Errealitate desberdinak

#Reflections

2023.10.11 Irakurketa denbora: 5 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Janire Orduna

Talde editoriala edizio honetan jorratzen ari garen gaia zein desgaitasuna duten pertsonak errespetuz eta zintzotasunez aintzatesten saiatu da. Zazpigarren argitalpen honetan erabili dugun lengoaia COCEMFEren (Fekoor Bizkaian) “Hizkuntza Inklusiboaren Gidatik” atera dugu. Hemen uzten dizuegu gidaren esteka, kontu hauetan beti baitago zer ikasia

OMEren (Osasunaren Mundu Erakundea) arabera, desgaitasuna termino orokor bat da, urritasunak, ekintzen mugaketak eta parte-hartzeko mugak barne hartzen dituena. Nozio asko biltzen dituen hitza denez, desgaitasun-motak nolakoak diren edo nolakoak izan daitezkeen azaldu nahi dizuegu aldizkari hau esku artean duzuen guztioi.

Aurretik aipatu dugun dokumentuarekin bat etorriz, argi utzi nahi dugu kasu honetan (eta egiten dugun edozertan), pertsonak jartzen ditugula erdigunean. Artikulu honen helburua ez da jendeari etiketak jartzea, pertsona guztiak desberdinak baikara eta errespetu berbera merezi baitugu. Hala ere, interesgarria iruditzen zaigu munduan dauden errealitate desberdinak ezagutaraztea, batzuetan, gure errealitate propioan murgilduta egoten baikara. Jarrai dezagun ikasten!

  • Desgaitasun fisikoa: mugitzeko gaitasunean eragiten duen desgaitasun-mota da. Desgaitasun fisiko bat duten pertsonek (alterazio genetiko, gaixotasun edo istripu baten ondorioz), desplazatzeko edo mugimenduak koordinatzeko zailtasunak izan ohi dituzte.

    Adibideak: esklerosi anizkoitza, paraplegia, tetraplegia, anputazioak, fibrosi kistikoa, bizkarrezur muineko lesioa…

  • Desgaitasun organikoa: edozein barne-organori edo giza gorputzeko akats sistemikoei eragiten dien desgaitasuna da. Aurrekoa ez bezala, desgaitasun-mota hori ez da bistakoa, baina, batzuetan, lotuta egoten dira: izan ere, desgaitasun organikoak sarritan mugitzeko gaitasunean eragiten du.

    Adibideak: minbiziak, AEA (alboko esklerosi amiotrofikoa), diabetesa, leuzemia, linfoma, hemofilia…

  • Desgaitasun psikikoa: pertsona baten alderdi kognitiboan eragiten duen edo pertsona baten osasun mentalaren ondorio izan daitekeen desgaitasun mota da.
    • Adimen-desgaitasuna: desgaitasun mota honek garapen kognitiboari, adimen-garapenari eta jendearekin erlazionatzeko gaitasunari eragiten die. Alterazio kognitibo honen atzean arrazoi ugari egon daitezke: haurdunaldiko arazoak (infekzioak, alkohol-kontsumoa…), erditzean sortutako arazoak (oxigeno-falta, adibidez) edo osasun-arazoak (barizela edo meningitisa eta antzeko gaixotasunak, edo malnutrizioa eta antzeko arazoak).

      Adibideak: Down sindromea, Angelman sindromea, Williams sindromea…

    • Osasun mentaleko arazoek sortutakoa: nahiz eta orokorrean osasun mentaleko arazoak tratatu daitezkeen eta jasaten dituen pertsonek sintomak atzean uzteko lan egin dezaketen, aldaketa asko sor daitezke pertsona horrengan, hala nola autonomia-falta edo komunikatzeko gaitasun-falta. Horrez gain, osasun mentaleko arazoak izateak egoera konponezinak sor ditzake, adimen-desgaitasunarekin edota desgaitasun fisikoarekin lotuta egon daitezkeenak.

      Adibideak: depresioa, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra, trauma-osteko nahasmendua…

  • Desgaitasun neurologikoa: desgaitasun-mota hori garunean gertatzen diren nahasmenduei dagokie, eta mugimenduari, komunikatzeko gaitasunari edo ikasteko gaitasunari eragiten diote, besteak beste.

    Adibideak: espektro autistaren sindromea, garun-paralisia, meningitisa, alzheimerra, parkinsona…

  • Zentzumen-desgaitasuna: pertsonen bost zentzumenei eragiten dien desgaitasuna da. Nahiz eta ezagunenak desgaitasun bisuala eta entzumen-desgaitasuna izan, badago usaimena, ukimena edo dastamena ere falta dituen jendea. Pertsona batek zentzumen bat baino gehiago falta dituenean, desgaitasun multisentsoriala duela esaten da.
  • Desgaitasun anizkoitza: adierazpen anizkoitzeko desgaitasun larria da, hau da, desgaitasun mota bat baino gehiago pertsona berarengan elkartzen direnean gertatzen da.
  • Gaixotasun arraroak: sarritan ez dira desgaitasuntzat hartzen. Hala ere, kasu askotan, gaixotasun horien ondorioz komunikazio-falta, ikasteko arazoak edo garapeneko arazoak gertatzen dira eta, horregatik, gida honetan horiei buruz ere arituko gara. Gaixotasun bat arrarotzat har dadin, 10.000 biztanletik bostek baino gutxiagok izan behar dute.

    Adibideak: gertutik bizi dituzten pertsonek izan ezik oso gutxik ezagutzen dituzten gaixotasunak direnez, “Euskadiko gaixotasun arraroen erregistroaren txostena” (2022) eskuragarri jartzen dizuegu. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko egungo egoerari buruzko informazio zabala aurkituko duzue.

Etiketak

  • #educación
  • #discapacidad

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko