Desgaitasun digitala

#Soul tech

2023.10.23 Irakurketa denbora: 6 minutu

Juan de la Herrán y Crespo

Ilustrazioa: Eli y el pez

Teknologiarekin eta arrakala digitalarekin zerikusia duen ororengatik kexatzeari utzi, eta gure gizartean desberdinkeria eragiten duen arazo hau behin betikoz konpontzeko lanari ekin behar diogu.

“Arrakala digitalaren” kontzeptua adinarekin lotu ohi dugu eta teknologiak gehien kaltetu dituen pertsonak adinekoak direla pentsatzen jarraitzen dugu; baina ez da hala. Izan ere, teknologia ez erabiltzeak edo teknologia eskuragarri ez izateak edonori eragin diezaioke: aberats zein pobreei, analfabeto zein eta filosofian doktoreei, emakume zein gizonei eta, azkenik, gazte zein zaharrei. Horregatik, errazagoa da “desgaitasun digital” terminoa erabiltzea, hau da, teknologia erabiltzeko beldurra izatea edo erabileraren lehen urratsetan geratzea, gure bizi-kalitatea hobetzeko balio duten tresnak ezagutu gabe.

Hori da garrantzitsuena, geure kabuz moldatzea ahalbidetuko diguten tresnei onura ateratzea. Zergatik galduko zara mendian, Google Maps eskura izanda? Zergatik ez duzu mugikorrarekin ordaintzen, txartel guztiak etxean utzita? Zergatik ez dakit gidabaimena guztiz modu legalean eraman dezakedala mugikorrean, aplikazio baten bidez? Zergatik ezin ditut garraio publikoko ateak zabaldu soilik mugikorra erabiliz? Zergatik itxarongo dut antzokiko ilaran, webgunean sarrerak 3 minututan eskuratu baditzaket?

NATIBO DIGITALEN MITOA

2001. urtean, Marc Prenskyk “Natibo digitalak, etorkin digitalak” izeneko artikulu bat kaleratu zuen. Izan ere, ikasturtean zehar, ohartu zen ikasleek lanak zuzenean ordenagailuan egiten zituztela. Inori ez zitzaion bururatzen lanak inprimatzea, horiek irakurri eta zuzentzeko, eta ondoren aldaketa horiek ordenagailura pasatzea. Azken hori egiten zutenei etorkin digital izena eman zien. Eta lehenak, berriz, natibo digital deitu zituen (nire ustez, izena gaizki jarrita dute).

Natibo digitalak existitzen ez direla uste duten horietakoa naiz ni, eta urteak pasa ahala handitu den mito bat baino ez dela uste dut. Gazteak kontsumitzaile digitalak baino ez dira, eskolako lanak egiteko behar-beharrezkoa dena baino ez dute ikasi, baina ez dira esperimentuak egiteko edo gauza berriak probatzeko gauza.

Badago mito bat esaten duena gazteak teknologiarekin jaio direla eta teknologiara egokitzeko gai izan direla. Mito horren arabera, arrazoi horrengatik, gazteentzako, egunero ateratzen ari diren asmakuntzak ez dira beste munduko ezer. Egia esan, belaunaldi berriek zorte izugarria dute, beren garaiko telefonoak eta ordenagailuak eraldatu egin baitira, gauzak errazago egin ahal izateko. Ez dute MS-DOS ikasi behar izan, ez dute komandorik ikasi behar izan fitxategiak kopiatzeko edo ez dute sekula disko bat formateatzen ikasi.

Hatz-mugimendu batez ikono bat arrastatu eta behar dituzten dokumentu guztiak hodeian dauzkate. Nire belaunaldiko jendeak soilik disko gogorrean gordetako informazioa zuen eskura, ordenagailua ondoan behar izaten genuen informazio hori eskuratu ahal izateko. Gaur egun, mugikorra erabil dezakete, edozein tokitan daudela ere, edozein ordu dela ere, ez baitago jaiegunik edo mugarik: hodeia 24 orduz, urtean 365 egunez dago zabalik.

Ez dituzte soilik dokumentuak gordetzen, hodeira igotzen baitituzte argazkiak, bideoak, abestiak ere... dena, hatz-mugimendu batez. Hala ere, ez dakite “hodeia” zer den, mugikorra zergatik batzuetan betetzen den cachea ez ezabatzeagatik edo zertarako diren eguneratzeak. Ez dira teknologia hauek % 100ean erabiltzeko gauza, ezinbestekoa dena baino ez baitute ikasi, gainditzeko, argazkiak ikusteko edo abestiak entzuteko ezinbesteko dena.

ZER DA DESGAITASUN TEKNOLOGIKOA?

Desgaitasun teknologikoak ez du adinik, edozeini gerta dakioke, eta horregatik da garrantzitsua aditzera ematea natibo digitalak ez direla existitzen eta atzean uztea “teknologia berriak” terminoa. Soilik teknologiari buruz hitz egin beharko genuke.

Zein unetan bihurtzen da berritasuna eguneroko? Mailua ez da amish komunitatearentzako teknologia bat. Talde erlijioso horrek bereizgarri ditu bizimodu sinplea, janzkera xume eta tradizionala, eta erosotasun eta teknologia modernoei (elektrizitatearekin lotutakoak) uko egitea. Autoa teknologia modernotzat hartzen dute eta, ondorioz, ezin dute erabili. Gure gizartean, autoa aspaldi asmatutako kontua denez, normaltzat hartzen dugu eta gure egunerokotasunaren parte da.

Badakigu autoa erabiltzen, baina zenbatek ulertzen dugu motorrak nola funtzionatzen duen? Zein da diesela eta gasolina erabiltzen duten autoen arteko desberdintasuna? Ez dugu horrelakorik jakin beharrik, azterketa bat gainditu baino ez eta, dagoeneko, Madrileraino joan gaitezke autoz.

Teknologiarekin gauza bera gertatzen da eta, kontzeptu-falta horren ondorioz, gauzen zergatia galdetzeko gaitasunik ez duen gazteria bat sortzen ari da. 1906. urtean Unamunok esan zuen: “haiek asma dezatela; guk, asmakizunak aprobetxatuko ditugu”. Une honetan, adimen artifizialarekin ikusten ari gara hori. Nola funtzionatzen duen ulertu eta ikasteko orduan albait probetxu handiena atera ordez, liburu baten laburpena egiteko erabiltzen dugu, ez libururik ez laburpenik irakurri gabe.

Tresna teknologikoak ez ezagutzeak “ausart teknologikoak” dei ditzakegunak sortzen ditu, baina, egiazki, ”inkontziente teknologikoak” direla esan behar dugu. Pasahitzak lagunekin edo lankideekin partekatzen dituzte, ondorioetan pentsatu gabe. Edozein gauza irakurtzen dute Interneten, zeinek idatzi duen edo informazioa nondik datorren ezagutu gabe. Fake news edo albiste faltsuak sinesten dituzte, hau da, albiste-atarien, prentsa idatziaren, irratiaren, telebistaren eta sare sozialen bidez zabaldutako sasi-kazetaritza edukiak sinesten dituzte, publiko jakin bat desinformatzea helburu dutenak. Britainia Handia da horren adibiderik argiena, han, halako amarruei kasu egiteagatik eman baitzen Brexitaren aldeko botoa. Orain, erabaki haren ondorioak jasaten ari dira.

BELAUNALDI GUZTIEN GIDARI

Desgaitasun teknologikoa desagerrarazteko modu bakarra prestakuntza da. Internet bera maila teknologikoan ulertzen ez ditugun gauzei erantzuten dieten gidaz beterik dago. Hala ere, Internetek itsaso zabal bat izaten jarraitzen du, eta horretan jendea igeri egiten saiatzen da, igerian jakin gabe, salbamendu-jakarik gabe, eta korronteak eta sakontasuna ezagutu gabe. Tutoreek gidari izaten jarraitu behar dute eta, funtzionamenduari buruz asko ez jakin arren, esperientzia handia dute ongia eta gaizkia bereizten, eduki faltsuak zein diren jakiten eta mugak jartzen.

Gure oskoletan ixten bagara eta jarraitzen badugu sinesten gazteek guk baino gehiago dakitela, eta teknologia arriskurik gabe erabiltzeko gai direla, analfabeto digitalen gizarte bat sortuko dugu. Horretan, gezurrak, iruzurrak eta hackeoak ohikoak izango dira.

Teknologia ez da bakarrik ikasten, lagunduta ikas daiteke, 12 urteko zein 60 urteko pertsona batekin. Esperientzia, tresnak erabiltzeko gaitasunarekin konbinaturik. “Ez dakit ez dakidala” horretatik “badakit ez dakidala” esatera igaro behar dugu, eta ezjakintasun horri buelta emateko lanean hasi. Inor ez litzateke harro egon beharko desgaitasun teknologikoa izateagatik. Zenbat aldiz entzun ditugu “ez dakit putzik teknologiari buruz eta begira noraino heldu naizen” eta antzeko esaldiak? Bada, ez, teknologia gabe ez gara nahi dugun lekuetara heltzen, gure egoerak eramaten gaituen lekuetara baizik. Teknologia ezagutzen ez duen pertsona arrakastatsu bat dagoenean, milaka pertsona egoten dira teknologiari eutsi eta bizitza hobe baterantz aurrera egiteko gai izan direnak. Jar dezagun gure harri-koxkorra desgaitasun teknologikoari aurre egiteko.

Etiketak

  • #cultura
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #computación
  • #democratización
  • #discapacidad

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko