Fedibertsoa eta bizitzaren jasangarritasuna

#Soul tech

2025.03.24 Irakurketa denbora: 7 minuto

Diana Franco

Ilustrazioa: Adara Sánchez

Teknologia oso modu anitzetan garatu daiteke. Ideia honi lotuta, Donna Harawayk badu errepikatzea gustuko dudan esaldi bat: “egiten dugunaren baitan gaude, eta egiten duguna gu gara”. Esaldi horretan ulertu daiteke dugun eredu teknologikoa dugun gizartearen isla dela. Beraz, gizakiok eragiten ari garen hondamendi ekologikoa gelditzeko, planetarekin eta bertan bizi diren espezieekin ditugun harreman moduak berrikusi beharko genituzke. Fedibertsoa harreman moduen berrikusketa horren adibide praktikoa da.

ZER HARREMAN BERRIKUSTEN DITU FEDIBERTSOAK?

60. hamarkadan Internet martxan jarri zen, eta bere garapena botere ekonomikoen eta politikoen egituren baitan eman zen, egitura horien balioak isuri direlarik gaur egun dugun Internet bilakaera suertatuz. Beraz, garrantzitsua da jakitea nork egiten duen teknologia eta zein helburu lortzeko. Teknologiaren garapenean, gure izaera eta bere alde argi zein ilunenak xurgatzen baitira. Azken finean, teknologia ez da neutrala. Hau horrela izanda, gizakiok ditugun eredu teknologikoak etengabe berrikusteko ahalegina egiten bizi behar garela ulertu behar dugu.

Gaur egungo ereduan Interneten gehiengoaren jabeak enpresa gutxi batzuk dira, zentralizatua dago Internet.

Enpresa hauek euren azpiegituretan ematen diren ereduak asmatu dituzte. Azpiegitura horiek handitzearekin, gizartean duten boterea handitzen da. Botere hori mantentzeko eta handitzeko lehiatzen ari dira, etengabeko hazkundea eta baliabideen ustiaketa bultzatuz. Munduak dituen baliabideak, ordea, ez dira mugagabeak.

Fedibertsoarekin, eredu deszentralizatua proposatzen da, erabiltzaileentzako aldaketa askorik gabe, korporazioen negozio ereduak eragiten dituzte. Negozio eredu hauek konputazio ahalmena zentralizatzean lortzen diren erabiltzaileen datu kopuru erraldoiak baliotsua izan daitekeen informazioan bilakatzeko ustiaketan oinarritzen dira. Horretarako, azpiegituren (zerbitzariak, komunikazio azpiegiturak, gailuen garapena, softwarea…) kontzentrazioa beharrezkoa dute: hodeiak. Hainbeste botere zentralizatzen duten hodei hauek gizakion bizimoduetan eta ingurumenean eragin kaltegarriak dituzte.

EGUNGO DIGITALIZAZIO EREDUAREN ERAGINA INGURUMENEAN

Gaur egun dugun digitalizazio ereduaren egunerokotasunean Interneta mugarik gabe erabiltzen gabiltza. Interneten egiten dugun edozein gauzak (mezu bat bidali, pelikula bat ikusi, iradokizun bat egin…) kostu energetiko bat duela kontuan hartuta, eta digitalizazioan garapena handitzen doala ikusita, datuak ez dira oso positiboak:

2023an Internet erabilera:

  • Munduko biztanleen % 66ak Interneterako sarbidea zuten, 2018arekin alderatua % 51ako hazkundea.
  • 2023an biztanle bakoitzeko batez besteko 3,6 gailu ziren.
  • Konexioen % 50a M2M (machine to machine edo gauzen Interneta, IoT) bidezko konexioak izan ziren (Gailuak, kotxeak… automatikoki konektatzen direnak).

Digitalizazio eredu zentralizatuan datu zentroen (hodeien) eragina:

  • Munduko datu zentroek Frantziako herri guztia beste energia erabili zuten 2022an.
  • Egunerokotasunean darabiltzagun Interneteko plataformen (sare sozialak, posta elektronikoa, streaming plataformak…) elektrizitate gehiena iturri fosiletatik dator. Eta kontsumo energetiko horren % 40a baino gehiago azpiegitura hori hoztera bideratzen da.
  • Zerbitzariak hozteko bidean ur kopuru handiak ere bideratzen dira. “Tu Nube Seca Mi Río” kolektiboak Facebookek bere data center bat euren herrian, Talavera de la Reinan, ezartzeak herriko errekan izan duen eragina salatu du.
  • Hodeiek gaur egun hegazkin industriek baino karbono aztarna handiagoa sortzen dute. Datu-zentro bakar batek 50.000 etxeren elektrizitateren baliokidea kontsumitu dezake.

Egun dugun digitalizazio ereduak dituen energia beharren hazkundea ez da amaituko baliabide energetikoak agortu arte edota erregularizatzen dugun arte (Low tech magazine).

Adimen artifizialaren energia beharrak hazten dabiltza:

  • Darabiltzagun plataformen eta webgune askoren baitan adimen artifiziala lanean dago, gure jokabideen inguruan baliagarriak diren datuak ustiatzen, prozesu ugari sortzen. Hori dela eta, adimen artifizialaren erabilerak datu zentroen eskaera energetikoa handitzen dabil.
  • Metaren LLaMA adimen artifiziala trebatzeak, urteko 2.400 kotxe baino CO2 isuri gehiago suposatzen du.
  • 2030. urtean datu zentroen argindarraren % 41a adimen artifizialek erabiliko dute.

Zer egin dezake Fedibertsoak Ingurunean digitalizazioak duen eraginaren aurka?

Fedibertsoak bakarrik ez du ezer lortuko, Fedibersoak jendartean, munduarekiko eta baita bertan bizi diren espeziekiko ditugun harreman moduak eraldatzeko bidean pausu bat da soilik.

Beraz, planeta honetan bizitza jasangarriagoa egiteko bidean bi harreman mota eragiten ditu Fedibertsoak:

  • Gizakiok gizartean gaur egun ditugun botere harremanei loturikoa. Eragile gehiago ahaldunduz, Interneten operatzen duten oligopolio teknologikoen boterea ahulduz.
  • Gizakiok ingurumenarekin ditugun harremanei loturikoa. Azpiegitura txiki deszentralizatuen behar energetikoak tokian tokiko gaitasunetara egokitu daitezke, eta modu jasangarriagoan kudeatu.

BAINA, ZER DA FEDIBERTSOA?

Fedibertsoa Internet egiteko eta Interneten egoteko beste modu bat da. Non erabiltzaileen eta zerbitzuak eskaintzen dituzten eragileen artean harreman moduak eraldatzen diren. Botere banaketa, datuen subiranotasuna eta pribatutasunaren zaintzaren baliotan oinarritzen den eredu teknologiakoa da Fedibertsoa.

Fedibertsoak bere baitan bi hitz ditu: federatua eta unibertsoa. Bizkaian lehenengo hitzaz, federatuaz, asko dakigu, elkarte federazio ugari ditugularik: guraso elkarteena, kirol ezberdinena, aisialdi elkarteena… Elkarteak federatuak daudenean partekatzen dituzten helburuak jarraitzeko bidean batzen dira, indar gehiago izateko, bai gizartean zein erakundeen aurrean.

Beste hitza unibertsoa da, eta honek adierazten du Fedibertsoa osatzen duen azpiegituretan edozein izan daitekeela eragile. Hau da, unibertso horretan ez dago azpiegitura zentralizaturik, egungo eredu hegemonikoan bezala, unibertso horretan saretuta dauden zerbitzariak autonomoak dira. Fedibertsoa zerbitzari hauek guztietan Software Librea eta Software Irekia (FLOSS) bitartez garatzen da eta Internet bidez zabaldu.

Software Librea kopiatu, aztertu, moldatu eta banatu daitekeen softwarea da. Software Librea izateko lau askatasun bete behar dira:

  • Helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea.
  • Aztertu eta aldatu ahal izatea.
  • Kopiatu ahal izatea.
  • Hobetu ahal izatea, eta hobekuntza horiek publiko egin ahal izatea, komunitatearen onurarako.

FEDIBIERTSOAREN AZPIEGITURA

Fedibertsoa ez da azpiegitura zentralizatu baten baitan ematen, Fedibertsoa azpiegitura deszentralizatu bat da.

Fedibertsoa zerbitzari independenteak (instantziak edo nodoak bezala ere ezagutuak) sare baten baitan komunikazio protokolo berdinekin exekutatzen den softwarearekin sortzen da. Software horri esker, instantziak konektatu daitezke eta horrela instantzia federatuen unibertso bat dugu, bakoitza bere izaerarekin.

Gaur egun komunikazio protokolo erabiliena Activity Pub protokoloa da, honi lotuta honako softwarea dugularik:

  • Mastodon // mikrobloging sarea // X eta Bluesky alternatiba.
  • Lemmy // foroak // Reddit alternatiba.
  • Signal // mezularitza // Whatsapp eta Facebook Messenger alternatiba.
  • Peertube // bideoak partekatzeko // Youtube alternatiba.
  • Pixelfed // argazkiak partekatzeko // Instagram alternatiba.

Euskal herriko Fedibertso euskalduna azken urteetan garatzen joan da, instantzia ugari sortu direlarik, oso modu informalean euskarak arnas gune ederra aurkitu du bertan: mastodon.eus, pixefed.eus, lemmy.eus, peertube.eus…

Bestalde pasadan urtarrilean, mundu mailan Fedibertsora batzeko kanpaina bat sortu zen gizarte eragile askok bultzatuta, Abaraska komunitateak beste eragile askorekin batera goazenlagunok.eus kanpaina hasi zuen Fedibertsorako bidean pertsonei eta erakundeei euren trantsizioan laguntzeko.

NOR DAGO FEDIBERTSOAREN ATZEAN?

Jendarte antolatua. Hasieratik Fedibertsoa Software Librea garatzen duten komunitateengatik sustatua izan da. Komunitate hauek modu formalean zein ez formalean, antolatzen dira. Hau da, garapen asko gizabanakoek zein taldeek euren kabuz edota euren lan eta ikerketa proiektuen baitan hasten dituzte. Garapen horiei beste batzuk euren ekarpenak gehitzen dizkiote (ezagutza, hedapena, dirua…). Badira ere garapenak babesten, sustatzen, edota gizarteratzen dituzten erakunde antolatuak. Horrela, ideiak eta garapenak saretzen joaten dira gizartearen geruza ezberdinetan.

HASI DUTEN BIDEARI BATU GAITEZEN…

Aurretik esan dudan bezala, Fedibertsoak bakarrik ez du ezer aldatuko, bide bat erakusten digu. Beste bide batzuk batera landu beharko ditugu dugun digitalizazio ereduan eragiteko:

  • Zerbitzari azpiegituretan, tokian tokiko berezitasunetatik diseinatua, energia ziklo itxien garapena.
  • Software librearen garapena bultzatzen jarraitu.
  • Eskubide digitalen babesa.
  • Energia erabileraren erregulazioa landu.
  • Zaharkitze programatua eragotzi zabor teknologikoa txikitzeko.
  • Hezkuntza: gailuen eta teknologien inguruan dugun ezagutza handitu.

Bide luzea dugu aurretik, aukeraz beteta.

Etiketak

  • #cultura
  • #innovación
  • #cocreación
  • #colaboración
  • #computación
  • #tecnología
  • #sostenibilidad
  • #naturaleza

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko