Non daude emakumeak?

#Soul tech

2023.03.07 Irakurketa denbora: 7 minutu

Beatriz García Markaida

Ilustrazioa: Janire Orduna

Emakume batek honako hau dio kongresu teknologiko batean sartzeaz batera, bere emakumezko lantaldea ikusten ez duenean: ikusi al dituzue nire lankideak? Nire erantzuna: ez, baina gustatuko litzaidake horrela izango balitz. Emakumeak STEM (Science, Technology, Engineering, Mathematics) esparruan rara avis bat dira. Unibertsitateetan, nahiz eta gehiengoa hartzen duten esparrua bizitzaren eta osasunaren zientziak diren (% 70a, gutxi gorabehera), generoaren arabera banatuz gero, oso desberdina dela ikusiko genuke, emakumeak % 35a baino ez baitira.

Nahiz eta esfortzu handiak egiten diren neskatoek arlo hauetan interes handiagoa izan dezaten, ingeniaritzetan eta informatikan daude ehuneko txikienak: % 25 eta % 20, hurrenez hurren. Lan ingurugirora salto egiten badugu, ikus dezakegu nola, Espainian, emakumeak soilik % 16 diren STEM lanbideei dagokienean.

Noiz eta zergatik hasten da desberdintasun hau? Emakume izateak zerikusia al du hauek esparru honetan aurrera ez egitearekin? Bizi guztian gertatu den genero arrakala ez dela naturala, mugiezina edo saihestezina irakatsi digu hainbat urtetan zehar garatu den pentsamendu feministak, eta filosofia honek ekarri dituen aldaketa sozialek frogatu dute generoari dagokionean, ezer ez dagoela harrian idatzirik.

HANDITAN ZER IZAN NAHI DUZU?

Txiki txikitatik honako galdera hau egiten zaie umeei: handitan zer izan nahi duzu? Beraien erantzunak, ordea, orokorrean ez dira benetako informazioan oinarriturik egoten. Neskato batek ez daki zehazki zer egiten duen ingeniari batek. Mutiko batek ez daki matematikari batek nola pasatzen dituen bere egunak. Badakite, ordea, beraien erreferenteak zeintzuk diren: ez dakite zer izan nahi duten, baina badakite nolakoak izan nahi duten. Arlo eta ogibide bakoitza ezaugarri batzuekin lotzen da; fisikari (gizonezko) batek oso adimenduna izan behar du, ikastun bat. Mediku (emakume) batek lan asko egin behar du eta gauza asko jakin behar ditu, bere paziente kuttunari mina zerk eragiten dion jakin behar du eta gainera, jatorrenek, piruleta bat ematen dizute kontsultatik irtetean.

Ikasketei dagokienean, badirudi maskulinizatuta dauden arlo horietan sartzeko ikasle bikaina, berebizikoa izan behar duzula. Feminizatuago dauden horietan, ordea, langilea izatea da eskatzen dutena. Eskakizun hauek errealak izan edo ez, estereotipoak betirako geratzen dira iltzaturik gure buruetan.

Hemen sortzen da lehen arrakala. Lehen hezkuntzan zehar, umeak garapen prozesuan daude, beraien autokontzeptua eratzen eta beraien indarguneak zeintzuk diren barneratzen ari dira. Ikerketa batzuen arabera, adin horretan, ohikoa da mutikoek adimendunak direla ikastea, eta neskatoek, berriz, langileak direla. Bi ezaugarri horiek positiboak dira, noski, baina bakoitza ibilbide profesional desberdinekin loturik dago. Seguruenetik, bere burua langiletzat, baina ez bereziki adimenduntzat hartzen duen neskato batek errazago aukeratuko du lanordu asko (baina ez garun bikain bat) eskatzen duen arlo bat.

HANDITAN ZER IZATERA HELDUKO ZARA?

Genero arrakala gero eta nabarmenagoa da emakumeen bizitza akademiko eta profesionalak aurrera egiten duen heinean, eta hau agerikoa da leaky pipeline efektuan, hots, tantaka dagoen hodiaren efektuan. Neskato eta mutikoen interes desberdintasuna nabarmenen dagoen momentua nerabezaroa da: 15 urterekin, neskek mutilek baino hiru aldiz interes handiagoa izan ohi dute bizitzaren eta zaintzaren inguruko zientzietan (UNESCO, 2015). Arrazoi honengatik, zientzia eta teknologia nesketan sustatzeko esfortzua ikasketa etapa guztietan egin beharko litzateke, baina, nahikoa litzateke?

Neskato batek ez daki zehazki zer egiten duen ingeniari batek. Mutiko batek ez daki matematikari batek nola pasatzen dituen bere egunak. Badakite, ordea, beraien erreferenteak zeintzuk diren: ez dakite zer izan nahi duten, baina badakite nolakoak izan nahi duten

Nahiz eta, orokorrean, STEM ikasketak egiten ari diren emakumeek gizonezkoek baino hobeto bukatzen dituzten hauek, guztiek ez dute arlo zientifiko-teknologikoko lanak egiten bukatzen, eta are gutxiago dira goi-karguetara iristen direnak.

Goi-kargu horietara heltzen diren emakumeen artean, asko antzeko karguak bilatzen saiatzen dira, baina parekidetasuneko egoera batean. Badirudi STEM lanbideetan aurrera egiteak eragiten duen nekea beste emakume batzuen laguntzarekin konpon daitekeela. Zaila da bakoitzak buruan duen ahots hori, garun bikainez betetako mundu honetan balio ez duzula esaten dizun hori, gainetik kentzea. Hala ere, zu bezala beste batzuek ere iruzurti- sindromea sufritzen dutela jakiteak, denbora osoan tuntuna ez zarela eta zure postua merezi duzula frogatzeko zama hori arintzen du. Emakumeen arteko komunikazio profesionala eta pertsonala sustatzeak emakumeen talentu ihesak saihesten lagun dezake.

NESKEN GAUZAK

Esfortzu handia egiten dugu emakumeak arlo teknikoagoetan interesa izan dezaten eta aurrera jarraitzeko baliabideak izan ditzaten, baina ez dugu berdin jokatzen gizonezkoak arlo feminizatuagoetara erakartzeko. Honek bere logika du aurretik aipatutako guztia analizatzen badugu: karrera maskulinizatuetan emakumeen garapena zailtzen duten faktoreak daudela dirudi. Hala ere, nahiz eta zapalkuntza historikoari aurre egiteko feminismoak emakumearen emantzipazioa azpimarratzen duen, azken batean izan beharko genukeen helburua, berdintasunezko gizarte batera heltzea izan beharko litzateke, generoak gure aukerak erabakitzen ez dituen gizarte batera, alegia. Ez gara puntu honetara helduko soilik emakumeak motibatzen baditugu historikoki gizonek egin duten berdina egiteko; hain zuzen ere, beharrezkoa da gizarteak, orokohar, karrera eta arlo feminizatuak interesgarri, baliozko eta garrantzitsutzat hartzea.

Lan merkatuan sartu aurretik, emakumeak etxean egin beharreko lanen arduradun ziren. Gaur egun, badakigu parekidetasuna ez dela posible izango gizonek ez badute esku hartzen aurretik emakumeek egiten zituzten lan horietako batzuetan, eta hemen, garrantzitsua da kontziliazio neurrien beharra aipatzea. Era berean, emakumeek teknologia-arloetan leku bat aurkitu ahal izatea garrantzitsua den bezala, beharrezkoa da emakumeek dagoeneko presentzia handia duten eremuei balioa ematea ere. Emakumeei eremu maskulinizatuetan sartzeko eskatzen badiegu, baina ez baditugu kontutan hartzen haien interesei buruz izan ohi ditugun iritzi misoginoak, emakumeen presentzia handia izateagatik soilik baliagarri eta entzutetsutzat genituen hainbat arlok beraien xarma galtzeko arriskua izan dezakete.

Emakumeek teknologia-arloetan leku bat aurkitu ahal izatea garrantzitsua den bezala, beharrezkoa da emakumeek dagoeneko presentzia handia duten eremuei balioa ematea ere

Horrelako zerbait gertatu zen konputazioaren arloan: hasiera batean, ingurune horretako protagonistak emakumeak ziren, garai hartan uste baitzen oso lan automatikoa zela eta ez zela adimenduna izan behar egin ahal izateko. Konputazioaren arloak garrantzi transbertsala zuela baieztatu zenean, ordea, gizonezkoak arlo horretan esku hartzen hasi ziren, emakumeak ordura arte “andereñoentzat” egokitzat jo ziren postuetatik mugiaraziz. Lanbidea ospea irabazten hasi zen, eta, aipatu bezala, gizonen aldeko genero arrakala handiena duen arloa izatera eraman zuen.

HEMEN NAGO, HEMEN GAUDE

Testu hau hitz pertsonal pare batekin amaitzea gustatuko litzaidake. Artikulu hau, ziurgabetasunaren itsasoan ur korrontearen kontra igerian nabilen bitartean idazten dut, iruzurtiaren sindromearen maila ez-osasuntsu batek lagundurik. Nor naiz ni, izan ere, genero arrakalari buruz hitz egiteko? Fisikaria naiz, ez soziologoa! Horrez gain, nire buruan ahots isil batek behin eta berriz gauza bera esaten dit: “fisikaria izateaz gain, adimenduna ere ez zara, langilea baino ez!”. Badirudi genero arrakalaren arazoaren jabe izateak eta hori aztertzeko gai izateak ez nauela libratzen emakume asko STEM karrerak ez egitera eramaten dituzten dinamiketan erortzetik. Kaka zaharra.

Hala ere, hemen nago. Aurrera jarraitzeak eta kontra egiteak une honetara ekarri nau, hemen bainago antzeko bizipenak dituzten emakumeengan eta entzuteko prest dauden gizonengan oinarritzearen ondorioz. Emakumeok adimenduntzat hartu behar dugu geure burua, ez soilik langile giza, baizik eta ideia berritzaileak eta esanguratsuak ekar ditzakeen pertsona gisa. Ekarpen asko ditugu egiteko, baina horrez gain, gu kontutan hartzea ere beharrezkoa iruditzen zait, ez soilik emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruz hitz egitean, baizik eta baita gure lan eta ikasketa arloan ere.

Etiketak

  • #cultura
  • #bigscience
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #computación
  • #tecnología
  • #futuro
  • #educación

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko