Hodeiak zeharkatzen

#Soul tech

2023.03.16 Irakurketa denbora: 8 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Gorka Gil

Ez al duzu inoiz pentsatu nolakoa izango litzatekeen Interneten zehar ibiltzea “zu” txiki baten bitartez? Etorkizunean, metabertsoak zure itxura duen eta zure ordez ekintzak burutzen dituen panpinatxoa sortzeko aukera emango dizu, horrek dakartzan gauza on eta txarrekin, noski.

BEGIRA AMA, NI NAIZ!

Metabertsoak eskainiko digun esperientzietako bat, “gu” txiki baten bidez hodeia zeharkatzea izango da, eta pertsonaia honi “abatar” deitzen zaio. Eta ez, ez da uste duzuna… Ez gara James Cameronen filmeko pertsonaia urdinei buruz hitz egiten ari, baizik eta gure buruak espazio birtual batean duen irudikapenari buruz. Gorputz digital bat da, eta guk ahotsa, zentzua eta burua jarriko dizkiogu. Hala ere, abatar bat izatea ez da soilik metabertsoak eskaintzen digun aurrerapen bat.

Edonon aurki ditzakegu proiekzio hauek, eta RPGak (Role Playing Games), istorio bat sortzeko erabilitako bideo-jokoak, horen adibide dira: World of Warcraft, Elden Ring ospetsua edo Grand Theft Auto V, esaterako. Ez al zara inoiz jolastu kotxe ikaragarri bat duen eta kuadrillakoekin bankuak lapurtzetik bizi den diruduna izatera?

Sare sozialak izan dira gure burua online erakusteko (edo nolakoak izatea gustatuko litzaigukeen erakusteko) izan ditugun beste erreminta bat, eta baita batzuetan, nor ez garen erakusteko ere, praktika hau tendentzia izan baita Tinderreko erabiltzaile bat baino gehiagoren artean, castfisharen (ez zaren norbaiten plantak egitea) eskutik.

Hau, ordea, ezberdina da. Zuckerbergek garai batean esan zuen bezala: “esperientziaren parte zara, ez zara hau kanpotik ikusten ari”. Horren ondorioz, askoz gehiago murgiltzea eskatzen dizun esperientzia dugu metabertsoarena. Gure abatarra, bizitza errealean garen ororen irudia izango da, onerako eta txarrerako

EDURNEZURIREN SORGINAK INTERNETEKO SARBIDEA IZANGO BALU BEZALA

Nortasunaren inguruko iruzurra, teknologiak aurrera egin ahala hazten joan den fenomenoa izan da. Jendeari bere egunerokotasunarekin laguntzeko sortutako plataforma berri bakoitzarekin, babesgabe dagoen norbaiti ziria sartzeko milaka modu sortzen ziren (oso sormen handikoak, gainera). Horren adibide dira Twitterren Mario Vaquerizo zirela esaten zuten kontuak edo Madonnaren plantak egiten MD (mezu zuzena) bat bidaltzen zizutenak, larrialdi batean zegoela eta Beverly Hillseko kaleetan galduta zegoela esaten, gaixoa halakoa.

Kontuan hartzeko faktore garrantzitsu bat NFT eta kriptodiruarena da, izan ere, 2021ean mainstream bihurtzean eta publiko handietara hedatzean, 3.000 milioi dolarreko inbertsioa izan zuten Fortuneren arabera. Hauek, metabertsoan erabil daitezkeen trukatzeko monetak izanik, iruzurraren erdialde bihur daitezke. Forbesen arabera, engainu honek crypto influencer fraud izena du, eta bere helburua norbait izatearen plantak egitea da diru-etekina lortzeko. Forbesen arabera, gero eta ohikoagoa da eta metabertsoan sartu nahi duen orok kontutan izan beharrekoa da. Elon Musk eta Bill Gatesen jarraitzaileak iruzur mota horren lekuko ditugu, izan ere, hauen Twitterreko kontuak hackeatu zituzten eta beraien jarraitzaileei adierazi zieten mesedea itzultzeko asmoa zutela eta BTLra (Bitcoinaren wallet-era) egindako ordainketa guztiak bikoiztuko zituztela. Elon eta Bill xumeek egingo luketen zerbait ematen du, ezta?

BETAURREKOAK KENTZEN BADITUT, EZ DA EXISTITZEN

Metabertsoaren barruan garatzen den nortasunak beste arazo bat ere badu, abatarra eta atzean dagoen pertsonak jasaten duten konexio falta, alegia. Hain zuzen ere, jende askoren ustez, unibertso birtualean gertatzen denak ez du zerikusirik errealitatearekin. Pixelez egindako mundua izatean, bizitza errealean egin ezin dituzten gauzak egiteko aukera dutela uste dute, HBOren Westworld telesailean gertatzen den bezalaxe.

Interneten gertatzen den gorrotoaren iturri dugu hau, abatar baten atzean ezkutatzen diren horien gorrotoaren kasua, alegia. Gorrotozko diskurtsoak, iruzkin arrazista, homofobo, xenofobo eta erlijioaren kontra doazenak dira unibertso birtualaren barruan eta kanpoan arazoak eragiten dituztenetako batzuk. Cyberbullying Research Centerrek dioenez, bi eratara gauzatu daiteke biolentzia mota hori metabertsoan: lehenak abatarrarekin du zerikusia (eta atzean dagoen pertsonarekin, noski), izan ere, ahozko zein idatzizko irainak jasan ditzake bere izateko, janzteko edo hitz egiteko moduagatik. Bigarren modua keinu sinple baina hala ere garrantzitsuek osatzen dute; blackface (abatarraren azalaren kolorea aldatzea beste erabiltzaile bat iraintzeko) edo eslogan mingarriak daramatzaten kamisetak janztea dira keinu hauen adibide naguriak. Ez dago esan beharrik ere nolako mina edo kaltea eragin dezaketen gauza hauek online dabilen erabiltzaile ororengan.

Jende askoren ustez, unibertso birtualean gertatzen denak ez du zerikusirik errealitatearekin. Pixelez egindako mundua izatean, bizitza errealean egin ezin dituzten gauzak egiteko aukera dutela uste dute, HBOren Westworld telesailean gertatzen den bezalaxe

Nina Jane Patelen kasua ere badugu hau. Emakume hau, sexu-abusuaren biktima izan zen Meta-ren Horizon Worlds plataforman. Berak dioenez, hainbat gizonezko abatarrek ukitu, eraso eta argazkiak atera zizkioten bere onespena izan gabe, eta bere esperientzia “surrealista eta amesgaizto batetik ateratakoa balitz bezala” deskribatzen du. Bere istorioa kontatu zuenean, bueltan jaso zituen iruzkinak leku beretik zoazela aitortzen du. Iruzkin horiek, bere esperientzia ez zela erreala izan, betaurrekoak kentzerik baino ez zuela edo atentzioa eman nahi zuela zioten.

GLOW-UP BIRTUALA

Hala ere, gauza hauek alde batera utzita, teknologiak eskaintzen digun alde politenari begiratzen badiogu, hainbat arrazoi aurki ditzakegu “gu” txiki honen alde egiteko. Arrazoietako bat, norbere buruarekin gustura egotea da. Sexu-orientazioa eta nortasuna denon ahotan dagoen eztabaida da gaur egun, izan ere, gero eta askatasun handiagoa dago norbera den bezalakoa, askea, izateko. Abatar batek, edozein pertsonari askatasuna ematen dio bere bidea bilatzen laguntzeko, bere gorputzarekin pozik egoteko, genero-disforiari aurre egiteko, diren bezalakoak izateko (erlijio edo politika kontuek debekatzen dietelako, adibidez), edota beti izan nahi izan duten hura izateko, esperimentatzeko. Gorputz fisikoak batzuetan jartzen dituen oztopoetatik haratago joatea, hori izan daiteke helburua. Journal of Environmental Research and Public Healthek dioen bezala, abatar baten erabilera onuragarria da jaiotzan emandako generoarekin identifikatzen ez den gazteriarentzako (11-22 urte), hauek beraien konformitatea probatzeko modu bat bezala erabiltzen baitute hau, bizitza errealean pausua egin baino lehen.

Gero eta askatasun handiagoa dago norbera den bezalakoa, askea, izateko

Enpresa asko daude gero eta erantzukizun gehiago hartzen ari direnak metabertsoa mundu guztiarentzat oparoagoa izan dadin, Sims 4-ean ere izenordainak jartzeko aukera gehitu dute! Erantzukizuna hartu duten enpresen adibide dira Daz 3D eta hauen "Non Fungible People" bilduma edota Nyxen 2022ko pride NFT bilduma. Bakoitzak 8.000 abatar baino gehiagoren sorkuntzarekin lagundu zuen, emakumeen, pertsona ez-bitarren edota etnia, kultura, adin eta ezgaitasun anitzak zituzten abatarrak sortuz.

Horrez gain, metabertsoko plataformak ez ohi dute jendearen sormenean mugarik jartzen, eta horren ondorioz, mundu osoa libre da norbere burua izateko pantailaren barnean, normalean probatuko ez zituzten gauza horiek probatzeko aske izanda. Esperimentatuz ikasten da, azken batean.

GORPUTZ FISIKOTIK HARATAGO

Abatarra eguneroko bizitzan arazoak dituzten pertsona horiei guztiei mugikortasuna emateko modu bat ere bada. Batzuetan, izan ere, adina edota ezgaitasuna, arazo izan daitezke norbere eskutik askatasuna lortzerako orduan. Hemen, metabertsoak gogor eragiteko aukera du.

Kolektibo horien kasuan, abatarrek medikuarengana eraman litzakete, urteetan ikusi ez dituzten pertsonak bisitatzera, bakardadeari aurre egiten laguntzera, beren gorputz fisikoaren mugengatik egin ezin izango lituzketen bidaietara laguntzera, beren muga berak dituzten pertsonak ezagutzera eta maitasuna aurkitzera, familia bat osatzera. Tira, maskota birtual bat izan badezakezu, bikote birtual bat ere eduki ahal izango duzu, ezta?

UNIBERTSO ASKE ETAEZBERDIN BATEN BILA

Ondorioztatu dezakegu hezkuntzak oso rol garrantzitsua jokatzen duela metabertsoko identitateari buruz hitz egiten dugunean. Izan ere, jaiotzen garen momentutik irakasten digute jendea ez dela iraindu behar, inork ez duela ezizen mespretxagarririk merezi eta norbait ezberdina denean edo gaizki dagoenean, enpatia sentitu beharra dugula. Ah! Eta ghosting-a ez egiten ere irakasten digute, garrantzitsua da eta.

Zergatik aldatzen da hau guztia pantaila baten atzean jartzen garenean?

Nahiz eta Meta, Personal Boundary (beste abatarrak ezin dira zugana hurbildu) eta Safe Zone (eremu seguru bat norbait isiltzeko, blokeatzeko edo alde egiteko) bezalako segurtasun neurriak hartzen hasi den, hartutako neurriak ez dira sekula nahikoak izango abatarren atzean dauden pertsonek ez badakite beste erabiltzaile batzuekin erlazionatzen, izan ere, nahiz eta batzuetan ematen ez duen, pertsonak dira hitz egiten dutenak, ekintzak burutzen dituztenak eta, garrantzitsuena, sentitzen dutenak. Denak du ondorio bat, eta ondorio horiek hor dihardute nahiz eta betaurrekoak kenduta izan.

Ondo jokatzen ikasi beharra daukagu, zerotik hasi beharra, ume jaioberri bat izango bagina bezala. Hala ere, oraingoan, “ama” edo “aita” esaten ikasi beharrean, inguruko horiek berdintasunez tratatzen, errespetatzen, ziber-krimenik ez egiten (ahal izanez gero, mese), hitz egin aurretik informatzen eta azkenik, hodeiak beti nahi izan dugun bezala zeharkatzen, hau da, geure buruaz harro.

Jarrai dezagun gure “ni” txiki hori hainbeste maite dugun askatasun horren atzetik.

El avatar es una manera de dar movilidad a toda esa gente que sufre complicaciones en su día a día. Y es que a veces, la edad o la discapacidad pueden llegar a ser factores que limitan a las personas a la hora de disfrutar de la libertad por sí mismas.

Etiketak

  • #cultura
  • #futuro
  • #educación
  • #lgtbiq
  • #metaverso

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko