2025ko Uztailaren 14a

IGERIKETA

Igeribideak proiektuak itsasoko igeriketa bultzatzen jarraitzen du, jarduera berriak, prestakuntza eta udalen lankidetzarekin

Bizkaian, itsasoko igeriketan modu autonomoan aritzeko espazio seguruen sarea handitu eta indartuko da; horretarako, programazio parte hartzaile bat ezarriko da, kostaldeko udalerrien kirola, ingurumen-iraunkortasuna eta autonomia sustatuko dituena.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Sailak koordinatzen duen Igeribideak programak jauzi kualitatiboa eman du 2025ean, inplikatutako udalekin lankidetzan eta aldundiak berak itsasertza kudeatzeko duen arloaren laguntzarekin; horretarako, kirola, komunitatea eta prestakuntza uztartzen dituen eskaintza berritzailea antolatu du.

Ur irekietan igerian ibiltzeko prestatu diren sei guneei - igeriguneak izenekoak - bereziki diseinatutako programazioa gehitu behar zaie uda honetan, itsasoko igeriketa segurua izan dadin eta udalerriek kudeaketa autonomoagoa susta dezaten.

Proiektuan antolatu diren igeriguneak honako hauek dira:

  1. Arrigorri hondartza (Ondarroa)

  2. Isuntza hondartza (Lekeitio)

  3. Astondo hondartza (Gorliz)

  4. Laidatxu hondartza (Mundaka)

  5. Areetako hondartza eta Ereaga hondartza (Getxo)

Unean uneko ekitaldia izatetik martxan dabilen komunitate bat izatera

Aurreko bi edizioetako masterclass tradizionalez gain, 2025eko programak aurrerapauso bat eman du, belaunaldi anitzeko jardueren egutegi oso bat antolatzeko. Helburua: itsasoan modu seguruan errotzeko, ikasteko eta gozatzeko bideak sustatzea.

Irekiak eta doakoak diren jardueren artean, honako hauek daude:

  1. Masterclass: ur zabaletako igeriketan hasteko saioak, irakasle espezializatuekin (Uztailak 12-Gorliz, Uztailak 26-Getxo eta Abuztuak 3-Ondarroa).

  2. Familiako zirkuituak: igeri egiteko eta taldean jolasteko topaketa ludikoak (Uztailak 6-Getxo, Uztailak 13-Ondarroa eta Abuztuak 2-Gorliz).

  3. Segurtasun-tailerrak: itsas ingurunean oinarrizko arauak eta lehen laguntzak ikastea (Uztailak 5-Mundaka, Uztailak 19-Lekeitio eta Abuztuak 3-Ondarroa).

  4. Ingurumen-boluntariotzari buruzko jardunaldiak: hondartzak garbitzea eta tokiko itsas ekosistemari buruzko sentsibilizazio-hitzaldiak (Uztailak 20-Mundaka, Uztailak 26-Getxo eta Uztailak 27-Lekeitio).

2025eko berrikuntza: I. Igeribideak zirkuitua sortu da

I. Igeribideak zirkuitua da uda honetan sortu den berrikuntza nagusia. Igeriketa-maila ertaina duten 14 urtetik gorako pertsonei zuzendutako proposamena da, eta Bizkaiko kostaldeko hiru agertoki zeharkatzen ditu ingurune natural eta seguruan, gainbegirale espezializatuen laguntzaz.

Zirkuitua igerigune hauetan antolatuko da:

  1. Uztailaren 5a (13:00) - Laidatxu hondartza (Mundaka) - 1.000 m

  2. Uztailaren 19a (12:30) - Isuntza hondartza (Lekeitio) - 1.000 m

  3. Abuztuaren 2a (11:00) - Astondoko hondartza (Gorliz) - 1.500 m

Hiru hitzorduetan parte hartzen dutenek aitorpen berezia jasoko dute Gorlizko azken jardunaldian, itsasoarekiko konpromisoaren, konstantziaren eta maitasunaren oroigarri. Lehiaketa bainoago, zirkuitua esperientzia partekatu eta eraldatzaile gisa planteatzen da.

Tokiko autonomia sustatzeko online prestakuntza

Programaren iraunkortasuna indartzeko eta tokiko eragileak gaitzeko, itsasoko igeriketa-ekitaldien kudeaketari eta antolaketari buruzko online prestakuntza espezifikoa emango du Igeribideak ekimenak.

Programa honako hauei zuzenduta dago:

  1. Udal-teknikariak
  2. Igeriketa-klubak eta -federazioak
  3. Kirol- eta turismo-sektoreko enpresa pribatuak
  4. Itsasoko ekitaldien antolatzaileak

2025eko urritik aurrera egongo da eskuragarri Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol arloko prestakuntza-plataforman.

Proiektu aitzindaria, etorkizuna duena eta komunitatean ainguratua

Etapa berri horrekin, Igeribideak programak sare bizi eta komunitario izateko bokazioa indartzen du, eta pertsona gehiago animatu nahi ditu itsasoaz modu kontziente eta seguruan gozatzera, udalerriak gobernantza aktiboago batean inplikatzearekin batera. Horrela, ur zabaletako igeriketa sendotu egiten da, lurraldean errotutako praktika irisgarria eta ekologikoa den aldetik.

Azpiegitura iraunkorra da, belaunaldi anitzeko jarduerak eskaintzen ditu, prestakuntza teknikoa baliatzen du eta erakundeen arteko lankidetza uztartzen du; horregatik, Igeribideak 2025 proposamen aitzindari eta berritzailetzat hartu da ur irekietako igeriketan. Ikuspegi integratzailea duenez - kirola, iraunkortasuna, heziketa eta herritarren parte-hartzea lotzen dituena - erreferentziazko eredu bihurtu da, eta beste eskualde batzuetan ere antola daitekeena, itsasertzeko gozamen aktiboa modu seguru, inklusibo eta arduratsua sustatzeko asmorik badute.

Albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA