Iraultza teknologikoa: 3G-tik 5G-ra

#Pure tech

2024.02.23 Irakurketa denbora: 6 minutu

Juan de la Herrán y Crespo

Ilustrazioa: Mikel Aginagalde (Aginowski)

Teknologia aurrerapauso izugarriak ematen ari da. Azken urteotan, aurrekaririk gabeko aurrerapena izan dugu telefonia mugikorren eta smartphone-en munduan. 1983an lehen telefono mugikorra merkaturatu zenetik, nabarmen handitu da sareen eta gailuen ahalmena.

Sare mugikorren bilakaera ikusi dugu 3G-tik 5G-ra, baina kontsumitzaileek zalantzak izaten jarraitzen dituzte: teknologia aurrera doa ala marketina eta publizitatea da guztia? Gure kontura gailu gehiago saltzeko modu bat al da? Argi dago enpresak garatzen dituzten produktuak saltzetik bizi direla, baina egunez egun software-soluzio berriak ere agertzen dira, dauzkagun gailuekin erabili ezin direnak.

Gaur 128 MB-ko edukiera duen mugikor bat erostea gomendatzen badizut, jendearen % 90ak nahikoa izango du, baina bihar memoria gehiago behar duen aplikazio berri bat agertzen bada, entzun egin beharko dut: “Aholku ederra eman didazu, mugikorra txiki geratu zait erosi eta gutxira”. Biok izango dugu arrazoi, nik ez baitakit etorkizuna asmatzen eta ezta teknologia berri horrek arrakasta izango zuenik edo memoria gehiago beharko zuenik aurreikusten ere.

Azter dezagun, zehatz-mehatz, nolakoa izan den 3G-tik 5G-rako bilakaera hori, eta aurreratzen dizut, 6G-a ere pentsa baino gertuago dagoela. Izan ere, une honetan, unibertsitateek sistema bat ezarri dute mugikorrak egun baino askoz antena gutxiagorekin komunika daitezen. Horrek egungo estaldura aurreztea eta, batez ere, hobetzea ekarriko du. Hala ere, zoritxarrez, gure egungo telefono mugikorrak oraindik ez daude horretarako prestatuta.

3G-A, LEHEN IRAULTZA MUGIKORRA

3G-a 2001ean merkaturatu zen eta iraultza ekarri zuen telefonia mugikorraren mundura. Teknologia horri esker, datuak abiadura handian transmititu zitezkeen, eta horrek aukera eman zien aplikazio berriei, hala nola, Interneten nabigatzeari, musika eta bideoak deskargatzeari edo bideoa streaming bidez transmititzeari. Banda-zabalera handiagoko irrati-maiztasun berriak erabiltzea izan zen 2G-tik 3G-rako bilakaeraren aurrerapen nagusia. 2G-ko irrati-maiztasunek 200 kHz-etik 1 MHz-era bitarteko banda-zabalera dute; 3G-ko irrati-maiztasunek, berriz, 5 MHz-etik 20 MHz-era bitartekoa. Horri esker, aldi berean datu gehiago transmiti daitezke, abiadura handituz. 2G mugikorrak sortu zirenean, inork ez zuen uste 3G-ko maiztasun horiek erabiliko zirenik. 3G-ari esker, une horretara arte pentsaezinak ziren gauzak egin genitzakeen telefono mugikorrekin:

  • Interneten nabigatzea: 3G-ari esker, azkar eta erraz nabigatu ahal izan zen Interneten, eta horrek aukera eman zien aplikazio berriei, hala nola informazioa bilatzeari, posta elektronikoari edo sare sozialei.
  • Musika eta bideoak deskargatzea: 3G-ak musika eta bideoak azkar eta erraz deskargatzea lortu zuen, eta horrek zerbitzu berriak sortzea ekarri zuen, hala nola Spotify edo Netflix.
  • Streaming bidezko bideo-transmisioa: 3G-ak streaming bidez bideoa erraz transmititzea lortu zuen, eta horrek zerbitzu berriak sortzeko aukera ekarri zuen, hala nola YouTube edo Twitch.

4G-A: BIGARREN IRAULTZA MUGIKORRA

4G-a 2010ean merkaturatu zen, eta iraultza berria ekarri zuen telefonia mugikorraren mundura. Teknologia horri esker, datu-abiadura are handiagoak lor daitezke, eta, ondorioz, aplikazio berriak sortu ziren, hala nola errealitate birtuala, errealitate areagotua edo auto autonomoa. Modulazio- eta kodetze-teknologia berriak erabiltzea izan zen 3G-tik 4G-rako bilakaeraren aurrerapen nagusia. Teknologia horiei esker, aldi berean datu gehiago transmiti daitezke, eta, beraz, datuen abiadura handitu egiten da berriro. Gure gailu mugikorrak birziklatzera bidali behar izan genituen berriro! Hona hemen 4G-arekin sortu ziren aplikazioen adibiderik onenak:

  • Errealitate birtuala eta areagotua: 4G-ak irudiak eta bideoak denbora errealean transmititzeko aukera ematen du, eta hori beharrezkoa da errealitate birtualerako. Gainera, 4G-ari esker, irudi eta bideo birtualak errealitateari gainjar dakizkioke, eta hori beharrezkoa da errealitate areagoturako.
  • Auto autonomoa: 4G-ari esker, auto autonomoak elkarrekin eta ingurunearekin komunika daitezke, eta hori beharrezkoa da funtzionamendu segururako. Espero dut zu berriro ez haserretzea, auto bat erosi eta gutxira, autoak ibilgailu autonomo izaten hasiko direla eta zure ibilgailuari baja eman behar diozula jakitean…

5G-A: TELEFONIA MUGIKORRAREN ETORKIZUNA

5G-a 2019an merkaturatu zen, eta jauzi kualitatiboa izan zen telefonia mugikorraren munduan. Teknologia horri esker, datu-abiadura are handiagoak lor daitezke, eta horrek aukerak ematen dizkie aurreko teknologiekin ezinezkoa zen aplikazio berriei. 4G-tik 5G-rako bilakaeraren aurrerapen nagusia banda-zabalera handiagoko irrati-maiztasun berriak eta modulazio- eta kodetze-teknologia berriak erabiltzea da, hau da, aurreko bi hobekuntzak, baina oraingoan biak batera. Hauek dira 5G-ari esker sortzen ari diren aplikazio nagusiak:

  • Telemedikuntza: 5G-ari esker, irudi eta bideoak denbora errealean transmiti daitezke, eta horrek iraultza ekar lezake osasun-laguntzaren mundura.
  • Urrutiko hezkuntza: 5G-ari esker, kalitate handiko eskolak transmiti daitezke linean, eta, ondorioz, hezkuntza mundu guztiarentzat eskuragarriagoa izan daiteke.
  • Fabrikazio adimenduna: 5G-ari esker, makinak elkarren artean azkar eta eraginkortasunez komunika daitezke, eta horrek ekoizpena automatiza dezake.

6G-A: OSO URRUN (EDO EZ HAIN URRUN) DAGOEN ETORKIZUNA

6G-a oraindik garatzen ari den sare mugikorren hurrengo belaunaldia da. Teknologia horri esker, 1Tbps-ko datu-abiadurak lor daitezke, eta horrek, aurretik aipatu dugun gauza bera esan nahiko luke: potentzia handiagoa. Hala ere, ez dakigu zer aplikazio berri sortuko diren jauzi teknologiko horri esker. 2030eko hamarkadan abiatzea espero da, datu-abiadura are handiagoekin, latentzia are baxuagoarekin eta 5G-a baino ahalmen handiagoarekin. Guruarenak egiten jarriko banintz, gure bizitzak eraldatzeko ahalmena duela esango nuke. Badakit momentu honetan zientzia-fikziozko zerbait dela ebidentzia zientifikoa baino, baina bere garaian 6G-aren erabileraren adibide batzuk jartzen ausartzen naiz:

  • Murgiltze-errealitate birtuala eta areagotua: 6G-ari esker, errealitate birtual eta areagotuko esperientziak sortu ahal izango dira, are murgilduagoak eta errealistagoak. Adibidez, pertsonek modu naturalean elkarreraginean jarduteko mundu birtualak sor litezke, edo pertsonek ikasteko edo trebetasun berrietan trebatzeko simulazioak.
  • Roboten urruneko kontrola: 6G-ari esker, robotak urrunetik kontrolatzeko ahalmena izango dugu, oso latentzia baxuarekin. Horrek aplikazioak izan ditzake industrian, medikuntzan edo defentsan. Adibidez, fabriketan robotak kontrolatzeko erabil daiteke, langileak bertan egon beharrik gabe, edo urruneko kirurgiak egiteko.
  • Zibersegurtasuna: 6G sistema sare mugikorren aurreko belaunaldiak baino seguruagoa izango da. Izan ere, segurtasun-teknologia berriak erabiliko ditu, hala nola enkriptazioa eta autentifikazioa.
  • Automatizazioa: 6G-ari esker, prozesu eta zeregin gehiago automatizatu ahal izango dira. Adibidez, ibilgailu autonomoak kontrolatzeko edo energiaren kudeaketa automatizatzeko erabilgarria izango da.

Azken batean, pertsonek eta teknologiak eboluzionatu egiten dute, eta, nahiz eta batzuetan emaitzak sekulakoak ez izan, gaur egungo historia eta bizi-kalitatea begiratzea besterik ez dago, Errenazimentuan, Erdi Aroan edo agian aurreko mendean baino askoz hobeto bizi garela ikusteko.

Etiketak

  • #tech
  • #innovación
  • #ciencia
  • #computación
  • #tecnología

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko