Arrakasta edo porrota

#Soul tech

2023.02.16 Irakurketa denbora: 8 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Janire Orduna

1989an, Will Wright bideo jokoen diseinatzaileak hiri hazkunde simulagailu bat kaleratzeko erabakia hartu zuen. Bertan, edozein pertsonak bere hiri propioa sortu, kudeatu eta eboluzionatu zezakeen, arazo sozialei, demografikoei, ekologikoei edota baita klimatologikoei ere aurre eginez. Eta hau, jokotzat hartu al daiteke? Bai jaun-andrea. Hasieran, ideia horrek arkitekturako ikasleen lan bat ematen zuen, baina, itxura guztien kontra, Sim-City jokoaren lehen edizioak arrakasta izugarria izan zuen.

Wrightek zioenez, hau oso arrakastatsua edo guztiz kontrakoa, porrota, izan zitekeen. Gainera, esan dezakegu kaleratze berri bakoitza, hein batean zoriak mugatzeaz gain, beste hainbat faktoreren menpe ere badagoela. Faktore horiek soziologikoak, teknologikoak, ekonomikoak etab. izan daitezke.

2021. urtean Zuckerberg birtual batek Facebook Meta deitzera pasatzen zela kontatu eta metabertsoaren kontzeptua aurkeztu zuenetik, mundu guztiaren ahotan ibili den hitza izan da azken hau. Une horretan espekulazio-eztabaida bat piztu zen metabertsoari buruz: zer izango ote da metabertso hau? Nolakoa izango da? Nor egongo da bertan?

Mundu birtual berri horrek, etorkizun interkonektatu eta mugitzeko libre den mundu baten promesa dakar berarekin. Nahi dugun lekuan, nahi dugunean eta nahi dugunekin egoteko promesa, aisialdirako erabiltzen ditugun bideo jokoen mugak gaindituz eta gure bizitzetako edozein arlotara estrapolatuz.

ZERGATIK IZAN DEZAKE ARRAKASTA?

Kontutan izan beharreko lehen faktorea mundu mailan biztanleriak izan duen pentsamendu aldaketa da. Pandemia oso faktore erabakigarria izan zen hainbat pertsona eta enpresarentzat; gure bizitzeko, lan egiteko eta erlazionatzeko modua aldatu baitzuen. Digitalizazioa arindu zuen eta “telebizitzaren” abantailak eta desabantailak mahai gainean jarri zituen

Alde batetik, konturatu ginen zenbat gauza egiteko gai garen gure etxeetatik ezinbestekoa denean, eta bestetik, ohartu ginen kontaktu fisikoa nahitaezkoa dugula. MIT Technology Review aldizkarian argitaratutako “TR10: Bizitza birtuala gelditzeko iritsi da” artikuluaren arabera: balantzan alde txarrak eta onak jartzen baditugu, balantzak alde birtualerantz egingo du.

Bigarren faktorea, bideo jokoak dira. Adin guztientzako izateaz gain, milaka mundu eta historia sortu dituzte gai askoren inguruan: Fortnite, Animal Crossing edota Grand Theft Auto dira adibide esanguratsuenetako batzuk. Azken urteotako ikus-entzunezko produktu garrantzitsuenetako batzuk bihurtu dira, eta kultura eta ikus-entzunezko aisialdiari dagokionez, lehenengo postuan daude. Ah, eta datu hau ez dugu guk asmatu… Espainiako Bideojokoen Elkarteak (AEVI) emandako datua da, izan ere. Ikerketa honen arabera, 2021ean, bideo jokoen industriak 1.795 milioi euro fakturatu zituen eta 18 milioi erabiltzaile izan zituen.

Hirugarren eta azken faktorea, bling blinga da, noski; espazio birtualak monetizatzeko gaitasuna NFT, token edota kriptodirua erabiliz. Hauek, mundu magiko honetarako sarrera askoz ere interesgarriagoa egitea lortzen dute.

Interesgarria da baita aipatzea punta-puntako teknologia erabiltzen ari direla azpiegituretarako (adimen artifiziala, blockchain, errealitate birtuala, hedatua eta mixtoa, 5G…), arterako, kulturarako eta sormenerako (Boscoren kuadroetatik ateratakoak diruditen mundu imajinaezinak, ereduen pasabideak eta edozein forma hartzen duten ekitaldiak).

ZERGATIK IZAN DAITEKE PORROTA?

80. hamarkadako oroimen nostalgikotik berreskuratutako kontzeptu honek bere momentua aurkitu du azkenean. Joera sozialak, interes ekonomikoa eta teknologia elkarri eskutik helduta daude, abentura berri honetan murgiltzeko prest. Hala ere (bizitzan beti dago “hala ere” bat), oraindik zalantzan jartzen den faktore bat dago: gauza izango al gara interes indibidualak eta desadostasunak atzean uzteko eta komunitate global handi bat sortzeko?

Hain kontzeptuala den puntu honetan ari dira metabertsoa izango denaren oinarriak finkatzen. Zer beharko du metabertsoak, metabertso kontsideratu dadin? Diseinuak eskatzen dituen beharrezko premisak, honako bost hauek dira:

  • 24/7. Metabertsoaren existentzia eta bertako bizitza ez dira inoiz gelditzen. Nahiz eta betaurrekoak kendu, horiek hor jarraitzen dute.
  • Sormena. Pertsonak eta adimen artifiziala batera ari dira parte hartzen interakzioen sorreran eta erreakzionatzeko orduan. Soilik begira egotetik, pertsona bat protagonista izatera pasatzen da, eta protagonista izatetik, sortzaile izatera.
  • Hedadura. Gure bizitzaren parte aktibo bihurtuko da, gure errealitatearen hedadura izango da (elkar eragiteko moduan, eguneroko ekintzekin).
  • Elkarreragingarritasuna. Zure abatarra aske mugitu ahal izango da nahi duen lekura. Chema Alonso Telefonikako Chief Digital Officerrak dioen bezala, “…metabertsoa ez da benetakoa izango, sortzen ari diren mundu horiek elkarreragingarriak izan arte…”
  • Bakarra. Metabertsoa bakarra da, ez dira, orain arte bezala, elkarren artean zerikusirik ez duten hainbat plataforma.

Internetaren bilakaera ospetsu hori ez da gauzatuko elkarreragingarria ez bada. Hor dago koska, egia izango al da leku batetik bestera joateko ahalmena izango dugula plataformaz aldatu beharrik gabe?

Dagoeneko itxura hartzen ari da. Elkarlanean oinarritutako konpetentzia sortzeko pare bat ekimen daude dagoeneko, eta hori, aurrerapauso handi bat da. Beste alde batetik, ikusi dezakegu nola plataforma asko, beraien buruei metabertso izena jartzen ari diren aurretik aipatutako ezaugarri guztiak bete gabe. Edonola ere, kontzeptu hori bideo jokoen industriatik datorrenez gero, hauen bidez (Roblox, Decentraland, Horizon Worlds, besteak beste), etorkizunean Internetek izango duen eboluzioaren antzeko esperientzia bat bizi ahalko dugu.

ZEIN MOTATAKO METABERTSOAN BIZI NAHI DUZU?

Mundu berri honek ekar diezagukeen guztiak, B aurpegia ere badu. Zein mundutan bizi nahi duzu? Ez da soilik aisialdirako, zure lagunekin barre batzuk botatzeko sartuko zaren espazio bat izango; bilakaera hau, gure bizitzak aldatzeko dator. Dena aldatzeko ahalmena dauka: lana, bidaiak, gobernatzeko ereduak, hezkuntza, ezagutza, etab.

Begirada kritikoa izan behar dugu horri buruz, asko hausnartu beharra daukagu. Izan ere, hau egin ezean, orain arte egindako akatsak berriro egiteko arriskuan egon gaitezke (bai gizartean, zein Web 2.0an egindako akatsak, alegia). Prezio ona iruditzen al zaigu doako produktuen ordainetan gure datuak saltzea? Hori gutxi balitz, interes propioak dituzten enpresa pribatuei saltzea? Espazio publiko seguruak, etikoak eta eskuragarriak izan beharko genituzke mundu berri honetan? Edo erabiltzaileen eskuetan (modu deszentralizatuan) utzi beharko genuke guztia?

Enpresa batzuk (Nvidia, Meta, Microsoft, Google) planteatzen ari diren metabertsoa, aurreko akatsak egiteko bidean dira: sare sozialen menpekotasuna, adibidez, alderdi esanguratsua da, izan ere, proiektu horiek egun osoa pantailara begira egoteko diseinatuta daude.

Espekulazio-eztabaida horietan, garrantzitsua da erdigunean etika eta diseinu arduratsua jartzea, eta baita aukera seguru eta publikoak aipatzea ere. Diseinuaren inguruan lan egiten dugunok, nolako metabertsoa izan beharko genukeen pentsatu behar dugu, mundu guztiarentzat egokia izan dadin. Modu honetan, gure sortzeko gaitasuna zerbait onuragarria egiteko aprobetxa dezakegu.

SORMEN TEKNOLOGIKOA MUNDU GUZTIAREN ONURARAKO

Amaitzeko, bihotza ukitzen diguten ekintza batzuk aipatuko ditugu. DDB agentziak, Mugarik Gabeko Kazetariak GKEarekin batera, The Uncensored Library deitutako ekintza burutu zuen. Ekintza horrek, oso helburu garrantzitsu eta zintzoa du: prentsa-askatasuna, horrelakorik ez dagoen herrialdeetara eramatea (herrialde askotan ezin daiteke Internetik erabili eta erreportariak gaizkiletzat hartzen dira). Egin dutena hurrengoa izan da: liburutegi birtual bat sortu dute gobernua heldu ez daitekeen leku bakarrenetako batean, Minecraften. Obra arkitektoniko birtual honen barruan, edozeinek, munduko edozein lekutatik, gobernuak debekatutako idatzi hauetara heltzeko aukera izango du.

Oraindik ezin dezakegu jakin metabertsoa bakarra izango den edo ate asko irekirik izango ditugun. Hala ere, gauza bat argi dago: gizartea eta teknologia ulertzeko gaitasuna badugu eta gure sormena lanean jartzen badugu, benetan bizi nahiko dugun mundu bat sortzeko gai izango garela.

Etiketak

  • #innovación
  • #bigscience
  • #tecnología
  • #futuro
  • #educación
  • #metaverso

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko