  • #tech
  • #cultura
  • #ciencia
  • #tecnología

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko