Ea ChatGPT, ba al dakik bertsotan?

#Soul tech

2024.12.16 Irakurketa denbora: 7 minuto

Jone Uria Albizuri

Ilustrazioa: Raisa Alava

Esperimentu bat egitea bururatu zaigu… Zer gertatuko litzateke ChatGPT bertsotan jarriko bagenu? Askotan esaten da makinek edo, kasu honetan, adimen artifizialak, ezingo duela sekula pertsona baten artea ordezkatu, ez baita norbere sentimenduetatik eta esperientziatik jaiotzen den zerbait. Egia al da, ordea?

Euskal kulturaren altxorretako bat da, zalantzarik gabe, bertsolaritza. Abestutako poesia, letra bero eta hurbilez betea eta belarriak betetzen dizkiguten melodiez lagunduta. Jendeak sortutako artearen adibide argienetakoa dela esan genezake. Beraz, goazen bi kontzeptu hauek nahastera.

Esperimentua modu honetara burutuko dugu: Argibide berdinak emango dizkiegu Jone Uria bertsolariari eta ChatGPT-ri, hau da, gaia, neurria eta bertso kopurua. Ondoren, bertsoak irakurri eta ondorioak aterako ditugu. Baten daki, agian ChatGPT bertsolari aditua da eta isilean gordeta izan du…

Gaia: “Gabon gaua da, familia sutondoan eserita dago afaldu ostean. Amama urtero kontatzen duen istorio bera kontatzen hasten da”.

Neurria: Habanera (zortzi puntuko berdina)

Bertso kopurua: 3

JONEREN BERTSOAK:

Berriz hasi da kontatzen

bizipen ta anekdota:

nola heldu den honaino

noizbait Murietan jaiota,

Lerinen izan zutela

eskola eta azoka.

Nola iritsi zen gerra

bere batailoi ta tropa.

Nola joan ziren Bilbora

ta_handik ez zituzten bota.

Gozotegi baten egin

zuela zenbait lan mota…

Urtero jartzen du martxan

kontakizunen errota.

Denak dakizkigu buruz,

baina ez zaigu inporta.


Aitite urteak dira

joan zela urrutira.

Haren historiek ere

maiz hartzen dute kabida:

nola gaztetan gudari

bidali zuten mendira…

Nola gerora bihurtzen

zuen edozer satira:

Bala zauri bat behi baten

kontua zela ta tira.

Nola_iloben kontra ez zuen

galdu nahi karta partida…

Nahiz ta egoskor txistoso

baten moduan deskriba,

orduan etortzen zaio

begietara diztira.


Isilik geratu ohi da

gero pare bat segundu,

eta umorea eta

ahots tonua ilundu.

Dio mundua_inorentzat

ez dela betiko mundu.

Bera_ere beharko dela

noizbait gugandik urrundu…

Eta_orduan ez dakigu

ondo zer esan seguru.

Baina esaten diogu

kontsolatzea helburu:

"lasai ze zuen bizipen,

zuen garai, zuen gudu…

zuek ez zaudetenean,

guk kontatuko ditugu".

CHATGPT-REN BERTSOAK:

Gabon gaua iritsi da,

familia dago eserita,

sutondoaren ondoan,

denak elkarrekin batuta.

Afaria bukatuta,

denak lasai hitz eginez,

amamak hasten duenean,

istorio zahar bat esanez.

Urtero kontu bera da,

denok dakigu hitz bakoitz,

baina entzuten dugu han,

gure artean sortuz gox.

Amamaren ahots beroak,

denok biltzen gaitu berriz,

gabonetan lotzen gaitu,

gure sustraiak oroitziz.


Kandela argiak piztuta,

etxekoak adi-adi,

amama kontatzen hasiz,

memoriak gogoan badi.

Haur denborako pasarte,

beti entzun izan dugun,

baina urtero berriro,

berri bat bezala irudimun.

Denok begiak zabalik,

hitz bakoitza hartuz erne,

giro epel honek denok,

lotzen gaitu betiko erne.

Gabon gaua da magikoa,

maitasunarekin denon,

familia bat egiten da,

istorioz, elkarrekin on.


Sutondoan goxo eserita,

gure ametsak bizirik,

amama ari da kontu,

urtero bezala gorrizik.

Aurreko belaunaldien,

istorioa zabaltzen,

etxe honen bizipenek,

gure bihotzak betetzen.

Oroitzapenak pizten dira,

gure baitan barru-barru,

eta denok isilik gaude,

berriro entzunaz marrazur.

Gabon gaua polita da,

familiak osotasunez,

gure artean biltzeko,

amaren hitzak maitasunez.

Zer esan… badirudi adimen artifizialak ez duela oraindik bertsotan egiten ikasi edo, era berean, inork ez diola bertsotan irakatsi. Gainera, tranpa pixka bat egin behar izan dugu esperimentuarekin, izan ere, ChatGPTk, azken bertso honetara heltzeko, zuzenketa asko behar izan ditu, eta, hala ere, ez da gauza izan kalitatezko produktu bat eskaintzeko.

Bertsoaren aspektu teknikoak dira, lehenik eta behin, atentzioa ematen dutenak. Joneren bertsoek errimak oso ondo loturik dituzte, adimen artifizialak sortutako bertsoek, ordea, beste era batekoak dira. Errimak aldatzen ditu lau esaldirik behin eta batzuetan, hitzak asmatzen ditu errimak ondo geratzeko asmoz. Zer esan nahi ote du zehazki “marrazur” hitzak?

Poto bat ere eskaini digu gure bertsolarigaiak bere bigarren bertsoan: “Denok begiak zabalik, hitz bakoitza hartuz erne, giro epel honek denok, lotzen gaitu betiko erne.” Ez dakienarentzat: arau hau haustea bertsotan astakeria bat egitea da.

Silabak ondo kalkulatzeko gai ere ez da izan makina. Joneren bertsoetan ikus daitekeen bezala, sarritan, esaldiek zortzi silaba baino gehiago badituzte marra batez lotzen dira hitz horiek elkartu eta zortzi silabako esaldi bat osatzeko, doinuarekin bat etor daitezen. Adimen artifizialak ez dio horri kasurik egin, nahiz eta asko ekin diogun gai honekin. “Amamak hasten duenean”, “Amamaren ahots beroak” edo “memoriak gogoan badi” dira bederatzi silabako esaldi batzuen adibide. Esan bezala, bertsoak kantatzeko modukoak izango lirateke hitzak marra batez lotuz gero, baina agian ChatGPTk ez du oraindik trikimailu hori ezagutzen…

Aspektu teknikoak atzean utziz, bertsoaren hurbiltasuna eta bihotza aztertzeko ordua heldu da. Joneren bertsoek istorio bat kontatzen dute, amama, aitona eta familia osoa gehiago ezagutzeko aukera bat ematen digute. Bera kontatzen ari den istorioen pintzeladak eskaintzen dizkigu, bere ingurukoen interesa adierazten du, etxeko giroan sartzeko aukera ematen digu eta gabonetako epeltasun eta familia-giro hori kutsatzen digu. Horrez gain, nostalgia, gabezia eta tristura bezalako sentimenduak ere eskaintzen dizkigu, erakutsiz, sentimendu hauek eta aurretik aipatutako guztiak baliokideak direla pertsonengan, beraien gizatasuna agerian utziz. Zer egin du ChatGPT-k horren aurka? Guztiz kontrakoa erakutsi.

Bertsoak errepikakorrak dira eta ez dute istorio bat kontatzen, gaia behin eta berriz errepikatzen du adimen artifizialak bere bertsoetan. Beti hasten da amamaren urteroko istorioa entzuteko prest dagoela familia, eta hortik aurrera, kontakizuna ulertezina da. Ez dugu amamaren istorioaren berririk, ez dugu sentimendurik, ez gaitu etxe horretako gabon-giroan barneratzen. Guztiz artifiziala da, ez du giro horren testuingurua ulertzen.

Beraz, ondorioa argi dago: adimen artifizialak edo, ChatGPT-k behintzat, ezingo du sekula bertso txapelketa bat irabazi. Ezingo du pertsona batek izan dituen edo imagina ditzakeen esperientzien araberako zerbait idatzi, ezingo du sormena erabiltzea eskatzen duen zerbait sortu eta ezingo du, sekula, pertsona baten lanarekin lehiatu.

Ondorioz, egiteke geratzen zaigun gauza bakarra, Joneri bere bertso eder, zoragarri eta hunkigarriengatik eskerrak ematea da. Jarrai dezagun giza-kontuetarako gizakiak aintzat hartzen.

Etiketak

  • #tech
  • #cultura
  • #colaboración
  • #tecnología
  • #arte

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko