Garia, komunitatea eta herri-zientzia berreskuratzen

#Soul tech

2026.02.03 Irakurketa denbora: 8 minuto

Maddi Ametzaga Arriaga

Ilustrazioa: Mabel Esteban

Lekukoen jakintza eta laborantza kolektiboak irekitzen duen bidea.

Belaunaldi hark behin eta berriz nostalgia handiz aipatzen zidan sasoi hartako elkarlaguntzeko joera desagertu dela. Lehen, lana zein atsedena alkarbanatzen ziren; gaur, bakoitza bere aldetik dabil, edo norbere etxean sartuta dago.

Baserriaren kulturan komunitateak indar handia zuen: bizitzaren, harremanen, ekoizpenaren eta ekonomiaren erdigunea zen. Familiak auzo bihurtzen ziren, eta auzoak, herri. Lurraldearen egiturak, neurri handi batean, berdina izaten jarraitzen du gaur egun ere; baina gizartearenak ez. Garai hartan komunitatea zen eguneroko bizimodua; gaur egun, komunitate baten parte izan nahi dugu, baina sentimenduz bakarrik.

Garile proiektuaren lehen ikerketa-lanek argi utzi zuten hutsune horrek bazuela oihartzunik garien inguruko memorian ere. 1930–1955 artean jaiotako hainbat errigoitiarren testigantzak biltzen hasi nintzen, gari kontuez eta honi lotutako bizimoduaz hitz egiteko. Elkarrizketa luze horietan nabarmendu zen garia ez zela baserriko labore hutsa: komunitatearen erdigune sozial, ekonomiko eta emozionala ere bazela.

XX. mendearen erdialdera arte, garia izan zen Bizkaiko baserriaren bizitza erkidea ondoen azaltzen zuen laboreetako bat. Ez zen landare bat bakarrik: sistema sozial bat zen. Horren inguruan antolatzen ziren lana, urteko martxak eta familien eta auzokideen arteko harremanen zati handi bat. Ereitea, jorratzea, ebaketa edo gari-jotzea ez ziren lan bakanak: elkarrekin egiten ziren jardunak ziren, auzolanaren logikak sostengatuak, eta elkarri laguntzea beharrizana ez ezik, bizimodu hartan kulturala zen.

Errigoitin jasotako testigantzek errealitate hori berresten dute: familia unitateak auzoetarantz zabaltzen ziren, eta auzoak etengabeko elkarlanerako sare bihurtzen ziren. Gari-jotzea kultura komunitario horren adierazpen argienetako bat zen. Berrogeigarren hamarkadara arte eskuz egiten zen, txolak harlosa etzanen kontra joz, eta ostean lehen makina txikiekin “matxakadorak” deiturikoak, baserri batzuen artean “soziedadean” erositakoak. Makina etxez etxe zebilen txandaka, eta lana bai baina janak, edanak, kantuak eta jai giroak, lanaren gogorra goxotzen zuen.

Paisaiak ere bizitza komun hori adierazten zuen. Auzoak eta baserriak lotzen zituen ehun jarraitu bat zen: lur landuen segida bat, kolore eta tonu ezberdinekin egindako mosaiko eder bat. Familia bakoitzak bere zatia lantzen zuen, baina denek modu antzerako bati ekarpena egiten zioten. Paisaiaren kolore aldaketa etengabea zen arren, udaberri amaieratik, zelaiak kolorez aldatzen hasten ziren aldi berean; ekainean, gari horituak Bizkaigane, Madalen edo Sallobante zeharkatzen zituen, lurralde bakarra balira bezala koherentziaz. Begi aurreko sinkronia horrek teknikak, tresnak, egutegiak eta eginahalak partekatzen zituen komunitate baten indarra erakusten zuen. Gariak ikusgarri egiten zuen kolektiboa: guztion artean egindako obra bihurtzen zuen lurraldea.

GARIA, ELIKAGAI HUTSA BAINO GEHIAGO

Garia urte askoan zehar gure elikadura sistemaren parte izateaz gain, elkarrekin egoteko modu bat antolatzen zuen. Laborantza desagertzeak auzokideak, familiak eta belaunaldiak elkarturik mantentzen zituen egitura sozial baten galeraren parte bat izan zen, baserriaren beraren galerarekin batera. Dimentsio komunitario hori ulertzea ezinbestekoa da garia berreskuratzea, gaur egun, zereal bat baino askoz gehiago berreskuratzea dela baieztatzeko.

Komunitatea eta gariaren arteko lotura erraz eraikitzen da, baina, zer daukate baserriak eta gariak zientziatik?

Artikulua idatzi aurretik, zientziaren definizioa bilatu nuen. Espero nuena bestelakoa zen, baina horrela dio: “Behaketaren eta arrazonamenduaren bidez lortutako ezagutza sistematikoa; printzipio eta lege orokorrak ondorioztatzen dituena, iragarpen-gaitasuna duena eta esperimentuen bidez egiazta daitekeena”.

Hitzez hitz, baserriko logika bera dirudi. Behaketa, etengabea da: landareak nola hazten diren, zer gaixotasun agertzen diren, zein lurrek eusten duten hobeto. Hartatik, arrazoiketaz baliatzen dira bazekitelako zein barietate egokitzen zen hobeto eta zein okerrago. Sistematikoa da, urtero errepikatzen delako ikasitakoa txertatuz. Aurreikuspenerako gaitasun handia dute urteetako jakinduriaren emaitza. Esperimentazioa beharrezkoa zen ondorio zehatzak ateratzeko orduan.

Honen aurrean, zientzialariaren irudia desitxuratu zait: gure landa guneak zientzialariz beteta egon dira —baina bata zuririk eta mikroskopiorik gabe.

Baserriko jakintza zientzia da. Gariaren inguruko jakintza ere bai. Eta jakintza horren zati handi bat galdu da, beste bat galzorian dago. Ez dut iragarki tragikorik egin nahi, baina ukaezina da baserritarrak gero eta gutxiago direla, eta horrek hutsune handia sortzen duela ezagutzaren transmisioan. Aurreko belaunaldiek egindako ikerketa mardula galduz gero, etorkizunekoek berriz hasiko dute bidea; eta hori, komunitate ikuspegitik ere, galera handia da.

Aspaldidanik banuen jakinmina: zer da gariaz gure lurralde honetan? Entzun izan ditut kontakizun bat zein beste hemen gari asko ereiten zela, eta 1936ko argazki bat ere bada, Errigoitiko Bizkaigane auzokoa familia bat garia mozten eta txolak egiten. Baina nik ez dut honen arrastorik ere ezagutu. Eta izugarri harritzen nau belaunaldiz belaunaldi nola kontakizun modura ere zein gutxi egin den hitz horretaz. Hain gutxi, uste izateraino garia inguru mediterranearreko laborea dela eta gurean ez zela ia ekoizten uste izateraino. Esango nuke hemen transmisioan amildegi bat egon dela.

Gutxi dira gaur egun gari kontuak bizi izan zituzten herritarrak. Inguru honetan 1960. hamarkadan zehar bertan behera utzi zen laborea baita, eta orain da amildegiko mutur biak batuko dituen zubia eraikitzeko azken aukera, distantzia handiegia izan aurretik.

GARILE, GARIA ETA HERRI BATEN HISTORIA BERRESKURATZEN

Hor hasi zuen Garilek bere lana: Errigoitiko baserritarrekin solasaldiak eginez eta ahotsak grabatuz eta hauek transkribituz. Baserri zaharretan gariaren ibilbide zaharra egin nahian: lurretik atartera, atartetik kaixetara, eta kaixetatik labera. Argi geratu da lehenago existitutako mundu horrek badituela oraindik aztarnak, eta hari horiei tiraka marraztu daitekeela gariaren kultura gure herrian.

Garilek lehen pausoak eman ditu bi norabideetan: barietate tradizionalak berreskuratuz eta garia berriro nekazaritza dibertsifikatuaren parte bihurtuz. Horrekin batera, Errigoitiko herriari —hein txiki batean bada ere— bere elikadura-eskumen zati bat itzultzen zaio.

Baina horrek guztiak balio osoa hartzeko, ezinbestekoa da lanketa soziala. Horregatik jartzen du Garilek pisua ingurumen-hezkuntzan, eta eskoletan zein herri mailako jardueren bidez lantzen du kolektibotasunaren beharra: izan ere, ez memoria ezta garia bera ere hau ez baita bakarka berreskuratuko.

Gariaren berreskurapena ez da nostalgia hutsetik egin beharreko zerbait. Atzera begiratuta orainera egokitu behar den lana da eta honetan herri zientziak badu pisua: zientzia egingo dugu lurrari begiratuz, bildutako jakintzaz hausnartuz, eta komunitatearekin partekatuz. Baserritarrek egin izan duten bezala, gaur egun ere behatu, probatu eta ikasi egin behar dugu, elkarrekin. Hamar bat txolak meta-txikiak osatzen dituzte, eta beste horrenbeste meta-txikik handi bat.

Logika horretan doa Garile bidea egiten helmuga zehatz edo handirik gabe eta aurrera apurka- apurka, bidegurutzeetan hausnartuz eta erabakiak hartuz. Datorrena baloratuz eta etortzea nahi dena borrokatuz. Agian proiektuaren zabaltasun horretan dago gakoa: jakintzaK, laborantzaK eta komunitateaK elkarlotuta egingo den bidean, lurraldeari lotuta.

Bidean elkar ikusiko dugulakoan plazer bat izan da artikulu hau idazteko aukerak eman didan gogoetarako tartea. Doakizuela ereindako lurretan garia batzera gerturatzeko gonbita; garilean.

Gari uzta on Euskal Herria!

Etiketak

  • #cultura
  • #cocreación
  • #ciencia
  • #futuro
  • #educación
  • #naturaleza

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko