Esku magikoak

#Reflections

2023.10.19 Irakurketa denbora: 2 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Gonzalo Herce (Inkoherente)

Bazen behin, urrun-urruneko lurralde batean, munstro izugarri bat. Hain zen izugarria, ezen inor ez baitzen ausartzen aipatzera ere. Munstro zitala zen, jendearen miseriaz eta bakardadeaz elikatzen zena. Izaki guztiz maltzurra zen, gorrotoz betea, eta inork ez zuen inoiz haren alboan egon nahi.

Duela ia 20 urte, egun batean, Getxoko eskola batek munstroaren aurka egitea erabaki zuen. Gerra horretarako, egon zitekeen arma ikaragarriena erabiltzea erabaki zuten: hiru kanoidun eta su-jaurtigailudun laser pistola? Estralurtarrek sortutako sable pozoitsu bat, akaso? Bada… ez, aukera horietako bat bera ere ez da zuzena. Zubileta Eskolak komunikazio zeritzon arma boteretsua erabiltzea erabaki zuen, munstro zitalaren kontra egiteko.

Dena ondo ateratzekoa bazen, estrategia bat behar zuten. Oso denbora gutxian, ikasle guztiei hizkuntza berri bat irakasteko lanetan hasi ziren, erresuman oso ezaguna ez zen hizkuntza berezi-berezi bat, alegia: zeinu-hizkuntza. Adin desberdineko haurrak ingelesa edo gaztelera ikasten zuten bezalaxe hasi ziren hizkuntza hura ikasten eta, ondorioz, eskola-komunitate osoa (ikasleak, irakasleak, langileak…) eleaniztunak izatea lortu zuten. Hala, inguruko erresuma askorekin komunikatzeko gaitasuna garatu zuten.

Apurka-apurka (baina ahalegin handiak eginez), munstroa ahultzen hasi zen eta, ondorioz, haren biktimak hobera egiten hasi ziren. Pertsona horientzako, eskolara joatea eta ingurukoekin hitz egin ahal izatea esperientzia atsegina izaten hasi zen.

Eta horrela, pixkanaka-pixkanaka, Zubileta Eskolako heroiek bazterkeriaren munstroa garaitu zuten. Espiritu gaizto hura, zoritxarrez, gure artean bizi da oraindik, baina ahuldu egiten da, eskola batek borrokarekin bat egiten duen bakoitzean.

Eta hala bazan edo ez bazan, hain ipuina ez den ipuin hau sar dadila kalabazan (kontuan hartuta mugimendu honek aurrera egiten jarraituko duela).

Etiketak

  • #cultura
  • #colaboración
  • #democratización
  • #educación
  • #discapacidad

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko