1 Formulara eta haratago

#Doing

2025.10.02 Irakurketa denbora: 7 minuto

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Aingeru Herrera

Automobilismoaren kategoria gorena, teknologiaren eta datuen elitea, luxu eta glamourrez betetako bizitza, estrategia eta abiadura konbinatzen dituen leku magiko hori: horrelakoa da 1 Formula. Txapelketa dagoen asteburu bakoitzean, milioika pertsona biltzen dira telebisten inguruan 20 auto –bakoitza bere pilotu eta dekorazio koloretsuarekin, eta 210km/h baino bizkorrago– herrialde ugarietako eszenatoki ikusgarrietan bueltak ematen ikusteko. Baina 1F ez da hor geratzen, askoz haratago doa.

Izan ere, auto distiratsu horietara bideratuta dauden arreta guztiaren atzean, hura eraikitzeaz, fintzeaz, estrategiak pentsatzeaz, datuak maneiatzeaz edo, beste modu batera esanda, ikuskizuna agintzeaz arduratzen diren pertsona horiek guztiak daude. Hori bai dela amets batean bizitzea, ezta? Baina, nola hel daiteke norbait posizio horretara? Zer ikasi behar da motorrarekin zerikusia duten kirol guztien erreginan lan egin ahal izateko?

ZUEKIN GUZTIOKIN: FORMULA STUDENT BIZKAIA

Zorionez, Bizkaian adrenalinaz beteriko mundu honetara hurbiltzeko aukera izugarria daukagu, Formula Student Bizkaia (aurrerantzean, FSB) izeneko EHUren irabazi-asmorik gabeko irakaskuntza-proiektua. Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle guztiei zabaldutako proiektua da, guztiz boluntarioa bai ikasle, bai irakasleentzat.

Project Based Learning (PBL, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza) metodologia jarraituz, erronka hori onartzen duten ikasleen helburua eserleku bakarreko auto konpetitibo bat zerotik sortzea da, nazioarteko beste Formula Student batzuen kontra lehiatu ahal izateko. 10 urteko lanaren ondoren, kurtso horrek 400 pertsona baino gehiago prestatzeaz gain, motorraren munduan lan egiteko ametsak betetzeko bidean jarri ditu. Gure aldetik, laurehun pertsona horietako birekin hitz egiteko aukera izan dugu, beraien prozesua nolakoa izan zen ikasteko asmoarekin. Gorka Martín eta Nerea Marrodán aurkezten dizkizuegu, FSBtik pasa ostean (eta esfortzu handiarekin) 1 Formulan lan egitea zer den lehen pertsonan bizi ahal izan zuten bi talentu. Gehiago ezagutu nahi dituzu?

AMETSETATIK ERREALITATERA ETA ERREALITATETIK AMETSETARA

Bere txikitako ametsek bultzatu zuten Gorka FBS programan parte hartzera: «Txikitatik sentitu izan dut autoenganako eta motorraren munduarenganako pasioa. Beti amestu izan dut telebistaz ikusten nituen ingeniari horietako bat izateaz, 1 Formulako taldeen atzealdean lan egiten. Bide horretako lehen pausuak emateko aukera bezala ikusten nuen FSB, neure burua probatzeko eta balio nuen ikusteko proiektua baitzen».

Nerearen kasuan, ordea (eta bitxiki), alderantziz izan zen, izan ere, berak kontatzen digunaren arabera, programak Bilboko Ingeniaritza Eskolako ate ireki batzuetan jaso zuen bere arreta: «Kurtso desberdinetako ikasle askok parte hartzen zuten, bakoitza bere polo gorriarekin eta klasetik irtetean zertan ari ziren besteei kontatzeko irrikatan. Beraien ilusioak nire arreta bereganatu zuen, eta taldean lan egiteko, nire diseinuak sortzeko, eta unibertsitatetik kanpoko mundua ezagutzeko aukera ezin hobea zelaz konturatu nintzen». Ondoren, taldearen parte izan zen hiru urtez, eta «zure ideia eta eskuekin lasterketetarako auto bat diseinatzea eta eraikitzea» bere amets bihurtu zen.

Biek esan digutenaren arabera, FSB programan izandako denbora ikaragarri positiboa eta aberasgarria izan zen. Unibertsitatean teorikoki ikasten den guztia aplikatzearen garrantzia azpimarratu du Nereak, horrek lagundu baitzion bere benetako bokazioa aurkitzen. Honela kontatzen digu: «Deskubritu nuen zein arlotan gustatzen zaidan lan egitea, eta zeinetan ez; zein modutan lan egitea gustatzen zaidan, eta zeinetan ez; eta proiektuak aurrera ateratzeko modua bideaz gozatu bitartean. Gure bizitza profesional osoan zehar aldatuko den prozesua izan arren, urtez urte ikusten dut taldean (edo antzeko proiektuetan) parte hartu duten pertsonen ikuspegi ezberdinari esker, eta baita mundu errealeko arazoei aurre egiteko modu bereziei esker. Batez ere, egiten dutenarekiko grina handia da garrantzitsuena». Gorkak, bere aldetik, bere esperientziaren ondoren, hiru gauza azpimarratzen ditu: ikaskuntza teknikoa, sailen arteko lankidetza eta presiopean eta epe zorrotzen pean lan egiteko ikaskuntza; izan ere, bere hitzetan, motorraren munduan nahiko arruntak dira epe zorrotz horiek. Laburbilduz, programa «maila teknikoan zein pertsonalean hazteko esperientzia paregabea» dela adierazi du.

BA AL DAGO BIZITZARIK FSB-REN OSTEAN?

Aurretik egin dizuegun spoilerra eta gero, badakizue Gorkak eta Nereak 1 Formulan lan egiteko aukera izan zutela, espezifikoki –eta hurrenez hurren– Red Bull Racing taldean eta Mercedes AMG High Performance Powertrains-en. Gorkak taldearen aerodinamikako departamentuan egiten zuen lan, eta Nereak produktu-ingeniaritza sailean. Baina, zer esan nahi du horrek guztiak?

Gorka analista aerodinamikoa zen, eta bere «lana pistan lortutako datuen, CFD simulazioen (fluidoen dinamika konputazionala) eta haize-tuneleko saiakuntzen elkarren arteko loturan oinarritzen zen. Helburua autoan inplementatzen zen diseinu aerodinamiko berri bakoitzak baldintza errealetan espero bezala funtzionatzen zuela ziurtatzea zen. Horrek eskatzen zuen datu-bolumen handiak aztertzea, iragarpen-ereduak baliozkotzea, eta diseinatzaileekin lankidetza estuan aritzea eserleku bakarreko autoen errendimendua optimizatzeko. Oso rol teknikoa zen, baina baita estrategikoa ere, edozein hobekuntza pare bat segundo-hamarretan izan baitzitekeen lasterketan».

Nerearen lana antzeko bidetik zihoan: «Nire lana eta nire lankideena testing-ean edo 1F denboraldiko Grand Prix-etan motorrek izan zitzaketen akats mekanikoak aztertzea eta konpontzea zen; eta dena ondo bazihoan, hurrengo denboraldiko powertraineko pieza edo multzo desberdinak diseinatu eta hobetzea. Laburbilduz, nire postua datuak aztertzea eta diseinuak hobetzeko erabiltzen jakitea zen, eta pistan milisegundo gutxiago galtzearekin nahikoa zen iraunkortasun-muga aurkitzen nuen».

EZ DEZAGUN TALENTUA ALPERRIK BOTA

Ba al dakizu honen guztiaren onena zer den? Bizitza guztian 1Fn lan egitearekin amets egin baduzu (edo artikulu honek zure arreta bereganatzen badu), hainbesteko fama duen polo gorri hori janzten duen hurrengoa izan zaitezkeela. Nerea eta Gorkaren arabera, diziplina baduzu, estresa ondo kudeatzen baduzu, jarrera moldagarria baduzu, eta talde-lanean ongi aritzen bazara, seguru zure lekua aurkituko duzula mundu izugarri honetan. Izan ere, FSBko ikaslegoaren parte izaten bazara, bertako familiaren parte izango zara bizitza guztian. Gorkak dioen bezala: «Gaur egun, oraindik nago harremanetan ikaskideekin, eta batera gauden bakoitzean, hainbeste ukitu gintuzten denbora horiek lilura handiz gogoratzen ditugu. Beti esaten genuen bezala: Once a Formula member, always a Formula member».

Ba al zenekien? – 1 Formula edizioa

Nereak diotsu: Ba al zenekien fabrikek produktua sortu eta eman ondoren, taldea bera dela duen onenarekin zirkuitu batetik bestera bidaiatzen duena? Harrigarria da etxetik egiten den jarraipena, fabrikatik mugitu ere egin gabe ordutegi desberdinetara egokitzen den (Miami, Japonia, Australia…) jende hori guztia: prestakuntza-fase bakoitzera adi egoteko, xehetasun guztiak komunikatzeko edo ezustekoren bat gertatzen bada ikerketak zabaltzeko prest. Badira proba-motorrak ere, bereziki pistako egoerak erreplikatzen dituztenak!

Gorkak diotsu: Ba al zenekien 1 Formulako taldeek denbora errealeko simulazioak erabiltzen dituztela autoak itzuli bakoitzean izango portaera iragartzeko? Gainera, simulazio horiek zuzenean autotik iristen diren datuekin etengabe eguneratzen dira. 1000 telemetria-kanal baino gehiagoz ari gara, informazioa transmititzen dutenak, hala nola pneumatikoen tenperaturak, mikro aldaketa aerodinamikoak edo osagaien degradazioa.

Ba al zenekien erabaki estrategiko bakoitza (boxetan noiz gelditu edo zer doikuntza egin) gutxieneko aldeen mende egon daitekeela (pneumatiko baten tenperatura-gradu baten edo errendimendu-galeraren segundo hamarren baten mende, adibidez)? Xake partida bat 300km/h-ko abiaduran jokatzea bezala da, non momentuan prozesatutako milaka datuk babesten duten mugimendu bakoitza.

Etiketak

  • #innovación
  • #cocreación
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #tecnología
  • #educación
  • #talento

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko