Eusko Label Olinpiadak

#Tech bay

2025.10.08 Irakurketa denbora: 6 minuto

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Rodillo Gráfico

Zer dute komunean Mean Girls (2004), High School Musical (2006) eta Spiderman: Homecoming (2017) filmek? Bai, bai, guztiak Hollywoodeko pelikula esanguratsuak direla, eta urteak pasa ahala famatuak izaten jarraitzen dutela, hori argi dago… Baina begiratu ezazu hortik haratago… Badago hirurek komunean duten ezaugarri bat, baina baliteke nabarmena ez izatea… Konturatu al zara? Hain zuzen ere, pelikula guztietako protagonistek zientzia-olinpiadetan parte hartzen dute.

Zientzia-olinpiadak XX. mendearen erdialdean sortutako tokiko edo nazioarteko lehiaketak dira, eta bertan, batxilergoko ikasleak euren artean lehiatzen dira ikasle edo zentro onena zein den erabakitzeko. Nazioarteko olinpiadak (orokorrean) hamabi lehiaketa eta kategoriatan banatzen dira: matematikako, fisikako, kimikako, informatikako, biologiako, filosofiako, astronomiako, astrofisikako, geografiako, hizkuntzalaritzako olinpiadak, txikien olinpiada zientifikoa eta Lurraren zientzien olinpiada.

Baliteke hori guztia cheeseburger-ra eta Super Bowl-a baino amerikarragoa dela pentsatzea… eta, nahiz eta Estatu Batuetan oso ohikoa izan (6600 talde eta 425 lehiaketa baino gehiago daude herrialde osoan zehar), ez dago urrutira joan beharrik honelako lehiaketa bat aurkitzeko.

Bai, bai, hementxe bertan, Bizkaian, DBHko laugarren mailako eta batxilergoko ikasleek ere badute beraien STEM ingurune gogokoeneko txapelketa baten parte hartzeko aukera. Gustatuko litzaizuke gehiago jakitea?

PETER EDO PERU PARKER?

Urtero, EHUren instalazioetan olinpiada zientifikoak egiten dira, eta, horietan, Euskadiko ikasleek erronka zirraragarri horretan izena eman dezakete eta sari bikainak irabazi, hala nola, Euskadiren ordezkari izatea herrialdeko olinpiada zientifikoetan. Itxura ona du, ezta?

Olinpiada hauek bost kategoriatan banatzen dira. Lehenengoa biologiako olinpiada da, eta, bertan, hiru ikasle onenek olinpiada nazionaletarako zuzeneko pasea lortzen dute. Era berean, azken lehiaketa honetan podiumera sailkatzea lortzen badute, nazioarteko olinpiadarako txartela lortzen dute. 2025eko edizioan, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatutako probak Leioako Campusean (Bizkaia) eta Donostiako Campuseko Kimika Fakultatean (Gipuzkoa) egin ziren, eta 23 ikastetxetako 50 ikaslek parte hartu zuten.

Fisikako olinpiada da Euskal Herriko gazteek parte hartzen duten hurrengo modalitatea, aurreko aldian bezala, Espainiako eta, ondoren, nazioarteko txapelketarako sailkatzeko. Olinpiada hau, ordea, Espainiako Fisikako Errege Elkarteak antolatzen du eta batxilergoko lehen eta bigarren mailako ikasleei zuzenduta dago. Probak bi fase ditu: teorikoa, aldi berean EHUko Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako campusetan egiten dena, eta esperimentala, non proba teoriko onenak dituzten pertsonek bakarrik parte hartzen duten. Azken hori Leioako (Bizkaia) campusean egiten da.

Hirugarren modalitatea geologiako olinpiadak dira. Olinpiadaren helburua hurrengoa da: «DBHko eta Batxilergoko azken mailako ikasleak zientzia horren ezagutzan estimulatzea eta inplikatzea, eta, aldi berean, zientzia horrek gaur egungo munduan duen garrantzia azpimarratzea, haren aurrerapena eta dibulgazioa sustatuz». Kasu honetan ere, nazioko eta nazioarteko probetarako sailkatzeko balio dute, eta 50 galderako test moduko azterketa bat eta proba praktiko bat ditu. Azken horretan, arroka, mineral, egitura eta fosil desberdinak identifikatu behar dira. Ondoren, emaitzarik onena lortu duten bost parte-hartzaileek battle royale moduko duelu publiko batean lehiatuko dira, eta zutik geratzen den azkenak irabaziko du. A zer nolako urduritasuna!

Olinpiada matematikoak (edo Hollywoodeko olinpiadarik gogokoenak) ikasleen artean talentu matematikoa sustatzea du helburu, eta, aurrekoetan bezala, estatuko eta nazioarteko lehiaketetarako ordezkariak aukeratzea. Kasu honetan, problema matematikoak ebatzi behar dira (sorpresa) tokiko proban eta Leioako (Bizkaia) campusean egiten da.

Azkenik, kimikako olinpiada izango genuke, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan egiten dena eta, aurreko guztiak bezala, (denok batera!) gainontzeko lehiaketetarako sailkatzeko balio duena. Ikastetxeei zuzendutako gutun batean, Marian Iriartek, EHUko Kimika Fakultateko Dekanoak, ikasleak animatzen ditu jarduera horretan parte hartzera; izan ere, bere hitzetan, «ikasleek olinpiadetan parte hartzeak aukera bikaina ematen die beren ezagutzak probatzeko eta unibertsitatearekin eta beste ikasle batzuekin lehen harremana izateko».

GLAMOURRA BURUAN DAGO

Baliteke gure olinpiadak filmetan ateratzen diren horiek bezain ikusgarriak ez izatea, jaka ikusgarriak dituen talde bateko kide ez izatea, zure eskolaren koloreekin binilatutako autobusik ez izatea edo armiarma-sareak zure eskumuturretatik bota ezin izatea. Dena dela, zalantzarik gabe, gure lurraldean STEM hezkuntzarako talentu handiko gazte asko dago.

Beraz, olinpiada hauetako batean parte hartzeko adinean bazaude eta hau irakurtzeak jakin-min pixka bat piztu badizu, ez izan zalantzarik eta bisita itzazu unibertsitateetako web orriak gai-zerrenda ezagutzeko eta ebatzi beharreko ariketen adibideak ikusteko. Hau bidaia zoragarri baten hasiera izan liteke! Bestalde, irakaslea bazara eta egoera honetan bikain pasako lukeen norbait etortzen bazaizu burura, ez izan zalantzarik eta galdetu haiei eta ikastetxeari, ideia bikaina irudituko zaie eta! Eta, aizu, taldekako jakak agian ez, baina kamisetatxo batzuk… antola litezke.

Etiketak

  • #cultura
  • #bigscience
  • #ciencia
  • #educación
  • #talento

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko