Bioteknologia: kolorez betetako zientzia

#Pure tech

2024.03.01 Irakurketa denbora: 8 minutu

eusBIOTEK

Ilustrazioa: María Ortiz

Bioteknologiak edarien eta elikagaien hartzidurarekin laguntzen digu aspalditik, baina gaur egun inoiz baino agerikoagoa da eskura dituen aurrerapen eta ezagutza berriekin. Intsulinatik hasi eta uraren tratamendura helduz, organismoek eta haien osagaiek gure bizitza hobetzeko irtenbideak eskaintzen dituzte.

ZER DA BIOTEKNOLOGIA?

Inoiz pentsatu duzu zer zientzia dagoen ogiaren, ardoaren, jogurtaren edo garagardoaren atzean? Segur aski elikaduraren zientziak etorriko zaizkizu burura, baina zer gertatuko litzateke zerrenda horretara landare-txertaketak edo txertoen fabrikazioa gehituz gero? Erantzuna: bioteknologia. Bioteknologia sistema biologikoen, organismoen edo horien deribatuen aplikazioak aztertzen dituen zientzia da, gure bizi-kalitatea eta planetaren osasuna hobetuko dituzten produktuak eta teknologiak lortzeko. Hau da, organismoak gure bizitza hobetzeko erabiltzea, alegia. Gaur egungo zerbait badirudien arren, zientzia honek milaka urte ditu, besteak beste, mikroorganismoak erabiliz ogi, ardo eta jogurt hori ekoizteko hartzidura-prozesuetan hasi zen.

KOLOREZ BETETAKO ZIENTZIA

Gaur egun, hartzidura-prozesuen atzean dauden zergatiak ezagutzen ditugu, eta, ondorioz, badakigu azukreez elikatzen diren eta alkoholak edo azidoak kanporatzen dituzten izaki bizidun mikroskopiko batzuei esker egiten dela prozesu hori. Ezagutza horiei esker, gaur egun mikroorganismoak gure alde erabil ditzakegu. Bioteknologia asko aldatu da azken hamarkadetan, eta gero eta aplikazio gehiago ditu hainbat arlotan. Hainbeste erabilpen ditu, koloreetan banatzen direla: “bioteknologiaren koloreak” deritze.

  • Gorria - Giza-osasuna
  • Zuria - Industria
  • Berdea- Nekazaritza-prozesuak
  • Urdina - Itsasoko eta uretako inguruneak
  • Horia - Elikadura
  • Grisa - Ingurumena
  • Morea - Jabetza intelektuala eta biosegurtasuna
  • Beltza - Bioterrorismoa
  • Urre-kolorekoa - Bioinformatika
  • Marroia - Lurzoru idorrak eta basamortuak
  • Laranja - Dibulgazioa

BIOTEKNOLOGIA ETA OSASUNA

Bioteknologia gorriaren adibide argi bat giza intsulina birkonbinatzailea da. Orain dela gutxira arte, pertsona diabetikoak txerritik ateratako intsulinarekin tratatzen zituzten. Prozesu hori garestia, kutsatzailea eta ez oso etikoa izateaz gain, paziente askorengan errefus-arazoak ere sortzen zituen, txerrien intsulina ez baita gizakiarena bezalakoa. Hala ere, gaur egun sortzen den intsulina gizatiarra da; izan ere, giza intsulina sortzen duen genea bakterio batzuetan txertatzen da horiek “engainatzeko”, bakterioek intsulina kantitate handietan eta kostu txikian sortzeko helburuarekin. Askoz merkeagoa da bakterioak elikatzea txerriak elikatzea baino! Metodo horri esker, animaliak ez dira erabiltzen, eta, gainera, emaitza askoz seguruagoa da.

URA GARBITZEKO: BAKTERIOAK

Gure etxeetatik ateratzen diren hondakin-uren tratamendua da eguneroko beste adibide bat. Ur horiek tratamendu-sistemetara joaten dira, zikinkeriak kentzeko. Hala ere, materia organikoa geratzen da beti ur horretan eta ekosistemak kaltetu ditzake askatzen bada; beraz, tanke batetik pasatzen da, eta tanke horretan bakterio batzuk materia hori guztia “jaten” dute, ura garbi utziz. Prozesu hori bioteknologia grisari dagokio, ingurumena hobetzeko irtenbide jasangarriak emateko erabiltzen diren prozesuak biltzen baititu.

ZATIAK ERABILTZEN

Baina bioteknologian dena ez da organismo bizidunak erabiltzea, haien osagai biologikoak ere erabil daitezke. Adibidez, txertoak sortzeko orduan, birusaren osagaiekin egin daitezke, adibidez, horiek osatzen dituzten proteinekin. Hau da, txerto-mota jakin batekin txertoa hartzen dugunean, proteina horiek bakarrik sartzen dizkigute. Horrekin, gure gorputza antigorputzak sortzeko gai da eta oroimen immunologikoan gordetzen du proteina hori kaltegarria izan daitekeela. Horrela, birusarekin berriro kutsatzen garenean, gure sistema immunologikoak berehala erantzuten du hau ezabatzeko. Txerto-mota asko daude: birus oso indargabetuak edo inaktibatuak, proteinak, eta, koronabirusari “esker”, lehen aldiz erabili diren mRNA-txertoak. Molekula horrek proteina bat sortzeko errezeta darama. Hori dela eta, gure gorputza engainatzen dugu, birusaren proteina sor dezan, eta, ondoren, sistema immuneak detektatu eta martxan jartzen du.

Baina zelulen zatiak ez dira txertoetan soilik erabiltzen, ezta gutxiago ere! Guztiok erabiltzen dugu gure eguneroko bizitzetan osagai zelularrak dituen produktu bioteknologikoren bat. Adibidez, garbigarri edo kosmetiko askok entzimak dituzte, erreakzio kimikoak errazten dituzten proteinak. Askotan, molekula-mota batzuk degradatzen dituzte, hala nola koipea. Horregatik, hainbat garbigarrik arropen orbanak kentzen laguntzen duten entzima espezializatuak dituzte; eta zelula hilak ezabatzen laguntzen duten entzimak dituzten esfoliatzaileak ere badaude.

ORAINGO ETA ETORKIZUNEKO ZIENTZIA

Azken batean, gure bizitzako alor askotan aurkitzen ditugu produktu bioteknologikoak, eta horietako asko egunero erabiltzen dira.

Bioteknologiaren Euskal Elkartetik (eusBIOTEK), bioteknologiaren ezagutzei buruzko dibulgazioa egiten dugu, mundu guztiak inguratzen gaituen mundua pixka bat gehiago ezagutu eta uler dezan. EusBIOTEK unibertsitate-esparruan sortutako elkartea da. Hasiera-hasieratik, zientzia ikasgeletatik haratago eraman nahi du, eta, gainera, pertsona bioteknologoen prestakuntza eta lan-merkatuan sartzeko aukerak hobetzeko helburua ere badu. Gu hobeto ezagutzeko prest al zaude?

JAKIN-MINAREN IZKINA

Zein desberdintasun dago DNA, RNA eta proteinen artean?

DNA informazio genetikoa duen molekula bat da, hau da, proteinak sortzeko errezeta du. Hala ere, zelulen nukleoan dago eta ezin da irten; beraz, hemen sartuko litzateke RNA, zelula osoan zehar bidaiatzen duen kopia moduko bat, eta proteinak sortzeko mezua eramaten du proteina-fabriketara (erribosomak). Liburutegian sukaldeko errezeten liburu bat begiratuko bagenu bezala da. Liburu hori (DNA) ezin da liburutegitik atera, baina errezetaren fotokopia bat egin dezakegu (RNA mezularia edo mRNA) etxera eramateko eta nahi dugun tarta egiteko (proteina).

Etiketak

  • #tech
  • #innovación
  • #ciencia
  • #tecnología

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko