Ondo jateko eta planeta zaintzeko teknologia

#Tech bay

2025.03.26 Irakurketa denbora: 5 minuto

Sergio Fabregat

Ilustrazioa: Paula Páez

Elikagaiak produzitzeko eta kontsumitzeko modua aldatzen ari da. Izan ere, teknologia elikagaien industrian txertatu den aliatua da, industria horretako efizientzia eta jasangarritasuna goratzeko xedez; baina, ba al dakizu benetan nola lagun dakiguken teknologiak planeta zaintzen jateko plazerari uko egin beharrik gabe?

Labetik atera berri den ogiaren usainak, sasoiko fruta baten freskotasunak edo kafe eder baten zapore nahasezinak plazer xumeak dirudite. Hala ere, mokadu bakoitzaren atzean, eraldatzen ari den industria bat dago, zeinen helburua jatearen plazera planeta zaintzeko premia larriarekin orekatzea den. Elikadura ez da soilik zapore kontua: baliabideak nola kudeatzen ditugun, elikagaiak nola ekoizten ditugun eta osagaiak nola aprobetxatzen ditugun adierazten du; eta, eszenatoki honetan, zalantzarik gabe, teknologia funtsezko zeregina betetzen ari da.

Azken urteetan elikagaien industriak jasangarritasunarekin hartutako konpromisoa bizkortu du, erronka ez baita –hain zuzen ere– txikia. FAO-k (Food and Agriculture Organization) eskainitako zifren arabera, sektore hori berotegi efektuko gas-isurketen heren baten erantzulea da. Horregatik, irtenbideak aurkitzeko premiak bultzatuta, ezinbestean berrikuntza eta efizientzia uztartzen dituzten bide berriak aztertu behar izan dira. Hori agerian utziko da, berriro ere, Food 4 Future – Expo Foodtech ekitaldiaren hurrengo edizioan. Maiatzaren 13tik 15era izango da, Bilboko BEC-en, eta nola teknologiak industria jasangarriago eta arduratsuago bat lortzen lagundu dezakeen eztabaidatuko da.

SEKTOREA ERALDATZEN ARI DEN IRAULTZA TEKNOLOGIKOA

Klima-aldaketa eta baliabide-eskasia kezka nagusitzat hartzen diren mundu honetan, elikagaien industriak ezinbesteko aliatua aurkitu du teknologian. Adimen artifizialari (AA) eta big datari esker, ekoizpena optimizatzen eta hondakinak murrizten ari dira. Hala erakutsi zuten ekitaldiaren azken edizioan Pepsico eta Danone bezalako enpresek, beren ur- eta energia-kontsumoa doitzeko AA algoritmoak erabiltzen hasi diren bi konpainiak. Izan ere, enpresa horiek euren ingurumen-aztarna murriztea lortu dute produktuen kalitatea arriskuan jarri gabe. McKinseyren ikerketa baten arabera, AA industriara aplikatuz gero, %40an murriztuko litzateke zaborra. Hala, munduan egunean 1000 milioi jaki baino gehiago galtzen direla kontuan hartuta (Nazio Batuen Erakundearen [NBE] arabera), oso zifra altua da.

MODELOA BIRPENTSATZEN: EKONOMIA ZIRKULARRA ETA ELIKAGAI BERRIAK

Hala ere, jasangarritasuna lortzeko, hobeto ekoizteaz gain, baliabide bakoitza ahalik eta gehien aprobetxatu behar da. Ekonomia zirkularrak indar handia hartu du elikagaien industrian, hondakinak produktu berri bihurtzen dituzten proiektu berritzaileen eskutik. Praktika berri horien adibide gisa, 2024ko ekitaldian, Mahou San Miguel garagardogileek azaldu zuten garagardo-ekoizpeneko garagarraren hondarrak animaliak elikatzeko osagai edo mahai-tresna jangarri bihurtzen direla. Bien bitartean, arrantzaren sektorean, Nauterra bezalako konpainiek hondakinak minimizatu eta arrantza sustatzearen alde egiten dute.

Baina teknologia nonbaiten aldea markatzen ari bada, proteina-iturri berrien garapenean da. Laborategian hazitako haragia, jateko intsektuak eta mikroalgetatik lortutako proteinak ideia futurista izateari utzi eta errealitate bihurtu dira. Horrek guztiak, zaporeari uko egin gabe alternatiba jasangarria eskaintzen duten produktu berritzaileak ekarri ditu.

AUTOMATIZAZIOA ETA LOGISTIKA: HONEN GUZTIAREN GAKOA

Baliabideak optimizatzea ere funtsezkoa da jasangarritasun handiagoa lortzeko bidean. Robotika eta automatizazioa ekoizpen eraginkorragoa ahalbidetzen ari dira. Gainera, denbora errealeko monitorizazio-sistemek eta mantentze-lan prediktiboek –AAri esker– ekoizpenean akatsak aurreikusi ditzakete gertatu baino lehen, hondakinak murriztuz eta eraginkortasun operatiboa hobetuz.

Logistikak ere berebiziko garrantzia du. Hornikuntza-katearen digitalizazioari esker, elikagaien trazabilitatea hobetzen eta garraioaren ingurumen-inpaktua murrizten ari da. Bloke-kateen inplementazioa, adibidez, elikagaien segurtasuna bermatzen eta produktuen jatorrian iruzurrak saihesten laguntzen ari da.

ELIKADURAREN ETORKIZUNA HEMEN DA

Horrek guztiak agerian uzten du elikagaien sektorea erabat aldatzen ari dela, eta teknologia bihurtu dela eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko giltzarria, non berrikuntza elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko modua birdefinitzen ari baita.

Food 4 Future – Expo Foodtech bezalako ekitaldiek, aldaketa horiek islatzeaz gain, ideia eta lankidetza berriak bultzatzen dituzte aurrera egiten jarraitzeko. Elikadura gure gizartearen oinarrizko zutabea den mundu honetan, jasangarritasunarekiko konpromisoa ez da aukera bat, ardura partekatua baizik. Erronka nagusia da hazten ari den biztanleria planetako baliabideak agortu gabe elikatzea ahalbidetuko duen eredua eraikitzea, balio-kate osoa (hau da, ekoizleak, banatzaileak, enpresak eta kontsumitzaileak) inplikatuz.

Etiketak

  • #tech
  • #cultura
  • #innovación
  • #ciencia
  • #tecnología
  • #futuro
  • #sostenibilidad
  • #inteligencia artificial

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko