Egia al da robotek lana kentzen digutela?

#Soul tech

2023.03.17 Irakurketa denbora: 7 minutu

Juan de la Herrán y Crespo

Ilustrazioa: Hopper Studio

80ko hamarkadako robotikaren olatuaren aurka arerioak agertzen hasi zirenean, automatizazioaren arazoei eta lanaren kontzeptuari buruz hausnarketa bultzatzen zuen iragarki bat kaleratu zuen IBMk. Honako hau zioen horma-irudiak:

“Bi pertsona eraikuntza-lanetan zulatzeko makina bati begira zeuden, honek bere lana nola egiten zuen ikusten. Bietako batek dio makina horren erruz pala eskuan hartu eta lana eskuz egingo zuten 12 lanpostu galtzen ari direla, eta besteak erantzuten dio, egiatan, lan hori berrehun pertsonatik gorak egin lezaketela pala eman beharrean koilaratxo bat emanez gero”.

Krisi garaian, gustuko izan ohi dugu teknologia eta automatizazioa neurri bateraino kaltegarriak diren edo ez zalantzan jartzea. Robotak izan ohi dira eztabaida horren protagonista, baina Adimen Artifiziala da hain agerian ez dagoen beste pertsonaia nagusia. Bi hauek, gelditzeko eta ekonomia aldatzeko etorri diren teknologiak dira.

Ez da gure lana lanpostu asko emateko promesa egitea, politikariek bezala. Gure lana gogoeta egitea da, honako hauei buruz: teknologia hauek nola alda ditzaketen ekonomiaren gaur egungo arauak, lanaldiak eta lan egiteko lekuak eta gizartea aldatzeko modua.

HAUSNARTU DEZAGUN

Lehen hausnarketa “Job Crafting” deritzon horren inguruan da. Hainbat enpresak ezartzen duten lan-eredu berria da, talentua erakartzeko eta mantentzeko helburuarekin. Urte asko pasa dira enpresa handi batean lan egiteko ametsa desagertu zenetik. 2008ko Lehman Brothers-en krisiaren ondoren, kontsultore handiek erakargarritasuna galdu zuten, eta unibertsitateko gazteen begirada teknologia berrietan finkatu zen. Mundu guztiaren ametsa zen Google, Facebook, Amazon edo Microsoft-en lan egitea –burtsaren merkatuan erreferentzia izaten jarraitzen duten pare bat aipatzeagatik– . Orain, ordea, jendeak beste modu bateko enpresak bilatzen ditu bere ametsak egi bihurtzeko.

Pandemiak erakutsi du etxetik ondo baino hobeto lan egin daitekeela eta etekin handia izan. Ordutegien malgutasuna edota astean 4 egun lan egitea dira hausnartu beharreko gaiak. Hala ere, horren ordez, planetaren osasunean eta karbono-aztarnetan jartzen dugu begirada, jendeari autoa hartu eta lanera joateko agindua ematen diogun bitartean.

Bigarren hausnarketa jendearen prestakuntza eskariaren araberako mailan egokitzeari buruz izan daiteke. Autorik sar ez dadin hiriak aldatzea pentsatzen badugu, taxi zerbitzuak gidari gabeko sistemek ordezkatuko dituztela badiogu eta adimen artifizialak burtsan broker batek baino hobeto jokatu ahalko duela uste badugu, zergatik jarraitzen dugu etorkizunean existituko ez diren lanpostuetarako jendea trebatzen?

LANPOSTU-BIRZIKLAPENA

Unibertsitateek aurrerapauso handia eman dute eta titulu klasikoak espezializatuagoengatik aldatzen ari dira, enpresek eskatzen dutenaren arabera. Izan ere, ekonomia berri horren oinarriak Big Data, konputazio kuantikoa, adimen artifiziala, robotike ate errealitate areagotua dira. Robotek ez dizkigute lanpostuak kenduko; baliteke robotak lanean jartzeko inor ez egotea, ez dagoelako programatzaile edo aditu nahikorik lanbide gogor eta desatseginak hauen bidez ordezkatzeko. Lanbideak birziklatzeak milaka lanpostu sor ditzake prestatzaileengan, ikasteko prestatuta ez daudela uste duten horien pentsaera aldatzeko.

LAN-KALITATEA

Hala ere, kontuz ibili beharko genuke ekonomia berriarekin eta ematen ari diren atzerapausoekin. “Gig Economy” deitzen genuen hori (lan partekatuaren ekonomia) jende asko lan eremuan esplotatzeko modu bihurtu da.

Ideiak berak ez zuen arazorik, perfektua zirudien: “izan zaitez zu zeu nagusia, eta lan egin nahi beste ordu, nahi duzun moduan”, “autonomo bihurtu beharra duzu bakarrik, eta gure app-ari esker etxerik etxe janaria banatzeko aukera izango duzu, bizikletan kirola egingo duzu eta eguzkia hartuko duzu!”

Nahiz eta ideia ona izan, errealitatea beste kontu bat da. Zerbitzu hauek arautu ahal izateak, teknologia bere lekuan jarri du. Lanaldi amaigabeak, oporrik gabe eta aplikazioaren algoritmoak erregulatutako ordainsariak, egun batetik bestera aldatzen direnak, enpresaren onurarako.

Azkenean, irtenbidea legeak malgutasunez egitea izan da. App hauekin lan egiten duten guztiei, jarraitu beharreko ibilbide-orri bat jartzen diete, langileen bizi-kalitatea etekinak lortzearen eta abusu egoeraren gainetik jar dadin.

Ekonomia berriaren funtsa ez da hiru pertsonak 1.000 milioi euroko diru-sarrerak emango dizkien Startup bat sortzea, egindako lan-ordu bakoitzeko euro bat eskainita. Honek guztiak baliagarri izan behar du soldata eta gizarte-ezberdintasunekin behin betiko bukatzeko.

ETORKIZUNEKO ESKEMA BERRIAK

Gure lana da ekintzailetzarako ekosistema erakargarriak garatzea, baina arau berriak ezarrita. Roboten lana izan beharko litzateke guretzat oso errepikakor eta astunak diren lanak egitea. Urte batzuk barru, hausnartzean, hurrengoa esango dugu: “nola egon gara, orain arte, robotak egiteko gauza diren lanak burutzen?”

Lan jardunaldiak ezin daitezke eskema klasikoen pean antolatu. Horren ordez, kontutan hartu beharreko ezaugarriak produktibitatea eta irabazi-helburuak dira. Proiektu bat hiru hilabeterako antolatuz gero, adibidez, eta lantaldea gai izan bada egin beharrekoa bi hilabetetan aurrera atera eta helburuak burutzeko, soberan dagoen hilabete hori oporretarako izan beharko litzateke. Ez genuke lantaldea helburu horiek baino gehiago lortzeko erabili behar, ondoren irabazi guztiak zuzendaritzak eraman ditzan.

Hiriak jasangarriagoak izan daitezke autorik gabe, eta landa-eremuak berriz lanerako erakargarriak bihurtu ditzakegu beharrezko teknologiaz hornituz gero, 5G sare azpiegiturez, esaterako.

EZ, robotek ez dizkigute lanpostuak kentzen. Horren ordez, gizartea da aldatzen ari dena. Zenbat eta lehenago egokitu arau berri horietara, orduan eta ezberdinagoa izango da gure bizitzeko modua, hobea. Pentsatu nolakoak ziren bizitza eta lan-giroa Erromatar Inperioan, eta ikusi nolakoak diren gaur egun... Orain, soilik geratzen zaigu amestea etorkizunean nolakoa izango den lana teknologiari esker.

Etiketak

  • #emprendimiento
  • #bigscience
  • #ciencia
  • #computación
  • #futuro

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko