STEAM ikuspegitik eraikitako kultura

#Reflections

2024.12.03 Irakurketa denbora: 4 minuto

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Nahia Iglesias

Bizi garen mundu hau ez da gelditzen. Badirudi denbora eskuetatik joaten ari zaigula eta kultura, presa horretan harrapatuta, itxuragabetzen ari da. Informazioaren eta teknologiaren bizkortasunak markatzen dituzten gaur egungo erritmoek gure inguruarekin eta beste pertsonekin erlazionatzeko era aldatu dute guztiz. Teknologiak zabalpena egiteko eta sortzeko tresna berriak eskaintzen dizkigu, zalantzarik gabe, eta eduki kulturalen kontsumoa bizkortu eta gure arteko harremanak birtualizatu ditu. Partekatutako esperientzien sakontasunak lehengoenak baino txikiagoa dirudi orain, kulturarekin modu jatorragoan lotzen gintuzten eta.

Etengabeko presan murgilduta gauden honetan, galdera dator: prozesuan, gure kulturaren zati bat galdu al dugu? Hainbeste denbora konektaturik pasatzearen ondorioz, benetakotik eta komunitatetik deskonektatzen ari al gara?

Begiratu dezagun beste ikuspegi batetik: teknologiak, kultura kontsumitzeko eta besteei helarazteko modua aldatzeaz gain, ustekabeko moduetan eraberritzen eta zabaltzen du. Demokratizatu ere egiten du. Teknologiaren eta STEAM ikuspegiaren eta halakoen bultzadaren bidez, kulturak adierazteko eta pertsona gehiagorengana iristeko modu berriak aurkitu ditu. Kultura ez da desagertzen ari; aitzitik, bizi-bizirik eta eboluzioan dago, aro digital honetan egokitzeko eta aurrera egiteko gaitasun paregabea erakutsiz.

BizkaiaTech Magazinearen edizio honetan (hamargarrena dagoeneko!), kulturari eta haren adarrei buruz hitz egingo dugu, STEAM ikuspegitik begiratuta. Herri-kultura batzen duen urteroko topaketa nagusiaz hitz egingo dugu, klasiko literarioetan murgilduko gara, mus-partida bat jokatzeko tapiz berdea jarriko dugu eta eztarriak kantatzeko prestatuko ditugu.

Spoilerra: bertsolari ezagun bati eta ChatGPTri gai eta neurri bat eman eta bertsotan jarriko ditugu. Zeinek irabaziko ote du?

Hori aurreratzen dizuegu, badaezpada BizkaiaTech ukitu jatorraren falta bazenuten ere.

ZIENTZIA ATZEALDEAN

Hala, Internetek eta haren aplikazio sozialek musikaren eta literaturaren industrian izan duten eragina aztertuko dugu, eta, bide batez, euskal kulturaren ezinbesteko hitzordu bat, Durangoko Azoka, nola egokitu den.

Londresko goiz hotz batera bidaiatuko dugu kriptografiaren eta literaturaren arteko uztarketa nola egin daitekeen ikusteko eta, modu horretan, Sherlock Holmesi hilketa batekin erlazionatutako enigma bat ebazten laguntzeko.

Izan ere, kulturak, zentzu klasikoagoan ulertuta, matematikatik asko du; euskal dantzetan presente daude. Eta mus-partida batean ere ager daitezke. Dantza tradizionalen kasuan, musikaren erritmoa egokitzearekin eta konpasetan neurtzearekin du zerikusia, hori baita soinuen iraupena neurtzeko modu matematikoa. Eta zer esanik ez zoriaz, probabilitatearen kontzeptu matematikoari oso lotuta dagoen terminoaz, eta karta-partida bat irabazteak kalkuluarekin eta horretan oinarritutako erabaki informatuekin zerikusia duela ulertzen lagunduko digunaz.

TEKNOLOGIA TRESNA GISA

Joko batzuk Bizkaiko kulturaren berezko osagaiak dira dagoeneko. Txokoak edo txokor batzea, adibidez. Interneten gorakadaren eta analogikotik digitalera pasatzeko fenomenoaren ondorioz, sustrai horien transmisio-moduak ere bilakaera izan du. Relevo Estudioan, Jon Cortázarrek eta haren taldeak joko digitalak sortzen lan egiten dute, gure kultura tradizionalari keinu eginez.

Edukiak kontsumitzeko eta entretenitzeko modua ere aldatu egin da. Belaunaldi askok pasatu dituzte udako goiz luze haiek euskarazko marrazki bizidunak ikusten, telebistaren aurrean geldi-geldi (goiz euritsuak batez ere, hondartzara joateko edo kalean jolasteko aukerarik ez zegoenean). Orain, ordea, eduki-uholdearen, tramen erritmoa biziagotzearen eta eskuragarri dugun denboraren murrizketaren aurrean, binge-watching kulturan bete-betean murgilduta gaude guztiok. Gure garaien adierazgarri bikaina da.

BizkaiaTech Magazineko ale honek ez ditu alde batera utzi nahi izan Bizkaiko kulturan sustraituen dauden hainbat alderdi. Horregatik, Athletic Clubari buruz eta futbol talde horrek bere errendimendua hobetzeko teknologiaz baliatzen den moduari buruz hitz egingo dugu (azken kopako garaipenak zerikusirik izango al du horrekin?). Gainera, tokiko ekonomian eta kulturan eragin handiena izan duen lanbide tradizionalenetako baten modernizazioari buruz ere arituko gara: arrantzari buruz, alegia.

Teknologia oso lankide ona izan daiteke kulturaren sorkuntzan eta hedapenean, edozein formatan. Baina inoiz ezingo ditu gizakiaren sormena eta sentsibilitatea ordezkatu. Kultura eraikitzen, moldatzen eta iraunarazten dugun zerbait da; gure nortasunaren eta historiaren isla da, eta hori ezin da ordeztu adimen artifizial sortzailearekin, gure esentziaren eta partekatutako esperientzien muin-muinetik baitator.

Etiketak

  • #cultura
  • #innovación
  • #cocreación
  • #ciencia
  • #colaboración

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko