Zirraragarria da biribilgunean bueltak ematea

#Soul tech

2023.05.23 Irakurketa denbora: 7 minutu

BizkaiaTech argitalpen taldea

Ilustrazioa: Jaime Hayde

Bost pertsona bide txiki batetik zihoazen euria hasi zenean. Horietako lauk pausua arindu zuten; bosgarrenak, ordea, ez zuen esfortzu txikienik ere egin euria ekiditeko eta, hala ere, ez zen batere busti bidearen amaierara iritsi zenerako. Nola lortu zuen? 

Pentsatu dituzun erantzunen artean badaude bosgarren pertsonak aterkia zeramala edo auto baten barruan zihoala, utziguzu esaten, seguruenetik ez diozula gogo handiegirik jarri asmakizunari. Ados al zaude? Beste erantzun soil batean pentsatu baduzu, gatz eta piperrik ez duten horietako batean, baliteke modan dagoen kontzeptua ez ezagutzea, hots, orain arte izan ditugun eta izango ditugun erronka guztiei konponbidea emateko gai izan daitekeen kontzeptua.

PENTSAMENDU LOGIKOA EDO ALBO-PENTSAMENDUA?

Albo-pentsamenduaz ari gara, Edward de Bonok lehen aldiz 1967an erabili zuen terminoaz (New Think: The Use of Lateral Thinking) alegia. Ez badakizu kontzeptu horrek zer esan nahi duen, egon lasai, hemen azalduko baitizugu. Albo-pentsamendua (lateral thinking, ingelesez), sormena erabiliz (ondo dagoen guztia bezala) arazoei konponbidea emateko metodoa da.

Eta orain esango duzu… “bai, ederki dago nik informazio hau izatea, baina… nahiz eta aurretik eman dudan soluzioa Saharako desertua baino idorragoa izan den, ondo zegoen, zentzuduna zen. Zertarako pentsatu behar dut beste modu batean?”. Ongi iruditzen zaigu hala pentsatzea, benetan. Baina teknika hori azaltzen saiatuko gara, izan ere, askoz ere praktikoagoa izateaz gainera, mila aldiz hobeto pasatzen lagunduko dizu.

Edward de Bonok dioenez, pentsamendua bi fasetan banatzen da. Lehena pertzepzioaren fasea da eta bigarrena, jasotako pertzepzio horiek prozesatzen diren fasea. Albo-pentsamendua, bigarren fase honetan jarriko genuke praktikan. Teknika honek proposatzen duena da, bide zuzenetik joan beharrean (pentsamendu bertikala deituko litzaiokeena), jauzi kontzeptualak egitea.

baliteke bide horretan pentsamendu edo galdera berriak agertzea. Horien bitartez beharbada hobeto ulertuko duzu arazoa. Amore ez ematea da garrantzitsua!

Hala ere, kontrakoa dirudien arren, pentsamendu mota honek ez du pentsamendu logikoa atzean utzi nahi, elkar osatzen baitute. Izan ere, azken horrek ideiak ondo ordenaturik eta argi izatea ahalbidetzen digu, kontzeptu batetik bestera salto egiten dugunean. Esan dezakegu biribilgunean bueltaka jarraitzeko aukera ematen digula eta, horrela, irteera bilatzekoa, hau da, gure arazoa konpontzen lagunduko digun konponbidea aurkituko dugula.

Bide batez, esan beharra daukagu albo-pentsamendua ez dela arazo guztien konponbidea. Izan ere, nahiz eta desberdin pentsatu, baliteke zure arazoari konponbiderik ez aurkitzea. Ez da ezer gertatzen. Soluzio bat aurkitzeko bide luzea egin beharko duzu, eta baliteke bide horretan pentsamendu edo galdera berriak agertzea. Horien bitartez beharbada hobeto ulertuko duzu arazoa. Amore ez ematea da garrantzitsua!

ALBO-PENTSAMENDUA, PAUSOZ PAUSO

Orain esango duzu: “ongi, orain ulertzen dut albo-pentsamenduak zertarako balio duen, baina… nola jar dezaket praktikan?”. Ez dago teknika hau pausoz pauso erabiltzeko zerrendarik, baina, girotzen hasteko, adituek ematen dituzten zenbait gomendio erakutsiko dizkizugu:

  1. Saia zaitez arazoan pentsatzen, konponbidea alde batera utziz. Pentsatu nondik datorren arazo hori, zergatik gertatu den, zein diren atzean dauden arrazoiak edo eragina izan duten barne- eta kanpo-faktoreak.
  2. Marraztu eskemak eta saiatu aurrean duzun erronkarekin zerikusia duten hitzak aurkitzen. Hitzen bitartez, erlazionatuta dauden beste gai batzuetara heda dezakezu pentsamendua. Gainera, nor engainatu nahi dugu… krokis eder bat edozertarako da baliagarria.
  3. Konparatu zure egungo egoera antzeko egoerekin. Pentsa ezazu nola konpondu zuten egoera hartako erronka eta pertsona horiek puntu horretara eraman zituen pentsamenduren bat aprobetxa badezakezu, primeran!
  4. Banandu arazoa zati txikiagotan. Dena ezin da une berean konpondu, lagun.

Zer iruditzen zaizue garunak lanean jartzen baditugu? Hurrengo lerroetan, sormen handiko ebazpenak behar dituzten asmakizunak aurkeztuko dizkizugu. Soluzioak (ofizialak) orrialdearen amaieran aurkituko dituzu, baina gure gomendioa tranparik egin gabe eta pazientzia handiz konponbide bat aurkitzea da. A bai, eta… amaitu baino lehen, esan nahi dizugu lehen lerroetan aipatutako bosgarren pertsona… hilda zegoela eta horregatik ez zela busti. Beste lau pertsonak bere hilkutxa eramateko agindua zuten pertsonak ziren. Hala ere, beste zerbait pentsatu baduzu… ziurrenik, zuzena izango zen. Badakizu, hemen dena da libre. Orain… ekin lanari!

  • 1. asmakizuna: Jon eta Maitek, bigarren honen lan berria ospatzeko, Bilbora joateko bidaia bat planifikatu zuten. Hala ere, zoritxarrez, Maite ez zen sekula berriz etxera bueltatu. Poliziak, bidaia-agentziako arduradunaren informazioari jarraituz, Jon atxilotu zuen Maiteren erailketagatik. Nola zekien bidaia-agentziako arduradunak Jon izan zela hiltzailea?
  • 2. asmakizuna: Bi pertsona dametan jolasean ari ziren. Bost partidatatik, bakoitzak hiru irabazi zituen. Nola da pozible?
  • 3. asmakizuna: Gizon bat bere autoarekin hotel batera heltzen den momentuan, dirurik gabe geratzen da. Zergatik?
  • 4. asmakizuna: Gizon bat taberna baten sartzen da eta barraren atzean dagoen pertsonari baso bete ur eskatzen dio. Langileak, barraren azpitik arma bat ateratzen du eta ura eskatu duen pertsonari apuntatzen dio. Honek “Eskerrik asko” esan eta tabernatik alde egiten du. Zergatik?
a for effort

Soluzioak

  • 1. soluzioa: Jonek Bilbora joateko bi txartel erosi zituen. Bueltarako, ordea, bakarra.
  • 2. soluzioa: Ez ziren elkarren kontra jolasean ari.
  • 3. soluzioa: Monopoly mahai jolasean jolasten ari da.
  • 4. soluzioa: Tabernara sartzen den gizonak zotina du. Langileak arma ateratzean, sustoarekin, joan egiten zaio.

*Beste artikulu batean, administrazio publikoarekin lotutako erronka batzuk aurkituko dituzu. Artikulu hau aprobetxa dezakezu erronka horiek nola ebatziko zenituzkeen pentsatzeko, izan ere, sormena giltza izan daiteke administrazio publikoaren eskutik lan egin ahal izateko, horrela, biztanleriaren bizitzetan inpaktua izanez. Ausartzen al zara?

Etiketak

  • #emprendimiento
  • #innovación
  • #estrategia
  • #govtech

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko