Hurrengo geltokia, ibilbide kuantikoak

#Done

2024.09.10 Irakurketa denbora: 6 minuto

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Char-Lee Mito

Bizkaia aitzindaria izan da begi hutsez erraza zirudien problema bat ordenagailu kuantiko batekin ebazten. Problema hori Bizkaibus-en ibilbide-sarea optimizatzea da, ibilbideak murriztuz, azkarragoak eta eraginkorragoak eginez eta ingurumenean eragin txikiagoa izanik. Nola lortu den azaltzera gatoz.

Hasi orduko, artikulu hau ulertzeko badaude argi izan behar ditugun bi gai.

Lehena. Ordenagailu kuantikoak erabilgarriak dira oso konplexuak diren problemak ebazteko; ordenagailu klasiko onenekin ere ebazteko ezinezkoak diren problema horiek, alegia. Eta bigarrena. Badakizu zer den smart city bat?

Bere momentuan hain famatu bihurtu zen (orain ez du horrelako punchik, egia esan) smart city terminoari buruz hitz egiten dugunean, hain zuzen ere, adimenduna den hiri bat imajinatzen dugu. Zer esan nahi du horrek? Ez du zerikusirik bere hiritarren adimen-kozientearekin, hiriak jasangarriagoak eta efizienteagoak egiteko teknologia erabiltzearekin baizik.

Era guztietako proiektuak daude: gutxi kontsumitzen duten, energia berriztagarriekin funtzionatzen duten eta argia ingurumen-baldintzen arabera erregulatzen duten (IoT-ari esker) kale-argi adimendunetatik hasi eta aireko kontaminazioa jan eta beraien biomasa propio bihurtzen duten goroldio egituretara helduz.

Eskema hori jarraituz, arrunta da pentsatzea hiri adimendun batek garraio publiko efizientea izan beharra duela, karbono-aztarna txikiagotzen laguntzen duten ibilbide-diseinu sinple eta azkarrekin. Nahiz eta idatzita erraza ematen duen, aipatutako hau lortzea oso zaila da. Hain zaila da, non ordenagailu kuantiko baten bidez exekutatu daitekeela frogatu behar izan dela.

Eta lortu dute! Accenture-ko arlo kuantikoko adituei eta Bizkaiko Foru Aldundiko Teknologia eta Berrikuntza Elkarteko Lantik berrikuntza-taldeari esker lortu da lan hori aurrera eramatea.

LEHENAK IZAN GARA HORRETAN ERE

Talde hori aitzindaria izan zen kontzeptu-proba bat egiten ia horrelakorik ez zegoenean, eta, horrez gain, aurreratu egin zen materian adituak ziren ekosistema kuantiko bat sortzen, hemendik kanpora, inork ez baitzuen horretarako baliabiderik. Duela bost urte gertatu zen hori, baina Lantik-ek lidergo horri eusten dio oraindik, eta Bizkaia mundu mailako teknologia kuantikoen poloetako bat da gaur egun. Hardware kuantikorako sarbide gehien eskaintzen dituen eskualdea da.

Eta ez da Bilbon esaten diren handikeria horietako bat.

DENA EREDU MATEMATIKO BATEN BARRUAN SARTZEN DA

Buelta gaitezeninteresatzen zaigun kasura. Proiektu honen helburua, ordenagailu kuantiko batek horrelako problema konplexu bat ebatzi zezakeen edo ez ikustea izan zen, eta, horren bidez, funtzionalagoa zen beste helburu bat lortzea: Bizkaiko gizartearen bizitzak hobetzea.

Orduan, flotan dauden autobus elektrikoak ibilbide luzeagoak egiteko erabiltzea pentsatu zen, eta konbustiokoak, berriz, ibilbide laburretarako. Horrez gain, zenbait xehetasun aztertu ziren, hala nola azeleratzeko eta balaztatzeko modua, karbono dioxido gutxiago igortzeko.

Ideia horiek teknikoki ezartzeko, lehenbizi Bizkaiko mapa deskargatu zen, ibilbide guztiak zehazten zituena (eskerrak ez zuten ordutegien taula erabili, hori ordenagailu kuantiko batek ere ez bailuke deszifratuko), eta eredu matematiko berri bat garatu zen, kontuan hartu beharreko guztia hartu zuena. Hala, karbono-aztarna murrizten lagunduko zuten murriztapenak eta eskakizunak gehitu ziren.

Eta helburua bete egin zen, ordenagailu kuantiko erreal batean exekutatu ahal izan zelako.

DENBORAN ZEHAR GALTZEN EZ DEN PROIEKTUA

Agian badago norbait pentsatzen duena misio honen helburua ez dela anbizio handikoa, baina ez doa ondo bide horretatik. Bizkaibus-eko ibilbideak eraginkor egiteko, kopurua murrizteko eta azkarragoak egiteko eskakizun guztiak modelizatzea edo matematikari bihurtzea, autobus elektrikoak eta errekuntzakoak konbinatuz eta ingurumenean gas kutsagarri gutxiago igortzeko gidatze xehetasunak barne hartuz, ez da batere erraza. Eta eredu hori ordenagailu kuantiko batean exekutatzeko gai izatea, are gutxiago.

Izan ere, mugarri hori, jada lortuta dagoena, ez da iraungitzen. Hardware kuantikoa garatuago dagoenean eta potentzia handiagoa duenean, Bizkaian botoitxoari ematea besterik ez zaigu geratzen proiektua aurrera eraman ahal izateko. Unibertsitatera edo lanera joateko egunero erabiltzen duzun Bizkaibus-en linea aldatu egingo da: azkarragoa izango da eta autobusak gutxiago kutsatuko du. Zure eguneroko bizitza hobetu egingo da, ibilbidearen denbora eta bizi-kalitatea aurreztean, aire garbiagoa arnastuko baitugu.

Etiketak

  • #tech
  • #quantum
  • #colaboración
  • #democratización
  • #futuro

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko