Karst fenomenoak

pop-geologiakarsticos-foto1.jpg irudia handituta irekiko da Gorbeiako kareharrien agerpenaren indar eta hedadura bikainek nortasun propioa ematen diote inguru haietako paisaiari. Mazizoa osatzen duten gainerako haitzak ez bezala, urak deseginak izan daitezke eta, horrela, ezaugarri eta berezi diren erosio-fenomenoak agertuko dira. Itxinako haitzak, Arroriano edo San Pedro ditugu fenomeno horien katalogo osoak.

Kareharriaren gainazalean dabilen urak, prezipitazioetatik edota lurrazpiko infiltrazioetatik datorrenak, bat egiten du aireko karbono dioxidoarekin eta haitza desegingo duen karbono-azidoa sorraraziko du, kaltzio-karbonatoa bikarbonato bihurraraziz. Gatz hori erraz eraman dezake bertatik urak.

Erreakzio kimiko horri esker, haitzaren gainazala miazkatua izango da eta apurka-apurka erosionatu egingo da, eta erreakzioak eragin gogorragoa duen uneetan arrailak, ertzak eta zimurtasunak agertuko dira. Haitzen fatxada biluzien gainean, lapiaz-eremuak eratuko dira modu horretan.

Milurtekoak joan, milurtekoak etorri, azkenean urak pitzadurak irekiko ditu, arrailak, goitik behera doazen tximiniak edo leizeak, eta galeriak edo kobak, eta lur azpian barrena joango dira bertan urak. Kantauri aldeko karst mazizoetan garapen handia dute dolinek, haitzezko behearen baitan gertatzen diren sakonuneak alegia, galeria baten galga hondoratu izanak eraginda, edota leize edo haitzulo baten ahoaren inguruko haitzen erosioaren edo disoluzioaren zioz eratuak.

pop-geologiakarsticos-foto2.jpg irudia handituta irekiko da Karstaren barruko aldean, alderantzikatu egin daiteke bikarbonatoaren oreka kimikoa. Landarerik eta kanpoko aldearekiko aire-trukerik ezean, karbono-dioxidoaren kontzentrazioa gutxitu egingo da eta bikarbonatoa errazago prezipitatuko da, galerien gainazalaren gainean karezko geruza osatuz. Geruzaz geruza, kare-eraketak egituratuko dira eta grabitatearen alde, goitik behera hazten direnean, estalaktita izena hartuko dute, kontrara egiten dutenean, goraka-goraka haziz, estalagmita deritzelarik. Bolumenak eta diametroak asko aldatzen dira batetik bestera.

Karezko egitura guztiek ezaugarri izan dezaketen fenomeno sail honek osatuko du karst paisaia. Gehienetan karezkoa den haitz-bolumen zehatza da karsta, historia geologikoaren uneren batean erosioak jota izan dena, bere baitan haitzuloak, leizeak edo lapiazak egituratuz. Bikainak dira Gorbeian aurki ditzakegun era honetako paisaiak.

Habitat bitxia den aldetik, izakien biziraupenerako baldintza murriztaileak eta exijenteak biltzen ditu bere baitara karstak. Kanpoko aldeko gainazalean gutxi dira lur organikoa meta daitekeeneko zoko itxi eta babestuak. Hala gertatzen denean, deigarri izaten da benetan bertan ugaltzen diren loreak eta izaki ornogabeak.

pop-geologiakarsticos-foto3.jpg irudia handituta irekiko da Prezipitazioek, baina, ikuzi egiten dute haitza, eta eguzkiak eta haizeak ere zigortu egiten dute eta, horrela Gorbeia bezalako mendialdeetan nekez era daiteke lurrik honelako formazioetan. Karst baten magaleko bizi-baldintzak latzak dira zinez. Galerietan eta leizetan, berriz, argirik ez dagoenez are murriztaileagoa da giroa. Haize-korronteak, barruko aldeko atmosferaren hezetasuna edota isurtzen den ur-biderik eza dira giro horren isla ematen diguten ezaugarrietako batzuk.

Milaka eta milaka urtetan bizi izan dira bertan isolaturik zenbait lore eta fauna eta, hala, karst barruko bizimoduari egokitzea lortu izan duten espezieak bertan baino ez ditugu aurkituko. Beste alde batetik, nahikoa inguru delikatua da, eta erraz nahas dezake, baita bere erosio-dinamikak ere edo, bestela, ezbehar txikiek edo kanpoko eragileek, kutsadurak edo gizakiak bertatik igarotzean esaterako

Gorbeiako karst-alde gehienak epealdi Aptientseko giro urgoniarrean lurralde honetan hazi ziren arrezifeen gainean sortu dira. Itxina dugu neurririk handienak dituen adibidea; kareharrizko mole eskerga honen batezbesteko altuera i.m.g 1.000 m-koa da, 12 km-ko perimetroa dauka eta inguruetako hormek ehunka metroko jausi bertikala daukate.