Ulertzeko, entzun

#Soul tech

2023.03.07 Irakurketa denbora: 8 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Josune Urrutia

2023. urtean gaude, eta League of Legends edota Fortnite bezalako bideo jokoak gizartearen aisialdiaren ezinbesteko oinarria dira. Multiplayer deitzen zaien jolas hauek, non pertsona bat baino gehiagok partida bakoitzean parte har dezaketen, mundu guztiaren denbora pasa gogokoenetako bat dira, nahiz eta bideo jokoen munduan hain sarturik ez egon. Nork ez ditu arratsalde osoak pasatu Mario Kartean (modatik sekula pasatzen ez den joko horietako bat) familiarekin jolasten?

Ba al zenekien, ordea, bideo joko mota horien aitzindarietako bat emakume bat, konkretuki, emakume trans bat izan zela? 1983an, Danielle Bunten Berryk (1949-1998), bere Electronic Artseko taldearekin batera, M.U.L.E. bideo jokoa sortu zuen, jokalari bat baino gehiago onartzen zituen lehen jokoetako bat. Joko horrek bere garaian 30.000 kopia saldu zituen. Baliteke zenbakietan gaur egungo jolas arrakastatsuekin konparatuz (Minecraftek 238 milioi kopia saldu ditu eta Grand Theft Auto Vk 170 milioi baino gehiago, adibidez) ezer ez izatea, baina Bunten Berryren arrakasta ez da bere salmentetan neurtzen, baizik eta utzi digun ondarean.

Danielle aitzindaria izan zen, elkarrekin bideo joko batean jolastea zer nolako dibertigarria izango litzatekeen pentsatu zuen lehen pertsonetako bat izan zelako. Horrez gain, bere ondoren etorri ziren diseinatzaileen eredu izan zen. Beti pausu bat aurretik joatea lortu zuen pertsona bat izan zen Danielle. Will Wrightek, hain ospetsua den The Sims jolasaren sortzaileak, aipatutako jolas hau berari dedikatu zion, pentsa zein heinetaraino izan den garrantzitsua haren oinordetza!

ETA EZ DA BAKARRA

Bunten Berry ez da izan eta ez da izango teknologiaren mundua irauli duen emakume trans bakarra. Eta, nahiz eta oso garrantzitsua den teknologiaren munduan lan egiten duten emakumeei (emakume zisgeneroei buruz, kasu honetan) buruz mintzatzea (geuk ere aldizkari oso bat eskaini diegu industria honetako emakume garrantzitsuenetako batzuei) beharrezkoa da teknologian ekarpen izugarriak egin dituzten eta, askotan, ahaztuak izan diren kolektibo bati ahotsa ematea, emakume transgeneroen kolektiboari, alegia. Are gehiago, askoz gehiago hitz egin behar dugu beraiei buruz.

Hainbat emakume aipa ditzakegu beraien ekarpenekin teknologiaren historiaren parte izatea lortu dutenak. Sophie Wilsoni (1957) buruz hitz egin dezakegu, lehenik eta behin. Bera, ingeniari informatikoa da eta bere ekarpen esanguratsuena BBC mikro ospetsua (BBCaren alfabetizazio informatikoaren proiektuaren parte izan zen ordenagailua) izan zen, ordenagailu domestikoaren lehenengotariko prototipoa. Lynn Conwayri (1938) buruz ere hitz egin dezakegu; informatikaria, asmatzailea eta aktibista dugu bera, eta nahiz eta ez zuen erraz izan bere trantsizioarekin aurrera egiteko, lanean jarraitu zuen mikrotxipen diseinua (hauek askoz sinpleago egin zituen) irauli ahal izateko.

IKUSPEGI ALDAKETA

Aurretik aipatutako bi aitzindariez gain, milaka emakume transek lan egiten dute egunero panorama teknologikoan aurrerapenak egiteko. Askok, gainera, beraien egunerokotasunari buruz hitz egiten dute: nolakoa den, benetan, teknologian lan egiten duen emakume trans bat izatea.

Cassondra Foesch programatzailea da eta munduko enpresa teknologiko garrantzitsuenetako batzuetan lan egin du, Google, Amazon eta Microsoften, besteak beste. Berak, trantsizioa egiten zuen bitartean gertatu zitzaion fenomeno bati buruz hitz egiten du. Dioenez, “mundu guztiak ezberdin tratatzen zaitu behin gizona ez zaren unetik”. Bere iritziz, gizonezkoa zarenean eta teknologiaren munduan lan egiten duzunean, beti egia esaten ari zara, inoiz ez dizute ezer zalantzan jartzen eta ez diozu inori azalpenik eman beharrik. Zeure burua emakumetzat aurkezten duzun momentuan, ordea, “boteretsua izateak eta zure buruarengan konfiantza izateak histeriko bihurtzen zaitu”. Penelope Phippen teknologian lan egiten duen beste emakume bat da eta Foeschek dioena berresten du bere hitzekin: “nire trantsizioa baino lehen altu hitz egin nezakeen eta zerbait gaizki iruditzen bazitzaidan edozein elkarrizketatan sartzen uzten zidaten… eta txarrena da, eraginkorra zela”.

Berak dioenez, bere lehen egunean, ordenagailua eskuratzera joan zenean, helbide elektroniko bat eman zioten. Helbide elektroniko horretan, ordea, bere aurreko izena edo deadnamea erabili zuten. Kexatu zenean eta aldatzeko eskatu zuenean, giza baliabideetako pertsonak esan zion ez zela posible, emandako helbidearekin jarraitu beharko zuela. “Sistema ez dago ni bezalako pertsonentzat diseinaturik”, dio Fergusonek.

Delaney Kingen istorioa ere leku beretik doa. King artista tekniko digitala, irakaslea eta idazlea da, bideo jokoen munduan 20 urteko esperientzia duen profesionala. Munduaren aurrean emakume gisa aurkeztu aurretik, hainbat lan-eskaintza jasotzeaz gain, 100.000 australiar dolar (ia ezer ez) arteko soldatak eskaintzen zizkioten. Hori, ordea, trantsizioa egin ostean aldatu egin zen. Berak dioenez, “txundigarria da. CVa berdina da, baina arauak ezberdinak dira emakumea zarenean”.

Nahiz eta hori emakumeen arazoa den, eta ez hainbeste emakume transek esperimentatzen duten zerbait, soilik beraiek konta dezaketen arazo bat da, teknologia garatzen duten enpresetan oraindik gertatzen den misoginiaren arazo bat. Arazo honez gain, misgenderinga (zurea ez den generoa erabiliz zuri bideratzea), komun bitarren erabilera, armairutik irten beharra, beraien segurtasunagatik kezkaturik egotea edota deadnamearen (trantsizioa egin aurretik jarri zizuten izena) erabilera ere hor daude oraindik.

Debbie Ferguson Debbie Ferguson 49 urterekin trantsizioa burutu zuen emakumea da, eta hau amaitu zuen momentuan, aurretik lan egin zuen enpresa teknologiko batera bueltatzeko erabakia hartu zuen. Berak dioenez, bere lehen egunean, ordenagailua eskuratzera joan zenean, helbide elektroniko bat eman zioten. Helbide elektroniko horretan, ordea, bere aurreko izena edo deadnamea erabili zuten. Kexatu zenean eta aldatzeko eskatu zuenean, giza baliabideetako pertsonak esan zion ez zela posible, emandako helbidearekin jarraitu beharko zuela. “Sistema ez dago ni bezalako pertsonentzat diseinaturik”, dio Fergusonek.

AURRERAPENAK EGITEN ARI AL GARA?

Uste dut guztioi gertatu zaigun gauza bat dela Googleren bulegoak ikusi eta bertan lan egiteko gogoa izatea, ez litzateke sekulakoa izango? Kanpotik begira ari diren horien arabera, enpresa teknologikoak oso desiragarriak dirudite: doako janaria, lo-kuluxka egiteko gelak, txartel pertsonalizatuak eta teknologia asko. Errealitatean, ordea, nola posizionatzen dira enpresa hauek inklusioaren arloan?

2020an, Glassdoorek (2020) zerrenda bat argitaratu zuen eta zerrenda horretan, LGTBQ+ komunitatearentzat hoberen egokitzen ziren 24 enpresak aipatu zituzten. Modu harrigarrian, zerrenda horren %50a teknologia enpresek betetzen zuten. Hauen artean Google, IBM, Microsoft, PayPal, Accenture, HP, AT&T eta Apple zeuden. Enpresa hauek laguntzak (laguntza psikologikoa, batzordeak, diversity boards…) izan ohi dituzte beraien langileak ondo senti daitezen lanean dauden uneoro.

Ginger Chien, pertsona transen eskubideen aktibista da eta 25 urte daramatza AT&T enpresan lan egiten. Berak dioenez, enpresak inprimaki bat eman zion izena aldatzeko eskaria egin ostean, eta “aukera pertsonalaren” atala ikusi zuenean, lasaitasun izugarria sentitu zuen. Honen ondorioz, bere izena aldatzeko gai izan zen dokumentu ofizialik behar izan gabe, azkenean, bera benetan zena izateko aukera ahalbidetuz. Hain sinpleak eta errazak diren faktoreek aldaketa handiak ekar ditzakete.

Irakurri berri dituzun testigantzek, ordea, erakusten digute enpresa teknologikoek (eta baita beste guztiek ere) bide luzea izaten jarraitzen dutela aurretik guztiok merezi dugun inklusibitate mailara heldu arte. Nahiz eta Lynn Conway eta Danielle Bunten Berryren garaitik gauzak asko aldatu diren, ikusi dezakegu generoaren joerak milaka emakumerengan eragina duela haien egunerokotasunean.

Honengatik guztiagatik, gure lankideen ahotsak azpimarratzea, eguneroko lana da. Honen helburua, esperientzia guztiak ezberdinak eta beharrezkoak direla aintzatestea da. Esperientzia horiek guztiak behar ditugu denok batera aurrera egin dezagun teknologiari (eta giza eskubideei, noski) dagokionean. Hainbeste urtetan isilik egon diren eta hainbeste esateko duten emakume horiei guztiei entzutea da eguneroko lana.

Etiketak

  • #cultura
  • #ciencia
  • #computación
  • #educación
  • #lgtbiq
  • #tecnólogas

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko